Iragarkia
176. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
313E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita ETEek nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia. DDBN kodea: 926060.
ETEek nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiaren helburua da Nafarroako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea bultzatzea, nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatuz, enpresaren nazioartekotze-plana ezar dezaten. Horrela, Nafarroako enpresa esportatzaileen kopurua, esportazioen bolumena eta Nafarroako enpresa esportatzaile erregularren kopurua handituko dira.
Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak uztailaren 30ean emandako 29/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 30/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,
EBAZTEN DUT:
1. ETEek nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Honako aurrekontu-kreditu hauek baimentzea, indarrean dagoen gastu-aurrekontuko "Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat" izeneko 810003 81400 4709 431300 partidaren baliokide izateko asmoz 2027an eta 2028an gaitzen diren partiden kargura, betiere ekitaldi horietan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat | 2027 | 200.000 euro |
810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat | 2028 | 200.000 euro |
Halaber, gehienez ere 150.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da.
Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 24an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–ETEEK NAZIOARTEKO MERKATARITZAKO TEKNIKARIAK KONTRATATZEKO DIRULAGUNTZAK. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea bultzatzea nazioarteko merkataritzan teknikariak kontratatuz, enpresaren nazioartekotze-plana ezar dezaten. Horrela, Nafarroako enpresa esportatzaileen kopurua, esportazioen bolumena eta Nafarroako enpresa esportatzaile erregularren kopurua handituko dira.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Dirulaguntza eskatzeko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.
b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.
c) Bere jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan –erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du–.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Gazako genozidioaren aurkako eta palestinarrei laguntzeko presako neurriak hartu zituen irailaren 23ko 10/2025 Errege Lege Dekretuak debekatutako jardueraren bat ez gauzatzea (https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2025-18831).
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar laguntzak ematen dituen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaikuntzak kontsulta ditzan, bai eta batez besteko plantillaren gaineko eta enpresak Europar Batasunaren barruan egindako entregen eta esportazioen gaineko datuak ere. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko du 4.4 oinarrian adierazitako dokumentazioa.
2. Lehenengo ataleko a) letrako betebeharra ETEa izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da (4.4 oinarria). Gainerako betebeharrak eskabide-orrian bertan ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.
3. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagunduko da onuradunek nazioarteko merkataritzako teknikarien lan kontratazio berriak egitea eskaeran aurkezten den kontratazio planean ezarritako zereginak gauzatzeko. Kontratazio gastuak diruz lagungarriak izateko, enpresa onuradunak ordaindu beharko ditu.
2. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:
a) Unibertsitateko titulu ofizial bat, Goi Mailako Lanbide Heziketako bat edo baliokide bat izatea.
b) Ez izatea onuradun ateratzen diren enpresetako bazkide edo partaideen, kontseilarien edo administratzaileen ezkontidea, eta haiekin odol edo ezkontza bidezko ahaidetasun-harremanik ez izatea, ez zuzenekoa, ez zeharkakoa, hirugarren gradura arte.
c) Laguntzen den kontratua hasi aurreko hiru urtean lanik egin ez izana enpresa onuradunean.
3. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lan kontratu mugagabeak izatea, eta lanaldi osokoak. Ez da baliozkoa izanen autonomo gisa lan egiten duten pertsonak kontratatzea.
b) Kontratuaren klausuletan jasotzea kontratatutako pertsonak nazioarteko merkataritzako teknikari gisa edo balio bereko teknikari gisa emanen dituela zerbitzuak, laguntza-eskaeran aurkezten den kontratazio planean adierazitako zereginak egiteko.
c) Datatuak izatea eta 2027ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean hastea, biak barne.
d) Gutxienez, urteko 24.500 euroko ordainsari gordina ezartzea.
e) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari (SEPE) jakinaraztea eta han behar bezala erregistratzea.
4. Kontratatutako pertsonari Gizarte Segurantzako 1., 2. edo 3. kotizazio-taldeetan eman beharko zaio alta, duen kategoria profesionalaren arabera.
5. Hamabi hilabeteko kontrataziorako laguntzaren zenbatekoa 16.000 eurokoa izanen da.
6. 2. ataletik 4.era bitarte xedatutakoa 7.1 oinarrian adierazitako dokumentazioaren bidez frogatuko da.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 15ean bukatuko, egun hori barne.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personal-tecnico-en-comercio-internacional-2026 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Kontratazio baterako baino gehiagorako laguntza eskatzen bada, eskabide bat aurkeztu beharko da kontratatu nahi den pertsona bakoitzeko. Entitate eskatzaile bakoitzak bi eskaera aurkez ditzake gehienez, eta bakoitza profil tekniko baterako edo nazioartekotze-proiektu baterako izan beharko da.
4. Eskabide telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egon beharko dira, zein bere izenarekin):
a) Aurkeztu beharreko agiriak:
i. ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, Excel formatuan, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
ii. Baimenik ematen ez bada dirulaguntza ematen duen organoak berak agiriak lor ditzan 2.1 oinarrian ezarri bezala, honako hauek aurkeztu beharko dira: Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela adierazteko ziurtagiria, eta dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko desgaikuntzei buruzko ziurtagiria.
b) Aukerako dokumentazioa:
i. 5.3 oinarrian eskaera baloratzeko jasotzen diren irizpideak frogatzeko dokumentazioa.
"Enpresa xede-merkatuan edo -merkatuetan nazioartekotzeko planari" (1. irizpidea) eta "Nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko planari" (2. irizpidea) buruzko informazioa laguntza eskatzeko prozesuan beteko da, eskabide-orrian bertan, eta ezinen da ondoren aldatu. Laguntza-eskabidea betetzeko eta izapidetzeko denbora mugatua denez, gomendatzen da informazioa aldez aurretik prestatzea eta eskaera-prozesuaren barruan jakinaraztea, eskabide-orrian dagokion atalean.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
5. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.5 oinarrian ezarritako zenbatekoa emanen zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
2. Enpresa batek eskaera egiten badu kontratu bat baino gehiago egiteko, eta horietako batean oinarri honen laugarren atalean adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen ahalko du baldin eta kreditu nahikoa badago gutxienekotik gorako puntuazioa eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.
3. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira.
–1. irizpidea: enpresa xede-merkatuan edo -merkatuetan nazioartekotzeko plana, 28 puntu gehienez.
ATALA | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | GEHIENEKO |
I. Enpresa eta kanpo-merkatua | ||
1 | Enpresaren eta haren jardueraren deskribapena (historia, egitura eta produktua) | 1 |
2 | Enpresaren nazioarteko merkataritza-jardueraren deskribapena, zein herrialdetara esportatzen duen, eta atzerriko merkataritza- edo produkzio-ezarpenak deskribatzea | 1 |
3 | Enpresak nazioarteko merkatuetan saltzeko duen estrategia digitala | 1 |
4 | Nazioarteko merkataritzako eginkizunetan aritzen diren enpresako langileak | 1 |
II. Enpresaren nazioartekotze-plana | ||
5 | Nazioartekotze-planaren xede diren herrialdeak, eta horiek hautatzeko arrazoiak | 2 |
6 | Enpresaren lehiakortasun faktoreak xede-herrialdeetan: produktuak edo zerbitzuak bereiztea, balio-proposamena, teknologia, diseinua, marka eta prezioa | 2 |
7 | Enpresaren nazioartekotze-planaren helburuak eta justifikazioa (10 puntu) eta helburu bakoitza lortzeko aurreikusitako ekintza zehatzak (10 puntu). Zehatzak eta neurgarriak diren helburuak eta ekintzak baino ez dira baloratuko | 20 |
–2. irizpidea: nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko plana, 22 puntu gehienez.
ATALA | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | GEHIENEKO |
1 | Nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko beharraren justifikazioa eta enpresaren organigraman integratzeko modua | 3 |
2 | Kontratatutako pertsonaren eginkizun eta zeregin espezifikoak 1. irizpidearen 7. atalean adierazitako nazioartekotze-planaren helburuak eta ekintzak lortzeko (16 puntu), eta horien egutegia (3 puntu). Dirulaguntza kobratzeko, eginkizun eta zeregin horiek benetan egin direla egiaztatu beharko da | 19 |
–3. irizpidea: eskatzaileak 2025ean Europar Batasunaren barruan egin dituen entregen eta esportazioen ehunekoa, 8 puntu gehienez.
Irizpide hori ebaluatzeko, zuzeneko kontsulta eginen zaio dagokion organoari, 2.1 oinarrian xedatutakoaren arabera, enpresak dirulaguntzaren eskabide-orrian horretarako baimena emanez gero. Aurka eginez gero edo baimenik eman ezean, enpresak 2025eko BEZaren aitorpenak aurkeztu beharko ditu irizpide horretan puntuazioa lortzeko.
EUROPAR BATASUNAREN BARRUKO ENTREGEN | PUNTUAK |
> %10 eta < %20 | 2 puntu |
%20 eta %50 artean | 5 puntu |
> %50 | 8 puntu |
–4. irizpidea: Nafarroan enplegua handitzea, 8 puntu gehienez.
Irizpide hori ebaluatzeko, zuzeneko kontsulta eginen zaio dagokion organoari, 2.1 oinarrian xedatutakoaren arabera, enpresak dirulaguntzaren eskabide-orrian horretarako baimena emanez gero. Kontsultak enpresaren Gizarte Segurantzako kotizazio-kontu nagusiaren kodearekin agertzen den batez besteko plantilla baino ez du erakutsiko. Kontsulta egitea baimentzen ez bada, edo enpresak kotizazio-kode gehiago baditu Nafarroan, irizpide honetan puntuazioa lortzeko, kotizazio-kode bakoitzerako, 2024. eta 2025. urteetako "Alta-egoeran izandako langileen batez besteko plantillari" buruzko txostenak aurkeztu beharko dira.
NAFARROAN ENPLEGUA HANDITZEA | PUNTUAK |
(2025ean izandako langileen batez besteko kopurua-2024an izandako langileen batez besteko kopurua) / 2023an izandako langileen batez besteko kopurua | 0,25 puntu, handitzen den ehuneko puntu bakoitzeko (8 puntu gehienez) |
–5. irizpidea: enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, 10 puntu gehienez.
Honako hauek baloratuko dira:
a) Enpresa eskatzailearen filial edo sukurtsal batean bekadunak hartu izana 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdi hauetako batean: "Unibertsitateko eta goi mailako lanbide heziketako titulazioa duten pertsonentzako bekak, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko" edo "Naex Talento bekak", zeinak Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuak kudeatzen baititu.
b) Aurreko atalean adierazitako bekadunak kontratatu izana. Irizpide hau baloratzeko, laguntza-eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.
KONTRATATUTAKO EDOTA PRAKTIKETAN HARTUTAKO | PUNTUAK |
Pertsona bat | 5 |
Bi pertsona edo gehiago | 10 |
–6. irizpidea: enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, 8 puntu.
Neurri hauetako baten bidez genero-berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek 8 puntu lortzen ahalko dituzte:
a) Zuzendaritza-postuetan emakumeen ehunekoa %50 edo handiagoa izatea. Honela egiaztatzen ahalko da hori:
i. Laguntzak eskatzen diren egunean itxitako azken ekitaldi fiskalean erregistratutako (eta horretara behartuta egonez gero ikuskatutako) urteko kontuetan sexuaren arabera bereizita ageri den zuzendaritza-kideen kopuruari buruzko informazioa emanez.
ii. Aurreko atalaren arabera egiaztatu ezin denean, enpresak sinatutako adierazpen baten bidez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Adierazpen horretan, enpresako zuzendaritza-kideak jasoko dira, sexuaren arabera banakatuta eta kargua zehaztuta. Zuzendaritza-kideak ez badira enpresako akziodunak, administratzaileak edo Administrazio Kontseiluko kideak, adierazpen horrekin batera kontratuak eta zuzendaritza-kideen azken nomina aurkeztu beharko dira.
b) Indarrean dagoen aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, Women owned, eta abar), baldin eta, berdintasun plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
–7. irizpidea: enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, 8 puntu.
8 puntu lortzen ahalko dituzte garapen jasangarriarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako ziurtagiri hauetakoren bat aurkeztuta, betiere ziurtagiri horiek indarrean daudela egiaztatzen badute:
a) Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.
b) Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.
c) Ekonomia zirkularraren kudeaketa: Ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.
d) Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema (plangintza-fasea ez da baloratzen), IQNet SR10, ISO 26000, GJHei egindako ekarpena, Bcorp.
e) Enpresak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.
–8. irizpidea: despopulatzea, 8 puntu gehienez.
Baloratuko da enpresak jarduera ekonomikoa izatea despopulatze-arriskuan deklaratutako udalerrietako batean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean despopulatze-arriskuan dauden udalerrien zerrenda (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa). Horretarako, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan kontsultatuko da enpresak zein udalerritan duen jarduera ekonomikoa.
DESPOPULATZE ARRISKUA | PUNTUAK |
4. motako arriskua (gainbehera bizia) edo 5. motakoa (gainbehera moderatua) | 2 |
3. motako arriskua (esanguratsua) | 5 |
1. motako arriskua (muturreko arriskua) edo 2. motakoa (arrisku bizia) | 8 |
Enpresak kokagune batean baino gehiagotan jarduten badu, puntuazio handiena lortu duena hartuko da kontuan.
4. Dirulaguntzaren onuradun izateko, enpresek gutxienez 14 puntu lortu beharko dituzte 1. irizpidean, eta 11 puntu 2. irizpidean.
5. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 1etik 8ra bitarteko irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, hurrenez hurren, eta berdinketak jarraitzen badu, lehenik aurkeztutako eskaerari emanen zaio lehentasuna.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretarako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko, betiere kontratazioa egiten bada kontratazio hautagarriaren epearen barruan. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
7. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.
Onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte adierazitako epeetan, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-personal-tecnico-en-comercio-internacional-2026):
1. Kontratazioa frogatzeko dokumentazioa, 2027ko apirilaren 15a baino lehen (egun hori barne):
a) Sinatutako kontratuaren kopia bat.
b) Kontratua Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratu izana frogatzen duen dokumentazioa.
c) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.
d) Kontratatutako pertsonaren titulazio ofiziala frogatzen duen dokumentazioa –3.2.a) oinarria–.
e) Zinpeko aitorpena, 3.2.b) oinarrian eskatutako baldintza betetzen dela ziurtatzeko.
f) Enpresaren kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan bizitzaren txostena, non kontratatutako pertsona agertu beharko baita, 2024ko urtarrilaren 1etik kontratuaren egunera bitartekoa.
2. Kontratazioaren lehen sei hilabeteei dagozkien justifikazio-agiriak, 2027ko urriaren 22a baino lehen (egun hori barne):
a) Justifikatutako aldiaren memoria, kontratatutako pertsonak sinatua, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Diruz lagundutako kontratuaren lehenengo sei hilabeteei dagozkien nominak eta ordainagiriak.
c) Enpresaren kotizazio-kontuari dagokion kodearen lan bizitzaren txostena, edo filiala kokatuta dagoen herrialdean baliokidea den agiria, kontratuaren lehenengo sei hilabeteei dagokiena.
d) Dirulaguntzaren publizitatearen gaineko justifikazioa, 9.1.d) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
3. Kontratazioaren zazpigarren hilabetetik gutxieneko kontratazio aldia (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteei dagozkien justifikazio-agiriak, 2028ko urtarrilaren 1etik 2028ko apirilaren 14ra (biak barne):
a) Justifikatutako aldiaren memoria, kontratatutako pertsonak sinatua, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratuaren zazpigarren hilabetetik gutxieneko kontratazio aldia (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteetakoak.
c) Enpresaren kotizazio-kontuari dagokion kodearen lan bizitzaren txostena, edo filiala kokatuta dagoen herrialdean baliokidea den agiria, kontratuaren zazpigarren hilabetetik gutxieneko kontratazio aldia (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteei dagokiena.
d) Diruz lagundutako kontratazioaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
e) Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (online inkesta bat da, eta laguntzen fitxan dago eskura).
Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:
a) Lehenbiziko ordainketa, emandako dirulaguntzaren %50 adinakoa, 2027an eginen da, behin aurkezturik 7. oinarriko 1. eta 2. ataletan adierazitako dokumentazioa.
b) Gainerako %50a 2028an ordainduko da, behin aurkezturik 7. oinarriko 3. atalean adierazitako dokumentazioa.
3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak lau hilabeteko epean emanen dira, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean)".
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek, ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako kontratazioa egin eta justifikatzea 7. oinarrian ezarritako moduan.
c) 3.3 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.
d) Enpresaren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz, adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa orri honetan jaitsi daiteke: https://www.planinternacionaldenavarra.es/imagenes/contenidos/docs/Logos-PIN.zip.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, kontuan hartuta Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=53320#Ar.5).
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 10. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) 2027tik 2030era bitarteko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleen galdetegia aurkeztea (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifrak), Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak hala eskatzen dionean.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, aipatutako 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.4 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada hamabi hilabeteko epea igaro baino lehen, salbu eta enpresak 3. oinarrian ezarritako baldintzak –3.3.c) oinarria izan ezik– betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik kontatuta. Kasu horretan, 7. oinarrian adierazitako justifikazio-eguna baino lehen egiazta daitekeen aldia diruz lagunduko da.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira, bakar-bakarrik, onuradunek kontratazioa dela-eta lor ditzaketen zerga-kenkariekin eta Gizarte Segurantzako beste hobari batzuekin.
Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jardueraren beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua baino handiagoa, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarri bezala.
11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko LEBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
12. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
Interesdunek aurkeztu beharreko laguntza-eskaera eta agiri guztiak Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko laguntzen fitxaren bidez aurkeztuko dira, Interneten: www.nafarroa.eus.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak eman, kudeatu eta haien jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2611474
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
