176. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2026ko ekainaren 8an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 30ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erromantzatuan, 2026ko abuztuaren 17an.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ERROMANTZATUKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Erromantzatuko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapena, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabiltzen ahal dituztenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua (lege organiko horrek hizpide du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzea).

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua. Erromantzatuko Udalari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Erromantzatuko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Erromantzatuko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Erromantzatuko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Erromantzatuko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Erromantzatuko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Erromantzatuko Udalak, honako hauekin loturik: lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Udalak.

10. artikulua. Erromantzatuko Udalak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko du.

11. artikulua. Baimena, emakida edo beste zernahi bide dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Erromantzatuko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Erromantzatuko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Erromantzatuko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Erromantzatuko Udalak herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Erromantzatuko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea, urtebete lehenagotik gutxienez.

c) Erromantzatuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Erromantzatuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Erromantzatuko Udalak argituko ditu artikulu hau eta aurrekoa interpretatzean sortzen diren zalantzak, kasuz kasu.

Aprobetxamenduak herrien edo tokien arabera esleitzeko, lehentasunak zehazteko honako arau hauek ere ezarri dira:

1. Erromantzatuko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa izena emanda egotea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta aprobetxamendua kokatzen den tokian edo herrian bizitzea.

2. Erromantzatuko biztanleen udal erroldan izena emanda egotea bizilagun gisa, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta Erromantzatuko beste herri, toki edo kontzeju batean bizitzea.

16. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkanteko hasierako prezioa baino merkeagoa.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

17. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu hauetan eginen dira, ondotik adierazitako lehentasun ordenaren arabera aplikatuta:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Udalak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoaren bidez adjudikatzea.

1. ATALA.–HERRITARRENDAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

18. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean baldin badaude ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira errenta mailak zehazteko bete beharreko irizpideak. Kontuan hartuko dira, beraz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak eta pentsioak, laborantzako lurrak edukitzea (errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez), landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona) eta horren gisako beste edozein datu.

Baldintza ekonomikoak baldin badira oinarria lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua emateko, baldintza horiek mantendu beharko dira adjudikazioak indarra duen bitartean.

19. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen, salbu eta epe handiagoko zikloa duten laboreen kasuan, horrelakoetan aprobetxamendua laborearen bizitzari egokituko baitzaio, eta nekazaritza ekologikoaren ekoizpen araubideari lotutako laboreen kasuan, epe hori ez baita hamasei urtetik beherakoa izanen. Azken kasu horretan, lurrak inskribaturik egon beharko dira Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilu arauemailean (NNPEK).

20. artikulua. Udalak urtero onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen gutxiago antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Udalak, ezartzeko herritar bakoitzari adjudikatuko zaion laborantza-lurraren azalera, kontuan hartuko du herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da norberak zuzenean landutzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan, eta kide guztiek betetzen badituzte 18. artikuluan adierazitako baldintzak.

Onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte, baldin laborantza apartzerian ematen badute edo lagatzen badute.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako irabaziak.

22. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Erromantzatuko Udalak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Laborantza pertsonala galarazten duen arrazoia eskatu eta egiaztatu ondoren, Erromantzatuko Udalak onuradunei abonatuko dizkie adjudikaziotik eskuratutako diru-sarrerak, kanona kendu ondoren.

23. artikulua. Erromantzatuko Udalak eskumena du ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

24. artikulua. Asko badira herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Erromantzatuko Udalak, aurretiaz Nafarroako Gobernuaren baimena izanik, beheratzen ahalko ditu ordenantza honen aurreko artikuluetan jasoriko faktoreak, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

Halakoetan, Erromantzatuko Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

25. artikulua. Erromantzatuko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, eta dokumentuak eskatzen ahalko dizkie onuradunei, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak izanik, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Ez aurkeztea erregaiak, ongarriak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak, edo saldutako produktuenak, aurkezteko eskatu eta ezarritako epealdian.

c) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematea.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.

26. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, ez badute Erromantzatuko Udalak espresuki emandako baimenik.

2. ATALA.–HERRITARRENDAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

27. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, familia-unitateko titular diren herritarrei zuzenean adjudikatuko zaizkie, betetzen badituzte herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikazioaren onuradun izateko oro har ezarritako baldintzak (15. artikulua).

28. artikulua. Erromantzatuko Udalak finkatuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

29. artikulua. Adjudikatzeko epea 19. artikuluan ezarritakoa izanen da. Udalak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikaziodunak abeltzainak edo nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, bi irizpideak ehuneko berrogeita hamarrean aplikatuko dira.

1. "Familia-unitateko diru-sarrera garbiak" irizpidea kalkulatzeko, aintzat hartuko dira honako faktore hauek:

a) Diru-sarrera guztiak, ateratzen direnak familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetik, eurotan: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %50.

b) Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapeneko lurren jabetza, hektareatan: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

c) Tokiko zergapeko ondasun higiezinen kapital zergagarria, ondasun horiek Espainiako edozein tokitan izanda, salbu eta etxebizitza propioari dagokiona, eurotan: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

2. "Ustiategien tamaina" irizpidea kalkulatzeko, aintzat hartuko dira honako faktore hauek:

a) Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapeneko lurren jabetza, hektareatan: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %50.

b) Nekazaritza eta abeltzaintzako lurren errentamenduko edo bestelako tituluetako jabetza, hektareatan: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

c) AzLUren (azienda larriko unitateak) arabera araututako abelburu kopurua: balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %25.

30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

31. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamendu mota honetan, Erromantzatuko Udalak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona, lur motaren arabera. Proposatutako kanona urtero eguneratzen ahalko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat. Nolanahi ere, kanonak gutxienez ere estaliko ditu Erromantzatuko Udalak ordaindu beharreko kostuak.

32. artikulua. Lurzati kopuru bat gordeko da onuradun berrientzat; gutxienez ere laborantzako herri-lurren azalera guztiaren ehuneko bost.

Laborantzako lur horiek behin-behinean adjudikatzen ahalko dira, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira lehentasunezko eskubidea duen onuradun berri bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da baldintza suntsiarazle hori.

33. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza mota baterako, baldin Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

3. ATALA.–UDALAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKO BIDEZKO ADJUDIKAZIOA

34. artikulua.

1. Udalak, baldin laborantzako lurrik soberan bada lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

2. Udalak finkatuko du hasierako prezioa, horretarako onetsitako baldintza-agirietan; prezio hori urtero eguneratu ahalko da, kontuan hartuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoera. Nolanahi ere, zenbateko hori izanen da antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen parekoa.

3. Enkantea egin ondoan ere laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

35. artikulua. Laborantzako herri-lurrak herritarren artean adjudikatzeko prozedura hasiko da Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak erabaki ondotik; 15 egun balioduneko epea irekiko da, aprobetxamendua eska dezaten horretarako eskubidea dutela uste duten familia-unitateko titularrek, aldez aurretik iragarkia argitaratuta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko iragarki-taulan.

36. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:

a) Herriko bizilaguna izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Jabetzan duten laborantzako azalera, labore motak berariaz adierazita.

e) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzak hiri-lurrean dituen zerga-kapitalak, norberaren etxebizitzarena kenduta, baita dauzkan abelburuak eta azienda-espezieak ere.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

h) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen eskatzaileen ogibide nagusia nekazaritza denean, ziurtagiri bat, egiaztatzen duena Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudela, eta azken ordainagiriaren fotokopia. Jardueran hasten direnek gehienez ere sei hilabeteko epean bete beharko dute baldintza hori.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, oinarrituak dokumentu eta datu objektiboetan.

37. artikulua. Udaleko Osoko Bilkurak adjudikazio modalitate bakoitzean –lehentasunezkoan edo zuzenekoan– onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan iragarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, eta hamabost egun naturaleko epea izanen da erreklamazioak paratzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

Alegazioak aurkeztu eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haien gaineko ebazpena emanen du Udalak osoko bilkuran, eta onetsiko du behin betiko zerrenda bat, mota bakoitzean herri-lurren onuradun izateko eskubidea dutenekin. Udaleko iragarki-taulan jarriko du ikusgai. Behin betiko adjudikazioaren erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.

38. artikulua. Ikusita herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Erromantzatuko Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie familia-unitateen titularrei, baldin eta herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduen behin betiko zerrendan badaude. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrenda Erromantzatuko Udalak onetsiko du, osoko bilkuran.

39. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

40. artikulua. Erromantzatuko Udaleko herri-larreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta larre hauetan banatzen da:

a) Usungo larreak.

b) Isuko larreak.

c) Napalgo larreak.

d) Orradreko larreak.

e) Fontariako larreak.

f) Berroiako larreak.

g) Murillo Berroiako larreak.

h) Valdepetrusko larreak.

41. artikulua.

1. Erromantzatuko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrei zuzenean adjudikatuz.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

2. Toki erakundeak zenbait finka edo lursail kanpoan uzten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta, aprobetxamendu modalitateak adjudikatu aurretik, IV. kapituluan araututako xedeekin eta prozedurarekin.

42. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko. Horri dagokionez, Erromantzatuko Udalak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Toki erakundearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenek.

b) Abeltzaintzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Bazkalurren jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan emanda dauzkatenek.

d) Honako hauek eskatu, eta aurkezten ez dituztenek: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

44. artikulua. Aprobetxamenduen epea 8 urtekoa izanen da gutxienez, eta 15 urtekoa gehienez.

45. artikulua. Erromantzatuko Udalak, aurretik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, baldin herri-lur horietan hobekuntzak egitea bultzatu behar badu. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

46. artikulua. Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen ahal du, adjudikazio espediente bakoitzean, larre guztien bostena, onuradun berririk balitz urtean adjudikatzeko.

47. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea) eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako eta bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

48. artikulua. Prozedura.

Udalak erabakia hartu eta hura argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko ediktuen taulan, hogeita hamar egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreak haiei adjudikatzeko.

49. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Erromantzatuko Udaleko herritarra izatea, gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta gutxienez ere bederatzi hilabetez Erromantzatuan bizitzea.

b) Erromantzatuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Jabetzan eta/edo errentan dituen lurren azalera, haietan larreen aprobetxamendua egiten ahal bada.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Erromantzatuko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak.

50. artikulua. Udalak behin-behinean eginen du adjudikazioa, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Larreak adjudikatuko dira azaleraren arabera eta eskatzaileen kopuruaren arabera, betiere familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan eta, adjudikaziodunak nekazariak eta/edo abeltzainak badira, ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan.

b) Larreak adjudikatzerakoan, abere-zama hartuko da kontuan bigarrenik, dena delako eremuak onartzen ahal duen abelburu kopuruaren antzekoa duten eskatzaileendako, bai eta ustiategiaren gertutasuna ere.

c) Larre bera abeltzain bat baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, betiere abelburuek, guztira, gainditzen ez dutenean abere-zama. Horrelakoetan, kanona abelburu bakoitzeko ezarriko da, guztizko zenbatekoa hainbanatuta.

d) Abeltzain bakar bati bi larre adjudikatzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

51. artikulua. Aurkeztutako eskabideak ikusirik eginen da banaketa. Behin-behineko zerrenda bat eginen da eta Udaleko iragarki-taulan iragarriko, 15 egun naturaleko epean erreklamazioak aurkezteko; epe hori halakorik gabe iraganez gero, behin betiko onetsitzat joko da. Bestela, aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu toki erakundeak eta erabaki egokia hartuko du behin betiko adjudikazioaren gainean.

52. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta loturik indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari.

IV. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

53. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

54. artikulua. Herri-lurren okupazioa eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Erromantzatuko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

55. artikulua.

1. Erromantzatuko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onetsiko du.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita eta aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

56. artikulua. Herri-lurrak luberritzeko, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren baimena beharko da, aldez aurretik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

57. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Herri-lurren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez egitea.

e) Azienda sartzea ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian, herri-lurzatien laborantza hondatuz.

f) Kalte egitea artegi eta putzuetan.

g) Labore iraunkorrak edo adjudikazio aldia baino ziklo luzeagokoak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.) jartzea, Udalaren baimenik gabe.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ez betetzea azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz (11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa).

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

58. artikulua. Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), g) eta i) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

–h) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena.

–Zehapen prozedura honako arauei jarraituz eginen da: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta, hala behar badu, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak ebatziko ditu, banan-banan, dagokion udal batzordeak txostena egin ondotik.

Bigarrena.–Udalbatzak hala iritzita, inguruabarrek hartaratzen badute, baldintza berezien agiria prestatzen ahalko da zenbait larre, lote edota aprobetxamendu eremu arautzeko; horiek deialdiak egin aurretik onetsi beharko ditu Erromantzatuko Udaleko Osoko Bilkurak, aldez aurretik dagokion udal batzordeak txostena eginda.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Erromantzatuko Udalaren lehenagoko ordenantzak, arautzen dituztenak Erromantzatuko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2611188