Iragarkia
176. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2107/2026 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.
Gobernu Kontseiluak, 2024ko azaroaren 26an hartutako erabaki baten bidez (2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 10ekoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan publikoaren eskaintza onetsi zuen, eta han, besteak beste, mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu bat jaso zen, funtzionarioen araubidekoa (A maila).
Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an harturiko erabaki baten bidez –zeina Gobernu Kontseiluaren 2026ko otsailaren 17ko erabaki baten bidez aldatu baitzen–, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia onetsi zen, eta haren 9. artikuluak xedatzen duenez, lanpostu hutsak lehenik eta behin lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko eskaini behar dira, funtzio publikoan sartzeko deialdietan gehitu baino lehenago. Arau horrek ezartzen du lekualdatze lehiaketa aplikatu beharreko mugikortasun prozedura izanen dela kasu hauetan: atalen artean edota atal baten barruan ez dauden maila txikiagoko unitate organikoen artean, eta langileak atxikia duen eremu organiko bereko lanpostuen artean baldin eta lanpostu horiek campus desberdinetan badaude edo lanaldi mota desberdina badute.
Gaur egun, mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu bakarra dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren plantilla organikoan; beraz, ezin da lekualdatze lehiaketarik egin.
Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu bat oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostu hori II. eranskinean dago zehaztua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.
Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 26an.–Mar González Paredes, kudeatzailea.
MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA
Hauek dira deialdia arautuko duten,
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1.–Deialdi honen helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostu huts bat oposizio bidez eta txanda irekian betetzea (funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa). Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.
1.2.–Halaber, deialdi honen xedea da hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea, deialdi honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat.
1.3.–2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialeko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:
https://www.unavarra.es/sede/tablon-electronico/empleo-publico/convocatorias-pas?opcion=3
2.–Baldintzak.
2.1.–Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
d) Behar diren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.
e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2.–Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.
2.3.–Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.
3.–Eskaerak eta dokumentazioa.
3.1.–Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2.–Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, deialdi honi dagokion ataleko "Joan tramitera" botoian, helbide honetan:
https://www.unavarra.es/sede/tablon-electronico/empleo-publico/convocatorias-pas?opcion=3
Desgaitasunen bat duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, horren berri eman beharko dute eskaera-inprimakian. Nolako denbora- eta/edo bitarteko-egokitzapena eskatzen duten zehaztu behar dute eskaera-inprimakian horretarako dagoen tartean.
3.3.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:
a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Tasa ordaintzetik salbuetsiak daudela egiaztatzen duen agiria, 4.2 oinarrian jasotako kasuetan.
4.–Tasa.
4.1.–Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.
Tasaren ordainketa telematikoki eginen da, eskaera formalizatzen den unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.
4.2.–Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
Aurreko lerrokadan aurreikusitako salbuespena, aitortutako desgaitasunari dagokiona, organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena egiaztatzen duena.
b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.
Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.
4.3.–Salbuetsita egoteko arrazoirik egiaztatu ezean, tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.
4.4.–Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.
5.–Izangaien onarpena.
5.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.2.–Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea edo deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.
5.3.–Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.
Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
5.4.–Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara daitezela aginduko du.
5.5.–Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.6.–Izangaiak haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.
5.7.–Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
6.–Epaimahai kalifikatzailea.
6.1.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an hartutako erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duenak.
6.2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 117. artikuluaren arabera, bost kidek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea. Kide horiek karrerako funtzionarioak izan beharko dira, eta lanpostuaren maila bereko edo altuagoko titulua izan beharko dute, funtzio publikoaren arloan sartzeko foru arauei eta Gobernu Kontseiluak onesten dituen xedapenei jarraikiz.
Ahal dela, kideetako bat Unibertsitatetik kanpokoa izanen da, Nafarroako administrazio publikoetakoa edo Espainiako beste unibertsitate publikoren batekoa.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.
6.3.–Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
6.4.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.
Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da.
6.5.–Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.
6.6.–Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
6.7.–Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
7.–Oposizioaren garapena.
7.1.–Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.
Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.
7.2.–Probak.
7.2.1.–Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.
Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
7.2.2.–Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ahal diren egokitzapenak eginen dira hautaprobak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan.
7.2.3.–Proben banaketa.
Proba hauek izanen ditu oposizioak:
7.2.3.1.–Lehenbiziko proba.
Deialdiaren I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruz, test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.
Formula honen arabera zigortuko dira akatsak:
Nota = Erantzun zuzenak - (akatsak / k - 1)
Non:
k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.
Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du, proba hasi baino lehen, oposizioan parte hartzen dutenek zenbat denbora izanen duten proba egiteko; bi ordu gehienez ere.
Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.2.3.2.–Bigarren proba.
Ariketa eta/edo galdera teoriko, praktiko edo teoriko-praktiko batzuk ebatzi beharko dira, idatziz, oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruzkoak.
Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du, proba hasi baino lehen, oposizioan parte hartzen dutenek zenbat denbora izanen duten proba egiteko; lau ordu gehienez ere.
Proba plika-sistemaren bidez eginen da.
Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.2.3.3.–Hirugarren proba.
Oinarri hauetako I. eranskinean ageri den gai zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko eta/edo teoriko-praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira, idatziz. Zehazki, lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko behar diren ezagutzei buruzkoak izanen dira.
Epaimahaiak ezarriko du, ariketa hasi baino lehen, ariketa egiteko zenbat denbora izanen den; bost ordu gehienez ere.
Proba plika-sistemaren bidez eginen da.
Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
7.3.–Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alega dezaten.
7.4.–Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.
8.–Gainditu dutenen zerrenda.
8.1.–Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.
8.2.–Puntuazioetan berdinketarik egonez gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde eginen da, eta, berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.
Berdinketak irauten badu, epaimahai kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren deituretatik eta izenetik abiatuta. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
8.3.–Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.
9.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.
9.1.–Epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
9.2.–Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua eta deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluarena.
b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.
c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.
d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.
9.3.–Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.
9.4.–Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.
9.5.–Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.
9.6.–Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
10.–Funtzionario izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.
10.1.–Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, mantentze-lanetako teknikari izateko lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.
10.2.–Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.
10.3.–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza, salbu eta behar bezala egiaztatutako arrazoiren bat badago.
Ezinbesteko kasuetan salbu, ez badu finkatutako egunean hartzen lanpostuaren jabetza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4.–Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da (betiere indarrean den araudian jasoak dauden kasuetan), 9.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.
11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.
11.1.–Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an emandako erabaki batean xedatutakoari jarraikiz -erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu-, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:
1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
2) Prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Hauek osatuko dute:
a) Hautaketa-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiek.
b) Hautaketa-prozesuko lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu dutenek.
Hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendako izangaiak. Halaber, prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendaren ordena osatzeko, lehenbizi, gainditutako proben kopurua hartuko da kontuan, eta, ondoren, gainditutako probetan lortutako puntuazioen batura. Aldiz, b) letran ezarritako kasuan, lehenbiziko proban lortutako puntuazioari erreparatuko zaio.
Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.
11.2.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko erabakian ezarri zuena izanen da -Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena-, une bakoitzean indarrean dagoen idazketarekin.
11.3.–Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa; kontratua formalizatzen den unean aurkeztuko da dokumentazio hori.
11.4.–Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarrera-deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.
11.5.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.
12.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.
Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo giza baliabideen arloan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskumenekoak diren beste batzuk.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Oinarri juridikoa izanen da, langileei dagozkien bestelako arauez gain, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
13.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da errekurtsoetako hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, aurkaratutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea I. prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; mugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Gauzatzea. (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: I., II. eta IV. tituluak).
2. gaia.–Administrazio Prozedura Erkidea II. Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofizioz berrikustea eta administrazio errekurtsoak. (39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. III. eta V. tituluak).
3. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.
4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio Elektronikoari buruzko Erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an hartutako erabaki baten bidez onetsia (1 zenbakiko NAOa, 2023ko urtarrilaren 2koa) eta Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean hartutako erabaki baten bidez aldatua (99 zenbakiko NAOa, 2023ko maiatzaren 11koa).
5. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
6. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onesten duena: funtzionarioak hautatzea; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; plantilla organikoak eta funtzionarioen zerrendak; egoera administratiboak.
7. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.
8. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
9. gaia.–2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Adjudikazio botereen eta kontratisten xedapen orokorrak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa.
10. gaia.–2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa: Kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak. Publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak.
11. gaia.–2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa: Kontratuak gauzatzea. Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau espezifikoak.
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa: Administrazio publikoen kontratuen araubide juridikoa.
13. gaia.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa.
14. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak, 2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuak onetsiak.
15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua: betearazteko oinarriak.
16. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Ikasketen antolamendua. Unibertsitate publikoen araubide espezifikoa (III. eta IX. tituluak).
17. gaia.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Nafarroako I+G+B sistema, SINAI (I. eta II. kapituluak).
18. gaia.–15/2018 Foru Legea, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa. Ikerketa zientifiko eta teknikoa, berrikuntza, ezagutzaren transferentzia, hedapena eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren kultura bultzatzea. Zientziako, teknologiako eta berrikuntzako plana (III. eta IV. kapituluak).
19. gaia.–31/2022 Foru Legea, 2022ko azaroaren 28koa, Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzkoa: irisgarritasunari buruzko xedapen espezifikoak (VII. titulua).
20. gaia.–21/1992 Legea, 1992ko otsailaren 24koa, Industriari buruzkoa.
21. gaia.–3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa, unibertsitateko bizikidetzari buruzkoa.
22. gaia.–Etxeko ur beroaren instalazioak: Tipologiak. Diseinua eta mantentze-lanak. Efizientzia energetikoa. Aplikatu beharreko araudia (eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua).
23. gaia.–Berokuntza-instalazioak. Beroa produzitzea, tipologiak. Galdarak, aerotermia eta geotermia. Zirkulazio ponpak, banaketa-hodiak, isolamendu termikoa eta igorleak. Erregulazioa. Diseinua eta mantentze-lanak. Efizientzia energetikoa. Aplikatu beharreko araudia (eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua).
24. gaia.–Eraikinetako hozte-instalazioak. Hotzaren ekoizpena, tipologiak. Ura hozteko gailuak. Diseinua eta mantentze-lanak. Efizientzia energetikoa. Aplikatu beharreko araudia (eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua).
25. gaia.–Eraikinen klimatizazioa. Beroa eta hotza sortzea aerotermia eta geotermia bidez. Beroa eta hotza banatzeko sistemak. Airearen berriztapena. Klimatizagailuak, fancoilak, hodiak, banaketa-hodiak, saretak eta difusoreak. Diseinua eta mantentze-lanak. Efizientzia energetikoa. Aplikatu beharreko araudia (eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua).
26. gaia.–Eraikinen barneko airearen kalitatea: barneko airearen kalitatearen eskakizuna eraikinetako instalazio termikoen erregelamenduan.
27. gaia.–Energia termikoaren berreskuragailuak: motak, funtzionamendua, abantailak eta desabantailak. Energia berreskuratzeko gutxieneko xedapenak, eraikinetako instalazio termikoen erregelamenduaren arabera.
28. gaia.–Segurtasuna hozte-instalazioetan: 2019ko irailaren 27ko 552/2019 Errege Dekretuaren bidez onetsitako hozte instalazioetarako segurtasun erregelamenduaren 1. artikulutik 32. artikulura.
29. gaia.–Hozgarrien eta hozte sistemen sailkapena: eraikinetako instalazio termikoen erregelamenduaren ITC-IF-2 eta ITC-IF-3 jarraibideak. Kontzeptuak: PCA, PAO, TEWI.
30. gaia.–Etxeko ur beroaren instalazioetako legionelosiaren prebentzioa eta kontrola. Aplikatzekoak diren arauak: 487/2022 Errege Dekretua, 2022ko ekainaren 21ekoa, legionelosia prebenitzeko eta kontrolatzeko osasun baldintzak ezartzen dituena.
31. gaia.–Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa: 1-29 artikuluak. ITC-BT 03: behe-tentsioko gailuen enpresa instalatzaileak.
32. gaia.–Instalazio elektrikoen dokumentazioa, zerbitzuan jartzea, egiaztapenak eta ikuskapenak: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT- 04 eta ITC-BT-05 jarraibideak.
33. gaia.–Behe-tentsioko banaketa-sareak: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT- 06, ITC-BT-07 eta ITC-BT-011 jarraibideak.
34. gaia.–Lotura-instalazio elektrikoak: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT- 12, ITC-BT-13, ITC-BT-14, ITC-BT-15, ITC-BT-16 eta ITC-BT-017 jarraibideak.
35. gaia.–Instalazio elektrikoak: neutroa eta masak konektatzeko sistemak energia elektrikoa banatzeko sareetan: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT-08 jarraibidea.
36. gaia.–Kanpoko argiteriaren instalazio elektrikoak: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT-09 jarraibidea.
37. gaia.–Kanpoko argiteriaren instalazioetako efizientzia energetikoari buruzko erregelamendua, 2008ko azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsia: 1. artikulutik 16.era bitartekoak. ITC-EA 01 jarraibidea.
38. gaia.–Efizientzia energetikoa. 4/2022 Foru Legea, 2022ko martxoaren 22koa, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzkoa: eraikuntzaren eta kanpoko argiteriaren efizientzia energetikoa (38-43 artikuluak).
39. gaia.–Kanpoko argiteriaren instalazioetako efizientzia energetikoari buruzko erregelamendua, 2008ko azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsia: ITC-EA 03 jarraibidea: Gaueko argi-distira eta argi intrusiboa eta deserosoa. ITC-EA 04 jarraibidea: instalazioen osagaiak. ITC-EA 05 jarraibidea: dokumentazio teknikoa, egiaztapenak eta ikuskapenak. ITC-EA 06 jarraibidea: instalazioen efizientzia energetikoaren mantentze-lanak.
40. gaia.–Jende asko hartzen duten lokaletako instalazio elektrikoak: Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren ITC-BT-28 jarraibidea.
41. gaia.–Ekipo elektrogenoak eta etenik gabeko elikadurako sistemak. Motak, helburua, abantailak eta eragozpenak.
42. gaia.–Datuak prozesatzeko zentroak: tenperatura- eta hezetasun-baldintzak, airearen kalitatea, hozte sistemak, klimatizazioaren efizientzia energetikoa. Suteen kontrako babes-instalazioak. Instalazio elektrikoa, hornidura alternatiboa.
43. gaia.–Barneko argiteriako instalazio elektrikoak: instalazio motak. Diseinua eta mantentze-lanak. Efizientzia energetikoa. Eraikuntzako Kode Teknikoaren DB-HEko HE3 atala ("Argiztapen-instalazioen baldintzak").
44. gaia.–Deskarbonizazioa: kontzeptua, abantailak, metodoak eta instalazioak deskarbonizatzeko dagoeneko existitzen diren metodoak.
45. gaia.–Beroa eta hotza sortzeko zentral urbanoak: kontzeptua, funtzionamendu-eskemak, motak, abantailak eta eragozpenak, bezeroentzako tarifikazio-moduak.
46. gaia.–Karbono-aztarna: zer den, motak, irismenak eta kalkulu-metodologiak.
47. gaia.–Elektrizitatearen jatorri bermeak: kontzeptua, bidalketaz eta kudeaketaz arduratzen den erakundea. Jatorri-bermeen sistemaren funtzionamendua. Administrazio publiko baten elektrizitate hornidurarako kontratu batera sartzea. Jatorri-bermeak egiaztatzea. Erredentzioak.
48. gaia.–Energia Aurrezteko Ziurtagirien Sistema: kontzeptua eta funtzionamendua. Energia Aurrezteko Ziurtagirien Sistemaren jatorriak. Sisteman esku hartzen duten agenteak. Sisteman sartutako neurriak.
49. gaia.–Ur bero sanitarioaren eskaerari erantzuteko energia berriztagarriaren gutxieneko ekarpena eta iturri berriztagarrietatik sortutako energia elektrikoaren gutxieneko sorkuntza, Eraikuntzako Kode Teknikoaren arabera.
50. gaia.–244/2019 Errege Dekretua, 2019ko apirilaren 5ekoa, Energia Elektrikoaren Autokontsumoaren Baldintza Administratibo, Tekniko eta Ekonomikoak arautzen dituena.
51. gaia.–64/2022 Foru Agindua, 2022ko urriaren 21ekoa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilariak emana, Nafarroan Energia Komunitateak sustatzeko Neurriak ezartzen dituena.
52. gaia.–Elektrizitatea ekoizteko instalazio fotovoltaikoak: motak, osagaiak, diseinua, mantentze-lanak, monitorizazioa eta kontrola.
53. gaia.–Energia elektrikoa biltegiratzeko instalazioak: motak, osagaiak, diseinua, mantentze-lanak, monitorizazioa eta kontrola. Kudeaketaren optimizazio ekonomikoa.
54. gaia.–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak: kontsumoaren kontrola, tarifikazio-aldaerak, kudeaketa-plataformak. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturarako gutxieneko zuzkidurak, Eraikuntzako Kode Teknikoaren arabera.
55. gaia.–Kontsumo elektrikoaren kudeaketa: kontsumo-neurgailuak (funtzionamendua, neurtutako eta kalkulatutako parametroak), kudeaketa-prozedurak eta kontsumoaren kontrola. Informatika-tresnak: motak, abantailak eta eragozpenak. Fakturatutako kontsumoa egiaztatzea.
56. gaia.–Kontsumo termikoaren kudeaketa: kontsumo-neurgailuak (funtzionamendua, neurtutako eta kalkulatutako parametroak), kudeaketa-prozedurak eta kontsumoaren kontrola. Informatika-tresnak: motak, abantailak eta eragozpenak. Fakturatutako kontsumoa egiaztatzea. Kontsumoen gutxieneko kontabilizazioa, eraikinetako instalazio termikoen erregelamenduaren arabera.
57. gaia.–24/2013 Legea, 2013ko abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa: Horniduraren antolamendua. Sistema elektrikoaren jasangarritasun ekonomikoa eta finantzarioa. Sistema elektrikoaren kudeaketa ekonomikoa eta teknikoa.
58. gaia.–24/2013 Legea, 2013ko abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa: Energia elektrikoaren banaketa. Energia elektrikoaren hornidura.
59. gaia.–1955/2000 Errege Dekretua, 2000ko abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak arautzen dituena: xedapen orokorrak. Banaketa. Banaketa-sarerako sarbidea eta konexioa. Merkaturatze-jarduera. Tarifako hornidura-kontratuak eta sareetara sartzeko kontratuak. Hornidura etetea. Neurtzeko ekipoak.
60. gaia.–1183/2020 Errege Dekretua, 2020ko abenduaren 29koa, energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Sarera sartzeko eta konektatzeko prozeduraren alderdi orokorrak. Sartzeko eta konektatzeko baimenak lortzeko prozedura orokorra. Sartzeko eta konektatzeko baimenak lortu ondorengo jarduketak.
61. gaia.–Tarifikazio elektrikoa: tarifa elektrikoaren kontzeptu arautuen deskribapena, helburua eta araudia.
62. gaia.–Tarifikazio elektrikoa: arautu gabeko kontzeptuen prezio finkoak eta prezio indexatuak, mota bakoitzaren abantailak eta eragozpenak. Indexatutako prezioak kontratatzeko sistema optimoak (aplikatu beharreko formulak, prezioak ixteko kudeaketa). Merkatuaren jarraipena: OMIE eta OMIP. Merkatu elektrikoa.
63. gaia.–34/1998 Legea, 1998ko urriaren 7koa, Hidrokarburoen Sektoreari buruzkoa: gas erregaiak kanalizazio bidez hornitzearen antolamendua.
64. gaia.–1434/2002 Errege Dekretua, 2002ko abenduaren 27koa, gas naturalaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak arautzen dituena: Sarrera, I. eta II. tituluak.
65. gaia.–1434/2002 Errege Dekretua, 2000ko abenduaren 1ekoa, gas naturalaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak arautzen dituena: III. titulua.
66. gaia.–Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko erregelamendu teknikoa: 1-14 artikuluak. ITC-ICG 01 jarraibidea: Gas-erregaiak kanalizazio bidez banatzeko instalazioak.
67. gaia.–Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko erregelamendu teknikoa: Gas-erregaiak hartzen dituzten instalazioak: ITC-ICG 07 jarraibidea.
68. gaia.–Gas natural kanalizatuaren tarifak: Tarifen egituraren deskribapena, kontzeptu arautuak eta arautu gabeak. Prezio finkoko eta aldakorreko tarifen abantailak eta ezaugarriak. MIBGAS.
69. gaia.–Eraikuntzako Kode Teknikoa: ur-hornidura. HS oinarrizko dokumentuaren HS 4 atala.
70. gaia.–Eraikuntzako Kode Teknikoa: Ur hustea. HS oinarrizko dokumentuaren HS 5 atala.
71. gaia.–Iruñerriko ur horniduraren tarifikazioa: Hornidura motak eta tarifa-kontzeptuak.
72. gaia.–Ur kontsumoaren kudeaketa: jarraipena eta kontrola. Kontagailuak. Kontsumoak murrizteko metodoak eta sistemak.
73. gaia.–Suteen kontrako babes instalazioak: Agente itzalgailuak. Agente itzalgailu bakoitzaren abantailak eta eragozpenak. Instalazio motak, agente itzaltzaileen arabera. Diseinua eta mantentze-lanak. Industriakoak ez diren eraikinetan aplikatu beharreko araudia.
74. gaia.–Suteen kontrako babes instalazioak: detekzioa. Detekziorako teknologia motak. Detekziorako teknologia bakoitzaren abantailak eta eragozpenak. Diseinua eta mantentze-lanak. Industriakoak ez diren eraikinetan aplikatu beharreko araudia.
75. gaia.–Suteen kontrako babes instalazioak: Sute alarma. Alarma-mekanismo motak. Suteak detektatzeko eta alarma jotzeko zentralak. Zentral motak, kudeatzeko posibilitateak. Diseinua eta mantentze-lanak. Industriakoak ez diren eraikinetan aplikatu beharreko araudia.
76. gaia.–Suteen kontrako babes instalazioak: Suteen aurka babesteko instalazioen gutxieneko zuzkidura, Eraikuntzako Kode Teknikoaren arabera.
77. gaia.–355/2024 Errege Dekretua, 2024ko apirilaren 2koa, "Igogailuak" ITC AEM 1 jarraibide tekniko osagarria onesten duena eta igogailuak martxan jartzea, aldatzea, mantentzea eta ikuskatzea eta dagoen igogailu parkearen segurtasuna handitzea arautzen duena.
78. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: III., IV. eta V. kapituluak.
79. gaia.–171/2004 Errege Dekretua, 2004ko apirilaren 2koa, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 24. artikulua garatzen duena -Enpresen jardueren koordinazioari buruzkoa, 1995eko azaroaren 8koa-.
80. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, 1997ko urriaren 24koa, eraikuntzako obretako segurtasun- eta osasun-arloko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
II. ERANSKINA.–MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUA
(A MAILA)
LANPOSTUA | ATXIKIMENDU EREMUA | HERRIA | LANALDIA |
701 | KONTRATAZIOEN, ONDAREAREN ETA AZPIEGITUREN ZERBITZUA / AZPIEGITUREN ZERBITZUA / MANTENTZE LANEN UNITATEA | IRUÑEA | GOIZEZ |
Iragarkiaren kodea: F2611547
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
