Iragarkia
176. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
57/2026 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Nafarroako Hondakin Sanitarioei buruzkoa.
ZIOEN AZALPENA
Honako hauek osatzen dute hondakin sanitarioei buruzko Nafarroako Foru Komunitateko indarreko araudia: 296/1993 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Foru Komunitateko Osasun Hondakinak kudeatzeko arauteria ezartzen duena (1993ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 1ekoa) eta 181/1994 Foru Dekretua, urriaren 3koa, zehazten dituena hondakin sanitarioak kudeatzeko planen eredua eta gutxieneko edukia, hondakin sanitarioen garraiarien erregistroak nola ihardun, garraio-ibilgailuen homologazioa, bai eta 3. taldeko hondakin sanitarioak hartu eta eramateko inprimaki ereduak ere (1994ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa, eta 1995eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, akatsak zuzentzekoa).
Apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoak eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, 2008/98/EE Zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen duenak, honako helburu hauek ditu: hondakinen sorrera murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzea eta hondakinetatik eratorritako kutsadura gutxitzea. Azken xedapenetako laugarrenean, ahalmena ematen dio Gobernuari, bere eskumenen esparruan, lege hori garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamendu xedapenak emateko eta, zehazki, hondakinetarako arauak ezartzeko. Arau horietan xedapen bereziak ezarriko dira hondakinen sorrerari eta kudeaketari, hondakinen tratamenduei eta hondakinen identifikazioari buruz. Hala ere, orain arte ez da inolako erregelamendu araurik onetsi hondakin sanitarioen sorrera eta kudeaketaren gaia garatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko hondakinen esparru juridikoa apirilaren 8ko 7/2022 Legea denez, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa, Nafarroako Foru Komunitateko hondakin sanitarioen arloko indarreko araudia eguneratu egiten da, hondakin sanitarioei buruzko foru dekretu berri bat eginez, oraingo foru dekretuak indargabetuko dituena.
Foru dekretu honetan Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeaz egiten diren aipamenak lege horretaz edo, hala badagokio, hura ordezten duenaz egiten direla ulertu behar da.
Nafarroako Foru Komunitatean hondakin sanitarioak sortzearekin eta kudeatzearekin lotutako esparrua arautzea du xede foru dekretu honek, osasun publikoa eta ingurumena babesteko.
Egituraren aldetik, testuak bost kapitulu ditu. Lehenengo kapituluan, dekretuaren xedea eta haren eduki eta irismena argitzeko definizioekin batera, hondakin sanitarioen sailkapena ezartzen da, bost taldetan. I. taldea: etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakin sanitarioak; II. taldea: hondakin sanitario ez-espezifikoak; III. taldea: hondakin sanitario espezifikoak; IV. taldea: medikamentu arriskutsuen hondakinak; eta V. taldea: izaera kimikoko hondakin sanitarioak.
II. eta III. kapituluak hondakin sanitarioen zentro barruko eta zentrotik kanpoko kudeaketari buruzkoak dira; IV. kapituluak jardueraren antolamendua ezartzen du; eta V. kapituluan zehapen araubidea jasotzen da.
Hondakin Sanitarioei buruzko Foru Dekretua Nafarroako Foru Komunitateak ingurumenaren eta ekologiaren arloko legeria garatzeko eta betearazteko duen eskumenaren arabera ematen da, Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 53. artikuluaren arabera, Nafarroari dagozkio osasun eta higieneari buruzko ahalmen eta eskumenak, lege hori indarrean sartzean zeuzkanak bere eskubide historikoez baliatuta; horrekin batera, barne-osasun eta higienearen eta gizarte segurantzaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea ere dagokio.
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko abuztuaren hemeretzian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Nafarroako Foru Komunitatean hondakin sanitarioak kudeatzeko eskatu behar diren baldintzak arautzea du xede foru dekretu honek, osasun publikoa eta ingurumena babesteko.
2. artikulua. Definizioak.
Dekretu honen ondorioetarako, hona zer den:
a) «Hondakin sanitarioa»: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen aplikazio esparruan araututako hondakinak, baldin eta dekretu honen 4. artikuluan eta/edo I. eranskinean jasotako kategoria batean sartuta badaude eta II. eranskineko zerrendan –denak zehaztu gabe– azaltzen diren jarduera profesionaletan sortutakoak badira.
b) «Hondakin sanitarioen sortzailea/edukitzailea»: bere jarduera profesionalean dekretu honen 4. artikuluan eta/edo I. eranskinean sailkatutako hondakinen bat sortu edo daukan pertsona fisiko edo juridiko oro. Horrelako hondakinak sor ditzaketen jarduera profesionaletako batzuk –denak zehaztu gabe– II. eranskineko zerrendan jaso dira.
c) «Sorrera mugatuko zentroak»: hilean, guztira, III., IV. eta V. taldeetako (4. artikuluko definizioen arabera) 100 kg hondakin sanitario baino gutxiago sortzen dituzten zentroak.
d) «Giza gorpuzki nahiko handiak»: jatorria abortu, mutilazio, ebakuntza kirurgiko, autopsia kliniko zein judizial eta irakaskuntza zein ikerketa jardueretan duten gorpu-hondakinak edo giza gorputzeko zatiak, tratatu gabeak. Ez daude horien artean formolean kontserbatutako gorpuzkiak, 4. artikuluko V. talde barruan sartuta baitaude.
e) «Medikamentu arriskutsuak»: gizaki zein animalientzat, jarraian adierazten diren sei arrisku ezaugarrietako bat edo gehiago dituztenak: kartzinogenizitatea, teratogenizitatea edo bestelako garapen toxikotasuna, ugaltze toxikotasuna, organoen toxikotasuna dosi txikietan, genotoxikotasuna; halaber, medikamentu berriak, aurreko irizpideen arabera arriskutsutzat jo ziren egungo medikamentuen antzeko egitura eta toxikotasun profilak dituztenak.
f) «Zentro barruko eragiketak»: hondakin sanitarioen sortzaileek gauzatzen dituzten eragiketa hauek: hondakin sanitarioak manipulatu, sailkatu, egokitu, lekualdatu eta biltegiratzea.
g) «Zentrotik kanpoko kudeaketa»: hondakin sanitarioen kudeatzaile baimenduek hondakin horiek sortzen dituzten zentroetatik kanpo gauzatzen dituzten eragiketa hauek: hondakinak bildu, garraiatu, biltegiratu eta tratatzea.
h) «Ekarpen puntua»: hondakinak sortzen diren eremua; ondoren, hondakinak lokal horietatik hondakinen biltegira eramaten dira.
i) «Hondakinen biltegia»: hondakinak biltegiratzen diren lokalak. Ondoren, lokal horietatik hondakinak hartu eta garraiatzen dira, zentrotik kanpo kudeatzeko edo sortu diren zentroan edo zerbitzuan bertan tratatzeko.
j) «Tratamendu baimendua»: agintaritza eskudunak baimendutako tratamendua, foru dekretu honen V. eranskinean aurreikusitako III. taldeko hondakin sanitarioetarako.
Gainerako definizioetarako, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
3. artikulua. Aplikazio-eremua.
1. Dekretu honen aplikazio-eremuan daude foru dekretu honen 4. artikuluan eta/edo I. eranskinean definitu diren taldeetan sartutako hondakin sanitarioak sortu eta kudeatzeko jarduera guztiak.
2. Honako hondakin hauen kudeaketa foru dekretu honetatik kanpo dago:
a) Hondakin erradioaktiboak, beren araudi espezifikoa dutenak.
b) Hileta-osasunaren araudiaren eremuan araututa dauden giza gorpuzki eta hondakin anatomikoak.
c) Animalien gorpuak eta azpiproduktuak, araututa daudenak Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 1069/2009 (EE) Erregelamenduan, 2009ko urriaren 21ekoan, zeinak ezartzen baititu gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak.
d) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak emandako definizioen arabera, III. eranskinean adierazitako gaixotasun infekziosorik ez duten etxeko animalia hilak hiri hondakintzat joko dira; beraz, arau honetatik kanpo daude.
e) Iraungitako medikamentuak, Farmazia espezialitateen iraungipenak eta farmazia laborategietara eginiko horien itzulketak arautzen dituen martxoaren 17ko 726/1982 Errege Dekretuan araututa dauden alderdietan.
f) Hondakin urak. Ur horiek saneamendu publikoan ezabatzeko, bete beharko dira otsailaren 20ko 12/2006 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak, haren bidez ezartzen baitira saneamendu kolektore publikoetara ur isurketak egin ditzaketen jardueren ezarpenerako eta funtzionamendurako baldintza teknikoak.
4. artikulua. Hondakinen sailkapena.
Hondakin sanitarioak jarraian ageri diren taldeetan sailkatuko dira, bakoitzaren arrisku, kudeaketa eskakizun eta abarren arabera:
1. I. taldea.–Etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak.
Sortzaileek sortutako hondakin sanitario hauek etxeko hondakinen ezaugarri berak edo antzekoak dituzte, osaera eta kantitatearen aldetik, eta ez dira osasun jarduera hutsaren ondorioz sortzen.
2. II. taldea.–Hondakin sanitario ez-espezifikoak.
Osasun jardueretan sortutako hondakinak dira, jariakin biologikoekin kutsatuta egon daitezke eta ez daude artikulu honetan aipatzen diren gainerako taldeetan sartuta. IV. eranskinean talde honetako hondakinen zerrenda bat dago, denak zehaztu gabe. Halaber, talde honetan sailkatuko dira III. taldeko hondakinak, osasun zentroetan V. eranskinean adierazitako moduan tratatu ondokoak.
3. III. taldea.–Hondakin sanitario espezifikoak.
Osasun jardueretan sortutako hondakinak dira, tratamendu berezia behar dutenak kudeaketaren etapa guztietan, arriskua dutelako –batez ere infekzio arriskua– edo hautemandako arriskua zein arrisku psikoemozionalak dakartzatelako. Talde honetan sartuta daude hondakin hauek:
a) Foru dekretu honen III. eranskinean aipatzen diren gaixotasun infekziosoetako bat duten pazienteengandik datozen eta hori kutsatzeko modukotzat jotzen diren hondakin infekziosoak, bai eta gaixorik dauden pertsonengandik datozen bestelako hondakinak ere, baldin eta talde honetan sartzeko modukoak badira bakartze beharrengatik eta sortzen dituen zentroaren iritziz.
b) Agente biologikoen kultibo eta erreserbak eta horiekin kontaktuan egon diren hondakinak, gizakiengan edo animaliengan gaixotasunak eragiteko gaitasuna badute, horren barne direla gai horiek manipulatu diren segurtasun biologikoko kabinetako iragazkiak.
c) Agente bizi ahulduak dituzten txertoak eta horien bialak.
d) Hondakin anatomikoak, baldin eta neurri txikikoak izateagatik ez badira sartzen Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduaren (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsia) edo hura ordezkatu eta/edo aldatzen duten arauen aplikazio esparruan.
e) Hondakin ebakitzaile edo zorrotzak, horren barne direla, guztiak zehaztu gabe, orratzak, bisturi xaflak, lantzatxoak edo bestelako osasun produktu ebakitzaile edo zorrotzak, arrisku biologikoa dakarten istripuen aurkako segurtasun gailuak badituzte ere (biosegurtasun gailuak), bai eta produktu biologikoekin kontaktuan egon den beste edozein gauza, izkinak, ertzak edo irtenguneak izateagatik ebaki edo ziztatu dezaketenak ere, esaterako, kapilarrak, portak, estalkiak edo Pasteur pipetak.
f) Odola eta hemoderibatuak, pleura-likidoa, peritoneo-likidoa eta bestelako jariakin biologikoak –gernua izan ezik–, 100 ml-tik gorako kantitateak dituzten ontzietan edo guztira 100 ml-ko kantitatea gainditzen duten bolumen txikiagoko ontzietan, betiere 3.a) eta 3.g) motako hondakin infekziosotzat hartzen ez badira eta saneamenduko sistema orokorraren bidez deuseztatzen ez badira.
g) Honako hauetatik datozen hondakinak: animalia infekziosoak eta/edo foru dekretu honetako III. eranskinean adierazitako gaixotasunen bat eragin dezaketen agente infekziosoak inokulatu zaizkienak, animalia horien gorpuak, hondakin anatomikoak eta haien estabulaziotik datozen hondakinak, baldin eta jotzen bada gaixotasunak kutsatzeko gaitasun potentziala dutela eta gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuen arloko legeriaren aplikazio esparruan ez badaude.
4. IV. taldea.–Medikamentu arriskutsuen hondakinak.
Medikamentu arriskutsuen hondakinak dira, horren barne direla salmenta ontziak edo ontzi primarioak, bai eta medikamentua prestatu, garraiatu eta emateko prozesuan kontaktuan egon diren material guztiak ere, eta horien manipulazioan baliatu diren segurtasun biologikoko kabinetako iragazkiak.
5. V. taldea.–Izaera kimikoko hondakin sanitarioak.
Talde honetan sartzen dira aurreko taldeetan sartuta ez dauden izaera kimikoko hondakinak, arriskutsuak eta ez arriskutsuak, zentrotik kanpo kudeatzeko neurri bereziak behar dituztenak. Talde honetan daude, guztiak zehaztu gabe, iraungita dauden medikamentu ez-arriskutsuak, espezifikazio edo iraungitze datarik gabeko monodosietan dauden medikamentuak, egonkortasuna eraldatuta izan den susmoa dagoen medikamentuak, hortz amalgamak, finkatzaile kimiko batekin kontserbatu diren hondakin anatomikoak, eta laborategietan sortutako produktu kimikoak daramatzaten hondakinak, baldin eta beren izaera dela-eta kudeaketa espezifikoa behar badute.
Osasun jardueran sortzen diren eta, haien izaeragatik, artikulu honetan definitutako talde bateko baino gehiagotako ezaugarriak izan ditzaketen hondakin guztiak edo, osasun jardun profesionalaren nahitaezko ondorio gisa sortutako hondakin nahasketak, lehen definitutako talde batzuetako hondakinez osatuak, exijentzia handieneko taldean sartuko dira, osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatze aldera.
Foru dekretu honen I. eranskinean ezartzen da Europako Hondakinen Zerrendako (EHZ) kodeen eta arestian definitutako hondakin sanitarioen taldeen arteko baliokidetza –itxia izan gabe–, hondakinen sailkapenean eta kudeaketan laguntzeko.
II. KAPITULUA.–HONDAKIN SANITARIOEN ZENTRO BARRUKO ERAGIKETAK
5. artikulua. Baldintza orokorrak.
1. Hondakin sanitarioak jatorrian identifikatu eta bereiziko dira, zorrozki, arestian ezarritako sailkapenaren arabera.
2. Ahal denean, osasun zentroan bertan, kolore desberdinetako poltsak eta ontziak erabiliko dira hondakin mota bakoitzerako, kudeaketa akatsak saiheste aldera.
3. Eramateko prest dauden hondakin sanitarioak dituzten poltsak eta ontziak itxita utziko dira aldez aurretik definitu, mugatu eta seinaleztatu diren zentroko eremuetan. Zurrunak ez diren ontziak beren euskarrietan edo edukiontzian biltegiratuta utziko dira, inoiz ez zuzenean zoru gainean.
4. Garraiatuko diren ontzien etiketek aplikatzekoa den indarreko araudia bete beharko dute.
5. Horretarako, kapitulu honetan definitutakoez bestelako ontzi batzuk erabiltzen ahalko dira, betiere kudeaketaren edozein fasetan hondakinak manipulatzen dituzten langileen segurtasuna bermatzen dutela justifikatzen bada eta osasun agintaritzaren oniritzia jaso badute.
6. artikulua. I. taldeko hondakin sanitarioen zentro barruko eragiketak.
I. taldeko hondakin sanitarioak bereizita bilduko dira hondakinen arloko indarreko araudian eta kasuan kasuko toki entitateek beren ordenantzetan ezarritakoa betez.
7. artikulua. II. taldeko hondakin sanitarioen zentro barruko eragiketak.
1. II. taldeko hondakin sanitarioak poltsa edo ontzi zurrun edo erdizurrunetan sartuko dira, aurreikusitako erabileraren araberako kargak eta zulaketak jasateko modukoetan. Ontzi edo poltsa horiek erabilera bakarrekoak, ez gardenak eta iragazgaitzak izanen dira. Ontziek ez dute kanpoko identifikaziorik beharko.
2. Hondakin sanitario likido edo solidoek likidoak jariatzen ahal badituzte, aurreko ataleko ezaugarriez gain, sortzaileak edo edukitzaileak multzoaren estankotasuna bermatu beharko du, eta, beharrezkoa denean, material xurgatzailea edo solidotzailea jarri beharko du, aurreikusitako likido bolumenari eusteko adinakoa, edo horretarako berariaz diseinatutako ontziak erabili beharko ditu, modu seguruan itxiak.
8. artikulua. III. taldeko hondakin sanitarioen zentro barruko eragiketak.
1. III. taldeko hondakin sanitarioak poltsa edo ontzi zurrun edo erdizurrunetan sartuko dira, aurreikusitako erabileraren araberako kargak eta zulaketak jasateko modukoetan. Ontzi edo poltsa horiek erabilera bakarrekoak, ez gardenak eta iragazgaitzak izanen dira. Ontzi berrerabilgarriak baliatzen ahalko dira, baldin eta ziurtatzen bada behar bezala garbitu eta desinfektatzen direla prozesuaren eraginkortasuna eta trazabilitatea bermatzen dituen sistema batekin.
2. III. taldeko hondakin sanitario likidoak eramateko ontziek edo likidoak jaria ditzaketen solidoak edo ontziak eramatekoek, aurreko atalean adierazitako ezaugarriez gain, estankotasuna bermatu beharko dute, edukiaren ihesak saihesteko, edo material xurgatzaile edo solidotzailea eraman beharko dute barruan, aurreikusi den likido kantitateari eusteko adinakoa.
3. III. taldeko hondakin ebakitzaile edo zorrotzak ontzi espezifikoetan sartuko dira. Ontzi horiek bete beharko dute UNE-EN-ISO 23907-1 araua (Zulaketen ondoriozko lesioen aurreko babesa. Betebeharrak eta saiakuntza metodoak. Objektu ebakitzaile eta zorrotzetarako ontziak, erabilera bakarrekoak) edo hura ordezkatzen duena. Ontzia itxi ondoren, III. taldeko hondakinetarako beste ontzi baten barruan sartzen ahalko da.
4. III. taldeko hondakinek "III. taldea. Hondakin infekzioso arriskutsuak" esaldia eramanen dute kanpoaldean, bai eta VI. eranskinean ageri den bioarriskuaren piktogramaren etiketa ere, ontziarekiko proportzionala den tamainan, hondakinak erraz identifikatu ahal izan daitezen. Salbuespena izanen dira hondakinen edo gai arriskutsuen errepideko garraioaren araudiaren arabera jada etiketatuta dauden ontziak. Ontzien identifikazioan, ontzia sortu duen unitatea, erabiltzen hasteko data eta itxiera data zehaztu beharko dira.
5. Debekatuta dago II. taldeko hondakin sanitarioetarako ontzi berean III. taldeko hondakinak sartzea. Salbuespen moduan, sortzen diren hondakin gehienak III. taldekoak diren osasun instalazioen kasuan, III. taldeko hondakinak biltzeko ontzietan II. taldeko hondakinak sartzen ahalko dira.
9. artikulua. IV. taldeko hondakin sanitarioen zentro barruko eragiketak.
1. IV. taldeko hondakin sanitarioak poltsa edo ontzi zurrun edo erdizurrunetan sartuko dira, aurreikusitako erabileraren araberako kargak eta zulaketak jasateko modukoetan. Ontzi edo poltsa horiek erabilera bakarrekoak, ez gardenak eta iragazgaitzak izanen dira.
2. IV. taldeko hondakin sanitario likidoak eramateko ontziek edo likidoak jaria ditzaketen solido edo ontziak eramatekoek, aurreko atalean adierazitako ezaugarriez gain, estankotasuna bermatu beharko dute, edukiaren ihesak saihesteko, edo material xurgatzaile edo solidotzailea eraman beharko dute barruan, aurreikusi den likido kantitateari eusteko adinakoa.
3. IV. taldeko hondakin ebakitzaile edo zorrotzak ontzi espezifikoetan sartuko dira. Ontzi horiek bete beharko dute UNE-EN-ISO 23907-1 araua (Zulaketen ondoriozko lesioen aurreko babesa. Betebeharrak eta saiakuntza metodoak. Objektu ebakitzaile eta zorrotzetarako ontziak, erabilera bakarrekoak) edo, arau hori bertan behera utziz gero, hura ordezkatzen duena. Ontzia itxi ondoren, IV. taldeko hondakinetarako beste ontzi baten barruan sartzen ahalko da.
4. IV. taldeko hondakinen ontziek "medikamentu arriskutsuen hondakinak" esaldia edo "zitotoxikoa" edo "zitostatikoa" hitzak eramanen dituzte kanpoaldean, ontziarekiko proportzionala den tamainan, hondakinak erraz identifikatu ahal izan daitezen. Salbuespena izanen dira hondakinen edo gai arriskutsuen errepideko garraioaren araudiaren arabera jada etiketatuta dauden ontziak. Ontzien identifikazioan, ontzia sortu duen unitatea, erabiltzen hasteko data eta itxiera data zehaztu beharko dira.
10. artikulua. V. taldeko hondakin sanitarioen zentro barruko eragiketak.
V. taldeko hondakin sanitarioen bereizketa, ontziratzea eta etiketatzea aplikatzekoa zaien hondakinen araudian xedatutako moduan eginen dira.
11. artikulua. Hondakin sanitarioen zentro barruko lekualdatzea.
1. Hondakinak sortu diren zentroaren barruan lekualdatzean, segurtasun, bizkortasun, erantzukizun eta kaltegabetasun printzipioak beteko dira eta erabiltzaileen, langileen zein bisitarien infekzio arriskuak saihestuko dira.
2. Lekualdatu aurretik, poltsak eta ontziak itxita daudela egiaztatuko da, eta horien integritatea arriskuan jartzen ez duten garraio metodoak erabiliko dira.
3. Debekatuta dago hondakinak ontzi batetik bestera aldatzea eta hondakin poltsak zuzenean zorutik arrastaka eramatea.
4. Zentroak ekarpen puntuak baditu, hondakinak egunean behin gutxienez eramanen dira hortik hondakinen biltegira, ahal bada aldez aurretik zehaztutako zirkuituetatik.
5. Hondakinak garraiatzeko sistemak erabiltzen badira, sistema egonkorrak izan beharko dira, horma leunekoak, bihurgunerik gabeak, erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak, eta higiene baldintza egokietan mantenduko dira. Horrez gain, III. taldeko hondakinetarako garraio sistemak erabilera bakoitzaren ondoren garbitu eta desinfektatu beharko dira.
12. artikulua. Hondakin sanitarioen biltegiratzea.
1. Hondakin sanitarioen biltegiak behar bezala aireztatuta eta seinaleztatuta egonen dira, eta pertsona baimenduentzako sarbide esklusibo moduan seinaleztatuko da sarrera. Erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izanen dira eta higiene baldintza egokietan mantenduko dira. Biltegiratze higieniko eta ordenatua egiteko behar diren elementu eta ekipamenduak izanen dituzte, bai eta lokalaren zein hondakinak kudeatzen dituzten langileen higiene egokia ziurtatzekoak ere. Nahigabeko isuriak gertatuz gero, erraz garbitzeko nahikoa material xurgatzaile izanen dute eskura.
2. Hondakinen biltegia egunero garbitu eta desinfektatuko da, eta aldian behin intsektu eta arratoi hilketak eginen dira, beharrezkoa denean eta osasun agintaritzak egokitzat jotzen duenean.
3. Hondakin sanitarioen biltegirik ez badago, hondakinak hozkailu, armairu, edukiontzi edo antzekoetan biltegiratzen ahalko dira. Elementu horiek behar bezala seinaleztatuko dira, sarbide mugatukoak izanen dira, erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak, eta higiene baldintza egokietan mantenduko dira.
4. Hondakinak beste produktu eta material batzuekin batera biltegiratzen ahalko dira, betiere materialen, lokalaren eta erabiltzaileen segurtasun eta higiene baldintzak bermatuta badaude.
5. Debekatuta dago III., IV. eta V. taldeetako hondakin sanitarioak aire zabalean biltegiratzea.
6. Hona hemen zentro barruko biltegiratzerako gehieneko epeak, kontuan izanik epe horiek hondakinak biltegira iristen diren momentuan zenbatzen hasiko direla:
a) III. taldea: oro har, 72 ordu gehienez. Sorrera mugatuko zentroetan, epea astebetera luzatzen ahalko da gehienez.
Edozein zentrotan, biltegiratzea hilabetera luzatzen ahalko da gehienez, 4 °C-tik beherako tenperatura egonkorra bermatzen duten hozte mekanismoak daudenean.
III. taldeko hondakin sanitario hauen kasuan: Agente bizi ahulduak dituzten txertoak eta horien bialak, hondakin ebakitzaile edo zorrotzak eta albaitaritza jatorriko hondakinak: 12 hilabete gehienez.
b) IV. taldea: oro har, 15 egun gehienez. Biltegiratzea hilabetera luzatzen ahalko da gehienez, 4 °C-tik beherako tenperatura egonkorra bermatzen duten hozte mekanismoak daudenean.
IV. taldeko hondakin sanitario ebakitzaile edo zorrotzak edo albaitaritza jatorrikoak: 12 hilabete gehienez.
c) V. taldea: oro har, 6 hilabete gehienez.
V. taldeko arriskutsuak ez diren medikamentuen hondakinen kasuan, epea 12 hilabetera luzatzen ahalko da gehienez.
Nolanahi ere, artikulu honetan ezarritako zentro barruko biltegiratze-epeek ez dituzte eragotziko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako gehieneko epeak.
7. Gaiaren eskumena duen osasun agintaritzak murrizten ahalko ditu zentro barruan biltegiratzeko gehieneko epeak, salbuespen moduan eta behar bezala justifikatuta, hondakinaren ezaugarriak edo biltegiratutako bolumenak direla eta.
13. artikulua. Balorizazio tratamendua edo ezabapena.
Edozein taldetako hondakinak horiek sortzen dituen zentroan bertan balorizatu edo ezabatzen direnean, jarduketa horiek hondakinen kudeaketatzat joko dira eta instalazioak apirilaren 8ko 7/2022 Legean (apirilaren 8ko 7/2022 Legean, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa), 33.1 artikuluan, ezarritako baimena izan beharko du, bai eta beste erregulazio batzuetan eskatzen direnak ere, oraindik ere hondakin moduan sailkatzen ez diren produktu edo materialekin egindako aurretiazko eragiketak badira salbu.
III. KAPITULUA.–ZENTROTIK KANPOKO KUDEAKETA ERAGIKETAK
14. artikulua. Irizpide orokorrak.
1. Hondakin sanitarioen edozein kudeaketa eragiketa egiten duten pertsona fisiko edo juridikoek egokiak diren erregistro eta baimen administratiboak izan beharko dituzte, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritako baldintzetan.
2. Debekatuta dago hondakinen bilketa eta garraioaz arduratzen diren langileek hondakin sanitarioen poltsa edo edukiontzietako edukiak manipulatzea. Bilketa sistema mekanizatuen ezarpena bultzatuko da, laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeria betez.
3. Hondakin sanitarioak garraiatzeko erabiliko diren bitartekoek une oro bermatuko dituzte estankotasuna, segurtasuna eta higienea karga, garraio eta deskarga lanetan, betiere aplikatzekoa den hondakin eta salgaien erregelamenduan xedatutakoa beteta.
Osasun laguntzako enpresa edo profesionalek (eskualdeko osasun zentroen menpeko diren osasun arretarako zentro publiko txikiak, etxeko laguntza, istripuak, anbulantziak, albaitaritza laguntza eta beste), egindako garraioa, hondakinak sortu diren tokitik beren instalazioetaraino eramateko, sorrera zentro moduan, beren jardueraren ondorioz sortutako hondakinak badira, ez da hondakinen lekualdatzetzat joko, Estatuko lurralde barruko hondakinen lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren ondorioetarako, eta ez da bilketatzat joko ere, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen ondoriotarako.
4. Edozein kasutan ere, hondakin sanitarioak balorizatu edo ezabatzeko garraioa eta tratamendua osasungarritasun, kaltegabetasun eta segurtasun printzipioei jarraituz eginen dira, eta osasun publikoa zein ingurumenaren babesa momentu oro bermatuz.
15. artikulua. I. taldeko hondakinen kudeaketa.
I. taldeko hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, toki entitateek eman beharreko zerbitzuak diren aldetik, udal ordenantzetan xedatutakoaren arabera gauzatuko dira, bai eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 12.5 artikuluan xedatutakoaren arabera ere.
16. artikulua. Hondakin sanitario ez-espezifikoen kudeaketa. II. taldea.
Kudeaketa instalazioetarako garraioa ontzi itxietan eta estalita eginen da beti, isuririk gertatzen ez dela ziurtatzeko.
Oro har, II. taldeko hondakin sanitarioak ezabapen bidez tratatuko dira. Balorizatzen badira, ingurumenaren eta pertsonen babesa bermatzen duten tratamenduak baliatuko dira.
17. artikulua. Hondakin sanitario ez-espezifikoen kudeaketa. III. taldea.
III. taldeko hondakin sanitarioen tratamendu instalaziorako garraioa ibilgailu itxietan eginen da.
Hondakina sortu duen zentrotik bildu eta bukaerako tratamendura arte astebete igaroko da gehienez. Biltegiratze-instalazioetan 4 °C-tik beherako tenperatura mantentzea bermatzen duten hozte-sistema egokiak erabiltzen badira, 2 astera luzatzen ahalko da gehienez. Hala ere, III. taldeko c) ataleko hondakinen kasuan (Agente bizi ahulduak dituzten txertoak) eta e) atalekoen kasuan (Hondakin ebakitzaileak edo zorrotzak), biltegiratze-denbora 6 hilabetekoa izaten ahalko da gehienez, hozteko sistemarik gabe.
Biltegiratzeko instalazioak behar bezala seinaleztatu eta aireztatu beharko dira, eta suteen aurkako babes mekanismoak izanen dituzte, sarbidea pertsona baimenduentzat mugatua izateaz gain.
13. artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe, III. taldeko hondakin sanitarioak infekzio arriskurik eza bermatzen duten eta mikroorganismo patogeno guztiak suntsitzen dituzten prozeduren bidez tratatu beharko dira.
Bitarteko edo bukaerako tratamendu bakoitza egin ondoren, instalazioetan tratamendu gehigarriak jartzeko beharra aztertuko da, zenbait hondakinek (hala nola ebakitzaileak eta zorrotzak direnak) dakartzaten arrisku psikoemozionalak saihesteko.
Aldez aurreko tratamendu eragiketak ez daude baimenduta, hondakinen arrisku ezaugarriak erabat desagerrarazteko direnak salbu.
Oro har, Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna eta prioien ondoriozko bestelako gaixotasunak eragiten dituzten agenteekin kutsatuta dauden hondakinak kudeatzeko tratamendu baimendua errausketa izanen da. Hondakin horietarako beste edozein tratamendu sistema erabiltzeko, ingurumen organo eta osasun agintaritza eskudunek aldeko txostena ematea beharko da lehenik.
18. artikulua. Medikamentu arriskutsuen hondakinak kudeatzea. IV. taldea.
IV. taldeko hondakinak, medikamentu zitotoxikoak eta zitostatikoak, horiekin kontaktuan egon den materiala eta segurtasun biologikoko kabinako iragazkiak barne, tratamendu termiko suntsitzailearen bidez tratatu beharko dira (errausketa edo baimendutako teknologia baliokidea).
19. artikulua. Izaera kimikoko hondakin sanitarioen kudeaketa. V. taldea.
V. taldeko hondakin sanitarioak hondakin motaren arabera kudeatuko dira, indarrean dagoen sektoreko legeriaren arabera.
IV. KAPITULUA.–JARDUERAREN ANTOLAMENDUA
20. artikulua. Sortzaileen betebeharrak.
1. Hondakin sanitarioak sortzen dituzten zentroek, sorrera mugatuko zentroak izan ezik, hondakin sanitarioak kudeatzeko plan bat izan beharko dute.
2. Merkurio amalgamen hondakinak sortzen dituzten zentroetan, bete beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Merkurioari buruzko 2017ko maiatzaren 17ko 2017/852 (EB) Erregelamendua, edo hura aldatu edo ordezkatzen duen araua.
V. KAPITULUA.–ZEHAPENEN ARAUBIDEA
21. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Dagozkien erantzukizun zibil eta penalak eragotzi gabe, foru dekretu honetan xedatuaren kontrako arau-hausteak kasu bakoitzerako zehapen ahala duen agintaritza eskudunak kalifikatu eta zehatuko ditu, araudi honen arabera:
a) Foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak hondakin sanitarioen barne kudeaketan gertatzen badira, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bigarren tituluaren VII. kapitulua aplikatuko da, edo hura ordezkatzen duen araudia.
b) Foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak hondakinak sortu dituen zentro edo jardueratik kanpoko kudeaketaren etapetan egiten badira, aurreko paragrafoan aipatu den Osasunari buruzko Foru Legearen kapituluaz gain, aplikatu eginen dira honakoak, arau-haustearen izaera eta astuntasunaren arabera: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. kapitulua, udal hondakinak kudeatzeko toki ordenantzak, kasu bakoitzean aplikatu beharrekoak, jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta aplikatzekoa den gainerako araudian jasotakoa.
2. Arau-hausteen erantzuleak eragindako kalte eta galerak ordaindu beharko ditu.
3. Arau-hausleek eragindako kalteak ordezkatu edo leheneratu beharko dituzte, eta horretarako beharrezkoak diren lan guztiak eginen dituzte, zehapena jarri zuen organoak agindutako moduan eta baldintzetan. Arau-hausleak ez badu eragindako kalteak leheneratzeko betebeharra betetzen, zehapen organoak horretarako errekerimendua egin ondoren, organo horrek betearazpen subsidiarioa aginduko du, erantzuleen kontura, horrek eragotzi gabe egoki diren zehapen eta diruzko kalte ordainak ere ezartzea.
4. Ez dira zehapentzat joko nahitaezko baimen edo erregistroak ez dituzten zentro, zerbitzu, establezimendu edo instalazioak ixtea, edo, zehapen organoaren erabaki arrazoituaren bidez, horien funtzionamendua etetea, akatsak zuzendu edo osasun, higiene edo segurtasun arrazoiengatik eskatutakoa bete arte.
Xedapen gehigarri bakarra.–Eranskinak aldatzea.
Foru dekretu honen eranskinak, VI. eranskina izan ezik, aldatzen ahalko dira ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez. III. eranskina aldatzen ahalko da, osasun arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.
Xedapen iragankor bakarra.–Hondakin sanitarioak kudeatzeko egun dauden instalazioak.
Hondakin sanitarioak kudeatzeko egun dauden instalazioak foru dekretu honetan ezarritakora egokituko dira araua indarrean sartu eta 2 urteko epean. Horretarako, egokitzapenaren baldintzen berri emanen diote ingurumen organo eskudunari, txosten arrazoitu bidez, foru dekretu hau argitaratu eta hurrengo 6 hilabeteko epean gehienez.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako xedapenak.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek:
–296/1993 Foru Dekretua, irailaren 13koa, Foru Komunitateko Osasun Hondakinak kudeatzeko arauteria ezartzen duena.
–181/1994 Foru Dekretua, urriaren 3koa, irailaren 13ko 296/1993 Foru Dekretua osatzen duena eta zehazten dituena hondakin sanitarioak kudeatzeko planen eredua eta gutxieneko edukia, hondakin sanitarioen garraiarien erregistroak nola ihardun, garraio-ibilgailuen homologazioa, bai eta 3. taldeko hondakin sanitarioak hartu eta eramateko inprimaki ereduak ere.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.
I. ERANSKINA.–EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO (EHZ) KODEA DUTEN HONDAKIN SANITARIOEN SAILKAPEN BALIOKIDETZA
HONDAKIN SANITARIOAK | EHZ KODEA |
I. taldea | 20. eta 15. kapituluak |
II. taldea | 18 01 04 18 02 03 |
18 01 01 | |
18 02 01 | |
III. taldea | 18 01 02 |
18 01 03* | |
18 02 02* | |
18 01 08* | |
IV. taldea | 18 02 07* |
18 01 06* | |
18 02 05* | |
18 01 07 18 01 09 | |
V. taldea | 18 02 06 18 02 08 |
18 01 10* | |
+ 13., 14., 15., 16. kapituluak |
II. ERANSKINA.–HONDAKIN SANITARIOAK SORTZEN DITUZTEN JARDUERA PROFESIONALEN ZERRENDA EZ ITXIA
–Hondakin sanitarioak sortzen dituzten jarduera profesionalak dira urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitakoak. Foru dekretu horren bidez osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dira.
–Esperimentazio, ikerketa edo lotutako irakaskuntzarako laborategiak.
–Auzitegiko institutu anatomikoak eta hileta establezimenduak.
–Albaitaritza laguntzako zerbitzuak eta zentroak.
–Zainketa eta tratamendu estetikoekin lotutako jarduerak, pertsonen itxura hobetu edo aldatzea helburu dutenak, besteak beste:
• Ilea jartzea.
• Pigmentuen mikroezarpena, tatuajeak eta larruazalaren zulaketa.
• Antzeko beste batzuk.
–Gizakien edo animalien osasunaren ikerketa, prebentzio, diagnostiko eta tratamenduarekin lotura duten jarduerak gauzatzen dituzten gainerako jardun profesionalak edo enpresa jardunak.
III. ERANSKINA.–GAIXOTASUN INFEKZIOSOAK DITUZTEN PAZIENTEENGANDIK DATOZEN HONDAKIN INFEKZIOSOEN ZERRENDA (III.A TALDEA)
1. Gaixotasun infekzioso hauek dituzten pazienteekin kontaktuan egon diren material, objektu edo substantzien hondakin guztiak:
a) Sukar hemorragiko birikoak:
- i. Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa.
- ii. Lassa sukarra.
- iii. Marburg.
- iv. Ebola.
- v. Argentinako sukar hemorragikoa (Junin).
- vi. Boliviako sukar hemorragikoa (Machupo).
- vii. Artropodo bektoreek kutsatutako konplexu entzefalitikoa (arbobirusa): Absettarov, Hanzalova, Hypr, Kumlinge, Kiasanur Forest Disease, Omsk-eko sukar hemorragikoa, Russian spring-summer encephalitis.
- viii. Herpes virus simiae (Monkey B birusa).
b) Baztanga (desagertua).
c) Melioidosia.
d) Murmua.
e) Karbunkoa (Bacillus anthracis). Larruazaleko antraxa edo arnastua: Larruazaleko eta arnasketako sekrezioak, hurrenez hurren.
f) Difteria: arnasketako sekrezioak eta zauri infektatuetako sekrezioak.
g) Biriketako tularemia edo bestelakoa: arnasketako sekrezioak; eta odola, larruazaleko lesioetako, gongoiletako edo konjuntibako zakuko sekrezioak, hurrenez hurren.
h) Creutzfeldt-Jakoben gaixotasunak edo prioiek eragindako beste batzuk: infektibotasun frogatua duten ehunak.
i) Tifusa.
j) Tetanosa.
k) Legenarra.
l) Meningitisa.
m) Bruzelosia.
n) Izurri bubonikoa: sekrezio zornetsuak.
2. Infekzio hauek dituzten pazienteen eginkariekin kutsatutako hondakinak:
a) Kolera (eta gorakoak).
b) Ameba disenteria.
c) Poliomielitisa (eta arnasketako sekrezioak).
3. Infekzio hauek dituzten pazienteen arnasketako sekrezioekin kutsatutako hondakinak:
a) Izurri pneumonikoa.
b) Amorrua (eta listua).
c) Tuberkulosia.
d) Q sukarra (eta odola).
4. Odol bidez kutsatzen diren infekzio hauen eramaileak diren pazienteentzat erreserbatutako dialisi makinetako iragazkiak:
a) B eta C hepatitisa.
b) GIBa.
5. Animalia infekziosoen hondakinak: aurreko puntuetan adierazitako infekzioen erantzuleak diren agenteekin inokulatu diren esperimentazio animalien gorpuak, gorputz atalak eta bestelako hondakin anatomikoak, bai eta animalia horien estabulazio oheetatik datozen hondakinak ere.
IV. ERANSKINA.–II. TALDEKO HONDAKINEN ZERRENDA EZ ITXIA
–Sendaketa materialak (gazak, konpresak eta beste), aposituak eta bendak, gaixotasun infekziosoen sailkapenean (III. eranskinaren arabera) sartuta ez dauden pazienteen gorputz jariakinekin edo odolarekin zikinduak izan ala ez.
–Aposituak, bendak eta igeltsuak.
–Gaixotasun infekziosoen sailkapenean sartuta ez dauden pazienteen gorputz jariakinekin zikindutako materialak (erabili eta botatzeko oheko arropa, oihal xurgatzaileak, pixoihalak, konpresak, koltxoi zorroak eta beste).
–Erabilera bakarreko eskularru, maskara, mantal eta bestelako ehun edo materialak, baldin eta III. eranskinean adierazitako gaixotasun infekziosoetakoren bat duten pazienteekin erabili ez direnak.
–Tanta jarioko ekipamendu/sistemak (hutsak edo osoak), beirazkoak edo plastikozkoak.
–Nutrizio parenteralean erabilitako edukiontzi eta sistemak.
–Orratzik gabeko xiringak.
–Hutsik dauden medikamentu ontziak (medikamentu arriskutsuenak izan ezik, esaterako, zitostatikoenak).
–Hutsik dauden gernu poltsak, aldez aurretik saneamenduan hustu badira, odolik gabe eta bestelako likido biologikorik gabe.
–Gaixotasun infekziosoen sailkapenean sartuta ez dauden gorputz jariakinak drainatzeko sistema guztiak, aldez aurretik hustu badira (100 ml-tik beherako likido kantitatea bukaeran) edo hauts solidotzaile espezifiko batekin solidotu badira.
–Oro har, zikindu diren edo 100 ml-tik beherako odol edo jariakin biologikoak xurgatu dituzten hondakin guztiak, betiere gaixotasun infekziosoen sailkapenean sartuta ez badaude.
V. ERANSKINA.–III. TALDERAKO BAIMENDUTAKO TRATAMENDUAK
A. Autoklabe bidezko tratamendua.
1. Hondakin sanitario espezifikoak (III. taldea) autoklabe bidez tratatzeko (presiopeko lurrunarekin esterilizatzea) eskakizun tekniko hauek bete beharko dira:
a) Esterilizazioa: bakterio, mikrobakterio, onddo, onddo espora, birus eta Bacillus anthracis esporen forma begetatibo guztien ezabapena bermatu beharko du.
b) Funtzionamendua:
i. Oro har, fabrikatzaileak adierazitako espezifikazio teknikoak eta aldian behingo azterketak bete beharko dira, autoklabearen funtzionamendu eta mantentzea, bai eta, ondorioz, sartutako hondakinen esterilizazioa ere, zuzenak direla ziurtatzeko.
ii. Autoklabean, esterilizazio ziklo bakoitzean, adierazle kimiko kolorimetriko bat gehituko da, tratamendua behar bezala egiaztatu dela kanpotik ikusi eta ziurtatu ahal izateko.
iii. Hilean behin gutxienez, analisi mikrobiologiko bat eginen da, hondakin masa osoan esterilizazio baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Geobacillus stearothermophilus edo pareko erresistentzia duen eta nazioarte mailan onartua dagoen beste mikroorganismo bat erabiliko da, ur lurrun bidezko esterilizazio prozesu fisikoen eraginkortasunaren adierazle moduan.
iv. Funtzionamendu protokolo bat prestatuko da, honako prozesu hauek erregistratzeko sistema bat izanen duena: kalibrazioa, mantentzea, funtzionamendu parametroen kontrola (presioa, tenperatura, denbora eta adierazle kolorimetrikoa) esterilizazio ziklo bakoitzerako, hilean behingo kontrol mikrobiologikoa eta autoklabeak oker funtzionatzen duen kasuetarako jarduketak (tratatutako edo tratatu gabeko hondakinaren trazabilitatea), betiere baimentzeko baldintzak bete direla egiaztatzeko aukera ematen duten frogak jasota.
v. Autokontrolaren funtzionamendu protokolotik eratorritako erregistro guztiak administrazioaren eskura egonen dira, 3 urtez gutxienez.
vi. Nolanahi ere, dagokion baimenean adieraziko dira instalazioaren eta esterilizazio prozesuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren funtzionamendu baldintza guztiak. Halaber, kudeatzaileak proposatzen dituen protokolo eta erregistroak aldatzen edo osatzen ahalko dira.
2. Hondakindegira bideratuko diren hondakinak, autoklabean tratatu ondoren, birrindu eginen dira, tratamenduaren eraginkortasuna hobetze aldera. Beren baimenaren esparruan hala eskatzen duten kudeatzaileak baldintza horretatik salbuesten ahalko dira, betiere hondakinen masa, tratamendua eta gero, ezagutezin gelditu bada eta arrisku psikoemozionalik sortzen ez badu.
3. III. taldeko hondakinak, dekretu honetan adierazitako moduan esterilizatu ondoren, eta, ondorioz, infekzio arriskurik ez dutenean, hondakin sanitario ez espezifikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta hala kudeatuko dira.
4. Gorago azaldu den aldez aurreko esterilizazio prozedura bidez (birrindu gabe) tratatu diren eta udal zerbitzuek bildu ezin dituzten III. taldeko hondakinak, bai eta II. taldeko hondakinak ere, hondakin ez arriskutsuetarako hondakindegietara eramaten ahalko dira, baldin eta adierazitako kodeetarako baimenduta badaude, legezko testu hauetan xedatutakoaren arabera: Hondakindegiei buruzko 99/31/EE Zuzentarauaren 6.c) ii) eta iii) artikulua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 4. apartatuko b) eta c) letrak.
B. Errausketa.
C. Elektrofusioa.
Oro har, orratzak suntsitzeko espezifikoa den elektrofusio tratamendua aplikatzeko, dagokion baimena eskuratu beharko da, eta fabrikatzaileak adierazitako espezifikazio teknikoak eta aldian behingo azterketak bete beharko dira, ekipamenduaren funtzionamendu eta mantentzea eta, ondorioz, sartutako hondakinen esterilizazioa zuzenak direla ziurtatzeko.
D. Bestelako tratamenduak.
Beste tratamendu batzuk ere baimentzen ahalko dira, ezagutza zientifiko eta teknologikoaren aurrerapenaren arabera, betiere ingurumen organo eta osasun agintaritza eskudunek aldeko txostena egiten badute.
VI. ERANSKINA.–BIOARRISKUAREN PIKTOGRAMA

Iragarkiaren kodea: F2611362
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
