175. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 28koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, jarraitu beharreko prozedura arautzen duena ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa.

Irango gerrak sortutako egoeraren ondorioz nekazaritza-sektoreko ekoizpen-baliabideen garestitzea arintzeko, Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuak, 46. artikuluan, laguntza berezi bat ezarri zuen, indarraldi mugatukoa, nekazaritza-ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzeko. Laguntza hori 2026ko martxoaren 22tik (7/2026 Errege Lege-dekretua indarrean jarri zen eguna) 2026ko ekainaren 30era arte aplikatu zen.

Orain, berriz, nekazaritzako elikagaien sektoreak laguntza hau onestea eragin zuten baldintza oker berberak ditu, eta, beraz, ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege-dekretuan, Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integralaren esparruan zenbait neurri hartzen dituen horretan, laguntza 2026ko irailaren 30era arte luzatzea erabakitzen da, eta kalkuluan eta kudeaketan aldaketa batzuk egiten dira.

Zehazki, 2026ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldirako onetsitako laguntza bat dator honekin: "Ekialde Hurbileko krisiari aurre egiten laguntzeko aldi baterako esparru-batzordearen komunikazioa –C (2026) 2947 azkena–" (METSAF). Esparru horretan, aparteko kostuen %70era arte kalkulatzen da laguntza, nekazaritzako gasolioaren asteko batez besteko prezioaren eta gatazka hasi aurretik zuen prezioaren arteko aldearekin neurtuta, gehienez ere 0,2 euro gasolio litro bakoitzeko. Gainera, erantzukizunpeko adierazpenen sistema mantentzen da, interesdunek Europar Batasuneko araudi horretan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko, bereziki legez kanpoko laguntzei eta krisian dauden enpresei dagokienez.

Bestalde, 18/2026 Errege Lege-dekretuak aldi baterako laguntza berezi bat onesten du Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan ezarritako hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrentzat; laguntzaren helburua da petrolio-produktuen kostuak handitu izanak –Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz– errepide-garraioari eragin dion kaltea arintzea.

Laguntza horren onuradun izanen dira 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan adierazitako ibilgailuen titularrak, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea badute beren titulartasuneko ibilgailuen motorretan erregai gisa erabili den erabilera orokorreko gasolioagatik.

Laguntza honen onuradunek 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Aipatutako 18/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek izapidetzeko eta kudeatzeko eskumena duena egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona eta entitateei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2026ko abuztuaren 26ko Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 16. eta 22. artikuluetan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horiek horrela, foru agindu honen bidez arautzen da 18/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat.–Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da behar den prozedura arautzea ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 16. eta 22. artikuluen bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, betiere onuradunen egoitza fiskala Nafarroan baldin badago. 18/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez zenbait neurri hartzen dira Ekialde Ertaineko krisiari erantzuteko plan integralaren esparruan.

Bi.–Aldi baterako laguntza berezia, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

Pertsona edo entitate onuradunek egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badute, 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 16. artikuluan aldi baterako luzatzea onesten den laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautuko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 1eko 32/2026 Foru Aginduaren bigarren apartatuan xedatutakoaren arabera. Foru agindu horren bidez, jarraitu beharreko prozedura arautzen da martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa.

Hiru.–Aldi baterako laguntza berezia, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

Pertsona edo entitate onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean badute egoitza fiskala, 18/2026 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluan ezarritako laguntza kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura izapidetuko da aipatutako 32/2026 Foru Aginduaren hirugarren apartatuan ezarritakoaren arabera.

Lau.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta 2026ko uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 28an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2611633