175. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

291E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, zeinaren bidez hiru prestakuntza bekaren deialdia onesten baita Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan unibertsitate titulazioa duten pertsonentzat. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 924275.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak esperientzia praktikoa eman nahi die unibertsitate titulua duten pertsonei; hain zuen ere, Europako funtsak kudeatzeko eta kontrolatzeko arloan eta enpresa nazioartekotzearekin lotutako marketin, komunikazio eta kazetaritzaren arloan dutenei. Eta, xede horrekin, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko hiru prestakuntza bekaren deialdi hau onesten da.

Adierazitakoarekin bat, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz (11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzkoa), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitate titulazioa duten pertsonentzat hiru prestakuntza bekaren deialdia onestea Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 136.692,36 euroko gastua baimentzea jarraian adierazi diren 2026ko gastuen aurrekontuaren "Prestakuntza Bekak" 810003-81400-4800-145100 partidaren kontura eta 2027., 2028. eta 2029. urteetako partida baliokideen kontura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago, banaketa honekin:

AURREKONTU EKITALDIA

GASTUA

2026

15.188,04 euro

2027

45.564,12 euro

2028

45.564,12 euro

2029

30.376,08 euro

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 10ean.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdiak xedetzat du unibertsitate titulazio ofiziala duten pertsonentzako hiru beka sortzea Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan, honako atal hauetan, hain justu:

–Europako Programen Atala.

–Europako Funtsen Kontrolerako Atala.

–Kanpo Sustapenaren Atala.

Beken helburua da sustatzea Europako funtsak kudeatu eta kontrolatzeari buruzko prestakuntza, bai eta Nafarroako Nazioarteko Planaren marketin eta komunikazio arlokoa ere.

2. oinarria.–Iraupena.

Bekek 12 hilabete bitarte iraunen dute, beka emateko ebazpenean ageri den egunetik aurrera hasita.

Dagokion Atalak eskatuz gero, bekak luzatzen ahalko dira, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

3. oinarria.–Zenbatekoa.

Bekak 15.188,04 eurokoak izanen dira, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 1.200 euro aldiro, edo dagokion zati alikuota, gehi 65,67 euro, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan, Nafarroako Gobernuaren kontura.

Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada, eta bekadunaren konturako gizarte-segurantzako kuota kenduko zaio.

Onuradunei ematen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

4. oinarria.–Baldintzak.

1. Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gutxienez espainieraren C1 maila egiaztatu beharko dute, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).

c) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (hemendik aurrera, NAO) argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Espainiako agintariek eman edo homologatutako unibertsitate titulazio ofizial hau izatea, deialdia NAOn argitaratu aurreko hiru urteen barruan lortutakoa:

–Gradua ekonomian, enpresen administrazio eta zuzendaritzan, zuzenbidean edo antzekoetan, Europako Programen Atalerako eta Europako Funtsen Kontrolerako Atalerako bekei dagokienez.

–Gradua marketinean, ikus-entzunezko komunikazioan, kazetaritzan edo antzekoetan, Kanpo Sustapenaren Atalerako bekari dagokionez. Beharrezkoa izanen da, orobat, graduan marketin digitalari buruzko 12 kreditu gutxienez ikastea edo, halakorik ezean, kreditu edo irakastordu baliokideko (120 ordu gutxienez) prestakuntza egina izatea.

e) HEEEBren arabera, ingeleseko B1 maila izatea. Maila hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako edozein ziurtagiriren bidez egiaztatuko da (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

f) Xede bera duen beste laguntza edo beka bat jaso ez izana, ez Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik, ez beste administrazio publiko batetik, ezta entitate publiko edo pribatu batetik edo partikularretatik ere, Espainiakoak edo atzerrikoak izan.

g) Jarduteko gaitasun osoa izatea, eta ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, beken xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.

Bekak eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntza eta laguntza publikoak jasotzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko du 5.2.h) oinarrian adierazitako dokumentazioa.

2. Onuradun izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaeran agertzen den erantzukizunpeko adierazpena eta 5. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko da, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean.

Eskaerak bide telematikoz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/dos-becas-de-formacion-para-personas-tituladas-universitarias-con-destino-en-el-servicio-de-proyeccion-internacional (aurrerantzean, beken fitxa). Eskaera aurkezteko, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

2. Eskaeran, eskuratu nahi d(it)u(z)ten beka(k) adierazteaz gain, jarraian zehaztutako dokumentazioa ere erantsiko da:

a) NANaren edo baliokidearen kopia.

b) Erroldatze-ziurtagiria, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik datatua, non erroldan duen alta-data jasoko baita.

c) Curriculum vitaea, non zehatz-mehatz adieraziko baitira alegatutako merezimendu guztiak, gehienez ere folio batean.

d) Graduko unibertsitate-titulu ofizialaren egiaztagiria. Tituluaren kopiarik ez badu, nahikoa izanen da tasak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztea. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, kasuan kasuko unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek eman badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

f) Ingeleseko ziurtagiria.

g) 6.2 oinarrian ezarritako merezimenduen egiaztagiriak.

h) Eskatzaileak baimenik ematen ez badu organo emaileak, 4.1.h) oinarrian ezarri bezala, egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak, Nafarroako Foru Ogasunarekikoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, betebehar horiek frogatzen dituzten ziurtagiriak.

3. Aurreko apartatuan ageri diren agiriak batera eskaneatuta aurkeztu beharko dituzte, bereizita eta izenarekin behar bezala identifikatuta.

4. Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko hizkuntzetan idatzitako dokumentuak entregatu behar badira, Nafarroako edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztuko dira.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo eskatutako agiriekin ez badago, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela pentsatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak bekak ematea zuzentzen duten oinarriak onartzea.

6. oinarria.–Eskaerak ebaluatzea.

1. Eskaeren Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Miren Ausín Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Cristina Arana Rey, Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua.

Epaimahaikide titularra: Ana Osés Marín, Europako Programen Ataleko burua.

Ordezkoa: Javier Garmendia Fernández, Europako Programen Jarraipen Bulegoko burua.

Idazkaria: Dolores Miranda Beguiristain, Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa: Cristina Fernández Marañón, Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko teknikaria.

2. Batzordeak izangaiek frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, irizpide hauen arabera:

2.1. Europako Funtsen Kontrolerako Atalean eta Europako Programen Atalean aritzeko bekei dagokienez:

a) Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez; lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak.

b) Ingelesez jakitea: gehienez ere 20 puntu.

–C2 maila: 20 puntu.

–C1 maila: 15 puntu.

–B2 maila: 10 puntu.

c) Europar Batasunarekin, kontabilitatearekin, auditoretzarekin, administrazio publikoarekin eta Office-rekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 15 puntu, gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Prestakuntza ekintzetan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 ECTS kreditu bakoitzeko edo 0,4 puntu prestakuntzako 10 eskola-orduko. Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

d) Ingelesa ez den beste hizkuntza batzuk (euskara, alemana edo frantsesa) jakitea: 10 puntu, gehienez.

–C2 maila: 10 puntu.

–C1 maila: 7,5 puntu.

–B2 maila: 5 puntu.

e) Elkarrizketa pertsonal bat, zehazteko zenbateraino menderatzen diren garatu beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiak, bai eta motibazioa, ekimena, argitasuna eta erantzunen ordena ere: 25 puntu, gehienez.

2.2. Kanpo Sustapenaren Atalean aritzeko bekari dagokionez:

a) Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez; lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak.

b) Ingelesez eta euskaraz jakitea: gehienez ere 20 puntu.

–C2 maila: 20 puntu.

–C1 maila: 15 puntu.

–B2 maila: 10 puntu.

c) Sare sozialekin, marketin digitalarekin, online komunitateen kudeaketarekin, web-orriekin eta abarrekin lotutako prestakuntza ikastaroak, beka hauek eskuratzeko beharrezko diren ikasketez gainera: 10 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 kreditu akademiko bakoitzeko edo 0,2 puntu prestakuntzako 10 orduko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

d) Bestelako prestakuntza ikastaroak, proiektuen kudeaketarekin edo ekitaldien kudeaketarekin lotuak: 5 puntu gehienez.

Aurreko atalean ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

e) Ingelesa eta euskara ez diren beste hizkuntza batzuk (alemana edo frantsesa) jakitea: 10 puntu, gehienez.

–C2 maila: 10 puntu.

–C1 maila: 7,5 puntu.

–B2 maila: 5 puntu.

f) Elkarrizketa pertsonal bat, zehazteko zenbateraino menderatzen diren garatu beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiak, bai eta motibazioa, ekimena, argitasuna eta erantzunen ordena ere: 25 puntu, gehienez.

3. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, ikasketa-espedientean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Oraindik ere badago berdinketarik, ingelesa jakiteak emandako puntuazioa hartuko da kontuan, eta, azkenik, eskaera noiz aurkeztu duten.

4. Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 290/2026 Ebazpenaren I. eranskinean zehaztutako ziurtagirien bidez egiaztatuko da. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 290/2026 Ebazpenaren bidez ezartzen da zer titulazioren eta ziurtagiriren bidez egiaztatuko den ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezarritako mailei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, salbu eta Hezkuntza Departamentuko irakasleei dagozkienak (2026ko 40. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 24koa).

Euskara jakitea, berriz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako edozein ziurtagiriren bidez egiaztatuko da (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

5. Elkarrizketa pertsonala egiteko, telefonoz eta posta elektronikoz abisatuko zaie eskatzaileei, gutxienez 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezi du bekarik eskuratzen ahalko.

6. Merezimenduak baloratzeko prozesua bukatuta, eskatzaileek lortutako puntuazioaren araberako hurrenkera-ordena ezarri eta argitaratuko du Batzordeak beken fitxan.

7. Batzordeak organo eskudunari aurkeztuko dio bekak puntuaziorik handiena lortu duten eskatzaileei emateko proposamena, eta loteslea izanen da.

Ginerako eskatzaileak zerrenda batean sartuko dira, lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz. Zerrenda erabiliko da sortzen diren bajak betetzeko, onuradunek uko egiten dutenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituztenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

7. oinarria.–Bekak ematea.

1. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia da deialdiaz eta bekak emateaz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, beka jasoko duten eskatzaileak eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak jaso beharko ditu. Halaber, beken zenbatekoa eta hasiera data jasoko dira, baita onuradunei ezarritako baldintzak ere.

2. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da. Ebazpena laguntzen fitxan argitaratuko da.

3. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Beken onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dituzte jarduerak. Horrela egiten ez badute, ulertuko da bekari uko egiten diotela, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Horretarako, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak telefonoz aurkitzeko bi saio eginen ditu, bi egunetan, eta egindako deiaren berri jasota utziko du. Harremanetan jartzea lortu ezean, eskaintza eskatzaileak emandako helbide elektronikora igorriko da. Pertsonak mezu elektronikoari bi eguneko epean erantzun ezean, uko egiten diola pentsatuko da. Halakoetan, pertsona zerrendatik kanpo geldituko da etorkizuneko deialdietarako.

9. oinarria.–Tutoretza eta prestakuntza jarduerak.

1. Tutorea izanen da beka bideratzen den Ataleko burua, eta hura ez bada, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria. Tutoreak zehaztuko du bekadunak zer jarduera egin behar dituen, eta gainbegiratu eginen ditu; horrez gain, ordutegiak jarriko ditu eta bekadunek betebeharrak betetzen dituela zainduko du.

2. Jarduera hauek egin beharko dituzte:

2.1. Europako Programen Atalean:

a) Jarraipena egitea Europako Gizarte Funtsak (EGIF+) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), 2021-2027 aldian, Nafarroan finantzatutako eskualde-programetan sartutako proiektuei.

b) Programetan sartutako proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin, unitateekin eta departamentuekin koordinatzea.

c) Programen barneko proiektuetarako Europar Batasunetik jasotako diru-sarrerak kontrolatzea eta entitate kudeatzaileen artean banatzea.

d) Programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea.

e) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako gastuen egiaztagiriei buruz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, kontabilitate eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

f) Programen kudeaketarekin eta jarraipenarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

2.2. Europako Funtsen Kontrolerako Atala:

a) EGEF eta EGIF+ programen kargura aitortutako gastuak, 2021-2027 programazio aldikoak, egiaztatzea (onuradunek aurkeztutako itzulketa eskaeren gaineko egiaztapen administratiboak, atzemandako arriskuen arabera, eta eragiketa konkretuen gaineko egiaztapenak "in situ"), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 74. artikuluan ezarritakoarekin.

b) EGEF eta EGIF+ programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea, kontrolari dagokionez.

c) Aitortutako gastuetan irregulartasunak harrapatzeko eta zuzenketa finantzarioa egiteko egokiak diren kontrol mekanismoak ezartzea eta haien jarraipena egitea.

d) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako egiaztapenen edukiaz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

e) EGEF eta EGIF+ programen kontrolarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, bai eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

2.3. Kanpo Sustapenaren Atalaren eginkizunak:

a) Nafarroako nazioarteko planaren sare sozialak (Twitter, Linkedin eta Youtube) eguneratzea.

b) Nafarroako nazioarteko planaren web-orria (planinternacionaldenavarra.es) kudeatzea eta eguneratzea.

c) Ekitaldiak antolatzea.

d) Zabalkunderako kanpainak sare sozialetan eta beste hedabide batzuetan.

e) Navarra Talent programari (nazioarteko talentua erakartzeko programa) laguntzea eta jarraipena egitea haren nazioarteko marketin kanpainei.

3. Jarduerak, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan eginen dira (Arrieta kalea 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 ordu gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia egonen da.

Eskubide horiek baliatzeko, esandako Zerbitzuaren barne-araubidea edo funtzionamendu-araubidea bete beharko da.

4. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

5. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

6. Bekaren onuradunek ez dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berentzat hartzen ahalko, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertzen ahalko ere.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Beken onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beka emateko ebazpenean ezarritako egunean hastea prestakuntzaren jarduerak.

b) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.

c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako jarduerari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

e) Organo eskudunek bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

f) Organo emaileari jakinaraztea helburu bereko bestelako beka eta dirulaguntzarik hartu den, 14. oinarrian ezarritako ondorioetarako.

g) Bekari berariaz uko eginez gero, organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

h) Bekaduna dela jasota agertzea egindako prestakuntza jarduerarekin zerikusia duten argitalpen guztietan.

i) Jarduerak egiten dituzten administrazio unitatearen barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Bekadunak dituen betebeharrak eta agintzen dizkieten jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko da.

Organo eskudunak hartuko du erabakia, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposatuta eta interesdunari entzunaldia egin ondotik, eta zuzkidura ekonomikoaren zati alikuota galtzea ekarriko du, deusetan galarazi gabe berandutze-interesekin eskatzen ahal diren itzulketak eta ezartzen ahal diren zehapenak.

11. oinarria.–Kalte-ordainak.

Bekadunek eskubidea dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko. Hau da:

a) Administrazioko langileek dituzten kalte-ordain berak zerbitzuagatik eta bidaiak egiteagatik izandako gastuetarako.

b) Zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz, ezinbesteko kasuan izan ezik, dituzten lesio edo kalteengatiko kalte-ordaina. Administrazioaren ondare-erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.

Ondorio horietarako, dena delako gaian eskuduna den kontseilari edo organoak, beharrezkoa bada, aseguru-poliza bat harpidetuko du prestakuntza beka duten pertsona guztiek tratamendu juridiko bera jaso dezaten.

12. oinarria.–Hirugarrenentzako kalteengatiko administrazio-erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jardueran beste batzuei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

13. oinarria.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

14. oinarria.–Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.

15. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Beken eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, beken fitxaren bitartez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozesuan beharrezkoak diren komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako bekak emateko eta haien kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, eskaera fitxan adierazitako moduan.

17. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, beken fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2611034