174. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IHABARKO KONTZEJUA

Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ihabarko Kontzejuak, 2026ko maiatzaren 16an egin batzarrean, hasiera batez onetsi zuen Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza, eta erabaki hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2026ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9an, bai eta Kontzejuaren iragarki-taulan ere.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ihabarren, 2026ko abuztuaren 12an.–Kontzejuko burua, Samuel Arraras Irañeta.

IHABARKO KONTZEJUAREN HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ihabarko hilerriaren zerbitzuen zuzeneko kudeaketa Ihabarko Kontzejuari dagokio, horren jabea baita, ordenantza honen xedapenen arabera eta beste administrazio publiko batzuen berezko eskumenei kalterik egin gabe.

2. artikulua. Ihabarko Kontzejuak honako eginkizun hauek beteko ditu, hilerriarekin zerikusia dutenak:

a) Esparrua administratu eta mantentzea, segurtasuna, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta.

b) Hilobien, nitxoen eta sartzeko giltzen banaketa eta kontzesioa.

c) Era guztietako ehorzketa eskubideak onartzea, aldatzea, eta haien iraungipena deklaratzea.

d) Ondorio horretarako bitartekoak erabiliz, hilarri, gurutze, zerraldo, arropa, abitu, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnak.

e) Dagokion ordenantza fiskalean, legez ezartzen diren tasak eta eskubideak jasotzea.

f) Hilerriaren zerbitzuekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Kontzejuak Ihabarko herritarren beharrizanei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu.

4. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

5. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

6. artikulua. Ihabarko Kontzejuak ez du bere gain hartuko erantzukizunik baldin zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebasten edo narriatzen badituzte.

7. artikulua. Hilerrian diren hilobien erregistroa izanen da, zenduaren gaineko datu hauek izanen dituena:

–Hilobiaren eta/edo nitxoaren identifikazioa.

–Kontzesioaren data.

Ordaindutako tasak.

–Hilobiaren edo nitxoaren gaineko betebehar edo eskubideak bere bizkar hartzen dituen ordezkari edo ahaidearen izen-deiturak eta helbidea.

8. artikulua. Era berean, Kontzejuak iragarki-taulan izanen du beti hilerrian ematen diren zerbitzuen zerrenda, haiei dagozkien tasekin batean, halakorik bada:

–Hilobiak.

–Nitxoak.

–Desehorzketak eta lekualdaketak.

–Lorezaintza, garbitasuna eta mantentze-lanak.

9. artikulua. Duda edo premia izanez gero, Ihabarko Kontzejuko Batzarrak ordenantza hau aldatzen edo emendatzen ahalko du, gai hauei buruz diren legeei loturik eta ukituak gerta daitezkeenei aitzinetik gaztigaturik.

II. KAPITULUA.–HILOBIEN ETA NITXOEN KONTZESIOA

10. artikulua. Ihabarko hilerrian hilobia edo nitxoa izateko eskubidea izanen dute Ihabarko herrian hil baino gutxienez urtebete lehenago erroldaturik dauden zenduek, gure hilerrian ehortziak izan nahi duten guztiez landa.

11. artikulua. Hilobien edo nitxoen erabilpenaren gaineko ehorzketa eskubidea lurperatu aitzineko kontzesio egintzarekin batera sortzen da. Familiak frogatu beharko du ezarritako baldintza betetzen dela edo, bestela, azaldu beharko du zergatik egiten duten eskea eta, orduan, erregistroan inskribatzeko datu guztiekin batean, eskubidea jasotzeko eskea eginen du. Kontzejuak, datuak egiaztatu ondoan, eskubidea onetsiko du edo ez du onetsiko, eta aldi berean ezarritako tasa kobratuko du.

12. artikulua. Hilobiak eta nitxoak erabiltzeko kontzesioak 10 urterako emanen dira eta iraupen bereko beste bi alditan luzatzen ahalko dira, gehienez ere 30 urte egin arte. Azken epea akitu ondoan eta eskabidea izanez gero, Kontzejuak erabakiko du, hilerriak duen leku beharraren arabera, luzapen gehiago ematen duen ala ez.

13. artikulua. Kontzesioen luzapena, hala behar badu, mugaegunaren aitzineko urtean eskatu beharko da, Kontzejuak aitzinetik iraungipenaren gaztigua eginda, eta behar den tasa ordaindu ondoren erabakiko da, hala behar badu.

14. artikulua. Kontzesioak ordena korrelatiboan emanen dira, dauden leku hutsak osatuz.

15. artikulua. Gorpuzkiak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira. Hori egiteko, bertan egon beharko du hilerriaren arduradun batek, eta nahi duen edozein pertsona ere horretara bertaratzen ahalko da.

Gorpuzkiak berriz hilobiratzen ahalko dira, hilotz bat uzten denean.

Nitxoak eta kolunbarioak

16. artikulua. Banan-banako nitxoen multzoak osa ditzake Kontzejuak. Nitxoak eta kolunbarioak ordena korrelatiboan beteko dira, ahalik eta leku gutxien gera dadin estali gabe, eta horrela jariorik ez izateko.

17. artikulua. Nitxoak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioak 10 urterako emanen dira eta iraupen bereko beste bi alditan luzatzen ahalko dira, gehienez ere 30 urte egin arte. Azken epea akitu ondoan eta eskabidea izanez gero, Kontzejuak erabakiko du, hilerriak duen leku beharraren arabera, luzapen gehiago ematen duen ala ez. Nitxo bakoitzean errauts-kutxa bat baino gehiago uzten ahalko da.

18. artikulua. Debekatuta dago nitxoetan edo kolunbarioetan zulatze edo arbastatze lanak egitea fabrikan, jartzeko uztaiak, kako-iltzeak eta abar, baina loreak paratzen ahal dira finkoak ez diren elementuekin.

19. artikulua. Nitxoetan eta kolunbarioetan, gorpuak eta gorpuzkinak ondoko baldintza hauetan ehortz daitezke:

Gorpu bat ehorzterakoan, beste pertsona baten edo batzuen gorpuzkinak harekin utzi nahi direnean, ezkontidea edo odol-ahaideak izan zirenarenak, baimena eman daiteke baldin eta nitxoan sar daitekeen hilkutxa batean edo plastikozko poltsa batean bilduta badaude gorpuzkin horiek, ehorzketak batera egiten badira eta, nitxoaren edo kolunbarioaren kontzesioari dagokion kanona ordaintzeaz gainera, bertan paratuko diren gorpuzkinak ehorzteagatik indarra duten tarifen errekargua ere ordaintzen bada.

20. artikulua. Panteoi, nitxo eta hobi orokorretik ateratzen diren gorpuzkinak kolunbario edo horma-hobietan ehorzten ahal dira, dagokion baimena jaso ondoren eta une bakoitzean indarra duen tarifa ordainduta.

Nitxoetarako hilarrien inguruan ezarritakoa ezarri da kolunbarioen hilarrietarako.

21. artikulua. Kontzesioaren epea amaitu aurretik nitxo edo kolunbario bat hustu nahi izanez gero, nitxoa Kontzejuaren esku geratuko da, adjudikaziodunak eskubide oro galduta.

III. KAPITULUA.–EHORZKETA ESKUBIDEA AZKENTZEA

22. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

–Eskubidearen kontzesio aldia amaitzeagatik luzapenik eskatu gabe, horretarako gaztigua igorrita ere, edo egin daitekeen azken luzapena bukatzeagatik.

−Kontzesioa bukatu baino lehen eta nahita hilobia edo nitxoa husteagatik edo gorpuzkiak handik ateratzeagatik.

–Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

23. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia edo nitxoa Kontzejuaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Kontzejuak nahi duenean (hilerrian leku falta izateagatik eta abarrengatik) eta aldez aurretik gaztigua igorrita, hilobian dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo erraustuko dira, hilaren ahaideek edo haien baimena duten beste batzuek beste hilobi batera aldatzeko eskatu ezean.

IV. KAPITULUA.–HILOBIAK MANTENTZEA ETA ZAINTZEA

24. artikulua. HilErriaren barruan obrak egiteko, honako arau hauek bete beharko dira:

–Hargin, marmolari edo igeltsero lanetarako materialen prestaketa hilerrik kanpora egin beharko da.

−Materialak, lanabesak, lurra edo ura utzi beharko dira igarobidea eragozten ez duten lekuetan, eta kontuan hartu beharko da inguruko landare edo hilobiei ez dietela kalterik egiten.

–Egindakoaren ondorioz gertatzen ahal den edozein kalte agindu eta gauzatu dutenen ardura izanen da.

–Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

–Zerbitzua hobeki ibili beharrez, Kontzejuak kasu bakoitzean xedatzen dituenak.

25. artikulua. Hilobiak apaintzeko, hilarriak jartzeko eta konponketak egiteko lanak eraikuntza partikularrekoak izanen dira, eta hilerriaren ingurunea kontuan hartu beharko da, gaizki eman ez dezaten.

26. artikulua. Kontzejuak ehorzketa zerbitzu bat jarriko du partikularren eskura; hartara, enpresa partikular espezializatu bat arduratuko da hilobiak ireki eta ixteaz. Zerbitzu hori hautara izanen dute interesa duten familia guztiek, eta sortzen diren gastuak zenduaren ahaide ordezkariaren bizkar izanen dira.

27. artikulua. Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak eta enblemak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

28. artikulua. Ordenantza hau onesten denetik aurrera, hilarriak edo gurutzeak soilik jartzen ahalko dira. Ez dira baimenduko landaketak, estalkiak, hormigoizko xaflak, harriak eta abar.

29. artikulua. Titularrek edo haien baimena duten beste batzuek zainduko eta garbituko dituzte hilobiak eta/edo nitxoak. Garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

30. artikulua. Hilobietan jarritako hilarriak eta gurutzeak titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan. Hala egin ezean, Kontzejuak desegiteko eskubidea izanen du, horretarako bitartekoak erabilita.

V. KAPITULUA.–LEHENDIK DAUDEN HILOBIAK

31. artikulua. Ordenantza honek indarra hartzean, erregistro bat sortuko da egungo hilobien gaineko datuekin, eta idazki bat igorriko zaie ukitutako familiei, zeinean bakoitzari azalduko baitzaio zein den bere egoera, eta aldez aurretik zer urrats egin behar dituen hilobia erabiltzeko kontzesioa eskuratzeko.

32. artikulua. Kontzesio horietarako aldiak ordaintzen diren egunetik hasiko dira kontatzen, berrien iraupen bera izanen dute, baina iraungitzat joko dira edozein aldiren bukaeran frogatzen denean ehorzketatik edo nitxoa erabiltzen hasi zenetik (zehazki, nitxo horretan azken errauts-kutxa sartu zenetik) aurreikusitako 30 urteak gainditu direla; hala bada, 12. artikuluan agindutakoaren arabera jokatuko da.

VI. KAPITULUA.–ZERGA ERREGULAZIOA

33. artikulua. Heriotzaren aurretik 10 urte gutxienez daramatenek Ihabarren erroldatuta, 0 euro ordaindu behar dute 10 urteko lehenbiziko aldiagatik, eta 300 euro 10 urteko ondoz ondoko luzapenengatik. 300 euroko tasa hori eguneratu eginen da: 10 euro haziko da urtero.

34. artikulua. Baldintza hori betetzen ez dutenendako, 600 eurokoa izanen da hilobiaren edo nitxoaren prezioa 10 urteko aldi bakoitzeko. Nitxoetan, 300 euro ordaindu beharko dituzte lehenbiziko errauts-kutxagatik, eta nitxo berean jarriko diren gainerako ontziengatik, berriz, 100 euro. 10 urtetik beherakoei 27. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

35. artikulua. Bigarren artikuluan adierazten diren zerbitzuetako edozein ematea baimentzean sortuko dira tasak, 28. artikuluan jasotzen diren kasuetan izan ezik, halakoetan unea behar den erregistroa argitaratzen denekoa izanen baita.

Azken xedapenetatik lehena.–Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

Azken xedapenetatik bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA.–IHABARKO HILERRIKO TARIFAK

Ehorzketak.

1.–Erroldatuak:

A) Lurrean: erroldatuek 0 euro ordaindu beharko dute lehenbiziko 10 urteetan (heriotzaren aurretik 10 urte gutxienez eraman behar dute erroldatuta). Ehorzketak ekarritako gastuak ere ordainduko dituzte. 300 euro ordainduko dituzte 10 urteko luzapenetarako.

B) Nitxoan, kolunbarioaren barruan: erroldatuek 0 euro ordaindu beharko dute lehenbiziko 10 urteetan (heriotzaren aurretik 10 urte gutxienez eraman behar dute erroldatuta). 300 euro ordainduko dituzte 10 urteko luzapenetarako.

D) Errautsak lurrean ehorztea: 0 euro erroldatuak daudenentzat.

2.–Erroldatu gabeak edo hamar urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten erroldatuak.

A) Lurrean: 300 euro. Ehorzketak ekarritako gastuak ere ordainduko dira.

B) Nitxoan, kolunbarioaren barruan: 300 euro lehendabiziko errauts-kutxagatik. Hurrengo kutxengatik: 100 euro.

C) Errautsak lurrean ehorztea: 80 euro.

Hilotzak hobitik ateratzea.

Horrek ekartzen duen gastuen arabera kobratuko dira deshobiratzeak.

Iragarkiaren kodea: L2611138