2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANARATXE
Ordenantza, arautzen duena tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, zinemarako, publizitaterako eta ikus-entzunezkoetarako filmaketetarako. Behin betiko onespena
Aranaratxeko Udalak, 2026ko ekainaren 10ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, zinemarako, publizitaterako eta ikus-entzunezkoetarako filmaketetarako, Aranaratxeko udal-mugartean.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 30ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Aranaratxen, 2026ko abuztuaren 13an.–Alkatea, David Azparren Lana.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA TOKIKO JABARI PUBLIKOAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA, ZINEMARAKO, PUBLIZITATERAKO ETA IKUS-ENTZUNEZKOETARAKO FILMAKETETARAKO, ARANARATXEKO UDAL-MUGARTEAN
1. artikulua. Lege oinarria.
Ordenantza honekin, udal honek dagokion araudia eta prozedura ezartzen ditu, udal-mugartean egin nahi den jarduera egiteko, hain zuzen, filmatu edo grabatzeko zinema pelikulak, telesailak, telebista programak, dokumentalak, publizitate iragarkiak, musika bideoak, kirol proben grabazioa, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen sektoreko beste edozein produktu. Hori dena, erabiliz Espainiako Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek emandako ahalmenak eta bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11. artikuluak eta hurrengoek xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
2. artikulua. Zerga-egitatea.
Tasa honen zerga-egitatea honek osatzen du: jabari publikoaren erabilera pribatiboak edo aprobetxamenduak, baldin eta helburu badu Aranaratxeko udalerriko tokiko erabilera publikoko lurrak okupatzea, filmatu edo grabatzeko zinema pelikulak, telebista programak, dokumentalak, publizitate iragarkiak, bideoak, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen sektoreko beste edozein produktu.
3. artikulua. Subjektu pasiboak.
1. Tasa honen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak zein juridikoak, baita entitateak ere, jasotzen direnak abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 21. artikuluan (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra), baldin eta tokiko jabari publikoa zerga-egitatea osatzen duten jarduerak egiteko erabili edo aprobetxatzen badute.
2. Tasa honako hauek ordaindu behar dute modu solidarioan:
a) Ordenantza honetan araututako aprobetxamenduen onuradun diren enpresek, entitateek edo partikularrek.
b) Ikus-entzunezko obra ekoitzi duen ekoizpen-etxeak edo pertsona fisikoak, ikus-entzunezko obra garatzeaz arduratzen denak.
4. artikulua. Erantzuleak.
1. Zerga-zorraren erantzule izanen dira zordun nagusiak, beste pertsona edo entitate batzuekin batera.
2. Zerga-zorraren erantzukizun solidarioari eta subsidiarioari dagokionez, jarraituko zaio abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ezarritakoari.
5. artikulua. Sortzapena.
Tasa eta zerga ordaintzeko betebeharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten den unean; horretarako, Aranaratxeko Udalak filmatzeko baimena edo lizentzia eman beharko dio eskatzaileari.
6. artikulua. Salbuespenak.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) Herriko auzotarrek ikus-entzunezkoak irabazi-asmorik gabe grabatzeak.
b) Edozein informazio-emanalditarako hartutako irudiek (telebista eta komunikabide digitalak).
c) Irabazi-asmorik gabeko grabazioek, xede turistikoetarako edo gizarte-erabileretarako egiten direnek, baldin zerikusirik ez badute ikus-entzunezko lan bat sortzearekin.
d) Irabazi-asmorik gabeko edo onura publikoko deklaratutako elkarte edo entitate sozialek egindako filmaketek.
e) Aranaratxeko udalerria sustatzen duten dokumentalen filmaketek.
f) Udalerriarentzat garrantzi berezia izateagatik interes berezikotzat deklaratu direnek.
7. artikulua. Tributu-kuota.
Tributu-kuota zehaztuko da ondoko artikuluan ezartzen den tarifaren arabera, oinarri hartuta jarduera zenbat egunetan eginen den.
8. artikulua. Tarifak.
8.1. Hainbat tarifa ezartzen dira, Aranaratxeko udal-mugarte osoan baliozkoak, aldatzen direnak ikus-entzunezko ekoizpen motaren arabera.
8.2. Eskatzen den tasa zenbatuko da jabari publikoa 2. artikuluan aipatutako helburuetarako erabiltzen den egun bakoitzeko. Honako hauek dira:
a) Film luze zinematografikoa (hirurogei minututik gorako iraupena): 250 euro egunean.
b) Fikziozko telesaila: 250 euro egunean.
c) Reality show-ak: 250 euro egunean.
d) Kirol proben emankizunak eta grabazioak: 250 euro egunean.
e) Publizitate iragarkia, bideo korporatiboa eta bideo instituzionalak: 200 euro egunean.
f) Musika bideoak: 200 euro egunean.
g) Dokumentala: 150 euro egunean.
h) Film ertain eta film labur profesionalak (hirurogei minututik beherako iraupena): 100 euro egunean.
i) Prestakuntzan dauden ikasleek egindako film ertainak eta film laburrak (hirurogei minututik beherako iraupena): 30 euro egunean.
9. artikulua. Tarifak aplikatzeko arauak.
Tarifen arabera eskatu beharreko zenbatekoak likidatuko dira eskatutako aprobetxamendu bakoitzeko, Aranaratxeko Udalak filmaketa egiteko baimena eman ondoren, bertan adieraziko baita likidatu beharreko zenbatekoa. Diru kopuru hori filmaketa hasi aurretik ordaindu beharko da nahitaez. Hori ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasi ahal izateko.
10. artikulua. Filmaketarako lizentzia eskatzeko prozedura.
1. Ordenantza honetan araututako aprobetxamenduak lortzeko interesa duten pertsona edo entitateek filmatzeko lizentzia egokia eskatu beharko dute aldez aurretik, gutxienez hamabost egun natural lehenago, jarduera udalerrian egiten hasi baino.
2. Horretarako, filmaketa baimenaren eskaera-orria beteko da, https://sedeelectronica.aranarache.es/ web orritik deskargatuta edota ayuntamiento@aranarache.es helbide elektronikoan eskatuta. Eskaera-orrian, eremu hauek egonen dira gutxienez:
–Eskatzailearen identifikazio datuak.
–Ikus-entzunezko ekoizpenaren izena, deskribapena eta tipologia.
–Filmaketa egiteko egunak eta plangintza.
–Filmaketa egiteko tokiak, hartu nahi den azaleraren plano xehatua erantsita, eta azalduta udalerrian non dagoen kokatuta eta zer jarduketa egin nahi diren.
–Produkzioaren beharrak: trafiko mozketak, perimetroko hesia jartzea, ur-harguneak erabiltzeko aukera, zerbitzu profesionalak, udal instalazioak, etab.
–Baimen eta lizentzia teknikoak.
Eskatzaileak sinatutako eskaera-orriarekin bat aurkeztu beharko da erantzukizun zibilaren aseguru polizaren kopia, aurre egin dakien filmaketa egitean gerta daitezkeen eta hirugarrenei eragiten dien kalteei; halaber aurkeztu beharko da gainerako dokumentazio idatzia nahiz grafikoa, egokitzat jotzen dena kasu bakoitzeko ezaugarriak ezagutzeko.
3. Udal honetako zerbitzu teknikoek eskaera baloratuko dute, eta dena delako txostena emanen dute, alkateak erabaki dezan filmaketarako baimena eman ala ez, eta adieraziko dituzte, kasua bada, filmaketa egiteko baldintzak edo baimena ukatzeko arrazoiak. Izapidetze prozesu osoan, Udalak eskatzaileari eskatzen ahalko dio emandako informazioa osa dezan.
4. Filmaketa egiteko baimenarekin batera likidatu beharreko zenbatekoa adieraziko da, eta hori nahitaez filmatzen hasi aurretik ordaindu beharko da. Hori ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasteko.
5. Filmatzeko egunen kopurua handitu behar izanez gero, eskatzaileak horren berri eman beharko dio udal honi, baimenak ezartzen duen amaiera-eguna baino lehen, eta adierazi beharko dio amaiera-egun berria. Udalak erantzuna bidaliko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio, kasua bada, luzatzeko eskaera onartzearen ondorioz likidatu beharreko zenbatekoa.
6. Filmaketarako baimen orokorra ukatu, eten edo errebokatzen ahalko da, interes publikoko arrazoiak daudenean, pertsonen eskubideak babestu behar direnean edo diziplina araubidea aplikatu behar denean.
7. Kasu eginen zaie filmaketarako baimenean jasotako jarraibideei, eta errespetatuko da gainerako herritarrek espazio publikoa erabiltzeko daukaten eskubidea, salbu eta grabaketaren xede den tokia erabat moztea edo ixtea baimendu bada.
8. Ordenantza honetan aipatzen ez den bestelako zerbitzu publikorik behar izanez gero, aplikatuko dira udal ordenantzetan jasotako gainerako tasak.
11. artikulua. Hobariak.
Aplikatu behar den tasaren gainean %50eko hobaria aplikatzeko eskubidea izanen dute ordenantza honetan arautzen diren jarduerek, baldin eta Aranaratxeko Udalak adierazi badu interes publikokoak direla, udalerriaren sustapena egiteko edo parte hartzea bultzatzeko egoera bereziki interesgarriak izateagatik; adierazpena Udaleko Osoko Bilkurak onetsi beharko du.
12. artikulua. Aitorpena eta sarrera.
12.1. Tasa likidatzeko, diru-sarrera egin beharko da udal honen laguntzaile den edozein banku-erakundetan.
12.2. Tasa likidatu beharko da filmaketa hasi aurretik nahitaez. Ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasi ahal izateko.
13. artikulua. Filmaketarako oinarrizko araudia.
–Bide publikoak erabili eta okupatzeko ordutegiak.
Ekoizpen-etxe eskatzaileak eskaera-orrian jakinarazi beharko dizkio Aranaratxeko Udalari filmaketa egiteko tokiak eta ordutegia, herritarren erabilera eta ordutegiekin bateragarri egiteko.
Kasu eginen zaie filmaketarako baimenean jasotako jarraibideei, eta errespetatuko da gainerako herritarrek espazio bera erabiltzeko daukaten eskubidea, salbu eta grabaketaren xede den tokia erabat moztea edo ixtea baimendu bada.
Filmaketarako lizentzia lortzeak, kasu guztietan, ekarriko du lizentzia emateko baldintzak betetzeko beharra.
–Espazioen eta bide publikoen garbiketa.
Eskatzaileak konpromisoa hartuko du filmaketarako erabilitako tokia aurkituriko baldintza berberetan uzteko. Hiri-altzariak mugitzea, efektu bereziak, agertokiak sortzea edo besterik eskatzen duten filmaketak egin behar direnean, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du tokiak garbitzeko eta filmatzen hasi aurretiko egoerara ekartzeko.
–Animaliekin filmatzea.
Filmaketa animaliekin egin behar izanez gero, behar diren erantzukizun aseguruak eskatuko dira, eta eskatzaileak ziurtatu beharko du betetzen duela lege hauetan ezarritakoa: 19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa; eta 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteari buruzkoa.
–Efektu bereziak.
Efektu bereziak egin nahi izanez gero, ekoizpen-etxeak edo eskatzaileak eduki beharko ditu behar diren aseguruak eta segurtasun-neurriak, indarreko araudiaren arabera horrelakorik behar duen edozein efektu berezi gauzatzeko.
–Segurtasuna, trafikoa eta osasuna.
Eskatzaileak filmaketa egiten den tokian bermatu beharko du bermatzen direla segurtasun baldintzak eta trafikoko araudia, eta, horretaz gain, ziurtatzen dela ikus-entzunezkoa filmatzean osasungarritasun baldintzak.
14. artikulua. Erantzukizunak.
Filmatzeaz arduratzen den ekoizpen-etxea izanen da filmaketa jarduerak eragin ditzakeen kalte eta galera guztien erantzule bakarra, bai Aranaratxeko Udalaren aurrean, bai kaltetutako beste entitate publiko, pribatu eta partikular guztien aurrean, baimendutako jardueren ondorioz herritarrek jasandako kalte fisikoak barne.
Hori dela eta, ekoizpen-etxeak edota filmaketaren edo ordenantza honen 1. artikuluan zehazten diren jardueretako baten arduradun den enpresak eduki beharko du erantzukizun zibileko aseguruaren poliza, aurreko paragrafoan aipatutako kalte guztiak estaltzeko modukoa.
Erantzukizun zibileko asegurua izan beharko da "frankiziarik gabea", eta indarrean egon beharko da filmatzeko jarduerak hasten direnetik erabat amaitzen diren arte. Era berean, sinatuta eta indarrean eduki beharko dira filmaketan erabiltzen diren baliabide mekaniko eta ibilgailu motordunek –izan propioak zein hirugarrenenak– behar dituzten aseguru guztiak.
15. artikulua. Diziplina-araubidea.
Filmaketaren ondorioz ondasun publiko batean edozein narriadura edo kalte sortzen bada, eskatzaileak ondasun hori berriro jarri beharko du, edo Udalari kalte-ordain gisa eman beharko dio ondasun berriaren balioari dagokion zenbatekoa, Udaleko teknikari arduradunaren txostena jaso ondoren.
Filmaketarako baimena eta lizentzia automatikoki ezeztatzea ekarriko dute honako hauek: filmaketa baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, eskatutako informazioa ez emateak edo Udalari emandako informazioa faltsutzeak.
16. artikulua. Komunikazioa eta lankidetza.
Udalak konpromisoa hartzen du filmaketei buruzko sekretu profesionala gordetzeko eta behar besteko diskrezioz jarduteko, jarraikiz konfidentzialtasuna dela-eta ikus-entzunezko sektorean aplikagarria den araudiari.
Udalak konpromisoa hartzen du informazioa emateko eta lankidetza estuan aritzeko gaian interesa duten tokiko elkarteekin, batik bat herrian ikus-entzunezko ekitaldiak antolatzeaz arduratzen diren horiekin, lankidetza sendotze eta sinergiak sortze aldera.
Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean paratuko da eta aplikatzen hasiko da behin betiko onespena eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2611141