Iragarkia
174. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Oposizio-lehiaketa, errelebo-kontratuaren modalitatean bete daitezen hondakin zerbitzuko bilketan peoi-gidariaren hiru plaza, lan-araubide finkokoak
Sakanako Mankomunitateko lehendakariak 2026ko uztailaren 30ean emandako 334/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, errelebo-kontratuaren modalitatean, hondakin zerbitzuko bilketako peoi-gidariaren hiru plaza betetzeko, lan-araubide finkokoak.
Hona hemen deialdia arautuko duten:
OINARRIAK
1.–Arau Orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea hondakin zerbitzuko bilketan peoi-gidariaren hiru plaza, lan-kontratu finkoko araubidean eta errelebo-kontratuaren modalitatean, harik eta erretiro partziala hartzen duen langilea behin betiko erretiratzen den unera arte, 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren babesean (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena). Plazak 32 zenbakia dauka Sakanako Mankomunitatearen plantilla organikoan.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, peoi-gidariaren hiru plaza aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiekin.
1.2. Izendapenak Sakanako Mankomunitateko lan-kontratudun finko mugagabe bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen zaio.
1.3. Plazak D mailako ordainsariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da Nafarroako administrazio publikoetako langileek dutena. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
1.5. Bete beharreko eginkizunak egokiak izanen dira deialdiko plazen kategoria eta mailarako. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da. Txofer nahiz peoi lanak egingo ditu, bilketa-zerbitzuaren edozein ibilbidetan, eta betiere zerbitzuko arduradunak ezarritako jarraibideei jarraikiz. Halaber, UtzubarEKOguneko hondakin-instalazioan ere egingo ditu lanak, baldin eta prestakuntza bera behar badute. Besteak beste, aipamen hutsez eta beste batzuk baztertu gabe, honako funtzio hauek bete beharko ditu:
–Hondakinak biltzeko kamioiak gidatzea, aurrez esleitu zaizkion ibilbideetan.
–Herritarrek, saltokiek eta enpresek utzitako udal hondakinak biltzea.
–Hondakinak adierazitako transferentziarako guneko nasan deskargatzea, bilketa motaren arabera.
–Zerbitzuaren arduradunari bilketa-zerbitzuaren funtzionamenduan eragina izan duten gorabeheren berri ematea.
–Esleituta duen kamioia egunero gainbegiratzea, eta Mankomunitateak dituen baliabideak erabiliz gutxieneko mantentze-lanak egitea.
–Kamioiren batek gorabeheren edota matxuren bat izanez gero, zerbitzuaren arduradunari horren berri ematea.
–Kamioiak egunero garbitzea, azken deskargaren ondoren.
–Funtzionalki atxikita dagoen 7.5.4 prozedura, 7.4.1.2 erosketak eta I. IT7.6-01, 6.3 eta 7.6 ezagutzea, ekipoen eta instalazioen mantentze-lanetarako, eragin diezaiokeen guztian.
–Kudeaketa-sistemak nola eragiten dion ezagutu eta hura betetzea.
–Beren lanean eragiten duten arau, prozedura eta jarraibideak ezagutu eta betetzea, bilketa-protokoloa eta laneko segurtasunerako neurriak bereziki.
–Esleitutako babeserako ekipo eta bitartekoak erabiltzea.
–Lan ingurunea garbi eta txukun mantentzea eta ekipoak eta materialak dagokien tokian gordetzea.
–Eta, oro har, aurrekoekin bat datozen eta lanpostuari dagozkion eta zerbitzuaren ondorioz esleitzen zaizkion zeregin guztiak egitea.
–Biltzeko hondakinak modu desegokian bereizi edo entregatu izanak eragindako gorabeheren berri ematea hezitzaileen lantaldeari.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko beharkizunak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:
a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko herritarra edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako herritarra; parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europar Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoek edo adin horretatik gorakoek, baldin eta haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat edo haien baliokide bat izatea edo izateko maneran egotea (titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): erdi-mailako heziketa-zikloa, lehen graduko lanbide-heziketa, eskola-graduatua edo titulu baliokidea. Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.
d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez egotea.
f) C mailako gidabaimena edukitzea, lanbide gaikuntzako agiria indarrean izanik.
g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
h) Euskaraz jakitea. Horretarako, ahozko B1 eta idatzizko A2 tituluak aurkeztu behar dira, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, oinarri hauetako 4.5 atalean ezarritakoari jarraikiz.
2.2. Kontratatzeko proposatzen den izangai gaindituak frogatu beharko ditu adierazitako betekizun horiek, deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta hautapen prozesuak iraun bitartean mantendu, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitateko lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Sakanako Mankomunitatearen erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan (Uriz 32, Lakuntza), hau da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, edo Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (https://sedeelectronica.sakana-mank.com) Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak.
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskineko ereduari lotuko zaizkio.
3.3. Eskabideekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
b) Eskatutako titulua edukitzearen frogagiria.
c) Euskara-tituluaren frogagiria, edo proba egiteko eskaera.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Eskabidean egindako akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.
3.6. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin eta denborak edo bitartekoak egokitzea behar badute proba egiteko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua).
3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta aurkeztutakoak ebatzita, lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du.
Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa, bai eta epaimahaiaren behin betiko osaera ere, aldaketarik badago. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu garaiz, Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan.
4.6. Hizkuntza-maila zehazteko proba.
5.–Epaimahai kalifikatzailea.
Epaimahaiburua: Aitor Larraza Carrera, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria.
Ordezkoa: Oihana Olaberria Jaka, Sakanako Mankomunitateko lehendakariordea.
Epaimahaikidea: Ander Eslava de Miguel, Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Olatz Garde Mazkiaran, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko teknikaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaikidea: Nerea Malkorra Araolaza, Sakanako Mankomunitateko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaikide idazkaria: Urtzi Nazabal Goñi, Sakanako Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 1 Legearen 40/2015. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
5.3. Halaber, izangaiek, aipatu gorabeherak suertatuz gero, epaimahaikideak errefusatu ahalko dituzte.
5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen afera guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek epaimahaia lagunduko dute, nork bere espezialitate teknikoan.
6.–Oposizio-lehiaketa nola egin.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da: lehenbizi lehiaketaldia, eta oposizioaldia ondoren.
6.2. Lehiaketaldia: lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:
Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:
a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 20 puntu.
Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:
a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
Oharrak:
1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.
2.–Gehienez ere 20 puntu emanen dira a) atal honetan.
3.–Zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.
4.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
6.–Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
b) Beste merezimendu batzuk: formazioa. Gehienez ere 10 puntu.
Gehienez ere 10 puntu banatuko dira deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusirik duten formazio kurtsoengatik. Puntuazioa jasoko dute soilik organismo ofizialek edo hauek homologatutako organismoek emandako kurtsoek, beti ere lanpostuen funtzioekin eta erantzukizun harreman zuzena izanez gero.
Ezinbestekoa izango da bertaratze ziurtagiria edo dagokion diploma aurkeztea, eta formazioaren objektua eta iraupena (orduetan) adieraztea nahitaezkoa da.
–Iraupena 4 eta 19 orduen tartekoa denean: 0,5 puntu.
–Iraupena 20 eta 49 orduen tartekoa denean: 1 puntu.
–Iraupena 50 eta 75 orduen tartekoa denean: 3 puntu.
–Iraupena 75 ordutik gorakoa denean: 5 puntu.
6.2.1. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, deialdian izena emateko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.2.1.a) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.
6.3. Oposizioaldia: ariketa bakarra izanen du.
6.3.1. Proba bakarra: proba teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketari 70 puntu emanen zaizkio, gehienez ere, eta 35 puntu atera beharko dira, gutxienez, ariketa gainditzeko. Erantzun okerrak ez dira zigortuko.
6.3.2. Ariketak ez dira baztergarriak izango.
6.3.3. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du Sakanako Mankomunitateko egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Halaber, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.
6.3.4. Epaimahaiak Sakanako Mankomunitatearen iragarki-taulan argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.
6.3.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.
6.3.6. Euskara probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako ordenan, eta puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio lehendakariari. Proposamen hori Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, proba teorikoan puntuazio altuagoa erdiesten duenaren alde jokatuko da. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Kontratazio-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalean, proposatutako izangaiak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu Sakanako Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Osasun-ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
g) Justizia Ministerioaren ziurtagiria, sexu-delituei buruzkoa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean (salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), ezin izanen da kontratatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe hasierako eskabidea faltsutzeagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.
7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
8.–Kontratazioa.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emanen du, izangaia lan-araubide finko mugagabean kontratatzeko, errelebo-kontratuaren modalitatean, peoi-gidariaren lanpostuan aritu dadin.
8.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Ebazpenean zehaztuko da zein egunetan hasi behar duen lanean izendatutako izangaiak Hori bete ezean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu Sakanako Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 21 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia, lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraituko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitara emanen da mankomunitatearen iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago; nolanahi ere, indarrean egonen dira kontrataziorako beste deialdi bat egiten den arte.
9.5. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
A) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaiak kontratatzeko, oro har, banakako deiak eginen dira, zerbitzuaren beharren arabera.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.
Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurreko hori gorabehera, deitzerakoan kontuan hartuko da zer ezartzen den Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.
Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea, zerrendan hurrengoa denari edo direnei deituko zaie.
Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Sakanako Mankomunitatean, baldin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean berdina den lanpostu bat bete behar bada Mankomunitatean, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.
B) Uko egitea:
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:
1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik.
2.–Aldi baterako ezintasun-egoeran egotea, edo lizentzia izatea haurra edukitzeagatik edo adoptatzeagatik.
3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.
4.–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko atalean adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio-arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, egoera hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen atalean aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, zehazteko noiz bukatu zen uko egitea ekarri zuen egoera Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
C) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Deia egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
9.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko dira; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.
10.–Datuen babesa.
Sakanako Mankomunitatea da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da gidari-peoiaren plaza betetzeko oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) 6.1.c) artikulua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo, hark eskatuta, kontratu aurreko neurriak aplikatzeko behar den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikatu beharreko legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
Datuak biltzen diren helburua betetzeko eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran gordeko dira. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da (12/2007 Foru Legea, Nafarroako toki-erakundeetako dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideei buruzkoa).
Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko Foru Legea).
Titularrek datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu, mugatu, aurka egiteko eta eramangarriak izateko eskubideak baliatu ditzakete, mankomunitatearen bulegoetan edota egoitza elektronikoaren bidez.
Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdiaren, oinarrien eta bere aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpenaren ondoko hilabetean.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Sakanako Mankomunitateko lehendakariari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan.
Lakuntzan, 2026ko uztailaren 30ean.–Lehendakaria, Aitor Larraza Carrera.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
2. gaia.–7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.
3. gaia.–Ordenantza, Sakanako Mankomunitatearen Hiri Hondakinen kudeaketa arautzen duena.
4. gaia.–Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuaren protokoloa.
5. gaia.–Lanposturako eskatzen den prestakuntzaren kultura orokorra eta ezagutzak eta gaitasun teknikoak.
6. gaia.–Sakanako geografia, historia eta kultura.
Iragarkiaren kodea: L2611183
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
