Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRIBERRI ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Ordenantza, arautzen dituena larrialdi sozialeko egoeretarako laguntza ekonomikoak. Behin betiko onespena
Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2026ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erriberrin, 2026ko abuztuaren 4an.–Mankomunitateko burua, Carmen Real Felipe.
OINARRI ARAUTZAILEAK, ERRIBERRI ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAN LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Nafarroako toki entitateen titulartasuna dutenak, gizarte zerbitzuetako sistema publikoaren oinarrizko unitatea dira, horretara heltzeko sarbidea eta herritarrengandik hurbilen dagoen maila.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak osatzen dituzten lau programa oinarrizkoak honako hauek dira:
–Harrera eta orientabide sozialerako programa.
–Oinarrizko laguntzako haur eta familientzako laguntza programa.
–Oinarrizko laguntzako gizarteratze programa.
–Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programa.
Horien guztien helburua da gizarte zerbitzuen arloko eskaerak aintzat hartzea, erantzuna emateko eta profesionalki babesteko norberaren eta/edo familiaren zailtasunak kudeatzean, honako hauen bidez: prestazio ekonomikoak, programak, zerbitzuak eta baliabideak.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prestazio asko Nafarroako Gobernuaren bidez ematen dira. Baliabideak, zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak dira, besteak beste, eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan daude (30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena; 2019ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 17an).
Aldi berean, behar berriak atzeman dira udaletako gizarte zerbitzuen garapenean, eta horregatik baliabideak eta prestazioak nahitaez egokitu edo sortu dira, eta halaber haien kudeaketa arindu da, kolektibo zaurgarrienek erabili ditzaten, gizarte-beharrei erantzuna ematearren.
Oinarri arautzaile hauek larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsona eta familia-unitateei zuzendutako dirulaguntzei dagozkie. Asmoa dute gutxieneko bizi-baldintzei erantzutea eta horiek bermatzea beren ingurunean bertan, pertsonen funtsezko eta oinarrizko beharren arloan eta prebentzio, gizarte integrazio eta/edo prestakuntzako eta gizarte eta hezkuntzako beharretan ere.
Horretara behartzen dute ekonomia eta lan arloetako krisiaren ondorioek, urratu baitute pertsonen eta/edo familien gaitasuna oinarrizko beharrei aurre egiteko. Horregatik, beste toki entitate batzuetan bezala, beharrezkotzat jo da aurrekontuko partidak sortzea, familientzako dirulaguntzen bidez, larrialdi sozialeko egoerak leuntzen arin laguntzeko. Egun dauden partida ekonomikoen osagarri dira.
Oinarri arautzaile hauek, banakako ebaluazioaren araubidean laguntza ekonomikoak ematekoak, pertsona eta/edo familientzako aurrekontuko dirulaguntzei dagozkie.
Banakako ebaluazioaren prozedura hautatu da familia-unitateentzako dirulaguntzak direlako, eta helburua dutelako erantzutea premiazko beharrean edo egoera sozioekonomiko larrian dauden familia zaurgarriei. Hori dela eta, dirulaguntzak emanen dira eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, deialdi bakoitzeko aurrekontuko partida agortu arte.
Horregatik, oinarri hauen helburua da larrialdi sozialeko eta/edo prebentzio eta gizarteratze prozesuetako laguntzak kudeatzea, indarrean dagoen legeriari jarraituz. Laguntzak gabezia sozioekonomikoak dituztenentzat dira, oso zail baitute oinarrizko beharrak betetzea honako hauetan: etxebizitza eta horren oinarrizko hornidurak, nutrizioa, osasuna, hezkuntza, prestakuntza, norberaren garapena eta gizarteratzea.
1.–Idea general de prestaciones de emergencia.
Oinarri arautzaile hauetako laguntzak norbanakoentzako edo familientzako prestazioak dira, larrialdi egoerak konpon eta/edo diru-sarrerak lor ditzaten, funtsezko beharrak betetzeko eta gizarte bazterketako egoerak saihestu edo arintzearren.
Aipatu laguntzak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horretarako soilik erabiliko dira.
2.–Familientzako prestazio ekonomikoen xedea eta helburua.
Oinarri hauek helburu dute Erriberri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen (OGZM) laguntza ekonomikoak zehaztea eta arautzea, OGZMko herrietako lagun eta familia-unitateei emanen zaizkienak, hain zuzen ere, gizarte-bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez dutenean.
Prestazio hauen bidez sortu nahi dira ekonomikoki laguntzeko tresnak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Laneko eta Gizarte-hezkuntzako egite profesionalaren osagarri, Erriberri aldeko OGZMko herrietan bizi diren familientzat, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko eta normalizaziorako oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.
Helburuak:
a) Hainbat inguruabarren ondorioz, ekonomiaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premiak betetzen direla bermatzea, egoera horiek gizarte bazterketa ekartzen baitute.
b) Gutxiengoetako edo kultur talde desberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.
c) Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.
d) Bere kabuz moldatzeko zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.
e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko prestaturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.
f) Beste edozein jardueratan laguntzea, baldin eta bideratuta badago familien, haur eta nerabeen, adinekoen, emakumeen, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen, etorkinen, etnien eta baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuen arloko prebentziora, esku hartzera, laguntzara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, eta, orobat, gabezia egoera larriak eta larrialdi sozialeko egoerak zaintzera.
Hainbat motatako laguntzak jasotzen dira oinarrietan, aipatu helburua lortzearren.
2.1. Xedea eta aplikazio-eremua.
Xedea da dirulaguntzak ematea norbanakoei edo familiei, larrialdiko eta urgentziazko egoerak zuzentzeko, banan-banan ebaluatzeko araubidean, komunitatean dauden beste laguntza-bideak agortu badituzte eta gizarte-larrialdian daudela frogatzen badute.
Prestazioa da, gabezia ekonomikoak nahiz soziosanitarioak izan eta oinarrizko beharrak (ostatua, elikadura, energia, osasuna, prestakuntzako ekintzak, etab.) premiaz eta berehala asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzat; ez dira biztanleria guztiarentzat, sostengurako tresnak baitira, oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileen eta gizarte-hezitzaileen ekintza profesionalaren osagarriak.
Erantzukizun sozialetik abiatuta, laguntza horiekin Udalak esku artean izan nahi du tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.
3.–Laguntza motak eta gehieneko zenbatekoa.
Laguntza mota guztien artean ezarritako gehienekoa 1.200 euro da familia-unitateko, ekitaldi osoan.
3.1. Pertsonen eta/edo familien oinarrizko beharrak asetzea.
3.1.1. Etxebizitza eta komunitatea.
a) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota ordaintzea, etxebizitza partekatuko gela ordaintzea, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar) ordaintzea. Komunitate gastuak barne hartuko dira. Ez dira ordainduko aloikairu sozialeko etxebizitzaren gastuak, eta Emanzipa edo David programen bidez laguntza jasotzen dutenei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen.
b) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua izateko betiere, baldin beharrezkoa bada hasierako aparteko ordainketa bat egitea eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.
Kontzeptu honengatik (alokairua eta fidantza ere sartzen ahal dira), familia-unitateko ezarritako gehienekoa 1.200 euro da.
3.1.2. Etxebizitzaren oinarrizko hornidurak.
a) Argindarraren, gasaren, gasolioaren, egurraren, zaborren eta uraren gastuak, besterik ez, betiere ohiko bizitokikoak. Ez dira sartzen Internet edo telefono gastuak.
b) Energiaz hornitzeko kontratuen altak ohiko etxebizitzan.
Kontzeptu horien urteko gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa da urteko eta familia-unitate bakoitzeko, etxeko hornidurei dagokienez (argindarra, gasa, gasolioa eta ura).
Horniduren kontratuetan alta emateko, altaren kostua ordainduko da, oro har ezarritako gehienekoa aintzat hartua.
3.1.3. Nutrizioa eta higienea.
Ezin izanen dute nutrizio eta higienerako laguntza eskatu Nafarroako Gobernuaren Errenta Bermatua edo aldizkako beste prestazio bermatu batzuk jasotzen dituzten pertsonek edo familia-unitateek.
Prestazio ekonomiko puntuala, honako hauetarako:
a) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako). Taula honetan ezarritakoa da kontzeptu honengatik jasotzen ahal den gehieneko laguntza; oro har ezarritako gehieneko ekonomikoa aintzat hartuta:
–Familia-unitateko kideak eta gehieneko zenbatekoak.
1 lagun: 300 euro urtean.
2 lagun: 500 euro urtean.
3 lagun: 600 euro urtean.
4 lagun edo gehiago: 700 euro urtean.
Erriberriko OGZMak erabakiko du nola ordaindu atal honetako laguntzak.
3.2. Oinarrizko beste premia batzuk.
Prestazio ekonomiko puntuala, aurreko apartatuetan jaso gabeko beste egoera batzuei erantzuteko, haien apartekotasunaren arabera eta familia-unitateak jasan ditzakeen kalte konponezinen arabera.
–Familia-unitateko kideak eta gehieneko zenbatekoak.
1 lagun: 400 euro urtean.
2 lagun: 500 euro urtean.
3 lagun: 600 euro urtean.
4 lagun edo gehiago: 700 euro urtean.
4.–Bateragarritasuna.
Dirulaguntzetako kontzeptuak elkarren bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, horien baturak ez badu gainditzen oinarri hauetan ezarritako urteko gehienekoa. Horrez gain, oinarrietan ezarritako betekizunak bete behar dira.
Ezin dira eskatu bi laguntza edo gehiago, kontzeptu beragatik.
Emaniko zenbatekoak beste erakunde edo entitate batzuetako dirulaguntzen osagarri izan daitezke. Hala ere, ezin dira izan dirulaguntzaren kontzeptuaren benetako kostua baino handiagoak. Beste dirulaguntza bat lortuz gero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei esan behar zaie hori aitortu eta 15 eguneko epean.
5.–Onuradunen betebeharrak.
Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia-unitateek jasotzen ahal dituzte laguntza hauek.
Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aurretik kontuan hartuko dira irizpide teknikoak (prebentzioa, sustapena, egokitasuna, presa edo gisakoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriak. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek salbuespen egoerak baloratuko dituzte.
Baldintzak:
a) Adinez nagusia izatea, edo ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.
b) Frogatzea OGZMko herrietako batean erroldatua dagoela gutxienez 6 hilabete lehenagotik (salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalek barne balorazio bat egiten badute pertsona horren edo familia-unitate horren premiazko egoera dela eta).
c) OGZMko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programaren batean egotea (salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalek barne balorazio bat egiten badute pertsona horren edo familia-unitate horren premiazko egoera dela eta).
d) Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea, ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko.
Balorazio irizpide hau ezarri da deialdi honetako laguntzak lortu ahal izateko:
Familia-unitatearen hilabeteko diru-sarrerak - etxebizitzako hilabeteko gastuak = Familiako aurrekontua hilabeteko.
Familiako aurrekontua hilabeteko, zati familia-unitateko kideen kopurua = Per capita errenta erabilgarria.
Emanen da, baldin eta Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean (2016ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 18koa) eta apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuan ezarritako zenbatekoak baino txikiagoa bada. Honako hauek ezarri dira 2025erako:
1 lagun: 790,28 euro.
2 lagun: 1.066,88 euro.
3 lagun: 1.264,45 euro.
4 lagun: 1.382,99 euro.
5 lagun: 1.501,53 euro.
6 lagun edo gehiago: 1.580,36 euro.
Familia-unitateko kide guztien diru-sarrera guztiak hartuko dira kontuan, honako hauek barne: errenta salbuetsia eta dibortziatutako/banandutako gurasoek seme-alabei eman beharreko mantenu-pentsioak (ez dira kontuan hartuko helburu zehatz baterako laguntzak, ikasteko bekak, aparteko laguntzak...). Agiri bidez justifikatu behar da dena, diru-sarrerarik ez badago ere. Aurreko hiru hilabeteetako diru-sarrerak hartuko dira kontuan, agiri bidez argi eta garbi justifikatuta.
Etxebizitzan familia-unitate bat baino gehiago bizi bada, haien artean banatuko da gastua, eta kontuan hartuko zaio familia-unitate bakoitzari dagokion deskontua. Esaterako, ez zaio kontuan hartuko dena bati eta ezer ez besteei, azken hauek gauzazko laguntzarik eskatzen ez badute ere.
Aurreko 6 hilabeteetan ordaindutako hiru ordainagiri (alokairukoak edo hipotekakoak) justifikatuko dira.
Laguntza eskatu aurreko 3 hilabeteetako gastuak eta diru-sarrerak. 3 hilabeteen batez bestekoa eginen da.
Familia-unitate eskatzaileek zinpean deklaratu behar dute honako hau: "ez nik ez nire familia-unitateko inork ez dugu 4.966,46 euro baino gehiagoko kapital higigarririk".
6.–Onuradunen betebeharrak.
a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake oinarri hauetan ezarritako zehapenen araubidea abian jartzea.
b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Erriberri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.
c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari komunikatzea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
d) Erriberri aldeko OGZMak dirulaguntzei dagokienez egiten dituen egiaztapen jarduketei eta finantza kontrolekoei men egitea.
e) Jasotako laguntzarekin egindako gastua justifikatzea. Aipatu justifikazioa faktura edo agiri baliokide bidez egin behar da, frogatzen badute gastua egin dela eman zen horretarako, bai eta ordaindu dela ere. Horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, laguntza ematen den egunetik hasita.
f) Itzuli beharreko funtsak itzultzea. Itzuliko dira bidegabe jasotako zenbatekoak, bai eta aurreikusitako eta egindako gastu osoa justifikatzen ez denean ere.
g) Onuraduna ez dago behartuta jasotako laguntzaren finantzaketaren publizitatea egitera.
7.–Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.
Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko dira espedienteak eta eskatzeko ordenaren arabera emanen dira, aurrekontuko partida agortu arte.
Erriberri aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokio eskaera honetako prestazio ekonomikoaren eskaerak baloratzeko ardura.
Dirulaguntza emateko ebazpenean aipatuko da hura jasotzen duen pertsona, emandako zenbatekoa eta horrek eskatutakoarekin alderatuta egiten duen portzentajea, eskatutakoa diruz lagundu daitekeen zenbatekoa baino handiagoa ez bada. Agertuko dira, halaber, laguntza ordaintzeko modua eta kontzesioaren aldaketak, aurkeztutako frogagirien arabera. Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan agindutakoarekin bat.
Dirulaguntza ebazteko epea 15 egunekoa izanen da.
Ukatzeko arrazoiak:
–Erreferentziako teknikariarekin hitzartutako helburua ez betetzea eta jarduerak edo atazak ez egitea, horiek hitzartu baitziren dirulaguntza eskatzea ekarri zuen egoera konpontzeko.
–Laguntza baloratzeko eskatzen den dokumentazioa ez aurkeztea.
–Eskaera ez etortzea bat balorazio irizpideekin.
–Oinarri hauetan ezarritako gehieneko kopurua agortua izatea.
8.–Eskabideak. Dokumentazioa:
–Eskabidea, eskatzaileak behar bezala beteta.
–Eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.
–Familia Liburuaren fotokopia.
–Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak. Halakotzat joko dira familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak): Azken 6 nominak, pentsioak, prestazioak eta abar. Lan-jarduera erregular baten ondoriozko nominarik edo diru-sarrerarik izan ezean, aurkeztuko dira diru-sarreren zinpeko adierazpena aurkeztuko da.
–Familia-unitateak urte horretan dituen diru-sarreren eta gastuen frogagiriak, etxebizitzari dagozkionak hain zuzen ere. Familia-unitatearen egoera ekonomikoa frogatuko da eskaera izapidetzerakoan.
–Laguntza oinarrizko eta presakoa zer premiatarako eskatzen den, horri lotutako aurrekontua edo zorraren frogagiria.
–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko puntuetan jaso ez direnak.
–Bizikidetasun ziurtagiria, Mankomunitateko udalerrietako udalarena.
–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.
(*) Salbu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren espedientean azaltzen badira.
9.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Orokorrean, eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzaren abenduaren 15a arte izanen da, aurrekontu-kontsignazioa badago.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (instrukzio-organo gisa) interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aurretik ebazpena emanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoarekin bat.
10.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazioko arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin tartean badaude doloa, errua edo zabarkeria hutsa:
a) Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea hura emateko baldintzen inguruko datuak faltsututa, edo ezkutatuta laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak.
b) Jasotako zenbatekoak ez erabiltzea dirulaguntza ematean ezarririk zeuden helburuetarako, salbu eta diru hori itzuli bada errekerimendurik egin gabe.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Jasotako funtsen erabilera ez justifikatzea.
Arau-hausteen erantzuleak izanen dira aipatutako portaerak dituzten onuradunak.
Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortutako, gaizki aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.
I. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak ..................................................................................................................................... Helbidea ............................................................................................. NANa ........................................... Telefono zenbakia ................................................ Fax zenbakia ............................................
Nire izenean edo honako hau ordezkatuz (dagokiona): ..........................................................................
Helbidea ................................................................................................ IFZa ...................................Telefono zenbakia .........................................................
Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen deialdi baten berri izan dut, banakako ebaluazioaren araubidean emateko dirulaguntza batzuk larrialdi sozialeko egoeran dauden pertsonei eta/edo familiei.
ADIERAZTEN DUT:
–Dirulaguntzen ordenantza orokorrean onuradun izateko ezarri diren betekizun orokorrak eta deialdi honetako berariazko betekizunak betetzen ditudala, eta egiazkoak direla laguntzaren eskabidean jarritako datuak, baita emandakoak ere, eta hala ziurtatzen duten agiriak ditudala. Halaber, agintaritza eskudunak horiek ziurtatzeko obligazioaren mende gelditzen naizela, eta onartzen ditudala, horietan gezurrik atzematekotan, sor daitezkeen erantzukizunak.
–Dirulaguntza zer helburu eta jardueratarako den, eskatutako laguntza horietarako erabiltzeko konpromisoa agertzen dudala.
–Xede bereko bestelako dirulaguntzak eskatzeari dagokionez, honako hau aitortzen dut (dagokiona markatu):
- Deialdi honen xederako, ez dudala eskuratu edo eskatu beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren inolako dirulaguntzarik, ez Estatuan, ez nazioartean. Deialdi honen xederako, dirulaguntza hauek eskatu dizkiedala beste administrazio publiko batzuei, beste erakunde publiko edo pribatuei edo partikularrei, Estatuan eta nazioarten: (adierazi eguna, erakundea, zenbatekoa).
- Deialdi honen xederako honako dirulaguntza hauek eskuratu ditudala beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularrengandik, Estatukoak zein nazioartekoak izan: (adierazi eguna, erakundea eta zenbatekoa)
Eta jasota gera dadin eta bidezko ondorioak izan ditzan, idazki hau egin eta sinatzen dut,
Eguna eta sinadura.
Iragarkiaren kodea: L2610837
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
