Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
HIRIBERRI ARTZIBARKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurren aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunak arautzen dituen Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoaren babesean ezarri da Hiriberri Artzibarko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Hiriberri Artzibarko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.
2. artikulua.
Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua.
Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Ez dute aldaketarik izanen beren izaera nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua.
Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1999 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK
5. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan.
Herri-lurretako ondasunen inguruan Hiriberri Artzibarko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua.
Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri-lurretako ondasun gisa.
Prozedura honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua.
Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Hiriberri Artzibarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Hiriberri Artzibarko Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.
10. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.
11. artikulua.
Baimen, emakida edo beste edozein tituluren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.
12. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak ez baditu bidezko diren ekintzak sustatzen herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da bizilagunek ekitea, horretarako ezarritako eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie bizilagunei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.
Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
d) Zurgai diren herri-ondasunen aprobetxamendua.
e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen eta haiek hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.
16. artikulua.
Orokorrean, Hiriberri Artzibarko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez urtebete lehenagotik.
c) Udalerrian urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.
e) Azienda aitortuta eta erregistratuta edukitzea Hiriberri-Artzibarko Kontzejuan.
17. artikulua.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
18. artikulua.
Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren bizilagunei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.
19. artikulua.
1.–Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak ekitatearen eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die honako baldintza hauek bete eta familia-unitatearen titular diren bizilagunei:
a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.
b) Jabetzan edo beste modu batez, antzeko lurrik ez dutenei.
c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenak.
2.–Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
20. artikulua.
1.–Aprobetxamendu mota honetarako, kontzejuak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean.
** Onuradunek pagatu beharreko kanona toki entitateek finkatuko dute, eta eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren ehuneko berrogeita hamarra artekoa izaten ahalko da zenbatekoa.
21. artikulua.
Herri-lurretako aprobetxamenduak erabiltzeko epea ez da zortzi urtetik beherakoa izanen, ez eta laborearen bizitza baino handiagoa ere, lurra urte anitzeko aprobetxamenduetarako erabiltzen bada.
22. artikulua.
Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak zehaztuko du zenbat laborantzako lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.
23. artikulua.
1.–Hiriberri Artzibarko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
2.–Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek erabiltzen ez direnean adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren edo kontzejuaren txostenaren arabera, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.
c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak aurkezteko errekerimendua jaso, eta Kontzejuak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak izatea.
f) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak Kontzejuko aziendaburuen katastrotik atera dituztenean.
24. artikulua.
Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiri bat izan behar du, frogatzen duena betetzen dituela herri-lurren aprobetxamenduari buruz indarrean den araudiak eskatzen dituen osasun baldintzak.
25. artikulua.
Onuradunak behartuta daude laborantzako herri-lurrak behar bezala lantzera eta aprobetxatzera.
26. artikulua.
Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili, Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikatutakoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.
27. artikulua.
Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko beharrezkoa da Kontzejuaren baimena. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, landareak edo taketak burdin hariekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak edo hormigoi-blokezkoak.
28. artikulua.
Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.
29. artikulua.
Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, interesdunek ez baldin badute aldez aurretik eskatzen eta kontzejuak ez badu baimenik ematen.
30. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei ohartarazpena igorrita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarendako. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
31. artikulua.
Herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, partikularren finkekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, aprobetxamendu eremu hauek ezarri dira:
a) A eremua: Goiko eremua, Iturrago menditik aurrera.
b) B eremua: Karete eta Iturrago arteko eremua.
c) C eremua: Ilarre eremua.
32. artikulua.
Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren bizilagun abeltzainei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.
33. artikulua.
Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Hori dela eta, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak joko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen ari familia-unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.
34. artikulua.
Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzen duena betetzen direla herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun arauetan ezarritako baldintzak, eta horri dagokion foru legean eta haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu.
35. artikulua.
Debeku da txerri-azienda bazkatzea.
36. artikulua.
Ordenantza honen 31. artikuluan aipatutako larratze-eremuek jasan dezaketen abere-karga zehazteko, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak, aldizka, azienda moten arteko baliokidetasunak ezarriko ditu.
a) Behor-aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru bat.
b) Behi-aziendako buru bakoitzeko, ardi-aziendako 7 buru.
c) Ahuntz-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako buru bat.
37. artikulua.
Larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak irizpide hauek zehaztu ditu:
a) A eremua: urte osoa.
b) B eremua: urte osoa.
c) C eremua: urte osoa.
38. artikulua.
Klimatologia dela eta, edo larreen kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.
39. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda mota eta larratzeko eremua zehaztuta. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, urteko KPIa kontuan hartuta.
Nolanahi dela ere, bai abelburuko kanona, espezieen araberakoa, bai adjudikazio prezioa ez dira izanen larreen balio errealaren %80 baino txikiagoak, ezta haren %90 baino handiagoak ere.
40. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei ohartarazpena igorrita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
41. artikulua.
Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
Halaber, honako hauek ere epaitza baten onuradunak izaten ahalko dira:
a) Bizilagun erroldatuak, etxebizitza baten titularrak edo errentariak direnak eta ez direnak bertan bizi urtean 9 hilabetean: eskubidea izanen dute urtean epaitza erdia jasotzeko.
b) Epaitzak etxerako badira ere, kontzejuak urtero epaitza erdia ematen ahalko die udalerriko sozietateei, kontsumitzeko.
42. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, kontzejuko batzarrari egoki iruditzen zaion denborarako. Epaitza 10 tonakoa izanen da.
43. artikulua.
Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, pertsonalak eta besterenezinak baitira, eta ez dira saltzen edo lagatzen ahalko.
44. artikulua.
Egurra banatzerakoan, Hiriberri Artzibarko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die maila ekonomiko apaleneko familia-unitateei.
45. artikulua.
Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Hiriberri Artzibarko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan islatzen den bezala.
46. artikulua.
Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Hiriberri Artzibarko Kontzejuak aurrekontu arruntean.
47. artikulua.
Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete basozainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.
48. artikulua.
Aprobetxamendu aldia hurrengo urteko epaitza eskatzen den unean amaituko da. Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak ikuskapen-akta egiten duenean aprobetxamendua gauzatu gabe baldin badago, ezin izanen da beste epaitzarik eskatu egiteke dagoen aprobetxamendua gauzatu arte.
49. artikulua.
Kasu horretan, kontzejuak dagokion erabakia hartuko du, eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko baso zerbitzuek markatzeko eskatuko du, eta interesdunari adjudikatuko dio, dagokion tasazio-balioan.
50. artikulua.
Hiriberri Artzibarko Kontzejuak herri-mendietako zuhaitzak (pagoa) saltzea erabakitzen ahalko du, kontzejuaren gastuak ordaintzeko, eta aprobetxamendu horiek beti eginen dira Nafarroako Gobernuaren baimena aldez aurretik lortuta, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak betez.
V. KAPITULUA.–ZURGAI DIREN HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
51. artikulua.
Nafarroako Gobernuak onespena emanda, eta basoak horretarako bide ematen badu, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak zurgai diren herri-ondasunen aprobetxamenduak emanen dizkio familia-unitate bakoitzari, beren etxeetan konponketa-lanak egin ditzaten, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduak agindutakoarekin bat (1990eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 30ekoa).
a) Aprobetxamendu horiek eskatzeko, ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
b) Interesdunaren eskaerarekin batera, zurgin baten ziurtagiria beharko da.
c) Familia-unitate bakoitzeko gehieneneko bolumena haritz-egurrezko 10 metro kubiko izanen da, 10 urteko epean.
d) Kasu berezietan (istripuak, lurrikarak, suteak eta abar) Hiriberri Artzibarko Kontzejuak zilegi izanen du kopurua mugatzea, egoki jotzen duenaren arabera. Kontzejuak hartuko ditu halako erabakiak, eta bestelako baldintzak ezarri. Hala ere, saltzea ez da inola ere baimenduko.
e) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan eginkizun hori bere gain duen Zerbitzua arduratuko da materialak markatu eta entregatzeaz, eta destinoa aitortzeaz.
VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
52. artikulua.
Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.
53. artikulua.
Onuradunek urteko kanona ordaindu beharko dute, baita barruti horrek eragindako gastu eta zerga oro ere.
54. artikulua.
Halaber, onuradun horiei dagokie barrutietan seinaleak jartzeko betebeharra, eta haiek ohartarazi behar diete, aldez aurretik, kontzejuko bizilagunei kontzejuko lurretan ehizan ariko direla; lur horien erabilera eta aprobetxamenduaren ondoriozko kalterik bada, onuradunak izanen dira erantzule erabatekoak.
55. artikulua.
Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Hiriberri Artzibarko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren izapidea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
V. TITULUA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
56. artikulua.
Kontzejuaren batzarraren erabakiaren ondotik eta iragarki-taulan ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da, eskaera aurkez dezaten herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskubidea dutela uste dutenek.
57. artikulua.
Aprobetxamendu eskaerei erantsiko zaie honako hauen gaineko zinpeko deklarazioa:
a) Hiriberri Artzibarko biztanle izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua, familia-liburuaren fotokopia erantsirik.
c) Eskatzaileak egunean izatea kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak.
d) Kontzeju honetan zein beste batzuetan, zenbateko lur-azalera daukan jabetzan, eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).
e) Errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrak.
f) Hiri-lurraren jabetza, etxebizitza kenduta.
g) Abelburuen kopurua eta haien espeziea; larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.
h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez.
58. artikulua.
Eskaerak ikusita, Hiriberri Artzibarko Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamendu tokia edo lotea adierazita.
59. artikulua.
Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean behin-behineko zerrenda, 15 egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.
60. artikulua.
Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako behin betiko bizilagunen zerrendak onetsiko ditu, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
61. artikulua.
Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.
c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
d) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.
e) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
f) Erabilera partikularrerako emandako herri-aprobetxamenduaren ondoriozko produktuak saldu edo hirugarrenei ematea, esaterako etxerako egurra eta abeltzaintzarako bazka.
g) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.
h) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
62. artikulua.
Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek jartzen ahal dituzten zehapenak.
Gainerako arau-hausteengatik, produktuen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eta 2.500 euro artekoa.
Arestian xedaturikoa gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, bahituko dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak.
Iragarkiaren kodea: L2611002
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
