171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Kirol eremuen eta pilotalekuen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2026ko maiatzaren 5ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako honetan: udal ordenantza, arautzen duena Berriobeitiko Udalaren kirol eremuen eta pilotalekuen erabilera.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 2an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Berriobeitin, 2026ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Félix Remírez Hoyos.

ALDAKETA, 47. UDAL ORDENANTZAN, ZEINAK ARAUTZEN BAITU BERRIOBEITIKO UDALAREN KIROL EREMUEN ETA PILOTALEKUEN ERABILERA

27. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1. Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

2. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3. Berariaz debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

4. Araudi honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, salbu berariaz falta astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 15 egunerako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–Zehapen ekonomikoa, 150 eta 300 euro artekoa.

–Zehapen-abisua aplikatzea.

–Baldin kalte-galerarik eragin bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, arau-hauste arintzat hartutako egitateen ondorioz, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

28. artikulua. Arau-hauste astunak dira:

1. Beste erabiltzaile baten kontrako liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea.

2. Kirol instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo gaiak sartzea.

3. Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

4. Hiru arau-hauste arin egitea.

5. Beste arau-hauste oro, baldin eragiten ahal badio beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari.

6. Instalazioko edozein ondasun higigarri edo higiezin hondatzea.

7. Instalazioaren barnean ordena larriki nahastea dakarren egite edo ez-egite oro.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Zehapen ekonomikoa, 300 eta 600 euro artekoa.

–Baldin kalte-galerarik eragin bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, arau-hauste astuntzat hartutako egitateen ondorioz, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

29. artikulua. Arau-hauste oso astunak dira:

1. Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.

2. Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larri eta nabarmenak jartzea.

3. Modu larri eta nabarmenean hondatzea ekipamendu, azpiegitura, elementu edo instalazioak.

4. Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio gutxienez entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galtzea.

–Zehapen ekonomikoa, 600 eta 1.000 euro artekoa.

–Kirol instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Baldin kalte-galerarik eragin bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz, zehapenean agindu daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen oso astunek 3 urtera preskribatuko dute.

32. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen-araubidea: urriaren 1eko 40/2015 Legea (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea), urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

AÑEZKARKO ITURBIDEA UDAL PILOTALEKUAREN ERREGELAMENDUA

3. Erreserben kudeaketa:

–Erreserbak eginen dira udal bulegoetan eta/edo online erreserba-zentroan, zer funtzionamendu irizpide ezartzen duen Kirol Zerbitzuak. Udalerrian erroldatutakoek lehentasuna izanen dute.

–Erreserbak eginen dira ordu osoetarako. Erabiltzaile batek ezin izanen ditu erreserbatu bi ordu baino gehiago eguneko.

5. Argien sistemak fitxekin funtzionatzen du. Horiek erosten ahal dira udal bulegoetan eta/edo online ordainketa-pasabidearen bidez. Argiaren orduko prezioa izanen da urtero ezartzen dena Tasen eta prezio publikoen ordenantza fiskalean.

Iragarkiaren kodea: L2611012