Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
285E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, 2026ko "Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzak" deialdia onesten duena. DDBN kodea: 925232.
Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten batean eman du aditzera ezen, ikerketa, zientzia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen modernizazio eta aurrerakuntzarako elementuak diren aldetik, Nafarroako Gobernuak horiek garatzeko egiten dituen ekintzen artean daudela Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza programen deialdiak, helburu dutenak ikertzaileak trebatzea eta ikerketarako talentua erakartzea, Nafarroarentzat interesa duten ikerketa-proiektuak egite aldera. Programa horiek guztiek eratzen dituzte Prestakuntzarako eta I+Grako Laguntzen Planak izenekoak, helburu estrategiko nagusi batekin: ikertzaileen masa kritiko bat trebatzea eta lortzea Nafarroan, Foru Komunitatean ezagutzan oinarritutako eredu sozioekonomikoaren garapena bultzatzeko gai izanen dena.
Txosten horretan esaten da, halaber, helburu estrategiko hori ez ezik, plana osatzen duten askotariko programak beste helburu zehatzago hauek ere lortzera bideratuta daudela: a) Doktoreen prestakuntza sustatzea laguntza bidez, Nafarroarentzat interesa duten doktorego programak egin ditzaten, Nafarroako goi mailako hezkuntzaren eta ikerketa zientifikoaren sisteman ikerketarako talentua sartzeko; b) Ikertzaile berriak kalitateko doktorego programa batean trebatu eta gaitu daitezen bultzatzea, ikerketa zientifikoaren esparruan; c) Unibertsitateetako ikerketa-departamentu eta -institutuak sendotzea, interes estrategiko handieneko arloetan kalitateko prestakuntza jaso duten ikertzaileak hartuz, eta d) Nafarroako ikertzaile eta unibertsitateek egiten duten ikerketa-lana nazioartekotu dadin laguntzea. Amaitzeko, txostenak dio arestian aipatutako d) helburua lortzeko 2026an abiatu beharreko programetako bat dela Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzen Programa, zeinak laguntzak ematen baitizkie, ikerketa-egonaldiak egin ditzaten atzerriko zentroetan, Nafarroako Gobernuak ematen dituen doktoratu aurreko laguntzen onuradunei, edo, beste entitate batzuek emandako doktoratu aurreko laguntzekin doktoregoa Nafarroako unibertsitateetan egiten ari direnei.
Horiek horrela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
EBAZTEN DUT:
1. Onestea "Doktoratu aurretik nazioartean mugitzeko laguntzak" deialdia, zeinaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri baitira.
2. Urte anitzeko gastua erreserbatu eta baimentzea, 225.000 eurokoa gehienez, 2026ko eta 2027ko "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-322302 gastu partidaren kargura, edo 2027ko aurrekontuan horretarako gaitzen denaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
Deialdirako gehieneko gastuaren banaketa honako hau da:
2026KO AURREKONTUA | 2027KO AURREKONTUA | GUZTIRA |
180.000 euro | 45.000 euro | 225.000 euro |
3. Ebazpen hau eta haren eranskina, non deialdiaren oinarriak baitaude, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 17an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK. DOKTORATU AURRETIK NAZIOARTEAN MUGITZEKO LAGUNTZAK, 2026
1. oinarria.–Xedea.
Deialdi honen xedea da laguntza osagarriak ematea doktoratu aurreko laguntza bat jasotzen duten doktoregoko ikasleak nazioartean mugitzea sustatzeko, betiere haien prestakuntza programa indartzeko eta haien tesien garapena bultzatzeko asmoz. Orobat, Nafarroako ikertzaileek eta unibertsitateek garatutako ikerlanaren nazioartekotzea bultzatu nahi da.
2. oinarria.–Laguntzen tipologia eta zenbatekoa.
Laguntzetan kontzeptu hauek sartuko dira:
a) Mantenu eta ostatu hartzeko gastuetarako hileroko laguntza bat, eskatzaileek jasotzen duten doktoratu aurreko laguntza osatzeko. Kontzeptu honetarako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurreikusi den modulua, 40 eurokoa eguneko (hilean 30 egun), biderkatuko da I. eranskinean ezarritako taulan ageri den zuzenketa koefiziente batekin. Kontzeptu honetako gehieneko laguntza 13.500 eurokoa izanen da.
b) Bidaia-gastuetarako laguntza bat, destinoko herrialdea zein den, taula honen arabera:
DISTANTZIA | 1.000 km BITARTE | 1.001 km - 2.500 km | 2.500 km BAINO GEHIAGO |
Lekualdatzeko gastuak | 300 euro | 600 euro | 1.200 euro |
c) Istripuetarako eta osasun laguntzarako asegurua kontratatzeko finantzaketa, Europako osasun txartelak balio ez duen herrialdeetan egiten diren egonaldietarako. Kontzeptu horrengatik egonaldiaren hilabete bakoitzeko 200 euroko laguntza emanen da eta, osotara, 1.200 euro gehienez.
3. oinarria.–Finantzaketa.
Laguntza deialdi honen ondoriozko gastuak 2026ko eta 2027ko aurrekontuetako "Prestakuntzarako eta Ikerketa eta Garapenerako (I+G) Planerako laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-322302 partidari egotziko zaizkio, aurrekontu-baliabideen arabera. Deialdi honetarako 225.000 euroko gastua eginen da gehienez, urteka honela banatua:
–2026. urtea: 180.000 euro gehienez.
–2027. urtea: 45.000 euro gehienez.
4. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Egun indarrean dauden deialdietan Nafarroako Gobernuak doktore-tesia egiteko emandako laguntza baten onuraduna izatea; edo, bestela, doktorego programa Nafarroako unibertsitate batean egiten egotea (Nafarroan dagoen campus unibertsitario batean), eta kontratu gisako doktoratu aurreko laguntza baten onuraduna izatea, entitate publiko edo pribatu batek emana. Doktoratu aurreko laguntza indarrean egonen da eskatutako egonaldi osoan.
2. Gutxienez ikasketa-aldiko 6 hilabete egin izana matrikulatuta dauden doktorego programan. Salbuespenez, aldi hori bete ez duten eskaerak onartzen ahalko dira, baldin eta tesiaren zuzendariaren txostena aurkezten bada, non berariaz justifikatzen baita egonaldia egitea egokia dela doktore-tesia egiteko onetsitako plangintzaren arabera.
3. Harrerako zentroan egonaldia egiteko onartua izatea. Egonaldia 2026. urtean hasi beharko da, nahitaez.
4. Atxikipen zentroak emandako txostena izatea, doktoratu aurreko laguntza ematearen aldekoa.
5. Doktoratu aurretik mugitzeko laguntzak lehenago jaso badituzte, horiek eta oraingo deialdian eskatutakoak ezin dute batera 12 hilabete baino gehiagoko iraupena izan.
6. Ezin izanen zaie deialdi honetako dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuren batean daudenei.
5. oinarria.–Atxikipen zentroak.
1. Deialdi honen ondorioetarako, atxikipen zentroa izanen da doktoratu aurreko laguntza (deialdi honen onuradun izateko bidea ematen duena 4.4 oinarriari jarraikiz) kudeatzeaz arduratzen den unibertsitatea edo erakundea.
2. Atxikipen zentroak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.
6. oinarria.–Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.
Laguntza hauen xedeko egonaldiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntzek prestakuntza programa zuzenean indartzea eta tesiaren garapena bultzatzea izanen dute oinarrizko xede. Egonaldian eginen diren jarduerak (ikerketa-laborategietan jardun, askotariko liburu edo agiri funtsak kontsultatu, teknika instrumental berriak ikasi eta beste landa-lan batzuk egin) emandako laguntzen xedeak betetzeko garrantzitsu eta lagungarritzat jo behar dira. Balorazio positiboa emanen zaio jarduerek atxikipen zentroaren eta egonaldiko zentroaren arteko loturak eta harremanak ezartzeko duten potentzialtasunari, Nafarroako I+G+B sistema nazioartekotzeko lagungarriak badira.
b) Oro har, egonaldiak atzerriko ikerketa-zentro edo -talde batean eginen dira.
c) Salbuespen gisa, egonaldia Espainiako ikerketa-zentro edo -talde batean egiten ahalko da, ikerketa-zentro edo -talde hori egokia dela eta nazioartean izen handia duela justifikatuz gero, baldin eta egonaldia ez bada hiru hilabete baino luzeagoa.
Kasu horretan, destinoko zentroa ezin da egon onuradunaren atxikipen zentroa kokatua dagoen udalerri berean, eta ohiko bizilekua aldatu beharra eragin beharko du. Gainera, familiaren bizilekua ez den beste batera joan beharko du, eta aurreko prestakuntza zentroan ez beste batean jardun.
d) Destinoko ikerketa-zentro edo -taldeak izen handia izan beharko du interesdunari emandako doktoratu aurreko laguntzaren xedeko doktore-tesiaren edukiaren eremu zientifiko, tekniko edo artistikoan.
e) Laguntza hauen xede izan daitezkeen egonaldiak gutxienez hilabetekoak izanen dira, eta, gehienez, sei hilabetekoak. Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko beste baten arteko tutorekidetza-araubidean egiten diren tesien kasuan, atzerriko unibertsitate horretan 9 hilabete arteko egonaldiak egiteko eskatzen ahalko da.
7. oinarria.–Prozeduraren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Unibertsitateko zuzendari nagusiak deialdi hau onesteko emandako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratzen denean hasiko da prozedura.
2. Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz erabakiko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, honako instrukzio jarduketa hauek eginen ditu, besteak beste: beharrezkotzat jotzen dituen ebaluazio txostenak eskatzea, deialdia aplikatzetik sor litezkeen auziak konpontzea eta deialdia garatzeko eta betetzeko jarraibideak ematea.
3. Eskaerak 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz baloratuko dira, artikulu honetan azaltzen diren alderdi orokorrekin bat.
4. Eskaerak baloratzeko, balorazio batzordea eratuko da, honela osatua:
–Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeburua izanen da.
–Unibertsitateko Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.
–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duena, idazkari moduan.
Batzordeak aholkua eskatzen ahalko die gaian adituak diren pertsona fisikoei edo entitateei.
Batzordearen erabakiak lotesleak izanen dira.
5. Batzordea eraturik, honek laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez ere hilabeteko epean. Proposamena laguntzen fitxan emanen da argitara, onuradunen eta horien atxikipen zentroen zerrenda izenduna barne, eta gutxienez hamar egun naturaleko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ahal ditzaten.
6. Laguntza eskuratzeko behin-behinean proposatu diren interesdunek, epe horretan bertan, erantzukizunpeko adierazpen eguneratua aurkeztu beharko dute, lehenago eskuratutako mota bereko beka eta laguntzei eta beren lan egoerari buruzkoa.
Epe horretan erantzuten ez badute, interesdunei jakinaraziko zaie bost egun naturaleko epe luzaezina izanen dutela aipatu agiriak aurkezteko, eta hala ere erantzunik ematen ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da, ebazpen administratiboa eman ondoren.
7. Interesdunek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.
8. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak ebatziko du, instrukzio organoaren proposamenez. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epea izanen da ebazpena eman eta argitaratzeko. Epe horretan ebatzi ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.
9. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxan argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-de-movilidad-predoctoral-internacional-2026 webgunean (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
8. oinarria.–Eskaerak egiteko epea eta prozedura.
1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Prozesu honetan parte hartzen dutenek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez deialdi honen ondoriozko administrazio prozeduraren tramite guztietarako. Jakinarazpenetarako helbide elektroniko bat eman beharko dute nahitaez eskaera egiteko formularioan.
Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioa beteta.
Formulario telematiko horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen adierazpena, eta, bestetik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari ematen dion baimena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ahal dezan. Eskaeran eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
3. Laguntzen fitxaren bitartez aurkeztuko dira, behar bezala betetako formularioarekin batera, fitxategi bereizietan eta izenarekin behar bezala identifikaturik, honako agiri hauek:
A. Dokumentazio administratiboa.
A1) Harrerako zentroak egonaldia onartzen duela frogatzeko agiria.
A2) Eskatzailearen atxikipen zentroak (hots, doktoratu aurreko laguntzari dagokionak) emandako txostena, egonaldia egitearen aldekoa. Txosten horretan adierazi beharko da deialdi honetan araututako betebeharrak betetzeko konpromisoa, bereziki entitate kolaboratzaile izaera bere gain hartzekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.
A3) Nafarroako Gobernuaren doktoratu aurreko laguntzen onuradun ez diren eskatzaileek, aurrekoez gain honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte: doktorego programako matrikularen gordekina eta doktoratu aurreko laguntza baten onuradun direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
B. Eskaerak behar bezala puntuatzeko behar den dokumentazioa.
B1) Egin beharreko egonaldiaren justifikazio memoria (1.000 hitz gehienez). Memoria behar bezala puntuatzeko behar diren datuak azaldu beharko dira, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera. Bereziki, datu hauek jasoko dira: egonaldiaren helburua, lan plana eta harrerako ikertzaileari, taldeari eta zentroari buruzko informazioa. Memoriari ikerketaren tutorearen edo tesiaren zuzendariaren txostena eta oniritzia erantsi behar zaizkio; bertan adierazi beharko da egonaldia komenigarria dela bekadunaren prestakuntzarako, eta aukeratu den destinoko zentroa eta bete beharreko lan plana egokiak direla. Berariaz adierazi beharko da, orobat, egonaldia edo lekualdatzea atxikipen unibertsitatearen eta destinoko zentroaren arteko baterako ikerketa-proiektu baten edo doktorego programa baten barrenean egiten den.
B2) Tesiaren egungo egoerari buruzko txostena, honako hauen berri emateko, labur eta zehatz: eskaera aurkezten den egunerako noraino bete diren aurreikusitako eginkizunak, gertatu diren desbideratzeak eta lortu diren emaitzak (argitalpenak, komunikazioak, etab.). Alegatutako emaitzak behar bezala justifikatuta badaude baizik ez dira kontuan hartuko.
B3) Nafarroako unibertsitate sistema nazioartekotzeari buruz 10.2.c oinarrian ezarritako puntuazioa lortzeko, berariazko atalak bete beharko dira eskaera egiteko formulario telematikoan, eta fitxategi bereizietan erantsi bertan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.
4) Eskatzaileek ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuaren jabetzako fitxategi batean sartuko dira, laguntza ematearen gainean ebazteko eta, ondoren, deialdi honetan azaltzen denari jarraikiz kudeatzeko asmoz. Kudeaketa horrek berekin ekar dezake zenbait datu lagatzea hirugarren entitate publiko nahiz pribatu batzuei, entitate horiek laguntzen kudeaketaren prozesuan esku hartzea beharrezkoa izateagatik edo lagapena lege mailako arauren batean aurreikusita egoteagatik. Litekeena da, halaber, datuak ematea laguntzak kudeatzeko eskumena duten Administrazioaren beste organo batzuei.
9. oinarria.–Eskaerak onartzea.
1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda.
Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost eguneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko.
2. Zuzenketa-tramitea egindakoan eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
10. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Balorazio batzordeak, deialdi honen 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituz eraturik, kontuan izanik baliagarri dauden finantzabideak eta eskaera bakoitzak lortutako puntu kopurua, laguntzak emateko proposamena eginen dio instrukzio organoari.
2. Laguntzak emateko proposamena egiteko, lehentasun ordena ezarriko da lortutako puntuazioaren arabera, honako irizpide hauei jarraituz:
a) Tesi proiektuaren egoera, eta egonaldiak haren garapenean izan dezakeen eragin mesedegarria: 6 puntu gehienez, honela banatuta:
–Tesiaren garapenaren egoera (argitalpenak, komunikazioak eta lortutako beste emaitza batzuk, doktoregaia egile gisa agertzen bada): 2 puntu gehienez.
–Egonaldiaren xedea eta tesiaren edukiarekin eta helburuekin duen lotura: 2 puntu gehienez.
–Egonaldiaren lan plana, eta haren iraupena zenbatean egokitzen den egin beharreko jarduerarekin: 2 puntu gehienez.
b) Harrerako zentroaren, taldearen eta ikertzailearen egokitasuna eta kalitatea, onuradunen prestakuntza hobetzeari begira: 3 puntu gehienez.
c) Nafarroako unibertsitate sistema nazioartekotzeko bultzada: 7 puntu gehienez. Egonaldia honako baldintzetan egiteagatik emanen dira puntuak:
–Egonaldia atzerriko unibertsitate batean egiteagatik, baldin eta Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko beste baten arteko tutorekidetzarako hitzarmen baten esparruan egiten bada: 5 puntu. Bi zentroak baldin badira Erasmus+ programako 2. gako ekintzaren barnean onartutako "Europako unibertsitate aliantza" bateko kide, 2 puntu gehiago emanen dira.
–Egonaldia tesiaren zuzendarikidearen atxikipeneko atzerriko unibertsitate edo ikerketa-zentro batean egiteagatik: 3 puntu.
–Egonaldia atzerriko unibertsitate edo ikerketa-zentro batean egiteagatik, dela Nafarroako unibertsitate baten eta atzerriko unibertsitate baten arteko ikerketa-proiektu bateratu baten esparruan, dela WIT programaren esparruan: 2 puntu.
–Egonaldia Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdekoa den atzerriko unibertsitate edo ikerketa-zentro batean egiteagatik: 1 puntu.
4.1 oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, Nafarroako unibertsitate sistema nazioartekotzeko bultzadagatik aurreikusitako puntuazioa emateko, edozein ataletakoa, beharrezkoa izanen da eskatzaileak doktorego programa bat egitea Nafarroan kokatutako campus unibertsitario batean.
d) Izangaien doktoratu aurreko laguntza finantzatzen duen entitatea nolakoa den:
–Laguntza administrazio publiko batek ematen badu: 5 puntu.
–Laguntza unibertsitate publiko batek ematen badu: 3 puntu.
–Laguntza unibertsitate edo entitate pribatu batek ematen badu: 1 puntu.
Azken puntuazioko berdinketak ebazteko, c, a, b eta d irizpideetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio hurrenez hurren, eta, berdinketak jarraitzen badu, eman beharreko laguntzaren zenbateko txikiena dakarren eskaera lehenetsiko da.
3. Ez zaie laguntzarik emanen a eta b irizpideetan erdietsitako puntuazioak batuz 6 puntura iristen ez diren eskaerei.
4. Laguntza ukatzen ahalko da aurrekontuko partidan eskaera guztiei erantzuteko diru aski ez badago. Horrelakoetan, eman beharreko gehieneko laguntza kopurua zehaztu ondoren, laguntzak lehentasun ordenari jarraikiz emanen dira, aurrekontua agortu arte.
5. Onartu edo ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzaren fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, bost eguneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.
6. Epe horretan berean, laguntza eskuratzeko behin-behinean proposatu diren interesdunek onarpen idazki bat aurkeztu beharko dute, bai eta erantzukizunpeko adierazpen eguneratu bat ere, lehenago eskuratutako mota bereko beka edo laguntzei buruzkoa.
7. Interesdunek aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherez batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du.
8. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak ebatziko du, instrukzio organoaren proposamenez. Ebazpena eman eta interesdunei jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan ebatzi ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Ebazpena laguntzen fitxan argitaratuko da.
11. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
1. Laguntzaren zenbatekoa atxikipen zentroen bitartez ordainduko zaie interesdunei, bi zatitan: lehena, laguntzaren %80ra artekoa, aurrerakin gisa, laguntzak emateko ebazpenaren bidez; bigarrena, gainerako zenbatekoa, laguntza amaitzean, gastuen egiaztagiriak eta bukaerako gainerako agiriak 14. oinarrian ezarritako moduan aurkeztu ondoren.
Nolanahi ere, ordainketa modua aldatzen ahalko da, deialdi honek barne hartzen dituen aurrekontu ekitaldi bakoitzerako (2026 eta 2027) aurrekontu-baliabideei egokitzeko. Doikuntza hori egiteko, lehentasunez, zati batean 2027an egiten diren egonaldietarako aurrerakin gisa ordaindu beharreko laguntzaren ehunekoa murriztuko da, eta tarteko ordainketa bat eginen da, murriztutako zenbatekoa adinakoa, 2027ko otsailean.
2. Mugitzeko laguntzak errenta salbuetsitzat joko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 7.h) artikuluari jarraikiz.
12. oinarria.–Atxikipen zentroen betebeharrak.
1. Betebehar orokorrak:
a) Deialdi honetako laguntzen onuradunak atxikitzen zaizkienean, unibertsitateak laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile bihurtuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta laguntzak unibertsitate horien bitartez ordainduko dira.
b) Dirulaguntzei buruzko Legean ezarritakoaren ondorioetarako, ez da beharrezkoa izanen bestelako lankidetza hitzarmenik sinatzea, doktoratu aurretik mugitzeko deialdi honi aplikatuko baitzaio doktoratu aurreko laguntzen deialdirako aldeen artean sinatutako hitzarmena.
c) Nafarroako Gobernuko organo eskudunek eskatzen dieten informazioa ematea.
2. Mugitzeko dirulaguntzen onuradunei lotutako betebeharrak:
a) Unibertsitateari lotuta dauden onuradunei emandako dirulaguntzen ordainketa egitea, deialdian zehaztutakoaren arabera.
b) Deialdian eskatutako justifikazioak eta egiaztagiriak aurkeztea eta informazioa ematea.
c) Dirulaguntzak zertarako eman, hartarako erabili direla egiaztatzea. Ulertuko da dirulaguntza ez dela erabili, zertarako eman zen, hartarako, frogatzen ez bada mugitzeko dirulaguntzaren xede zen prestakuntza edo ikerketa-jarduera egin dela.
13. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.
Mugitzeko dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Dirulaguntzaren xede den jarduera egitea, eta zehazturiko egonaldia egitea, horretarako ezarritako destinoko unibertsitatean.
2. Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren jarduerak egin daitezen onartzea.
3. Beste administrazio batetik edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik, nazionala izan nahiz atzerrikoa, helburu bererako dirulaguntzarik jaso duten adieraztea unibertsitateari.
4. Behar bezala frogatzea, mugitzeko destinoko zentroak emandako ziurtagiriaren bitartez, prestakuntza prozesuko etapak bete izana, eta, zehazki, irakaskuntzako jardueretan eta praktiketan parte hartu izana, eta nork bere ikasketen programazioan egin beharreko proba eta azterketak egin izana, edo egonaldiaren xede diren ikerketa-jarduerak egin izana; eta kredituetako matrikularen kasuan, dirulaguntzaren xede diren kredituetatik gutxienez %75 gainditu izana.
5. Unibertsitateko Zerbitzuak zientzia eta nazioartekotzea sustatu eta bultzatzeko antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, eskatzen bazaie. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoirik izan gabe parte hartzen ez badute, konpromisoa ez dutela bete ulertuko da, 16. oinarrian aurreikusitako ondorioekin.
14. oinarria.–Aldaketa, jarraipena, justifikazioa eta amaiera.
1. Mugitzeko dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egin ahal izateko, aurretik, Unibertsitateko Zerbitzuaren baimena beharko da. Horretarako, eskaerarekin batera, aldaketa justifikatzen duten agiri osagarriak aurkeztu beharko dira. Eskatzen diren aldaketek ez dute inola ere ekarriko dirulaguntza handitzea edo jatorrizko helburuak ez diren xedeetarako erabiltzea.
2. Unibertsitateko Zerbitzuaren eskumena izanen da emandako dirulaguntzen jarraipena egitea, eta beharrezkotzat jotzen dituen organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu behar diren jarduketak egiteko eta dirulaguntzen aplikazio egokia egiaztatzeko.
3. Unibertsitateko Zerbitzuak jarraipenerako beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei eta unibertsitateei.
4. Onuradunak eta, entitate laguntzaileak diren aldetik, unibertsitateak ere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak ahaldundutako erakundeek egiten dituzten kontrol jarduketei loturik egonen dira.
5. Unibertsitateek, entitate laguntzaileak diren aldetik, dirulaguntzak onuradunei ordaindu izana frogatu beharko dute Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoari jarraikiz.
6. Egonaldia amaiturik, itzultzen diren egunaren biharamunetik hasita hamabost eguneko epean, onuradunek egonaldia egin dutela justifikatuko dute. Bekadunek justifikazio idazkia aurkeztu beharko diete laguntzen atxikipen zentroetako organo eskudunei, honako agiriak erantsita:
a) Harrerako taldearen arduradunaren ziurtagiria, egonaldia zein egunetan hasi eta amaitu den adierazten duena. Ziurtagiri hori ostatu eta mantenuaren kontzeptuko gastuaren egiaztagiritzat hartuko da.
b) Bidaia gastuak (garraioa) justifikatzen dituzten agiriak, interesduna atxikipen zentrotik egonaldirako harrerako zentrora joateak eta handik itzultzeak sortutakoak.
c) Azalpen memoria, gehienez ere 1.000 hitzekoa, tesiaren zuzendariak ontzat emana. Memoria horren hasieran tesiaren proiektuaren izenburua jarriko da.
7. Onuradunak egonaldiaren justifikazioa aurkezten duenetik hilabete igaro baino lehen, atxikipen zentroek onuradunak aurkeztutako agiri guztiak bidaliko dizkiote Unibertsitateko Zerbitzuari laguntzen fitxaren bitartez, eta, haiekin batera, unibertsitateko kudeatzailetzaren edo kontabilitate zerbitzuaren ziurtagiria, non zehaztuko baitira, kontzeptuz kontzeptu, ikertzaileak laguntzaren kargura egindako gastuak, bai eta ikertzaileari atxikipen zentroak eginiko ordainketak ere.
8. Egonaldian ez badira betetzen laguntza ematean ezarritako baldintzak, edo ezin bada hura justifikatu, onuradunak jasotako diru kopuru osoa itzuli beharko du. Hasieran onartutako aldia laburtzen bada, onuradunak arrazoiak justifikatu beharko ditu. Era berean, egindako bidaiaren benetako kostuaren gainetik jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu, hori guztia egonaldiaren helburuari loturik.
9. Jasotako dokumentazioa ikusirik, balorazio batzordeak aldeko edo aurkako txostena idatzi eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, deialdian ezarritako betebeharrak eta gainerako baldintzak betetzeari edo ez-betetzeari, ondoriozko likidazio ekonomikoari eta prozeduraren amaierari buruzkoa.
15. oinarria.–Bateraezintasunak.
Mugitzeko dirulaguntza hauek eta xede bererako ematen den beste edozein laguntza bateragarriak edo bateraezinak diren jakiteko, honako arauak aplikatuko dira:
1. Beste laguntza xede bererako eman dela ulertuko da, baldin eta doktoratu aurretik ikerketa-egonaldiak eta/edo mugitzeko ekintzak egiteko eman bada. Berdin dio berariaz deialdi honetan eskatutako egonaldi bera egiteko eman den ala ez.
2. Beste laguntza Nafarroako Gobernuak emandakoaren aurretik eman bada, eta haren zenbatekoak ez badu gainditzen deialdi honetako laguntzaren %100, bi laguntzak hein batean bateragarriak direla deklaratuko da. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuko laguntzaren zenbatekoari beste laguntzaren zenbatekoa kenduko zaio, halako moduz non onuradunak guztira jasoko duen kopuruak ez baitu Nafarroako Gobernuaren laguntzaren %100 gaindituko. Beste laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, Nafarroako Gobernuaren laguntza osatzen duten kontzeptu berberetarako emandako zenbateko osoa bakarrik hartuko da kontuan.
3. Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso ondoren helburu bereko beste laguntza bat lortuz gero, bi laguntzen bateraezintasuna deklaratuko da, eta horietako bat jasotzea aukeratu beharko da. Beste laguntza onartzeak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuaren laguntzari uko egitea eta jasotako zenbatekoak itzultzeko eskatzea, dagokion interesarekin, horretarako ebazpena eman ondoren.
4. Beste laguntza ez bada berariaz eman egonaldi bera egiteko, baizik eta denboraldi jakin batean egonaldi bat edo gehiago egiteko erabilgarri dagoen funts gisa, 2. puntuan ezarritako kalkuluaren ondorioetarako kontuan hartuko da interesdunak egonaldia finantzatzeko beste laguntza edo funtsaren kargura erabili duen zenbatekoa, Nafarroako Gobernuaren laguntza eman aurretik erabili badu. Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso ondoren erabili badira funts horiek, ondorioa oinarri honen 3. puntuan ezarritakoa izanen da.
16. oinarria.–Ez-betetzeak.
1. Onuradunek deialdi honetan azaltzen diren betebehar eta gainerako baldintzetakoren bat betetzen ez badute, galdu eginen dute eman zaien laguntza. Aldez aurretik horretarako ebazpena emanen da.
Horrek ekarriko du onuradun gisa kontzeptu horrengatik jasotakoa Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, alde batera utzi gabe legezko egintzak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diruari legezko interesa gehituko zaio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoa alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.
2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide proportzionalak honako hauek izanen dira:
a) Laguntzaren xede zientifiko eta teknikoen erabateko eta ageriko ez-betetzea, jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bitartez zehaztua, jasotako dirulaguntza osorik itzultzeko eta ordaindu gabe dauden diru kopuruetarako eskubidea galtzeko arrazoia izanen da.
b) Helburu partzialak edo jardueretako batzuk ez betetzeak haietarako den dirulaguntza zatia itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere bai.
c) Egonaldiaren gauzatze txostenak ez badira deialdian ezarritakoaren arabera aurkezten, jasotako eta justifikatu gabeko diru kopuruak itzuli beharko dira eta, halaber, ordaintzeko dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea galduko da.
3. Kasu bakoitzeko inguruabar guztiak ikusirik, baldin jakiten bada dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutu direla edota dirulaguntza jasotzea eragotziko zuten inguruabarrak ezkutatu direla, dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetuko da eta itzulketa erabakiko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.
17. oinarria.–Araubide juridikoa.
Ebazpen honen bidez araututako deialdian honako xedapen hauek ere beteko dira:
1. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
2. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa.
3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
4. 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua.
5. 1497/1987 Errege Dekretua, azaroaren 27koa, unibertsitate tituluak eskuratzeari eta homologatzeari buruzkoa, ekainaren 10eko 1267/1994 Errege Dekretuaren bidez eta abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatua.
6. 99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, zeinaren bidez arautzen baitira doktorego irakaskuntza ofizialak, uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuaren bidez aldatua.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa izanen da zehapen-prozedura.
Aplikatu beharreko gainerako arau indardunak.
18. oinarria.–Errekurtsoak.
1. Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
ERANSKINA.–ZUZENKETA KOEFIZIENTEEN TAULA, HERRIALDEKA
Zuzenketa koefizientea adierazita ez dagoen herrialdeetan, hautapen batzordeak erabakiko du kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea.
HERRIALDEA (*) | ZUZENKETA KOEFIZIENTEA (%) |
Albania (AL) | 0,74 |
Alemania (DE) | 1,08 |
Angola (AO) | 1,54 |
Saudi Arabia (SA) | 1,04 |
Aljeria (DZ) | 0,74 |
Argentina (AR) | 0,92 |
Armenia (AM) | 1,28 |
Australia (AU) | 1,09 |
Austria (AT) | 1,16 |
Azerbaijan (AZ) | 1,11 |
Bangladesh (BD) | 0,90 |
Barbados (BB) | 1,31 |
Belgika (BE) | 1,06 |
Belize (BZ) | 0,85 |
Benin (BJ) | 1,03 |
Bielorrusia (BY) | 0,80 |
Bolivia (BO) | 0,84 |
Bosnia-Herzegovina (BA) | 0,74 |
Botswana (BW) | 0,75 |
Brasil (BR) | 1,08 |
Bulgaria (BG) | 0,74 |
Burkina Faso (BF) | 0,96 |
Burundi (BI) | 0,93 |
Cabo Verde (CV) | 0,74 |
Kanbodia (KH) | 0,95 |
Kamerun (CM) | 0,97 |
Kanada (CA) | 1,12 |
Txad (TD) | 1,09 |
Txile (CL) | 0,82 |
Txina (CN) | 0,94 |
Zipre (CY) | 0,86 |
Kolonbia (CO) | 0,84 |
Komoreak (KM) | 0,80 |
Korea (KR) | 1,24 |
Boli Kosta (CI) | 0,93 |
Costa Rica (CR) | 0,97 |
Kroazia (HR) | 0,87 |
Kuba (CU) | 1,71 |
Danimarka (DK) | 1,39 |
Ekuador (EC) | 0,91 |
Egipto (EG) | 0,74 |
El Salvador (SV) | 0,92 |
Arabiar Emirerri Batuak (AE) | 1,13 |
Eritrea (ER) | 1,18 |
Eslovakia (SK) | 0,88 |
Eslovenia (SI) | 0,93 |
Espainia (ES) | 1,00 |
Estatu Batuak (US) | 1,58 |
Estonia (EE) | 1,01 |
Etiopia (ET) | 0,99 |
Filipinak (PH) | 0,91 |
Finlandia (FI) | 1,24 |
Fiji (FJ) | 0,84 |
Frantzia (FR) | 1,24 |
Gabon (GA) | 1,16 |
Gambia (GM) | 1,00 |
Georgia (GE) | 0,89 |
Ghana (GH) | 0,81 |
Grezia (EL) | 0,93 |
Guatemala (GT) | 1,07 |
Ginea (GN) | 1,37 |
Ginea Bissau (GW) | 0,93 |
Guyana (GY) | 1,04 |
Haiti (HT) | 1,38 |
Herbehereak (NL) | 1,19 |
Honduras (HN) | 0,95 |
Hong Kong (HK) | 1,25 |
Hungaria (HU) | 0,84 |
India (IN) | 1,01 |
Indonesia (ID) | 0,74 |
Irlanda (IE) | 1,44 |
Islandia (IS) | 1,46 |
Faroe uharteak (FO) | 1,39 |
Salomon uharteak (SB) | 1,20 |
Israel (IL) | 1,17 |
Italia (IT) | 1,00 |
Jamaika (JM) | 1,25 |
Japonia (JP) | 1,56 |
Jordania (JO) | 0,99 |
Kazakhstan (KZ) | 0,92 |
Kenya (KE) | 1,00 |
Kirgizistan (KG) | 0,93 |
Kosovo (XK) | 0,74 |
Lesotho (LS) | 0,74 |
Letonia (LV) | 0,91 |
Libano (LB) | 1,23 |
Liberia (LR) | 1,40 |
Liechtenstein (LI) | 1,74 |
Lituania (LT) | 0,95 |
Luxenburgo (LU) | 1,06 |
Mazedonia (MK) | 0,74 |
Madagaskar (MG) | 0,91 |
Malaysia (MY) | 1,01 |
Malawi (MW) | 0,74 |
Mali (ML) | 1,00 |
Malta (MT) | 0,97 |
Maroko (MA) | 0,85 |
Maurizio (MU) | 0,79 |
Mauritania (MR) | 1,02 |
Mexiko (MX) | 0,82 |
Moldavia (MD) | 0,97 |
Montenegro (ME) | 0,74 |
Mozambike (MZ) | 1,18 |
Myanmar (MM) | 0,74 |
Namibia (NA) | 0,76 |
Nepal (NP) | 0,76 |
Nikaragua (NI) | 0,95 |
Niger (NE) | 0,95 |
Nigeria (NG) | 0,74 |
Norvegia (NO) | 1,35 |
Kaledonia Berria (NC) | 1,01 |
Zeelanda Berria (NZ) | 1,01 |
Pakistan (PK) | 0,74 |
Palestina (PS) | 1,17 |
Panama (PA) | 1,11 |
Papua Ginea Berria (PG) | 1,03 |
Paraguai (PY) | 0,74 |
Peru (PE) | 0,98 |
Polonia (PL) | 0,82 |
Portugal (PT) | 1,00 |
Erresuma Batua (UK) | 1,52 |
Afrika Erdiko Errepublika (CF) | 1,08 |
Txekiar Errepublika (CZ) | 1,03 |
Kongoko Errepublika (CG) | 1,46 |
Kongoko Errepublika Demokratikoa (CD) | 1,51 |
Laosko Herri Errepublika Demokratikoa (LA) | 0,74 |
Dominikar Errepublika (DO) | 0,82 |
Ruanda (RW) | 0,93 |
Errumania (RO) | 0,77 |
Errusia (RU) | 1,23 |
Samoa (WS) | 0,87 |
Senegal (SN) | 0,90 |
Serbia (RS) | 0,79 |
Sierra Leona (SL) | 1,01 |
Singapur (SG) | 1,32 |
Sri Lanka (LK) | 0,87 |
Swazilandia (SZ) | 0,74 |
Hegoafrika (ZA) | 0,74 |
Sudan (SD) | 0,94 |
Suedia (SE) | 1,27 |
Suitza (CH) | 1,74 |
Surinam (SR) | 0,74 |
Thailandia (TH) | 0,83 |
Taiwan (TW) | 0,84 |
Tanzania (TZ) | 1,01 |
Tajikistan (TJ) | 0,79 |
Ekialdeko Timor (TL) | 0,92 |
Togo (TG) | 1,03 |
Trinidad eta Tobago (TT) | 1,07 |
Tunisia (TN) | 0,81 |
Turkmenistan (TM) | 1,12 |
Turkia (TR) | 0,74 |
Ukraina (UA) | 0,85 |
Uganda (UG) | 0,92 |
Uruguai (UY) | 1,04 |
Uzbekistan (UZ) | 0,76 |
Vanuatu (VU) | 1,11 |
Venezuela (VE) | 0,76 |
Vietnam (VN) | 0,76 |
Yemen (YE) | 1,16 |
Djibuti (DJ) | 1,14 |
Hegoafrika (ZA) | 0,74 |
Zambia (ZM) | 0,96 |
Zimbabwe (ZW) | 1,04 |
Iragarkiaren kodea: F2611187
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
