171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2055/2026 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia onesten da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sustatzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen bultzatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko jardueren ildo berean, "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2026. urtea" deialdian (0011-3437-2026-000000 espediente kodea) aparteko finantzaketa lortu zen zenbait jarduera egiteko, eta haien artean dago laguntza ematea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egin ditzaten.

Ikusirik Unibertsitateko zuzendari nagusiak 2026ko ekainaren 11n emandako 159E/2026 Ebazpena eta dirulaguntza horrekin proposatutako jardueren memoria.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia (gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 2.700,00 euro-koa gehienez, sarietarako izanen da, eta "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2026. urtea" deialdiko aurrekontuaren bidez finantzatuko da. Deialdi hori 2026ko martxoaren 30eko 80E/2026 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta Nafarroako Gobernuaren 2026ko ekainaren 11ko 159E/2026 Ebazpenaren bidez ebatzi.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.135B 0330 480.25. Katedren sariak. 2.700,00 euro (2026/0001635 espedientea).

Hirugarrena.–Deialdiak bi sari ditu modalitate bakoitzean (gradu amaierako lana eta master amaierako lana): 900,00 euro irabazlearentzat eta 450,00 euro bigarren sailkatuarentzat.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara dadila agintzea.

Era berean, aipatutako argitalpena alde batera utzi gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra deialdiari ahalik eta zabalkunderik handiena emateaz arduratuko da katedraren webgunearen bidez, esteka honetan: https://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 14an.–Martín Larraza Quintana, Ikerketako errektoreordea.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

Ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren VIII. edizioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak deitua

Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sustatzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako titulazioetan sar daitezen bultzatzeko (ZTIM titulazioak).

Helburu horiek lortzeko jardueren ildo berean, "Nafarroako unibertsitateetako katedrek egindako proiektuetarako dirulaguntzak. 2026. urtea" deialdian aparteko finantzaketa lortu zen zenbait jarduera egiteko, eta haien artean dago laguntza ematea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egin ditzaten.

Horretan oinarrituta, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako gradu amaierako lanei (GAL) eta master amaierako lanei (MAL) buruzko poster lehiaketaren VIII. edizioaren deialdia egin du.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko posterrik hoberenei lau sari emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera. Bi sari emanen dira modalitate bakoitzeko (GAL eta MAL).

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 2.700,00 euroko aurrekontua du guztira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko Katedren sarietarako izeneko 30.30.00.135B. 0330 480.25 partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitateak.

Sarien deialdiak modalitate hauek izanen ditu:

A.–Gradu amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emanen zaio gradu amaierako lan bati buruzko posterrik hoberenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

B.–Master amaierako lanen modalitatea: 900 euroko lehen sari bat emanen zaio master amaierako lan bati buruzko posterrik hoberenari, eta 450 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.

Sari horien zenbatekoa lan errendimendutzat jotzen da, eta Zergaren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritako taulari eta jarraibideei jarraikiz lortuko da atxikipenaren ehunekoa.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko ikasle guztiek izanen dute sari hauen deialdian hautagai izateko aukera, betiere 2025-2026 ikasturtean zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketa amaierako lan bat (GALa edo MALa) defendatu badute.

A kategoriaren kasuan (gradu amaierako lanak), gainera, ikasketak beste unibertsitate batean egin dituzten emakumezko ikasleek ere har dezakete parte, betiere 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuak badaude.

Deialdi honetan lehiatzen diren gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak defendatuta eta gaindituta egon behar dira hautagaitzak aurkezteko azken egunean.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den inprimaki normalizatua betez.

Gainera, eskaera-inprimaki normalizatuarekin batera, lehiaketara aurkezten duten poster zientifikoa erantsi beharko dute, PDF formatuan.

Ondoren, eta epaimahaiak hala eskatzen badu bakarrik, poster hori bera paperean entregatzeko jarraibideak emanen dira. Hala, posterraren gehieneko neurria 1189 mm x 841 mm-koa izanen da (A0); diseinua horizontala nahiz bertikala, eta IALaren ideia garrantzitsuenak islatuko dira bertan.

Posterrak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2026ko irailaren 20an bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Hautagaitzak gradu amaierako lanaren edo master amaierako lanaren zuzendarien baimena izan beharko du, eta haien sinadura ere eduki beharko du parte hartzeko eskabidean.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Lehiaketa.

6.1. Lehiaketa Ikertzaileen Gau Europarraren esparruan eginen da, zeina 2026ko irailaren 25ean izanen baita, ostiralarekin. Posterren defentsa eta sari-banaketa non eta zer ordutan izanen diren lehiaketa baino 2 egun lehenago argitaratuko da beranduenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia/?languageId=100001).

6.2. Lehiaketa gauzatzeko modua:

1. Lehiaketaren egunean, antolatzaileek erabakitzen duten ordutegian, parte-hartzaileek beren lanaren ahozko aurkezpena egin beharko dute, beren posterra oinarri hartuta eta modu dibulgatzailean, hau da, jende guztiak ulertzeko moduan. Horren ondoren, epaimahaikideek edo ekitaldira joaten direnek egiten dituzten galderei erantzun beharko diete parte-hartzaileek.

2. Parte-hartzaile bakoitzak 5 minutu izanen ditu posterraren azalpena egiteko.

3. Antolatzaileek inprimatuko dituzte posterrak koloretan eta paper matean, eta haiek ordainduko dute horren gastua. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak 2026ko abendura arte gordeko ditu poster guztiak, eta antolatzen dituen ekitaldietan erakusteko aukera izanen du.

4. Saririk irabazten ez duten hautagaiek 2027ko urtarriletik aurrera izanen dute beren posterrak eskatzeko aukera. Saritutako posterrak, berriz, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrarentzat izanen dira.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du sariak nori eman:

–Miren Gurutze Pérez Artieda, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu izanen baita.

–Eva Perujuániz Bermúdez, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko zuzendari nagusia, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–María Milagros Ganuza Hernández, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Komunikazioko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiko idazkari izanen baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, kideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak emateko prozesua.

8.1. Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat parte-hartzaileak baloratzeko garaian:

1. IALaren kalitatea: zientziaren eta teknologiaren arloari egindako ekarpena.

2. Posterraren kalitatea: laburra eta argia izatea eta ongi aurkeztua egotea.

3. Azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak, eta denbora-egokitzapena: erantzunen zehaztasuna eta lanari buruzko galdera teknikoei labur erantzuteko gaitasuna.

8.2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

8.3. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du aurkeztu diren ikasketa amaierako lanei buruzko poster onenak saritzeko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

8.4. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

8.5. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.6. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Unibertsitatearen Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak ere bere webgunean argitaratuko du.

Bederatzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

Sarituek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Irudi-eskubideak eta datuak argitaratzekoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta posterrak, baita lehiaketan egindako argazkiak argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Hamaikagarrena.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua NUPen Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari lotutako sariak antolatzea eta ematea da.

Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Hamabigarrena.–Argitalpena.

Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, eta, azken horretan, baita deialdia aplikatuz emandako gainerako egintzak ere.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak bere komunikazio kanalak erabiltzen ahalko ditu deialdiari eta hari loturiko ekitaldiei zabalpena emateko. Zabalpen hori informatiboa eta osagarria izanen da, hau da, ez du ordeztuko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean eginen den argitalpen ofiziala.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2611487