Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
172E/2026 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarazko ikerketa bat egitea sustatzeko laguntza baten deialdia. DDBN kodea: 915876.
Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta, horretan adierazten duenez, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legean sartu da honako partida hau, 25.000 euroz hornitua: G10001 G1100 4800 322303 partida, "Euskarazko tesiak egiteko doktoratu aurreko laguntzak" izenekoa. Aurrekoarekin bat etorriz, euskarazko doktorego-tesi bat egiteko laguntza-deialdia sortu da. Deialdi honen xedea da euskarazko doktorego-ikerketa sustatzea. Horretarako, laguntza bat emanen da, norgehiagokako araubidean, urtebetez euskarazko ikerketa bat egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktorego-programa baten barruan, helburua izanik euskarazko ikerketa-proiektu original bat / doktorego-tesi bat egitea. Ikerketa horrek euskaraz zabalduko den jarduera sortu beharko du.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarazko ikerketa bat egitea sustatzeko laguntza baten deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 25.000,00 euroko gastua baimentzea, honela:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G10001-G1100-4800-322303: Euskarazko tesiak egiteko doktoratu aurreko laguntzak | 2026 | 25.000,00 euro |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).
Iruñean, 2026ko ekainaren 25ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.
DEIALDIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN EUSKARAZKO IKERKETA BAT EGITEA SUSTATZEKO LAGUNTZA BAT EMATEKO
1. oinarria.–Xedea edo helburua.
Deialdi honen xedea da euskarazko doktorego-ikerketa sustatzea. Horretarako, laguntza bat emanen da, norgehiagokako araubidean, urtebetez euskarazko ikerketa bat egiteko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktorego-programa baten barruan, helburua izanik euskarazko ikerketa-proiektu original bat / doktorego-tesi bat egitea. Ikerketa horrek euskaraz zabalduko den jarduera sortu beharko du.
2. oinarria.–Baldintzak.
Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte bai doktorego-tesia egiten ari direnek bai doktorego-tesia hasiko dutenek. Nolanahi ere, baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Euskaraz dakitela frogatzea: C1 maila edo baliokidea.
2.2. Matrikulatuta egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2026-2027 ikasturtean, edo, gutxienez, doktorego-programa bat egiteko onartua izatea eskatu izana, ikerketa-proiektu bat egiteko (euskarazko doktorego-tesia). Ikerketa horrek euskaraz zabalduko den jarduera sortu beharko du.
Matrikulazioa egiaztatzen ez duten eskaerak kautelaz onartuko dira. Laguntza emanen da baldin eta eskatzaileak frogatzen badu benetan matrikulatuta egon dela laguntza onartzeko ezarritako epean. (10.4 oinarria).
2.3. Laguntza ematearen aldeko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txosten bat izatea.
2.4. Hiru urtetik gorako doktoratu aurreko laguntzarik jaso ez izana aurretik kontratu gisa.
Deialdi honen ondorioetarako, doktoratu aurreko laguntzatzat hartuko dira doktoratu aurreko prestakuntzarako, ikerketa-proiektuak garatzeko edo espezializazio zientifiko edo teknikorako emandako laguntza guztiak, baldin beren helburuen artean badago onuradunak doktorego-ikasketak egitea.
2.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintza orokorrak betetzea eskaerak aurkezteko epean.
3. oinarria.–Laguntzaren aurrekontu-esleipena, ezaugarriak eta kudeaketa.
3.1. Laguntza hau dirulaguntza bat izanen da. Laguntza hauen ondoriozko gastuak 2026ko partida honi egotziko zaizkio: G10001 G1100 4800 322303 partida, "Euskarazko tesiak egiteko doktoratu aurreko laguntzak" izenekoa. Gehienez 25.000 euroko gastua eginen da deialdi honen kargura.
3.2. Laguntza doktoratu aurreko kontratua izanen da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean ezarri bezalakoa. Zenbatekoa 25.000 eurokoa izanen da, eta zenbateko horrekin finantzatuko dira bai soldata-ordainsariak bai Gizarte Segurantzako enpresa-kuotaren kostuak, laguntza egituratuko duen doktoratu aurreko kontratukoak. Kontratuetako hileko gutxieneko ordainsariak 1.305,10 eurokoak izanen dira. Laguntza 12 hilerokotan eta bi aparteko ordainsaritan ordainduko da.
3.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, eskatzailearen atxikipen zentroa denez, laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.
Atxikipen zentroak bere gain hartu beharko du emandako laguntzak gainditzen dituen kontratatze edo azkentze kostu oro, Gizarte Segurantzako enpresa-kuotarenak barne, aplikatzekoa den araudiaren ondorioz soldatak igotzen direnean.
4. oinarria.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
4.1. Laguntza hau emateko prozedura norgehiagoka-araubidekoa izanen da, eta izapidetuko da publikotasun, objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez.
4.2. Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio-organoa, eta ofizioz erabakiko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Instrukzio-jarduketak izanen dira, besteak beste, sortzen diren arazo guztiak ebaztea eta prozedura garatzeko eta betetzeko jarraibideak prestatzea.
4.3. Eskaerak hautatzeko batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:
a) Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
b) Unibertsitateko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
c) Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona, idazkari moduan.
Batzordeak aholkua eskatzen ahalko die, organo kudeatzailearen bidez, gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei.
4.4. Batzordea eraturik, laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, 10. oinarrian ezarritako arauekin bat etorriz. Proposamen hori paratuko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan, dagokion fitxan (aurrerantzean, laguntzen fitxa), eta hor agertuko da onuradunen zerrenda.
4.5. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak ebatziko du, instrukzio-organoaren proposamenez. Ebazpena eman eta laguntzen fitxan argitaratzeko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan ebatzi ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.
5. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
5.1. Laguntza hauetan interesa duten guztiak behartuak daude deialdia egin duen administrazioarekiko tramite guztiak bitarteko elektronikoen bidez egitera, administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jartzeko, baliabide elektronikoak erabili beharko dira, bai eta errekurtsoa jartzearekin hasten den prozeduraren fase guztietan ere. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.
5.2. Aurkeztu beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa): https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/euskarazko-doktorego-ikerketa-sustatzeko-laguntzak. Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).
5.3. Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Eskaera-formularioan adierazitako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da jakinarazpen edo komunikazio hori bidali dela, administrazio honen egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri duela abisatzeko. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.
6. oinarria.–Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen formularioa beteta. Formulario telematiko horretan bi gauza ageri dira: batetik, eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen duela dioen adierazpena, eta, bestetik, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari ematen dion baimena, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiazta dezan. Eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
7. oinarria.–Eskaerari erantsi behar zaizkion agiriak eta horien tratamendua.
A) Aurkeztu beharreko agiriak:
Honako agiri hauek aurkeztuko dira laguntzen fitxan, bereiz eta izena behar bezala jarrita:
7.A.1. Eskaera-formularioa, behar bezala betea. Eskaera-formulario horretan, eskatzaileak bere konpromisoa jaso beharko du: ikerketak euskaraz zabalduko den jarduera sortu beharko du.
7.A.2. Euskaraz dakiela frogatzeko ziurtapena: C1 maila edo baliokidea.
7.A.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko matrikula, edo, gutxienez, doktorego-programa batean onartua izateko eskaera, ikerketa-proiektu bat egiteko (doktorego-tesia).
7.A.4. Ikertzaileak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako konpromisoa, ikerketaren emaitza euskaraz idatziko dela dioena.
7.A.5. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldeko txostena; doktorego-tesia egiteko atxikipen zentroa eta entitate laguntzailea izanen da aipatu unibertsitatea.
Entitatearen legezko ordezkariak sinatuko du txostena, eta txostenean jaso beharko dira laguntza onuradunari emateko konpromisoa eta deialdi honetan araututako betebeharrak. Betebehar horien artean dago entitate laguntzailearen izaera hartzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako.
7.A.6. Eskatzailearen ikasketa-espedientearen ziurtagiria. Ikasketak atzerrian egin badira, batez besteko notaren adierazpen-formularioa aurkeztu beharko da, II. eranskineko 6. atalean ezarritakoaren arabera.
7.A.7. Eskatzailearen merezimenduak, I. eranskineko ereduaren arabera, eta bertan azaltzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko ziurtagiriak.
B) Agirien tratamendurako arauak:
7.B.1. Ez badira aurkezten 7.A.1, 7.A.2, 7.A.3, 7.A.4 eta 7.A.5 oinarrietan adierazitako agiriak edo horietan akatsen bat baldin badago, 8. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz zuzentzen ahalko da hori.
7.B.2. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan ezin izanen da zuzendu eskatzailearen merezimenduei buruzko 7.A.6 agiria aurkeztu ez izana, ez eta agiri horri lotutako datuak erabat edo parte batean aipatu ez izana ere, interesdunari egozten ahal zaion akatsa edo arrazoia izan bada. Halaber, epe hori iraganda ez da onartuko azaldutako merituen gaineko datu berririk, ez eta haien egiaztagirien gainekorik ere.
7.B.3. Instrukzio-organoak noiznahi eskatzen ahalko ditu jatorrizko agiriak, behar diren egiaztapenak egiteko. Halaber, prozeduraren edozein fasetan eskatzen ahalko ditu alegaturiko merezimenduei buruzko argibide eta datu osagarriak, agiriei buruzkoak eta oro har jasotako laguntza eskatzearekin, eskuratzearekin eta, kasua bada, mantentzearekin zerikusia duten bestelako inguruabarrei buruzkoak.
7.B.4. Ez dira kontuan hartuko haien arau erregulatzaileen arabera ziurtatzeko eskumenik ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek luzatutako agiriak.
7.B.5. Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko du organo kudeatzaileak. Aipatu itzulpena ez bada aurkezten 5 egun balioduneko epean, agiriak ez aurkeztutzat joko dira.
7.B.6. Interesdunei eskatutako agiriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskuetan baldin badaude, interesdunek ez dituzte berriro aurkeztu behar, baina idazki bat aurkeztu beharko dute, adierazteko zer agiri utzi den aurkeztu gabe, zer artxibotan dagoen eta noiz aurkeztu zen. Kasuan-kasuan ordezten den agiria aurkezteko ezarritako epe berean aurkeztu beharko da idazki hori.
8. oinarria.–Eskaerak onartzea.
8.1. Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda nafarroa.eus webguneko laguntzaren fitxan argitaratuko da, hilabeteko gehieneko epean, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera.
Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta bost egun balioduneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko.
8.2. Zuzenketa-tramitea egindakoan eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
9. oinarria.–Balorazio irizpideak.
Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten eta, beraz, laguntza jasotzen ahal duten eskaerak baloratu eta puntuazioak emanen dira. Eskaera bakoitzak gehienez ere 100 puntu jasotzen ahalko ditu, irizpide hauen arabera:
9.1. Eskatzailearen ikasketa-espedientea: gehienez ere 70 puntu. Azken puntuazioa honela kalkulatuko da: ateratako batez besteko nota bider 7.
Eskatzaileak gradu, lizentzia bat edo diploma bat baino gehiago baldin baditu eta horietako edozeinek bidea ematen badio doktorego-programan onartua izateko, eskaera-formularioan hautatuko du zein titulazio nahi duen aintzat hartzea. Titulazio horrek finkatuko du ikasketa-espedientearen puntuazioa. Egindako hautua ezin izanen da aldatu eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren.
Espedientearen batezbestekoa kalkulatzeko, gradu, lizentzia edo diploma ikasketetan lortutako notak bakarrik hartuko dira kontuan, eta betiere ikasketa horiek gutxienez 240 ECTS kreditu gainditu badituzte. Ez dira kontuan hartuko master ikasketen notak, salbu eta eskatzaileak 1. zikloko ikasketak baditu (diplomak, ingeniaritza teknikoak, arkitektura teknikoa, etab.) edo 240 ECTS kreditu baino gutxiagoko graduak baditu; kasu horretan, batez besteko nota bateratua lortzeko, master ikasketen ikasketa-espedientea ere hartuko da kontuan.
II. eranskinean ezarritako arauen arabera baloratuko da ikasketa-espedientea.
9.2. Eskatzailearen merezimenduak ikerketa-jarduerari dagokionez, 30 puntu gehienez, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
10. oinarria.–Laguntzak adjudikatzea.
10.1. Hautapen-batzordeak laguntza emateko eta ukatzeko proposamena eginen du, aintzat hartuta interesdunek zer puntuazio lortu duten 9. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpide hauek aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:
–Puntuaziorik handiena argitalpenak baloratzeko irizpidean.
–Puntuaziorik handiena kongresuetako hitzaldiak eta komunikazioak baloratzeko irizpidean.
–Puntuaziorik handiena ikasketa-espedientearen atalean.
–Zozketa.
10.2. Aurretik deskribatutako prozedurari jarraituz laguntza esleitu ondoren, proposatutako da gainerako eskaerei laguntza ukatzea, aurrekontu nahikorik ez egoteagatik, eta ordezkoen zerrenda bat eratuko da, bat etorriz 10.1 oinarrian adierazitako lehentasun-ordenarekin.
10.3. Onartuko den eta ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzaren fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, bost egun balioduneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.
10.4. Era berean, laguntza jasotzeko behin-behinean proposatzen den interesdunak honako hauek aurkeztu beharko ditu bost egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera: onarpen-idazkia, 2026-2027 ikasturteko doktorego-programako matrikularen frogagiria eta antzeko beka edo laguntzarik ez duela eta bere lan-egoera zein den adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
Agiriak epe horretan aurkezten ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta proposatuko da ordezkoen zerrendan lehenik dagoenari ematea laguntza, oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera.
10.5. Aurkeztutako alegazioez edo behin-behineko zerrendan eragina izaten ahal duten bestelako gorabeherez batzordeak bere iritzi loteslea adierazi ondoren, instrukzio-organoak laguntza emateko eta laguntzak ukatzeko behin betiko proposamena eginen du. Emandako laguntzaren eta ukatutako laguntzen behin betiko zerrenda ebazpen bidez onetsiko da.
10.6. Ukatzea proposatzen diren eskaerek ordezkoen zerrenda bat osatuko dute; kasu hauetan baliatuko da zerrenda hori: laguntza jasotzeko proposatzen direnek laguntzan atzera egiten badute, adjudikaziodunek ezin badute egiaztatu onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela edo laguntzari uko egiten bazaio berau onartu ondoren eta berau ordaindu aurretik.
10.7. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak ebatziko du, instrukzio-organoaren proposamenez. Ebazpena eman eta interesdunei jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan ebatzi ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da. Ebazpena laguntzen fitxan argitaratuko da.
11. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
Laguntza, ikertzailea kontratatu izana frogatu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoari ordainduko zaio, entitate laguntzailea baita. Ordainketa hori aurrerakintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako ondorioetarako, eta Unibertsitateko Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da.
12. oinarria.–Onuradunaren eskubideak eta betebeharrak.
12.1. Onuradunaren eskubideak:
1. Onuradunak, laguntza hau onartuz gero, martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aipatzen diren eskubide orokorrak izanen ditu; izan ere, dekretu horren bidez onetsi zen Prestakuntzaldian ari diren Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua.
2. Egindako doktorego-programaren batzorde akademikoak interesdunak egindako jardueraren aldeko balorazioa egiten badu, ulertuko da onuradunak lortutako betetze-maila nahiko hurbil dagoela erabateko betetze-mailatik eta ezbairik gabe erakusten duela bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikuluan xedatutako baldintzetan.
Aurrekoaren arabera, aldeko balorazio hori garaiz eta behar bezala lortzeak ekarriko du soldata gisa jasotako laguntzaren zatia behin betiko finkatzea. Finkatze hori ez da gertatuko behar den ebazpena eman arte, non betebeharrak betetzeari edo ez-betetzeari buruzko adierazpena eta bidezkoa den likidazio ekonomikoa jasoko baitira.
12.2. Onuradunaren betebeharrak:
Laguntza honen onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:
1. Egin duen jardueraren aldeko NUPen doktorego-programaren batzorde akademikoaren balorazioa lortzea.
2. Jarduera hauetako gutxienez bi egitea doktorego-tesiaren esparruan:
–Euskarazko kongresu batera joatea gutxienez.
–Euskarazko artikulu bat argitaratzea gutxienez; dibulgaziozkoa izaten ahal da.
–Edozein unibertsitatetako udako ikastaroen barruko euskarazko hitzaldietan parte hartzea.
–Edozein unibertsitatetako katedren barruko euskarazko hitzaldietan parte hartzea.
–NUPen "Zientzia puntu-puntuan" podcastean parte hartzea.
–Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak antolatutako ekitaldi batean parte hartzea gutxienez, hala eskatzen denean, dela zientzia sustatzeko jardueretan, dela deialdiarekin zerikusia duten beste ekitaldi instituzional batzuetan.
3. Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren jarduerak egin daitezen onartzea.
4. Xede berarekin jasotako bestelako dirulaguntzen berri ematea Unibertsitateko Zerbitzuari.
5. Ikerketaren emaitza batzuk edo guztiak zabaltzen diren orotan, Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela agertzea.
6. Organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta finantza-kontrolak onartzea eta jarduera horietarako eskatzen dizkioten agiri guztiak ematea.
7. Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
12.3. Laguntzak etetea:
1. Langileen Estatutuaren 45. eta 46. artikuluetan xedatutako arrazoiak direla-eta kontratua eteteak ez du ekarriko laguntzaren iraupena luzatzea, salbu eta aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko edo harrerako egoeretan, kontratuak irauten duen bitartean. Kasu horretan, zenbaketa etenen da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21.c) artikuluan ezarritakoaren arabera (lege hori irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatu zuen). Halakoetan etenaldiko denbora berreskuratzen ahalko da, gutxienez 30 eguneko aldietan, eta aurrekontuetan dirurik baldin badago.
2. Kontratua eteten bada, aldeen adostasunez, hiru hilabetetik gorako aldirako, laguntza galdu eginen da.
3. Etenaldia amaitutakoan ikertzailea atxikipen zentrora itzultzen ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.
4. Ikertzailearen itzulera Ikerketa Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, itzuli eta 5 eguneko epean, etendako aldirako laguntza luzatzeko eskaera-idazkiarekin batera. Aurkeztutako datuak ikusita, laguntzaren datak aldatzeko ebazpena emanen da.
13. oinarria.–Entitate laguntzailearen betebeharrak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa entitate laguntzailea izanen da. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren betebeharrak izanen dira honako hauek, entitate laguntzailea denez:
1. Dirulaguntzaren xede den laguntza ordaintzea adjudikaziodunari.
2. Emandako laguntzaren inguruan gertatzen den edozein gorabehera Unibertsitateko Zerbitzuari komunikatzea, gertatzen denetik hogei egun balioduneko epean.
3. Laguntza gauzatzean jasandako gastuen ziurtagiriak bidaltzea, 16.4.e) oinarrian xedatutakoaren arabera.
4. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate laguntzaile izateko eskatzen diren baldintzak eta entitate laguntzaileei lege horrek ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.
5. Egiaztapen eta kontrolak egiteko eskumenak behar bezala erabili ahal izan daitezen, eskatzen zaien informazioa ematea eta kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, aplikatu behar den legeria sektorialean agindutako moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.
6. Jaso dituen eta ez-betetzeengatik, errebokazioengatik edo laguntzari uko egiteagatik bekaren onuradunari ordaindu ez dizkion zenbatekoak itzultzea.
14. oinarria.–Ez-betetzeak.
14.1. Onuradunak deialdi honetan jasotako betebeharretatik eta gainerako baldintzetatik edozein betetzen ez badu, ezohiko jarraipen espedientea irekiko da. Espedientea izapidetu ondoren ondorioztatzen bada ez-betetzeak bere horretan jarraitzen duela, ez-betetzea deklaratzeko ebazpena emanen da. Kontuan izanda zenbaterainokoa den ez-betetzea laguntzaren xedea lortzeko, ebazpen horrek ekartzen ahalko du kobratzeko eskubidea galtzea edo laguntza errebokatzea.
14.2. Errebokatzeak ekarriko du jasotako kopuruak Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, ezertan galarazi gabe bidezkoak izaten ahal diren legezko egintzak eta zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.
14.3. Onuradunak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik eta ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak mailakatuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluaren arabera.
14.4. Doktorego-programaren batzorde akademikoak aurkako jarraipen txostenak egiten baditu, eta txosten horiek doktorego-programatik kanporatzea eta, ondorioz, doktoratu aurreko kontratua deuseztatzea badakarte, kontratua azkentzen den egunetik aurrera laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
14.5. Betetzen ez bada 12.2.2 oinarrian aurreikusitako bost jardueretatik gutxienez bi egiteko betebeharra, honako zenbateko hauek itzuli beharko dira:
Jardueretatik bakarra egiten bada, itzuliko da jasotako laguntzaren zenbatekoaren %25.
Jarduerarik bat ere egiten ez bada, itzuliko da laguntzaren zenbatekoaren %50.
Aurrekoa gorabehera, ez-betetzea ezinbesteko arrazoiengatik gertatzen denean, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du laguntza amaitzeko ebazpenean adieraz dadila ez-betetzea horregatik izan dela, eta interesdunak ordura arte jasotako diru kopuruak gordetzen ahalko ditu osorik edo zati batean, itzuli beharrik izan gabe.
15. oinarria.–Bateraezintasuna.
15.1. Laguntza hartzea bateraezina da honako hauekin:
a) Espainiako edo atzerriko funts publiko zein pribatuen bidez finantzatutako beste edozein laguntza edo beka jasotzea.
b) Onuradunak edozein lan jarduera, lanbide jarduera edo enpresa jarduera egitea.
15.2. Honako inguruabar hauek baimentzen ahalko dira, interesdunak eskaera egiten badu:
a) Irakaskuntza eta ikerketa-lanak egiteagatik dirua eskuratzea, betiere egindako ikerketa-lanarekin zuzenean lotuak, noizbehinkakoak eta ezohikoak badira. Diru-sarrera horiek ez dira izanen laguntzaren urteko zenbateko gordinaren %30etik gorakoak. Irakaskuntza-lana egiten bada, gehienez 60 ordukoa izanen da urtean.
b) Biltzar, bilera eta jardunaldi zientifikoetan parte hartzeko laguntzak.
c) Egonaldi laburretarako laguntzak, egonaldiaren xedea ikertzaileak bere prestakuntza osatzea eta ikerketa-lanak hobeki egitea baldin bada. Egonaldia bitartean egiten diren jarduerak (ikerketa-laborategietan jardun, askotariko liburu edo agiri funtsak kontsultatu, teknika instrumental berriak ikasi eta beste landa lan batzuk) laguntza hauen xedeak betetzeko garrantzitsu eta lagungarriak izan behar dira.
Unibertsitateko Zerbitzuari laguntza horien berri eman behar zaio, eta haren baimena jaso behar da. Berariaz baztertuta daude ikertzaileak prestakuntza programa betetzeko eta behar bezala ikertzeko egin behar diren jarduera arruntak.
15.3. Ondorio guztietarako, deialdi honetan lan jardueratzat joko da edozein lan edo enplegu, besteren konturakoa edo norberaren konturakoa, lanaldia eta dedikazio denbora edozein direla eta gizarte babesaren edo aseguratzearen araubidea edozein dela. Nolanahi ere, onuraduna lanean hasteak ekarriko du laguntza galtzea, 17. oinarrian (atzera egitea eta uko egitea) xedatzen diren ondorioekin.
15.4. Oro har, onuradunak bateraezintasunari eragiten dioten inguruabar guztien berri eman beharko du, 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.
15.5. Aurrekoa gorabehera, laguntzak kudeatzen dituen organoak ofizioz egiaztatuko du egoera hori prozeduraren edozein unetan. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzen ahalko ditu, eta behar diren datuak biltzen ahalko ditu, indarra duen legeriari jarraituz.
16. oinarria.–Espedientearen jarraipena, justifikazioa eta amaiera.
16.1. Unibertsitateko Zerbitzuak eginen du deialdi honen esparruan ikertzaileari emandako laguntzaren aplikazioaren jarraipena eta kontrola, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean.
16.2. Aurreko 15.1 oinarrian adierazitakoaren ondorioetarako, honako hauek dira jarraipen ekintza arruntak: deialdiaren 12. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar diren agiriak aurkezteko eskatzea eta hori egiaztatzea. Era berean, honako hauek dira jarraipen ekintza bereziak: organo kudeatzaileak, espedientean jasotako agirien ondorioz, ofizioz hasten dituen jarduketak, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txosten baten ondorioz sortzen direnak, bai eta deialdiaren baldintzak betetzearekin lotuta egokitzat jotzen diren guztiak ere.
16.3. Aurreko atalean jasotako faseetarako ezarritako epeak iraganik kasu bakoitzean aipatutako agiriak ez badira jaso, onuradunari errekerimendua eginen zaio formalki, aurkez ditzan bost egun balioduneko epe luzaezinean. Epe berri horretan aurkezten ez baditu, 14. oinarrian ez-betetzeetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.
16.4. Kontratua amaitu eta hilabeteko epean, onuradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bidez, amaierako txosten bat aurkeztu beharko du; agiri hauek izanen ditu:
a) Interesdunak egin duen doktorego-programaren batzorde akademikoak egindako azken urteko txostena.
b) Unera arte egindako ikerketa-lanaren txostena, deialdi honen 12.2 oinarrian jasotakoaren arabera garatutako jarduerak jasota eta justifikatuta, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin. Txosten horretan jasoko da doktorego-tesiaren ikerketaren garapen-maila, bai eta euskaraz egin izanaren berrespena ere.
c) Eskuratutako beste laguntza batzuei buruzko aitorpena.
d) Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren ziurtagiria.
e) Atxikipen zentroak laguntza gauzatzean jasandako gastuen ziurtagiria.
Agiri horiek ikusirik, Unibertsitateko Zerbitzuak bidezkoa den ebazpena proposatuko du deialdi honetako betebeharren eta gainerako baldintzen betetzeari edo ez-betetzeari buruz, likidazio ekonomikoari buruz eta prozeduraren bukaerari buruz.
17. oinarria.–Atzera egitea eta uko egitea.
17.1. Eskatzaileak, deialdia ebatzi baino lehen, noiznahi egiten ahalko du atzera bere eskaeran, baita laguntzak emateko behin-behineko proposamenari alegazioak egiteko aldian ere, Unibertsitateko Zerbitzuari jakinarazpen idatzia igorriz.
17.2. Eskaeran dauden akatsak zuzentzeko errekerimenduari erantzuten ez dion eskatzaileak eskaeran atzera egin duela joko da, 8. eta 10.2 oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.
17.3. Laguntzaren iraunaldian, onuradunak noiznahi uko egiten ahalko dio jasotako laguntzari, eta horretarako aski izanen da idatzizko jakinarazpena egitea Unibertsitateko Zerbitzuari.
17.4. Uko egitearen ondorioz, onuradunak onuradun izateari utziko dio ondorio guztietarako, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, legezko interesekin batera, bat etorriz 14.2 oinarrian errebokatze-kasurako ezarritakoarekin.
17.5. Onuradunak izaera eta helburu bereko beste laguntza bat lortzen badu eta hura aukeratzen badu, deialdi honetako laguntzari uko egin beharko dio, bateraezintasuna dela-eta.
Kasu horretan, onuradunak, soldatagatik kobratu dituen diru kopuruetatik, hautatu duen laguntza hasi arteko denborari proportzioan dagokion zatia mantentzen ahalko du, osorik.
18. oinarria.–Datuen babesa.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean –2016/679 (EB) Erregelamendua– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
19. oinarria.–Errekurtsoak.
Oinarri hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Laguntza emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena nafarroa.eus atarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK AZALTZEKO EREDUA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN EUSKARAZKO IKERKETA BAT EGITEKO LAGUNTZAREN ESKAERARI ERANTSI BEHARREKOA
Eranskina fitxa honetan dago:
https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/euskarazko-doktorego-ikerketa-sustatzeko-laguntzak
II. ERANSKINA.–IKASKETA-ESPEDIENTEA BALORATZEKO ARAUAK
Ikasketa-espedientearen batez besteko nota (0-10 eskala) Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat kalkulatuko da, kontuan hartu beharreko ohar hauekin:
1. Bi dezimal hartuko dira, biribiltzearen arau orokorrei jarraikiz.
2. Espedientean zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, irakasgai bakoitzean eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:
a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.
b) Bikain = 9,25 puntu.
c) Oso ongi = 7,75 puntu.
d) Nahiko edo gai = 5,75 puntu.
3. Baliozkotutako irakasgaiei dagokienez, jatorrizko zentroan eskuratutako kalifikazioari dagokion puntuazioa emanen da; egokitutako irakasgaietan, jatorrizko zentroan erdietsitako kalifikazioa hartuko da aintzat, eta kalifikaziorik ez duten kredituen onarpena ez da kontuan hartuko batez besteko notarako.
4. Plan zaharretan edo kreditu bidezko kalifikazio sistema baino lehenagokoetan, batez besteko nota irakasgai bakoitzean, arestian aipatutako balioen arabera, lortutako puntuazioak batuz eta emaitza gainditutako irakasgaien kopuru osoaz zatituz aterako da.
5. Titulu akademikoa beste ikasketa batzuetatik abiatuta eskuratu bada, multzoaren batez besteko nota kalkulatuko da. Gauza bera eginen da 2. zikloko lizentzien kasuan. Kasu horretan, bigarren zikloko lizentzia-ikasketetan sartzea ahalbidetu zion lizentziaren lehen zikloa izanen da aintzat hartuko dena.
6. Unibertsitateko 1. zikloko titulazioak (diplomak, ingeniaritzak eta arkitektura teknikoak, etab.) edo 240 ECTS kreditu baino gutxiagoko graduak eta master bat egin badira, baterako batez besteko nota kalkulatzeko, 1. zikloan edo graduan eta masterrean gainditutako kreditu guztiak hartuko dira kontuan, eta unibertsitate-ikasketa guztietan gutxienez 240 ECTS kreditu beteta izan beharko dira.
7. Atzerrian egindako ikasketen kasuan, ikasketa-espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Unibertsitateetarako Politikako Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko ekainaren 20ko eta uztailaren 21eko ebazpenetan xedatutakoaren arabera jokatuko da. Atzerrian egindako ikasketa horien kreditu kopurua edozein dela ere, deialdi honen ondorioetarako ulertuko da ikasketa horiek ikasturte bakoitzeko 60 ECTS kreditu zituztela.
Eskatzailearen erantzukizuna da batez besteko notaren kalkulua prozedura horren arabera tramitatzea.
Horri buruzko informazioa helbide honetan lortzen ahal da:
8. Atzerrian egindako ikasketen kasuan, ikasketa horiek egin badira Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Unibertsitateetarako Politikako Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko ekainaren 20ko eta uztailaren 21eko ebazpenetan batez besteko nota kalkulatzeko ezarritako prozeduran agertzen ez diren herrialdeetan, noten baliokidetza ateratzeko, ebaluazio irizpide hauek aplikatuko dira atzerriko ikasketa espedienteetan:
1.–Gainditzeko gutxieneko notaren eta lortzen ahal den notarik altuenaren arteko tartea bost azpitartetan banatu behar da.
2.–Nahiko eta oso ongi arteko mugak eta oso ongi eta bikain artekoak kalkulatu behar dira.
Baliokidetzarako eskema orokorra, Espainiako espedienteen balorazio sistemaren eta atzerriko edozein sistemaren artekoa.
Espainiako sistema:

Atzerriko sistema:

P = (Nmax-Nmin) / 5
Adibidez:
Gehieneko nota 7 eta gainditzeko gutxieneko nota 3 dituen sistema.
P = (7-3) / 5 = 0,8

Iragarkiaren kodea: F2609447
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
