2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAGOA
Ordenantza fiskala, ordaindu beharreko tasak arautzen dituena kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako baimenak emateagatik (ingurumena babestea helburu), hirigintzako txostenak egiteagatik eta hirigintzako espedienteak izapidetzeagatik. Behin betiko onespena
Larragoako Udalak, 2026ko ekainaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, ordaindu beharreko tasak arautzen dituena kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako baimenak emateagatik (ingurumena babestea helburu), hirigintzako txostenak egiteagatik eta hirigintzako espedienteak izapidetzeagatik.
Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Larragoan, 2026ko abuztuaren 7an.–Alkatea, Oscar Urra Atorrasagasti.
ORDENANTZA FISKALA, ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA KONTROLATU BEHARREKO JARDUERA SAILKATUETARAKO BAIMENAK EMATEAGATIK (INGURUMENA BABESTEA HELBURU), HIRIGINTZAKO TXOSTENAK EGITEAGATIK ETA HIRIGINTZAKO ESPEDIENTEAK IZAPIDETZEAGATIK
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitatea da hirigintza-jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarrean dauden hirigintza eta eraikuntza arauei. Zerga-egitatea da, orobat, hirigintzako espedienteak izapidetzea eta hirigintzako txostenak egitea.
Zerga-egitatea da, halaber, kasuan kasuko udal jarduera teknikoa edo administratiboa, subjektu pasiboari bereziki eragiten edo mesede egiten diona eta beharrezkoa dena planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnak nahiz kudeaketa eta urbanizazio tresnak izapidetzeko. Horiek aurreikusita daude Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan.
Halaber, txostenak egitea, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak aurreikusitako jarduerak abiarazteko eta funtzionatzeko baimenak lortzeko.
Besteak beste, honako hauek:
a) Obra-lizentziak behar dituzten egintzak, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan aipatzen direnak (foru dekretu horren bidez onesten da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
b) Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan aipatzen direnak (foru dekretu horren bidez onesten da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
c) Behin-behineko lizentziak, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 106. artikuluan jasotakoak (foru dekretu horren bidez onesten da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
d) Banantzeko edo eransteko lizentziak.
e) Lehen erabilerako lizentziak edo, oro har, eraikinak eta instalazioak okupatzekoak.
f) Emandako lizentzien aldaketak.
g) Hirigintzako edo ingurumeneko udal txostenak egitea, partikularrek eskatuta.
h) Hirigintzako aldaketak, honako hauetan: Udal Plana, Plan Partziala, Hiri-jarduketarako plan berezia, Xehetasun-azterketak, Birpartzelazio proiektua, Urbanizazio proiektua. Aplikatzeko den araudia: uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 77. eta 76. artikuluak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
i) Jarduera-lizentziak, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskinean jasotakoak.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.
k) Jarduera-lizentziaren aldaketa, ofizioz edo titularrak eskatuta.
l) Proiektu bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Tasa sorraraziko da lizentzia eskatzean, hirigintzako espedientea hasteko eskatzean edo hirigintzako txostena eskatzean.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta entitateek ere, baldin haien izenean hirigintzako lizentzia, txostena edo izapidetzea eman, aldatu, edo berraztertzen bada.
Tarifak
5. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Kudeaketa-arauak
6. artikulua. Jarduera-lizentziak, obra-lizentziak, jarduteko eta obrako erantzukizunpeko adierazpena, hirigintzako txostena edo espedientea eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udalean, eta harekin batera, dagozkien udal ordenantzetan eskatzen den dokumentazioaz gain, honako hauek zehaztuko dituzte: lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak, horren kokapena eta zer lurzati edo eraikinen gainean egin behar den txostena edo izapidetu hirigintzako espedientea.
7. artikulua. Lizentzia eman, txostena egin edo hirigintzako izapidetzea hasitakoan eta tasa honen likidazioa onetsitakoan, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.
8. artikulua. Onartutako lizentziek balioa galduko dute dagokien araudian ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.
9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia egiaztatzen duen titulua eskuratzeko, dagokion tasa ordaindu beharko da.
Arau-hausteak
10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
TARIFEN ERANSKINA
I. epigrafea.–Jarduera-lizentzia / Erantzukizunpeko adierazpena edo jarduera-lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren berrikuspena, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 300,00 euro.
Lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena emateko Udalak eskatzen dituen ingurumeneko txostenak sustatzailearen esku izanen dira.
II. epigrafea.–Irekitzeko lizentzia edo abiarazteko deklarazioa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 3. eranskinean zehaztutakoak: 350,00 euro.
III. epigrafea.–Obra-lizentziak edo erantzukizunpeko adierazpena, obra gauzatzeko aurrekontuaren arabera:
- 0 eurotik 3.000 eurora: 53,00 euro.
- 3.000 eurotik 15.000 eurora: 88,00 euro.
- 15.000 eurotik 30.000 eurora: 164,00 euro.
- 30.000 eurotik 60.000 eurora: 221,00 euro.
- 60.000 eurotik 150.000 eurora: 278,00 euro.
- 150.000 eurotik 300.000 eurora: 380,00 euro.
- 300.000 eurotik 600.000 eurora: 555,00 euro.
- 600.000 eurotik 1.500.000 eurora: 689,00 euro.
- 100.000 euro edo haren zati bat goititzen den aldiro: 21,00 euro.
IV. epigrafea.–Lehen erabilerako lizentzia/eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak: 350 euro.
V. epigrafea.–Udalak emandako hirigintzako txostenak: 60,00 euro. Izapidetzeko gastuak (argitalpenak, abokatuen gastuak...): sustatzailearen kontura. Obra-lizentzien eta/edo jarduera-lizentzien titulartasunaren aldaketa: 12,00 euro.
VI. epigrafea.–Udal Planaren aldaketa:
Determinazio egituratzaileen aldaketak: 600,00 euro.
Determinazio xehatuen aldaketak: 200,00 euro.
Lur banantzeak izapidetzea: 164 euro.
Iragarkiaren kodea: L2610973