2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LARRAGOA
Ordenantza fiskala, arautzen duena tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, zinemarako, publizitaterako eta ikus-entzunezkoetarako filmaketetarako. Behin betiko onespena
Larragoako Udalak, 2026ko ekainaren 1ean egin zuen osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ordenantza fiskala, arautzen duena Larragoako udal-mugartean tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, zinemarako, publizitaterako eta ikus-entzunezkoetarako filmaketak egiteko.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Larragoan, 2026ko abuztuaren 7an.– Alkatea, Oscar Urra Atorrasagasti.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA LARRAGOAKO UDAL-MUGARTEAN TOKIKO JABARI PUBLIKOAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA, ZINEMARAKO, PUBLIZITATERAKO ETA IKUS-ENTZUNEZKOETARAKO FILMAKETETARAKO
1. artikulua. Lege oinarria.
Espainiako Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11. artikuluak eta hurrengoek xedatutakoarekin bat etorriz, Ordenantza honekin, udal honek dagokion araudia eta prozedura ezartzen du udal-mugartean egin nahi den jarduera egiteko, hain zuzen, zinema pelikulak, telesailak, telebista saioak, dokumentalak, publizitate iragarkiak, musika bideoak, kirol proben grabazioa, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen sektoreko beste edozein produktu filmatu edo grabatzeko.
2. artikulua. Zerga egitatea.
Tasa honen zerga-egitatea honek osatzen du: jabari publikoaren erabilera pribatiboak edo aprobetxamenduak, baldin eta helburu badu Larragoako udalerriko tokiko erabilera publikoko lurrak okupatzea, zinema pelikulak, telebista saioak, dokumentalak, publizitate iragarkiak, bideoak, argazki erreportajeak edo ikus-entzunezkoen sektoreko beste edozein produktu filmatu edo grabatzeko.
3. artikulua. Subjektu pasiboak.
1. Tasa honen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak zein juridikoak, baita entitateak ere, jasotzen direnak abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 21. artikuluan (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra), baldin eta tokiko jabari publikoa zerga-egitatea osatzen duten jarduerak egiteko erabili edo aprobetxatzen badute.
2. Tasa honako hauek ordaindu behar dute modu solidarioan:
a) Ordenantza honetan araututako aprobetxamenduen onuradun diren enpresa, entitate edo pertsona pribatuak.
b) Ikus-entzunezko obra ekoiztu duen enpresa edo pertsona fisikoa, ikus-entzunezko obra garatzeaz arduratzen dena.
4. artikulua. Arduradunak.
1. Tributu-zorraren erantzule izanen dira zordun nagusiak, beste pertsona edo entitate batzuekin batera.
2. Zerga zorraren erantzukizun solidarioari eta subsidiarioari dagokionez, abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ezarritakoari jarraituko zaio.
5. artikulua. Sortzapena.
Tasa eta zerga ordaintzeko betebeharra sortzen da erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten den unean; horretarako, eskatzaileak filmaketa egiteko baimena edo lizentzia jaso behar du Larragoako Udaletik.
6. artikulua. Salbuespenak.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) Herriko auzotarrek ikus-entzunezkoak irabazteko asmorik gabe grabatzeak.
b) Edozein informazio emanalditarako hartutako irudiek (telebista eta komunikabide digitalak).
c) Irabazteko asmorik gabeko grabazioek, xede turistikoetarako edo gizarte-erabileretarako egiten direnek, ikus-entzunezko lan bat sortzearekin zerikusirik ez dutenek.
d) Irabazi-asmorik gabeko edo onura publikoko deklaratutako elkarte edo entitate sozialek egindako filmaketek.
e) Larragoako udalerria sustatzen duten dokumentalen filmaketek.
f) Udalerriarentzat garrantzi berezia izateagatik interes berezikotzat deklaratu direnek.
7. artikulua. Tributu-kuota.
Tributu-kuota ondoko artikuluan ezartzen den tarifaren arabera zehaztuko da, oinarri hartuta jarduera zenbat egunetan eginen den.
8. artikulua. Tarifak.
8.1. Hainbat tarifa ezartzen dira, Larragoako udal-mugarte osoan baliozkoak, ikus-entzunezko ekoizpen motaren arabera aldatzen direnak.
8.2. Eskatzen den tasa jabari publikoa 2. artikuluan aipatutako helburuetarako erabiltzen den egun bakoitzeko zenbatuko da. Honako hauek dira:
a) Film luze zinematografikoa (hirurogei minututik gorako iraupena): 250 euro eguneko.
b) Fikziozko telesaila: 250 euro eguneko.
c) Reality show-ak: 250 euro eguneko.
d) Kirol proben emankizunak eta grabazioak: 250 euro eguneko.
e) Publizitate iragarkia, bideo korporatiboa eta bideo instituzionalak: 200 euro eguneko.
f) Musika bideoak: 200 euro eguneko.
g) Dokumentala: 150 euro eguneko.
h) Metraje ertaineko eta metraje laburreko film profesionalak (hirurogei minututik beherako iraupena): 100 euro eguneko.
i) Prestakuntzan dauden ikasleek egindako metraje ertaineko eta laburreko filmak (hirurogei minututik beherako iraupena): 30 euro eguneko.
9. artikulua. Tarifak aplikatzeko arauak.
Tarifen arabera eskatu beharreko zenbatekoak eskatutako aprobetxamendu bakoitzeko likidatuko dira, Larragoako Udaletik filmaketa egiteko baimena jaso ondoren, bertan adieraziko baita likidatu beharreko zenbatekoa. Diru kopuru hori filmaketa hasi aurretik ordaindu beharko da nahitaez. Ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasi ahal izateko.
10. artikulua. Filmaketarako lizentzia eskatzeko prozedura.
1. Ordenantza honetan araututako aprobetxamenduak lortzeko interesa duten pertsona edo entitateek filmatzeko lizentzia egokia eskatu beharko dute aldez aurretik, gutxienez hamabost egun natural lehenago, jarduera udalerrian egiten hasi baino.
2. Horretarako, filmaketa baimenaren eskaera orria beteko da, https://sedeelectronica.larraona.es/ web orritik deskargatuta edota ayuntamiento@larraona.es helbide elektronikoan eskatuta. Inprimakian eremu hauek egonen dira gutxienez:
–Eskatzailearen identifikazio datuak.
–Izena, deskribapena eta ikus-entzunezko ekoizpenaren tipologia.
–Filmaketa egiteko egunak eta planninga.
–Filmaketa egiteko tokiak, hartu nahi den azaleraren plano xehatua erantsita eta azalduta udalerrian non kokatuta dagoen eta zer jarduketa egin nahi diren.
–Produkzioaren beharrak: trafiko mozketak, perimetroko hesia jartzea, ur-harguneak erabiltzeko aukera, zerbitzu profesionalak, udal instalazioak, etab.
–Baimen eta lizentzia teknikoak.
Eskatzaileak sinatutako eskaera orriarekin bat aurkeztu beharko da erantzukizun zibilaren aseguru polizaren kopia, filmaketa egiterakoan gerta daitezkeen hirugarrenei eragindako kalteei aurre egiteko; halaber, kasu bakoitzeko ezaugarriak ezagutzeko egokitzat jotzen den gainerako dokumentazio idatzia nahiz grafikoa aurkeztuko da.
3. Udal honetako zerbitzu teknikoek eskaera baloratuko dute eta dagokion txostena emanen dute, alkateak irizpena eman dezan filmaketarako baimena eman ala ez, kasua bada, filmaketa egiteko baldintzak edo baimena ukatzeko arrazoiak adierazita. Izapidetze prozesu osoan, udalak emandako informazioa osatzeko eskatzen ahalko dio eskatzaileari.
4. Filmaketa egiteko baimenarekin batera likidatu beharreko zenbatekoa jakinaraziko da, eta hori nahitaez filmatzen hasi aurretik ordaindu beharko da. Ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasi ahal izateko.
5. Filmatzeko egun gehiago behar izanez gero, eskatzaileak baimenean adierazitako azken data baino lehenago eman beharko dio horren berri udal honi, bukatzeko data berria adierazita. Udalak erantzuna bidaliko dio eskatzaileari, kasua bada, luzatzeko eskaera onartzearen ondorioz likidatu beharreko zenbatekoa adierazita.
6. Filmaketarako baimen orokorra ukatu, eten edo errebokatzen ahalko da, interes publikoko arrazoiak daudenean, pertsonen eskubideak babestu behar direnean edo diziplina araubidea aplikatu behar denean.
7. Une oro, filmaketarako baimenean jasotako jarraibideei kasu eginen zaie, gainerako herritarrek espazio publikoa erabiltzeko daukaten eskubidea errespetatuz, grabaketaren xede den tokia erabat moztea edo ixtea baimendu ez bada.
8. Ordenantza honetan aipatzen ez diren zerbitzu publikoak behar izanez gero, udal ordenantzetan jasotako gainerako tasak aplikatuko dira.
11. artikulua. Hobariak.
Aplikatu behar den tasaren gainean % 50 hobaria aplikatzeko eskubidea izanen dute ordenantza honetan arautzen diren jarduerek, baldin eta Larragoako Udalak adierazi badu interes publikokoak direla, udalerriaren sustapena egiteko edo parte hartzea bultzatzeko egoera bereziki interesgarriak izateagatik; adierazpena udal osoko bilkurak onetsi beharko du.
12. artikulua. Aitorpena eta sarrera.
12.1. Tasa udal honen laguntzaile den edozein banku-erakundetan diru-sarrera eginez likidatu beharko da.
12.2. Tasa filmaketa hasi aurretik ordaindu beharko da nahitaez. Ezinbesteko baldintza da eskatzaileak baimenaren xede den jarduera hasi ahal izateko.
13. artikulua. Filmaketarako oinarrizko araudia.
Bide publikoak erabili eta okupatzeko ordutegiak.
Ekoizpen enpresa eskatzaileak eskaera orrian jakinarazi beharko dizkio Larragoako Udalari filmaketa egiteko tokiak eta ordutegia, herritarren erabilera eta ordutegiekin bateragarri egiteko.
Une oro, filmaketarako baimenean jasotako jarraibideei kasu eginen zaie, gainerako herritarrek espazio publiko bera erabiltzeko daukaten eskubidea errespetatuz, grabaketaren xede den tokia erabat moztea edo ixtea baimendu ez bada.
Filmaketarako lizentzia lortzeak, kasu guztietan, lizentzia emateko baldintzak betetzeko beharra ekarriko du.
Espazio eta bide publikoen garbiketa.
Eskatzaileak konpromisoa hartuko du filmaketarako erabilitako tokia aurkituriko baldintza berberetan uzteko. Hiri-altzariak mugitzea, efektu bereziak, agertokiak sortzea edo besterik eskatzen duten filmaketak egin behar direnean, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du tokiak garbitzeko eta filmatzen hasi aurretiko egoerara ekartzeko.
Animaliekin filmatzea.
Filmaketa animaliekin egin behar izanez gero, beharrezko erantzukizun aseguruak eskatuko dira, eta eskatzaileak ziurtatu beharko du betetzen duela lege hauetan ezarritakoa: 19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa; eta 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, Animalien eskubideak eta ongizatea babesteari buruzkoa.
Efektu bereziak.
Efektu bereziak egin nahi izanez gero, ekoizpen enpresak edo eskatzaileak eduki beharko ditu beharrezko aseguruak eta segurtasun-neurriak, indarreko araudiaren arabera horrelakorik behar duen edozein efektu berezi gauzatzeko.
Segurtasuna, trafikoa eta osasuna.
Eskatzaileak filmaketa egiten den tokian segurtasun baldintzak eta trafikoko araudia betetzea bermatu beharko ditu, ikus-entzunezkoa filmatzean osasungarritasun baldintzak ziurtatzeaz gain.
14. artikulua. Erantzukizunak.
Filmatzeaz arduratzen den ekoizpen enpresa izanen da filmaketa jarduerak eragin ditzakeen kalte eta galera guztien erantzule bakarra, bai Larragoako Udalaren aurrean, bai kaltetutako beste entitate publiko, pribatu eta partikular guztien aurrean, baimendutako jardueren ondorioz herritarrek jasandako kalte fisikoak barne.
Hori dela eta, ekoizpen enpresak edota filmaketaren edo ordenantza honen 1. artikuluan apatzen diren jardueretako baten arduradun den enpresak erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eduki beharko du, aurreko lerrokadan aipatutako kalte guztiak estaltzeko modukoa.
Erantzukizun zibileko asegurua «frankiziarik gabekoa» izanen da eta indarrean egon beharko du filmatzeko jarduerak hasten direnetik horiek erabat burutu arte. Era berean, filmaketan erabiltzen diren baliabide mekaniko eta ibilgailu motordunek –izan propioak zein hirugarrenenak– behar dituzten aseguru guztiak sinatuta eta indarrean eduki beharko dira.
15. artikulua. Diziplina-araubidea.
Filmaketaren ondorioz ondasun publiko batean edozein narriadura edo kalte sortzen bada, eskatzaileak ondasun hori berriro jarri beharko du, edo udalari ondasun berriaren balioari dagokion zenbatekoa kalte-ordain gisa eman, udaleko teknikari arduradunaren txostena jaso ondoren.
Filmaketa baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, eskatutako informazioa ez emateak edo udalari emandako informazioa faltsutzeak filmaketarako baimena eta lizentzia automatikoki ezeztatzea ekarriko du ondorioz.
16. artikulua. Komunikazioa eta lankidetza.
Udalak konpromisoa hartzen du filmaketei buruzko sekretu profesionala gordetzeko eta behar besteko diskrezioz jarduteko, konfidentzialtasuna dela eta ikus-entzunezko sektorean aplikagarria den araudiari jarraikiz.
Udalak konpromisoa hartzen du informazioa emateko eta lankidetza estuan aritzeko gaian interesa duten tokiko elkarteekin, batik bat herrian ikus-entzunezko ekitaldiak antolatzeaz arduratzen diren horiekin, lankidetza sendotze eta sinergiak sortze aldera.
Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean paratuko da eta aplikatzen hasiko da behin betiko onespena eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2610972