170. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

468/2026 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Pole Dance Sport and Art kirol elkarteak aurkeztutako eskabidea baiesten duena eta, ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Pole Sport kirol modalitate gisa ofizialki aitortzen duena.

2026ko maiatzaren 12an, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan Pole Sport kirol modalitate gisa aitortzeko eskabide bat aurkeztu zuen Pole Dance Sport and Art kirol elkarteak.

Kirol modalitateak eta espezialitateak aitortzea Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari emandako eskumena da, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6. 2. c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Halaber, aipatutako foru legearen 47. artikuluak ezartzen du zein irizpide baloratu behar diren ondorioztatzeko, Nafarroako eremuan, ofizialki aitortzen ahal den kirol modalitate edo espezialitate bat dagoela.

Nabarmentzekoa da Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak bi txosten eskatu zituela (bata, juridikoa, eta bestea, kirol eta teknika arlokoa; biek izaera aholku-emailea dute, ez baitira ez nahitaezkoak ez lotesleak), kasu honetan Nafarroako ordenamendu juridikoan ezarritakoa betetzen zen zehazteko helburuarekin.

Nabarmentzekoa da, ikuspuntu juridikotik, Foru Komunitateak kirol modalitatea aitortzeko eskumena duela ondorioztatzen dela bi txostenetan bildutakotik. Kirol eta teknika arloko txostenari dagokionez, agerian utzi ditu zenbait alderdi garrantzitsu; esaterako, beste diziplina batzuekiko antzekotasunak daudela, gerta daitekeela beste federazio batzuek erabaki hau ez onartzea eta, batez ere, zalantzan jarri du aitortze-prozedura bera, maila nazionaletik autonomikorantz egin beharko litzatekeelakoan, Foru Komunitatearen berezko eskumenak kontuan hartu gabe.

Ondorioz, eta bi txostenek zenbait alderdi zehazteke utzi dituztela kontuan hartuta, bidezkoa da Pole Sport izeneko jarduerak legez ezarritako irizpideak zein mailatan betetzen dituen aztertzea.

Pole Sport kirol modalitate gisa aitortzeko baloratu beharreko alderdien analisia:

Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 47. artikuluak ezartzen du honako irizpide hauek baloratu beharko direla:

–Kirol jarduerak, aitortutako kirol modalitateekiko, identitate bereizia izatea.

–Kirol jarduera arautzen duten eta kirol kolektibitateak onartzen dituen arau teknikoak izatea.

–Eremu autonomikoetan, estataletan edo nazioartekoetan aitortza ofiziala izatea.

–Nafarroan kirol jarduera benetan ezarrita egotea eta ohiko praktika izatea.

Irizpide horietako bakoitza aztertuko da ondoren.

a) Kirol jarduerak, aitortutako modalitateekiko, identitate bereizia izatea.

Pole Sportek berezko elementu teknikoak, erregelamendu arlokoak eta antolakuntzakoak dituen jarduera fisikoa eta lehia-jarduera da, gaur egun aitortutako modalitateekiko argiki bereizitako kirol identitatea duela hautematea ahalbidetzen dutenak.

Gimnasia diziplina jakin batzuekiko zenbait antzekotasun partzial aurki daitezkeen arren (batez ere, indarrarekin, malgutasunarekin, orekarekin, koordinazioarekin edo exekuzio artistikoarekin lotutako alderdietan), elementu horiek ohikoak izaten dira kirol modalitate ugaritan eta ez dute, haiek bakarrik, partekatutako identitate bat determinatzen.

Pole Sporten funtsezko ezaugarria aparatu espezifiko baten gainean elementu teknikoak, trantsizioak eta konbinazioak egitea da; aparatu hori barra bertikal finko edo birakari bat da. Horrek gimnasia diziplina tradizionaletan daudenekiko erabat ezberdinak diren mugimendu-mekanika bat, gorputz-berme batzuk eta zenbait eskakizun tekniko sortzen ditu. Nabarmentzekoa da gimnasiako nazioarteko federazioek eta federazio nazionalek ez dutela inolako adierazpenik egin jarduera hau beren egiteko.

Gainera, Pole Sportek honako hauek ditu:

–Berezko kirol aparatu bat.

–Elementu teknikoen berariazko katalogo bat.

–Zailtasuna baloratzeko berezko sistema bat.

–Puntuazio kode independente bat.

–Berariazko erregelamendu tekniko bat.

–Lehia-egitura bereizi bat.

Halaber, adierazi behar da beste modalitate batzuekin antzekotasun partzialak izatea ez dela oztopo kirol modalitate bereizi bat aitortzeko. Espainiako kirol ordenamenduak gaitasun fisiko, tekniko edo taktiko komunak partekatzen dituzten eta, hala ere, haien arauen, ekipamenduaren eta lehia-garapenaren berezitasuna dela-eta aitortza autonomoa duten hainbat modalitate jasotzen ditu. Tenisa, mahai-tenisa, frontenisa, badmintona...

Gainera, kirol modalitate hibridoak ere badira, beste federazio batzuetan aitortutako modalitateez osatutakoak, hala nola triatloia, zeinaren modalitatea igeriketaz (adibidez, ur irekiak), txirrindularitzaz (errepidea, BTTa, triatloi motaren arabera) eta atletismoaz osatzen baita, probaren tipologiaren arabera.

Beraz, ondorioztatzen ahal da Pole Sportek identitate propioa duela, Nafarroan gaur egun aitortuta dauden kirol modalitateekiko nahikoa bereizia.

b) Kirol jarduera arautzen duten eta kirol kolektibitatearen gehiengoak onartzen dituen arau teknikoak izatea.

Betekizun hau osorik betetzen da.

International Pole Sports Federation-ek (IPSF) egindako arau multzo batez erregulatuta dago Pole Sporten lehia-jarduera; diziplina honetako nazioarteko erreferentziazko organismoa da IPSF.

Araudi horrek honako hauek jasotzen ditu, besteak beste:

–Lehiaketako erregelamendu teknikoa.

–Puntuazio kodea.

–Kirol kategoriak.

–Gauzapen teknikorako arauak.

–Balorazio arbitralerako irizpideak.

–Segurtasun protokoloak.

–Arriskuen prebentzioari buruzko arauak.

Nazioarteko lehiaketetan zein nazionaletan arau horiek homogeneotasunez aplikatzeak agerian uzten du modu orokortuan onartzen dituela haiek diziplina honi lotutako kirol komunitateak.

Beraz, Nafarroako Kirolari buruzko Legearen 47. artikuluak jasotako betekizuna osorik betetzen dela kontsideratu behar da.

c) Eremu autonomikoetan, estataletan edo nazioartekoetan aitortza ofiziala izatea.

Aztergai den kirol jarduerak nazioarteko erakunde-egitura finkatua du International Pole Sports Federation-en (IPSF) bidez; entitate hori arduratzen da diziplinaren nazioarteko erregulazioaz eta kontinente zein mundu mailako txapelketak antolatzeaz.

Halaber, ordezkaritza antolatua dago herrialde askotan entitate nazionalen bidez; horien artean, Pole Sporteko Espainiako Elkartea (AEPS).

Era berean, adierazi behar da erakunde-integrazioko prozesuak daudela herrialde jakin batzuetan, eta nabarmentzekoa da Suitzako Pole & Aerial Sports federazioaren kasua, Swiss Olympic-en kirol egituran integratuta dago eta.

Nazioartean, munduko txapelketak aldizka egiten dira, hamarnaka herrialdetako ehunka kirolariren parte-hartzearekin, eta horrek nazioartean ezarpen eta aitortza maila esanguratsua dagoela agerian uzten du.

Nabarmentzekoa da Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 47. artikuluak ezartzen duela baloratuko dela eremu autonomikoan, estatalean edo nazioartekoan aitortza ofiziala izatea; ez du eskatzen hori dena aldi berean gertatzea, eta ez du ezartzen, nahitaezko betekizun gisa, aldez aurretik Kirol Kontseilu Gorenaren aitortza izatea.

Ondorioz, aitortutako nazioarteko erakunde bat eta nazioarteko lehiaketa egonkorrak daudela-eta, betetzat jotzen ahal da betekizun hori.

d) Nafarroako Foru Komunitatean kirol jarduera benetan ezarrita egotea eta ohiko praktika izatea.

Kirol jarduera honek Nafarroan duen ezarpena egiaztatuta geratzen da Pole Sporti lotutako prestakuntza-, sustapen- eta lehia-jarduerak iraunkorki garatzen dituzten hainbat entitate daudelako.

Haien artean, honako hauek:

–Pole Dance Sport and Art kirol elkartea.

–Pole Dance Pamplona Backflip.

–Luxury Pole Fitness.

Entitate eskatzaileak kirol elkarte gisa formalki eratu aurreko urteetatik garatzen du bere jarduera iraunkorki, eta praktikatzaile-oinarri esanguratsua du.

Halaber, egiaztatu da nafar kirolariek nazio eta nazioarte mailako lehiaketetan parte hartzen dutela, eta diziplina honi lotutako praktikatzaileen eta entitateen kopuruak goranzko bilakaera duela.

Hori guztia dela-eta, Pole Sportek Foru Komunitateko lurralde eremuan benetako ezarpen egonkorra duela ondorioztatzen ahal da.

e) Kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk:

–Pole Sport modalitatea aitortzeak ez dakar de facto kirol federazio bat aitortzea, hori foru araudian ezarritako beste irizpide batzuen bidez arautzen baita.

–Pole Sport modalitatea aitortzeak, federazioaren aitortza ez dakarrenez, ez dio inongo antolakuntza-, teknika- edo ekonomia-kalterik eragiten Nafarroako inolako kirol federaziori.

–Pole Sport modalitatea aitortzeak aukera ematen die Nafarroako klubei kirol erregistroan sartzeko; hartara, NKJFIren babespean egonen dira eta ez beste aterki desberdin batzuen pean.

–Pole Sport modalitatea aitortzeak ez die kalterik eragiten liga txapelketetan eta banakako deialdietan parte hartzen duten beste kirol klub batzuei. Izan ere, horietan, modu baztertzailean, Kirol Kontseilu Gorenak aitortutako diziplinen mende jartzen direla ezartzen baita, eta hau, oraingoz, ez da horietakoa.

–Pole Sport modalitatea aitortzeak aukera ematen die gaur egungo klubei kirol deialdietara aurkezteko, nolabaiteko garrantzia duten txapelketak antolatzen dira eta.

Ondorioa:

Egindako azterketatik ondorioztatzen da Pole Sportek betetzen dituela Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 47. artikuluak kirol modalitate gisa aitortzeko ezartzen dituen betekizunak.

Zehazki:

–Gaur egun aitortuta dauden kirol modalitateekiko teknika-, antolakuntza- eta lehia-identitate bereizia du.

–Nazioarteko kirol komunitateak aski onartua duen erregelamendu sistema oso bat du.

–Nazioarteko berezko aitortza eta antolakuntza ditu, baita mundu mailako lehiaketa ofizialak ere.

–Benetako ezarpena eta goranzkoa du Nafarroako Foru Komunitatean.

–Ez die inolako kalterik eragiten Nafarroako kirol federazioei, ezta Nafarroako inongo klubi ere.

Halaber, ez dago Nafarroako Kirol Administrazioaren aitortza Kirol Kontseilu Gorenaren aldez aurreko aitortza estatalaren baldintzapean jartzen duen legerik, Foru Komunitatearen berezko eskumena baita haren lurralde eremuan kirol modalitateak aitortzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

Honako hau EBAZTEN DUT:

1. Pole Dance Sport and Art kirol elkarteak aurkeztutako eskabidea baiestea, eta, ondorioz, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Pole Sport kirol modalitate gisa ofizialki aitortzea.

2. Ebazpen honen berri ematea Pole Dance Sport and Art kirol elkarteari, izan beharreko ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, oro har ezagutu dadin, eta ohartaraztea beronek ez duela administrazio bidea agortzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñan, 2026ko abuztuaren 12an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

Iragarkiaren kodea: F2611091