170. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

541E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak onesten dituena garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez emandako tratamendua ordaintzeko dirulaguntzen deialdian. DDBN kodea: 924148.

2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legea 2025eko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 31koan. Gastu-aurrekontu horretan "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partida dago, 122.604 euroko zenbatekoarekin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide orokorra ezarri zen. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako foru legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago adostasuna eman duela Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez emandako tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko, eranskin gisa atxikitzen diren oinarri arautzaileei jarraikiz.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea.

3. Gehienez 122.604 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastu-aurrekontuaren "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren bidez tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partidari egotziko zaiona.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

DEIALDIA, GARUN-PARALISIA EDO ANTZEKO PROZESU NEUROLOGIKOAK DIAGNOSTIKATURIK DITUZTEN 16 URTETIK BEHERAKO PERTSONEI 2025EKO URRIAREN 1ETIK 2026KO IRAILAREN 30ERA ARTE, BI EGUN HORIEK BARNE, PETÖ METODOAREN BIDEZ EMANDAKO TRATAMENDUA OSORIK EDO HEIN BATEAN ORDAINTZEKO DIRULAGUNTZENA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzaren xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauen xedea da osorik edo hein batean ordaintzea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez errehabilitazio tratamendua emateko egindako gastua.

Jarduera osasun jarduerak egiteko baimenduta dauden zentroetan eginen da, behar den titulazioa duten profesionalen eskutik.

Laguntzen onura publikoko helburua da adingabe horiek dituzten tratamendu beharretan laguntzea.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdiak 122.604 euroko zenbatekoa izanen du, eta 2026. urterako Nafarroako gastu-aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko da: "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren bidez tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partida.

Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2026-2028) sartu da, Osasun Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradun:

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologiko bat izatea, neuropediatra profesional batek diagnostikatua.

–16 urtetik beherakoa izatea esku-hartze terapeutikoa jasotzean.

–Tratamendua hartzeko gomendioa neuropediatra profesional batek egina izatea.

–Nafarroan modu egonkorrean bizitzea, hau da, onuradunak gutxienez urtebete eramatea Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzen dirulaguntzaren xede den aldia bukatu baino lehen, hots, 2026ko irailaren 30a baino lehen. Onuraduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da.

Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.

4.1. Interesdunak berak eska ditzake deialdi honetako laguntzak, edo, indarreko legeria zibilaren arabera, haren legezko ordezkaria edo ordezkari judiziala denak.

4.2. Eskaerak beti onuradunaren izenean egon behar du, eta, haren izenean beste pertsona batek aurkeztuz gero, hura ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan dagoen fitxaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-el-tratamiento-peto

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña), Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari zuzendutako eskaeraren bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.

Posta bulegoetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza-eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Baldintzen frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren NANaren, AIZaren edo identifikazio-agiriaren fotokopia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasunaren data eguneratua adierazita (eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenago emana, gehienez ere), edo, kasua bada, asilo eskubidea onartu izanaren ebazpena.

c) Neuropediatriako profesional batek egindako txosten medikoa, hartutako kalte zerebralaren berariazko diagnostikoa eta/edo antzeko prozesu neurologikoa adierazten duena, non irizpen klinikoa eta tratamenduaren egokitasuna zehaztuko baitira. Antzeko patologia neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia. Txosten hori aurretik eman bada dirulaguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.

d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa.

Profesional berak agindu eta eman badu tratamendua, txosten bakar bat egiten ahalko da.

e) Ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio.

–Familia-liburu osoaren kopia edo jaiotza-agiria, guraso-ahala duen gurasoaren NANarekin/AIZarekin batera.

–Deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-kasuetan: dibortzio-epai judiziala eta berretsitako hitzarmen arautzailea, zaintza eta jagoletza esleitu zaiola egiaztatzen duena. Kasu horietan, zaintza duen gurasoaren NANa/AIZa aurkeztu beharko da.

–Tutoretzaren edo legezko ordezkaritzaren kasuan: guraso-ahalik ezean, tutorearen izendapena egiaztatzen duen ebazpen judiziala edo administratiboa, edo adingabearen legezko ordezkaritza edo harrera ezartzen duen dokumentua.

f) Banku-titulartasunaren ziurtagiria edo transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Baldin Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen bazaio dirulaguntza, edo aldatu bada aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua, erantsi beharko da "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri dagoena, zehazki, atal honetan: "Nafarroako Foru Administrazioaren inprimaki orokorrak":

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

g) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasota:

–Onuradunaren izen-abizenak.

–Tratamendua eman duen edo zerbitzua ematen duen enpresa, entitatea edo profesionala.

–Jasotako tratamendua, honako hauek adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna eta iraupena.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

h) Egindako ordainketaren frogagiria.

i) Deialdiko 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.

j) Jasotako beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

k) Eskatzailearen edo bere ordezkariaren baimena haren datu pertsonalak tratatzeko, eta erantzukizunpeko adierazpen bat, non adierazten baitu, batetik, beteta dituela zerga-betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta, bestetik, baimena ematen duela Osasun Departamentuak egoki den informazioa eska diezaien Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari.

Kontsultarako baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu behar diren ziurtagiriak, adierazten dutenak egunean dagoela aipatutako betebeharretan.

l) Eskatzailearen edo bere ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ez dira aurkeztu beharko a), c), e) eta f) puntuetan aipaturiko agiriak, baldin eta jadanik aurkeztu baziren aurreko deialdietan eta haietan adierazitako datuak aldatu ez badira.

6.–Dirulaguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Concepción M.ª Moreno Sousa andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, batzordeburua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

–Nerea Gorria Redondo andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko arloko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Sergio Aguilera Albesa jauna izanen da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko arloko fakultatibo espezialista.

–Patxi Ander Galiano Ureña jauna, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa María Carmen Migueliz Beaumont andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko gizarte langilea.

–Susana Muro Arbizu andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Virginia Moneo Cornago andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:

–Dirulaguntzak tratamenduaren oinarrizko ziklo bat finantzatuko du onuradun bakoitzarentzat, 1.182 eurorekin, baldin eta benetan egindako gastua zenbateko horren berdina edo handiagoa bada, eta aurrekontu-baliabideak gainditzen ez badira; halakoetan, hainbanaketa eginen da aurkeztutako eskaera guztien artean.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbateko guztien batura handiagoa bada gelditzen den aurrekontu erabilgarria baino, dagoen dirua onuradun guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, haietako bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.

–Dirulaguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuradunaren familia unitateko edozein kide 2025. urtean eta/edo 2026. urtean genero-indarkeriaren biktima izan bada, edo gizarteratze-errenta edo errenta bermatua jaso badu, onuradun hori hainbanaketatik kanpo geldituko da, behin oinarrizko tratamendua deskontatuta.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen jasotako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak proposamena egin ondoren.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jotzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpen berariazkoa ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak, modu anonimoan), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira.

Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), aipatutako deialdian.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko benetan hartutako eta ordaindutako tratamenduaren guztirako kostua.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, deialdi honetako helbururako eta xederako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk ondoren eskuratuz gero, horien berri izan bezain laster eginen da jakinarazpena eta, nolanahi ere, 2026ko irailaren 30a baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako diren eta tratamenduaren kostua gainditzen duten beste dirulaguntza batzuk kobratu izana komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokienez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://portalsalud.navarra.es/eu/

14.–Aplikatzekoa den araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2611005