17. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1246E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: "4051-Langile autonomoentzako dirulaguntzak, Nafarroako 5.000 biztanle arteko udalerrietan kokatutako negozioen eskualdatzeengatik ordaindutako gastuak estaltzeko". DDBN kodea: 876291.

Lan Zerbitzuak nagusiki autonomoen ardurapean dauden negozioak ixtea ekidin nahi du; horretarako, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Planaren 4.3 ildo estrategikoa garatuz (Itxiera saihesteko eta erreleboa sustatzeko neurriak), enpresa ondorengotzarik gabeko negozioen poltsa bat sortu zuen.

Aurreko planak irekitako bidetik jarraituz, Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planak, "Koordinazioa Enplegu Planarekin eta Ekintzailetza Planarekin" izeneko 3.2 ildo estrategikoan, zenbait neurri eta ekintza jasotzen ditu bideragarritasun ekonomiko eta soziala izan arren ondorengotzarik ez izateagatik desagertzeko arriskuan dauden negozioei eta enpresei eusten laguntzeko.

Negozioen erreleborako poltsari ekonomikoki laguntzeko, 2026an aurrekontu partida bat gorde da belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko laguntzen deialdi honetarako, zeinaren helburua baita 5.000 biztanle arteko herrietan ondorengoak aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna erraztea.

Nafarroako 5.000 biztanle arteko herrietan negozioen titulartasuna jabe berriei eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak estaltzeko laguntza honekin, negozioen errelebo poltsaren bidez, ondorengoak aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna sustatu nahi da.

Nafarroako Gobernuaren abenduaren 11ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean izapidetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 90.2.b) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza deialdi hau: "4051-Langile autonomoentzako dirulaguntzak, Nafarroako 5.000 biztanle arteko udalerrietan kokatutako negozioen eskualdatzeengatik ordaindutako gastuak estaltzeko".

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. 140.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2026ko gastuen aurrekontuko "Autonomoentzako laguntzak belaunaldiarteko erreleborako EP" izeneko 970000 97000 4709 494100 partidaren kargura.

Izapidetze aurreratuko espedientea denez, orain baimendutako krediturako baldintza da kreditu egokia eta behar adinakoa izatea aipatu partidan, 2026ko ekitaldian.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

5. Foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abenduaren 18an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna erraztea, bai eta 2026an lan autonomoa edo norbere kontura lan egiteko aukera sustatzea eta bultzatzea ere.

2. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira Nafarroako 5.000 biztanle arteko herrietan kokatutako negozioen eskualdatzeengatik ordaindutako gastuak, baldin eta negozioek gutxienez ere bost urteko antzinatasuna badute eta Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta badaude (www.navarraemprende.com), eta negozioak eskualdatzeko kontratuak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean sinatu badira (bi egunak barne).

2. Kanpo geldituko dira negozio digitalak eta nekazaritza zein abeltzaintza sektoreko ekoizpen primarioko negozioen eskualdatzeak, baldin eta eskualdatzen duen pertsonaren eta erosten duen pertsonaren artean bigarren mailara arteko odol ahaidetasun edo ezkontza ahaidetasunezko harremana badago.

3. Diruz lagungarriak izanen dira honako gastu hauek, baldin eta 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean sortu eta benetan ordaindutakoak badira, eta negozioa eskualdatzeari egozten ahal bazaizkio:

a) Negozioa eskualdatzeko behar bezala formalizatutako akordioan ezarritako prezioa.

b) Notario eta erregistro gastuak.

c) Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak.

d) Peritu gastuak.

e) Negozio lokalaren alokairu gastuak, edo negoziorako beharrezkoak diren ekoizpen bitartekoak, 24 hilabetera arte gehienez.

f) Negozioa eskualdatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradun izanen dira norberaren kontura egiten den enpresa jarduera baten titularraren ondorengotza hartzen duten langile autonomoak, fisikoak zein sozietarioak, dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Negozioa eskualdatzeko kontratua sinatzen denean Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egotea.

b) Negozioek bost urteko antzinatasuna izan behar dute gutxienez ere.

c) Negozioek komunitatearentzat irisgarria den kokaleku fisiko bat izan behar dute, sozietatearen izenarekin edo enpresaren izen komertzialarekin behar bezala errotulatuta.

d) Pertsonen eta salgaien garraiorako negozioen kasuan, nahikoa izanen da bitartekoa existitzen dela eta harekiko lotura dagoela egiaztatzea.

e) Negozioa benetan eskualdatzeko kontratua 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte formalizatzea.

f) Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, jarduera ekonomikoa non eginen den, herri horretan, edo nekazaritza jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotea, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.

g) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea.

h) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluek onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da egoera hori.

2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela eta oinarri hauetako 4.1 atalean eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin dakar Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari baimena ematea inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsultatzeko. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako inguruabarrak egiaztatzeko agiriak.

4. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskualdatzearen akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoaren mutualitatean.

b) Eskualdatzearen akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea ekonomia jardueren gaineko zergan jarduera ekonomikoa non eginen den, herri horretan, edo nekazaritza jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

c) Ematen zaion laguntzaren xede den jarduera ekonomiko berean jardutea hamabi hilabetez gutxienez, negozioa eskualdatzen denetik hasita. Jarduera ekonomikoa aldatuz gero, horren berri eman beharko zaio laguntzak ematen dituen organoari.

d) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea; hots, hurrengo esaldia webgune korporatiboan sartzea edo enpresan ikusteko moduko toki batean jartzea, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko, 2026ko deialdi honen barruan: langile autonomoentzako deialdia, Nafarroako 5.000 biztanle arteko herrietan kokatutako negozioen eskualdatzeengatik ordaindutako gastuak estaltzeko". Informazio hori www.nafarroa.eus webguneko zerbitzu katalogoaren laguntza fitxan argitaratuta dauden ereduen arabera aurkeztu beharko da.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Onuradunak ondorengotza hartzen badu lokala eta/edo ekoizpen bitartekoak alokatuz, 4.1 oinarriko a), b) eta c) letretan ezarritako iraupen betebeharrak 36 hilabetez bete beharko dira, eskualdatzea egiten denetik hasita. Alokairuaren zenbatekoa eskualdatze kontratuan jaso beharko da.

3. Betebehar horiek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli beharko da, salbu eta onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa nahiz absolutua edo baliaezintasun handia gertatuz gero, betiere foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, goian azaldutako betebeharren bat hein batean ez betetzeak dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea ekartzen ahal du.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskualdatutako negozioa non dagoen, herri horretako biztanle kopurua, eta justifikatutako gastuen aurrekontuko %70 adinakoa izanen da, ondorengo taulan ageri diren gehieneko mugekin, betiere:

HERRIKO BIZTANLE KOPURUA, GEHIENEZ

GEHIENEKO
ZENBATEKOA

GEHIENEKO ZENBATEKOA, EMAKUMEEN

EDO %33KO DESGAITASUNA EDO HANDIAGOA

DUTENEN KASUAN

1.500 biztanle

13.000 euro

15.000 euro

2.000 biztanle

12.500 euro

14.500 euro

2.500 biztanle

12.000 euro

14.000 euro

3.000 biztanle

11.500 euro

13.500 euro

3.500 biztanle

11.000 euro

13.000 euro

4.000 biztanle

10.500 euro

12.500 euro

5.000 biztanle

10.000 euro

12.000 euro

2. Gehieneko zenbatekoa handituko da, aipatu taulan adierazitako mugetaraino, eskatzaileak emakumeak baldin badira.

Halaber handituko da gehieneko zenbatekoa aipatu taulan adierazitako mugetaraino, eskatzaileak %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa badu.

3. Negozioa pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badute, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki banatuko da, bakoitzak negozioan duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

4. Eskualdatzea lokala edo ekoizpen bitartekoak alokatuz egiten bada, kontzeptu horregatiko dirulaguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: kontratuan jasotako hilabeteko prezioa bider 24 hilabete gehienez ere, oinarri honetako taulan jasotako mugarekin, betiere.

5. 2026. urtean, deialdi honek sortutako betebehar ekonomikoei erantzuteko erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua 140.000 eurokoa da.

6. Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 140.000 euro gehituz. Gehikuntza hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, eskualdatzeak indarra hartu eta hurrengo egunetik hasita, betiere ordurako deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontu kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea lehenago itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko izapideen katalogoko fitxaren bidez (https://www.nafarroa.eus).

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntza eskaera bakarra onartuko da pertsona edo eskualdatutako negozio bakoitzeko. Pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badute negozioa, laguntzaren zenbatekoa bakoitzak negozioan duen partaidetzaren araberakoa izanen da.

4. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Eskaera inprimakia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik (eskatzaile bakoitzak berea).

c) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotearen ziurtagiria.

d) Pertsona fisiko edo sozietarioa ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria, edo nekazaritzako jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotearena, bat etorriz uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin.

e) Eskualdatutako negozioak 5 urteko antzinatasuna duela (gutxienez) egiaztatzeko agiria.

f) Negozioaren presentzia fisikoaren justifikazioa, errotulua duen lokalaren kanpoaldeko argazki baten bidez, edo bitartekoarena, pertsona edo salgaien garraioaren kasuan, eta lokalaren errentamendu edo jabetza kontratua.

g) Dirulaguntza ordaintzeko banku kontua adieraztea, kontuak eta ordainketak kontsultatzeko izapidearen bidez. Aukera honek ordezten du lehenago dirulaguntzen eskaerarekin aurkeztu behar zen inprimaki bat, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izenekoa.

h) Negozioa eskualdatzeko akordioa, behar bezala formalizatua.

i) Hala badagokio, 2. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarriak sortu izanaren eta ordaindu izanaren frogagirien kopia. Eskatzailearen izenean egon beharko dute.

j) Hala badagokio, desgaitasunen bat duela frogatzea, 5.2 oinarrian xedatu bezala.

5. Organo emaileak eskatzaileari eskatzen ahalko dizkio gauzatzen duen ekonomia jardueraren azalpen laburra, bai eta eskaintzen dituen ondasun edo zerbitzuena ere, dirulaguntza eskaera behar bezala ebaluatzeko. Informazio horrek barnean hartu beharko du jarduerak udalerrian duen inpaktuaren balorazioa.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin. Hortaz, eskaerak deialdiaren oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Hala ere, azken negozio baten eskuratzea partzialki diruz laguntzeko kreditua geratzen bada aurrekontuan, erabilgarri dagoen kreditua adinako dirulaguntza emanen zaio azken eskaera horri.

8. oinarria. Dirulaguntzaren ebazpena eta ordainketa.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Lan Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek ebazpen proposamen bat igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea edo ukatzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena 2 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaera organo eskudunaren erregistroan aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren aurkezten den dokumentazioa zuzen dagoela eta 6. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla, dirulaguntza onartu eta ordainduko da, edo, hala badagokio, ukatuko da.

3. Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

9. oinarria. Alokairua justifikatzea.

1. Diruz lagundutako alokairurako ordaindutako zenbatekoa justifikatzeko epearen hasiera bat etorriko da diruz lagundutako epearen amaierarekin (2.3.e oinarrian aipatzen da).

2. Onuradunak ez badu aurkezten diruz lagundutako alokairu hilabeteei dagozkien ordainketen justifikazioa, kontzeptu horretarako jasotako zenbateko guztiak erabat itzuli beharko ditu, eta egokia den berandutze interesa eskatuko zaio, dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzuli behar duela erabaki arte.

3. Telematika bidez aurkeztu behar dira egindako alokairu ordainketen egiaztagiriak, laguntzen fitxaren bidez.

10. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko izapideen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

11. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako "de minimis" araubidearen barruan sartuko dira laguntzak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Kasu horietan, ezin izanen da laguntzarik eman enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak 300.000 euroko gehieneko muga gainditzen badu hiru zerga ekitaldiko edozein alditan.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria. Dirua itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutze-interesak ordaindu, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki arte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Dirulaguntzak itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2516796