Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Kontratazio-zerrendak kudeatzeko araudiaren onespena
2025eko abenduaren 19an, eta Batzorde Paritarioaren erabakian oinarrituta, Uharteko Udalaren aldi baterako kontratazio zerrendak kudeatzeko araudia onartu zen.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, dagozkion ondorioetarako.
Uharten, 2025eko abenduaren 19an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
UHARTEKO UDALEAN LANGILEEN ALDI BATERAKO KONTRATAZIOA KUDEATZEKO ERABAKIA
1. artikulua. Xedea, aplikazio-eremua eta printzipioak.
1.1. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da arauak ezartzea Uharteko Udalean eta Musika Patronatuan lanpostuak aldi baterako kontratuen bidez betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko.
1.2. Aplikazio eremua.
a) Helburua: Plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzea bitarteko langileekin, bai eta hainbat inguruabarrengatik sor daitezkeen beharrei erantzutea ere (zereginen pilaketa, obra edo zerbitzu jakin bat, bitarteko kontratuak aldi baterako ezintasun, baimen edo antzekoengatik).
b) Subjektiboa: Araudi hori, oro har, Uharteko Udalaren lanpostuen aldi baterako kontratazio guztiei aplikatuko zaie. Salbuetsiko dira langileak kontratatzeko irizpide propioak dituzten dirulaguntza deialdiren baten babesean egiten direnak (adibidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gizarte intereseko lanak, enplegu sozial babestua, gazte bermea, etab.).
1.3. Aldi baterako langileak hautatzeko printzipioak.
Aldi baterako langileak deialdien bidez hautatuko dira, betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.
Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea ahalbidetuko da.
2. artikulua. Zerrenden eraketa.
2.1. Zerrendak osatzeko prozedurak eta lehentasun hurrenkera.
Administrazioak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzen ahalko ditu. Horietan lehentasun hurrenkera hau izanen da:
a) Sartzeko hautapen prozesuetan proba guztiak gainditu arren, plazarik gabe dauden izangaien zerrendak.
b) Sartzeko hautapen prozesuetan proba guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrendak.
c) Izangaien zerrendak, hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren.
d) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatutako izangai zerrendak.
2.1.1. Hautapen prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrendak.
1. Zerrenda hauek osatuko dira Uharteko Udalean funtzionario gisa edo lan-kontratudun finko gisa sartzeko deialdietan, proba guztiak gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
2. Proba guztiak gainditu arren, lanpostua lortzen ez duten izangaien zerrenda hauetan lehentasuna finkatzeko, sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 3. Artikuluaren 3.3 puntuan ezarritakoa izan ezik.
2.1.2. Sartzeko hautapen prozesuetan proba guztiak gainditzen ez dituzten izangaien zerrendak.
Zerrenda hauetan honako hauek sartuko dira:
1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira, lehen proba gaindituta, hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten pertsona guztiak, euskaraz jakitea baloratzen duen proba izan ezik.
2. Izangai zerrenda hauetan lehentasunak finkatzeko, irizpide hauei eta aplikazio hurrenkera honi erreparatuko zaie, 3. artikuluaren 3.3 puntuan ezarritakoa izan ezik:
a) Nork gainditu duen proba gehien.
b) Nork izan duen puntuaziorik altuena probetan.
2.1.3. Izangaien zerrendak, hautaprobetarako deialdi publikoaren bidez osatzen diren.
1. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hauek osatzeko deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten pertsona guztiak.
3. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, handienetik txikienera, 3. artikuluaren 3.3 puntuan ezarritakoa izan ezik.
2.1.4. Izangaien zerrendak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak deitutako hautaproben bidez osatzen direnak.
1. Apartatu honetan aurreikusitako hautapen sistema erabiliko da aurreko puntuetan aipatutako zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela. Horrelako zerrendak iraupen laburreko lan-eskaintzetarako bakarrik erabiltzen ahalko dira, eta kasu honetan ez zaie aplikatuko akordio honen 3. artikuluaren 3.3.1 eta 3.3.2 puntuetan deialdirako aparteko lehentasunari buruz ezarritakoa. Era berean, zerrenda horietatik ateratako lan-kontratu bat onartzen duten izangaiei, kontratu hori indarrean egon bitartean, ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko.
Zerrendak sortzeko sistema hori erabiltzen ahalko da, halaber, betetzeko zailak diren lanpostuak direnean, haien ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta.
2. Hautapen sistema hau erabiltzeko, deialdi bat onetsi beharko da eta bertan finkatu parte hartzeko betebeharrak eta egin beharreko hautaprobak. Deialdian parte hartzen ahalko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko egoeran inskribaturik dauden pertsonek.
3. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan sartuko dira hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.
4. Izangaien zerrendan lehentasuna finkatzeko, hautaprobetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio.
5. Kanpainarako kontratazioen eta kontratazio berezien (diruz lagundutakoak, bazterkeria-arriskuan daudenak, etab.) kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan. Horrela osatutako zerrendak deskribatutako arrazoien ondorioz kontratatzeko izanen dira berariaz, eta indarra izanen dute zerrenda osatzea eragin zuen kanpainak iraun bitarte.
3. artikulua. Deiak.
3.1. Kontratatzeko dei motak.
Kontratazio eskaintzetarako bi deialdi mota bereiziko dira, bata iraupen laburreko kontratuetarako eta bestea iraupen luzeko kontratuetarako, jarraian deskribatutakoaren arabera:
1. Kontratu laburtzat hartuko dira honako helburu hauetarako erabiltzen direnak:
–Jardunean dauden plantillako langileak ordeztea, kontratu luzetzat hartzen ez direnean.
–Lanaldi partzialeko kontratazioak egitea, lanaldi osoaren %85etik beherakoak direnean, zeinahi delarik ere kontratu mota eta iraupena.
–Oro har, hasiera bateko aurreikuspenen arabera, 6 hilabete edo beheragoko iraupena duten kontratazio guztiak.
2. Kontratu luzetzat hartuko dira helburu hauetarako erabiltzen direnak:
–1. puntuan jasotzen ez diren lanpostu hutsak bitarteko gisa betetzea.
–Plantillako langileei erreserbatutako lanpostuak, 1. puntuan jasotzen ez direnak, betetzea.
–Oro har, hasiera batean, sei hilabete baino gehiagorako diren beste edozein egiturazko kontratazio.
3.2. Deiak egiteko arau orokorrak.
1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek helbide elektroniko bat eta harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du.
2. Dei egiten den unean zerrendetan lan egiteko prest daudenei eginen zaie dei, izangaiei eskaintzaren berri emanez, honako prozeduraren arabera, ondoren zehazten diren bideak erabiliz:
a) Modu masiboan mezu elektronikoa bidaliko zaie beteko den lanpostuari dagokion zerrendan lan egiteko moduan dauden izangai guztiei. Mezu horretan, eskuragarri dagoen lan-eskaintzaren berri emanen da, eta lan-kontraturako hasiera batean aurreikusitako iraupena eta mezu elektroniko horri erantzuteko duten epea zehaztuko dira, eskaintza hori onartu edo baztertu nahi duten adieraziz.
b) Posta elektroniko horri erantzuteko epea agortu ondoren, telefonoz deituko zaie lan-eskaintzan interesa agertu duten pertsonei, akordio honen 2.1 puntuan ezarritako lehentasun-irizpideen arabera. Prozesu honetan pertsona batekin harremanetan jartzerik ez badago, egun ezberdinetako ordutegi ezberdinetan, gutxienez, birritan deitu ondoren, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte. Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
c) Izangai batek lan-eskaintza onartzen duenean, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaie eskaintzarekiko interesa agertu duten gainerako izangaiei eskaintza hori beste pertsona batek bete duela. Jakinarazpen hori eskaintza egin zen bide beretik eginen da.
Epe hauek emanen zaizkie izangaiei mezu elektronikoei erantzuteko, eta egindako eskaintzarekin interesa duten ala ez adierazi beharko dute: 24-48 ordu iraupen laburreko kontratazioetarako deialdietan, eta 48-72 ordu iraupen luzeko kontratazioetarako deialdietan. Epe horiek igaro eta erantzunik jaso ez bada, eskaintzari muzin egiten zaiola ulertuko da.
3. Artikulu honetan aurreikusitako komunikazioak Uharteko Udalarekin helbide elektroniko honen bidez eginen dira: recursoshumanos@huarte.es.
4. Ez da kontrataziorik egiten ahalko kontratazio horiek badakarte kontratazioari buruzko araudiaren legezko mugak ez betetzea.
5. Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, betiere kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
6. Udalak luzatzen edo aldatzen ahalko du ordezten ari den pertsonaren oporrak betetzeko kontratatutako pertsonen aldi baterako kontratua, betiere oporrak pertsona hori lanera itzuli eta berehala hartzen badira, hura ordezkatzeko arrazoia akitu ondoren.
7. Salbuespen gisa, batzorde sindikalak onartu ondoren, eta erabil daitezkeen zerrendak agortu ondoren, beste udal edo erakunde publiko batzuetako zerrendak erabiltzen ahalko dira, betiere lanpostu bera bada, eta zerrenda hori osatzeko dagozkion hautaprobak egin badira.
8. Era berean, Uharteko Udalaren zerrendak beste udal edo erakunde publiko batzuei lagatzen ahalko zaizkie, zerrendak egin ziren lanpostu bererako lan-eskaintzak egiteko. Izangaien inskripzio-eskabideetan testu bat gaineratu beharko da. Hor zerrendak beste administrazio batzuei lagatzen zaizkiela jakinaraziko zaie, deskribatutako baldintzetan, haien datu pertsonalekin batera, administrazio horren lan-beharrak eskaintzeko helburu bakarrarekin. Administrazio bakoitzak bere araudiaren arabera kudeatuko ditu zerrendak, eta horrek ez dio deusetan eraginen Huarteri, berak zuzenduko baitu.
3.3. Deietarako lehentasun apartekoa.
1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo bi hilabeteko epearen barruan, udalean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:
a) Horrelako lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko zerrendan deitzeko moduko izangairik ez egotea.
b) Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
c) Kontratua ez azkentzea kontratuari uko egin zaiolako, akordio honen 5. artikuluaren 5.1.2 puntuan jasotako salbuespenezko uko-egiteen kasuetan izan ezik.
Egoera horretan hautagai bat baino gehiago egonez gero, akordio honen 2.1 puntuan ezarritako lehentasun-irizpideak aplikatuko dira.
2. Iraupen laburreko kontratu bat onartzen duten izangaiei, kontratua indarrean den bitartean, ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, deia maila edo kategoria altuagoko lanpostu bateko zerrendatik egiten ez bazaie, edo eskaintzen den lanpostua iraupen berekoa edo luzeagokoa ez bada. Bi kasuetan, eskaintza gainerako izangaiekiko lehia zorrotzean eginen da, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da desgaitasunaren arloan ezarrita dagoena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian.
4. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, Uharteko Udalean 10 urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egina dutenek, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko, salbu eta aurreko apartatuan aipatutako egoeran dauden izangaien aldean. Interesdunek egoera horretan daudela komunikatu beharko diote kontratazio zerrendak kudeatzeko unitate eskudunari.
3.4. Deiak, amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.
1. Amatasun/aitatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori gordeko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
3. Lanean hasiko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.
4. Horrelakoetan, amatasuna/aitatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
4. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.
4.1. Zerrendetatik baztertzeko arrazoiak.
1. Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:
a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Probaldia ez gainditzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea, artikulu honen 5.1.2 puntuan jasotako arrazoiren batengatik uko egin ez bazaio.
d) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako helbide elektronikoen edo telefonoen bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
e) Uharteko Udalean funtzionario gisa edo lan-kontratudun finko gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.
f) Lanpostutik alde egitea.
g) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
h) Epai baten bidez biktimaren lanpostutik urruntzeko agindua duten izangaiak kanporatu eginen dira kasuan kasuko zentroetako kontratazio zerrendetatik, epaia betetzeko, baldin biktimak Uharteko Udalean ematen baditu zerbitzuak.
2. Salbuespen gisa justifikatutzat joko dira uko egiteak hurrengo kasuetan, eta horiek ez dira zerrendetatik kanpo uzteko arrazoi izanen.
a) Kontratazio-eskaintzei uko egitea, deia jasotzen denetik kontratua benetan hasten den arte 24 ordu baino gutxiago igaro badira.
b) Indarreko kontratu bati uko egitea, kontratu labur bat indarrean duen bitartean kontratu luze bat eskaintzen bazaio.
c) Indarreko kontratu bati uko egitea, kategoria jakin bateko kontratua indarrean duen bitartean kategoria goragoko beste kontratu bat eskaintzen bazaio.
d) Lan-kontratu indardunari uko egitea lanaldiaren %50ekoa edo laburragoa bada, gutxienez ere sei hilabete igaro badira kontratuaren hasieratik eta gutxienez 10 egun baliodun lehenago komunikatzen bazaio organo eskudunari.
e) Udalak eskainitako iraupen laburreko kontratu bati uko egitea, izangaiak gero iraupen luzeko bat onartzen badu Uharteko Udalean, eta ez badu benetan hasi lehenbiziko kontratuzko harremana.
f) Indarrean dagoen lan-kontratu bati uko egitea, funtzionario-kontratua edo lanpostu finkoa lortzeagatik administrazio publiko batean.
4.2. Kanporatzeko prozedura.
1. Kanporatzeko arrazoiren bat dagoela ohartaraziz gero, alkateak edo eskumena duenak izangaiak kanporatzeko ebazpena emanen du, 5.1 apartatuan ezarritako arrazoiekin bat.
2. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
3. Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona hori ez dagoela kontratatzeko moduan.
5. artikulua. Publizitatea eta gardentasuna.
Zerrenda guztiak Udalaren web-orrian argitaratuko dira, eskuragarri egoteko maneran eta aldiro eguneratuko dira; horrela, une bakoitzean zehaztu ahalko da zerrendako pertsonen lehentasun-hurrenkera.
6. artikulua. Zerrenden indarraldia.
2. artikuluan araututako zerrendek 5 urteko indarraldia izanen dute gehienez ere (Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak izan ezik, horiek hiru urtekoa izanen baitute). Salbuespenez, alkatetzak, hark eskuordetuta, zerrenda horien indarraldia luzatzea erabakitzen ahalko du, udaleko giza baliabideen arduradunak proposaturik eta Langileen Batzordearen oniritziarekin.
Giza baliabideen departamentuak, zerrenda batek indarrean 4 urte eta erdi betetzean edo zerrenda bat agortzen denean, zerrenda berriak sortzeko izapideak hasi beharko ditu, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zerrenda horiek erabilgarri egon beharko dute, gehienez ere, hiru hilabeteko epean.
Zerrenda bat agortutzat joko da, baina ez baliogabetzat, eskainitako lanpostu hutsa betetzen ez denean, edo gutxienez bi hilabeteko iraupena duten hiru eskaintza betetzen ez direnean.
Zerrenda batzuk indarrean dauden bitartean lanpostu bererako mota bereko beste batzuk eratzen badira, zerrenda berrienetako izangaiek lehentasuna izanen dute deialdian, horrelako zerrendetan zaharrenak direnenen aurretik, betiere 2. artikuluan zerrenda-moten artean ezarritako lehentasuna kontuan hartuta.
7. artikulua. Indarrean jartzea eta atzeraeragina.
Erabaki honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Erabaki hau indarrean jartzean lehendik indarrean diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendei bertan ezarritako indarraldi araubidea aplikatuko zaie. Era berean, zerrendetako lehentasun araubidea aplikatuko da, erabaki honetan xedatua, indarrean jartzen den egunetik aurrera.
Zerrenden indarraldia akaitzen bada, kasuan kasukoaz baliatzen ahal da, 2. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera, indarraldia bukatuta badago ere, alkatetzaren berariazko erabakiaren bidez horren luzapenaren gainean ebazten den bitartean.
Iragarkiaren kodea: L2516850
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
