Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
149/2025 FORU DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretua, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Aipatu foru dekretuaren III. kapituluak barne hartzen ditu Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eskumenen esparru materiala, hori osatzen duten zerbitzuak eta atalak eta haien funtzioak. Zuzendaritza nagusiak bi zerbitzu ditu bere egituran:
–Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua. Bi atal daude haren mende:
- Harrera Atala.
- Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala.
–Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua. Ez du mendeko atalik.
Aipatu administrazio unitateei esleitutako eskudantzia eta funtzioak aldatu eta berrikusi behar dira egungo egoerara egokitzeko; hain zuzen ere, egoera hori islatuta dago Nafarroako Gobernuak egin duen apustuan, Nafarroako gizarteak duen aniztasun sozialaren eta kulturalaren kudeaketarako politika publikoak hobetuko duten lan ildoak indartzeko. Behar hori sortu da azken hamarkadetan gure lurraldera migrazio-profil askotako jendea etorri eta bertan finkatu delako. Hori dela eta, ezinbestekoa da zenbait lan arlori heltzea, kulturen arteko bizikidetzaren elementuak indartzeko, kultura eta bitartekaritza gakoak lantzeko, baita gizartean harremanak eta parte-hartzea bultzatzeko eta gizartearen parte izateko espazioak sortzeko ere. Hala, Nafarroako gizarte osoaren gizarte-kohesioa indartu nahi da.
Ildo horretan, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du aldatzea 241/2023 Foru Dekretuaren III. kapituluko 2. atala, hortxe arautzen baita Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua. Zerbitzu hori atal bakar batean egituratuko da, eta Harrera eta Lagun Egiteko Atal izena hartuko du.
Horrez gain, proposatzen da 241/2023 Foru Dekretuaren III. kapituluko 3. atala aldatzea, han arautzen baita Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua. Atal bakarra izanen du: Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atala.
Aipatu aldaketen ondorioz, bi zerbitzuen eskumenak berrantolatu eta haien artean birbanatu behar dira, bai eta haiei atxikitako atalenak ere.
Horrez gain, proposatzen da aldatzea egun Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuak egun duen izena, Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzu izan dadin. Edonola ere, zerbitzuak eskumenen esparru materiala eta egitura mantenduko ditu.
Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko abenduaren hogeita hamarrean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEA:
Artikulu bakarra. Aldatzea 241/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Aldatzen da azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretua, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:
Bat.–9. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
"9. artikulua. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Etxebizitza Zerbitzua.
b) Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzua".
Bi.–II. kapituluko 3. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:
"3. atala.–Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzua".
Hiru.–15. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:
"15. artikulua. Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.
Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu, honako arlo hauetan: etxebizitza hutsen gaineko ikuskapena eta kontrola, sistemen kudeaketa, berrikuntza, parte-hartzea eta hedapena; baita bere jardueraren esparru materialean agintzen zaizkion beste batzuk ere".
Lau.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:
"16. artikulua. Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuaren egitura.
Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Berrikuntza eta Ikuskapen Atala.
b) Parte-hartze eta Hedapen Atala".
Bost.–III. kapitulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:
"III. KAPITULUA.–MIGRAZIO POLITIKETAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA
1. ATALA.–ESKUMENEN ESPARRU MATERIALA ETA EGITURA
19. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren esparru material eta funtzionala.
Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu eta, berariaz, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Migrazio politikak eskualde mailan garatzeko esparru estrategikoak ezartzea.
b) Migrazio politikak planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, eta, zehazki, arlo hauekin zerikusia dutenak: Nafarroan migratzaileentzako harrera eta inklusioa, kulturen arteko bizikidetza hobetzea, eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka.
c) Aztertzea Nafarroan izaten diren migrazioak, fenomenoak izan duen garapena, bai eta gizartean izan duen eragina ere. Hala, kultura aniztasuna Nafarroan egun dugun biztanleriaren definizio elementu gisa landuko da.
d) Gainerako departamentuekin lankidetzan aritzea, haien eskumen esparruari eragiten dioten heinean, arlo hauekin loturiko ekintzetarako: migratzaileentzako harrera eta inklusioa, kulturen arteko bizikidetza hobetzea, eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka.
e) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea atzerrian bizi diren nafarrentzako ekintzetan.
f) Migrazioarekin eta asiloarekin lotuta dauden Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekin koordinatzea arlo hauetan: harrera, lagun egitea, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren aurkako borroka.
g) Europan migratzaileentzako eta errefuxiatuentzako jarduera humanitarioak egiten dituzten erakundeei laguntza ematea.
h) Migrazio prozesuekin eta bere eskumenen esparruan ezarri beharreko politika publikoekin loturiko beste edozein jarduera.
20. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu eta atal hauek ditu bere egituran:
a) Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua.
b) Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzua.
2. ATALA.–KARIBU-MIGRATZAILEEI HARRERA ETA LAGUN EGITEKO ZERBITZUA
21. artikulua. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako gai hauetan:
a) Nafarroan migratzaileei harrera eta lagun egiteko jarduketak planifikatu eta koordinatzea.
b) Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana koordinatzea.
c) Migratzaileei eta aldi baterako babesaren eta nazioarteko babesaren eskatzaileei harrera eta lagun egitearekin loturiko zerbitzuak eta programak bultzatu eta sustatzea.
d) Parte hartzea tokiko, autonomia erkidegoko, Estatuko nahiz Europako administrazioetako kontseilu eta batzordeetan, migratzaileei harrera eta lagun egitearekin lotutakoetan.
e) Migratzaileei harrera eta lagun egiteaz arduratzen diren Europako programetan parte-hartzea sustatzea.
f) Gizarte erakunde guztiekiko koordinazioa sustatzea, migratzaileentzako harrera eta lagun egitea hobetzeko.
g) Migratzaileei zuzendutako prestakuntza ez-formaleko programak eta jarduerak, gaitasun pertsonalak eta sozialak eta komunikazio gaitasunak hobetzekoak, bultzatzea eta sustatzea, Nafarroan migratzaileen harrera eta lagun egiteko prozesuak errazte aldera, Nafarroako hizkuntza ofizialen ikaskuntza barne, migratzaileen egoera espezifikoetara egokituta betiere.
h) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.
22. artikulua. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren egitura.
Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak atal hau du bere egituran:
a) Harrera eta Lagun Egiteko Atala.
23. artikulua. Harrera eta Lagun Egiteko Atalaren esparru material eta funtzionala.
Harrera eta Lagun Egiteko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroan Migratzaileei Harrera Egiteko Plana diseinatzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea, eta hartan ezarritako programak eta jarduketak bultzatzea, beste administrazio publiko batzuekin eta entitateekin lankidetzan.
b) Migrazioen arloko oinarrizko informazio eta orientazio zerbitzua kudeatzea.
c) Nafarroako Foru Komunitateko migratzaileei atzerritartasunaren arloan arreta eta aholkularitza emateko zerbitzua kudeatzea.
d) Tokiko, eskualdeetako, Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekiko koordinazioa eta lankidetza, migratzaileei harrera eta lagun egitea hobetzeko.
e) Koordinazioa eta laguntza, bere eskumenen esparruan, migratzaileei eta errefuxiatu-babesaren, aldi baterako babesaren eta nazioarteko babesaren eskatzaileei harrera egiteko sarearekiko eta migratzaileen elkarteekiko, baita pertsona horientzako harrera eta lagun egitea hobetzeko lan egiten duten gizarte erakundeekiko ere.
f) Departamentuen edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea, migratzaileentzako harreraren eta lagun egitearen arloan.
g) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak, hitzarmenak eta programak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.
h) Etengabeko eta zeharkako prestakuntza, migratzaileentzako harreraren eta lagun egitearen esparruan aritzen diren eragileei zuzenduta, honako gai hauei buruz: migrazioak, atzerritartasunaren gaineko araudia, nazioarteko babesa, migrazioko dolua eta familien berrelkartzea.
i) Migratzaileei lagun egiteko, mentoretza eta pedagogia berritzaileetan oinarritutako programak garatzea eta sustatzea.
j) Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta integrala emateko Kideak zerbitzua kudeatzea.
k) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.
3. ATALA.–AYLLU-KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZARAKO ETA ARRAZISMOAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO BORROKARAKO ZERBITZUA
24. artikulua. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren esparru material eta funtzionala.
Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako gai hauetan:
a) Jarduketak planifikatzea eta koordinatzea, Nafarroan, kulturen arteko bizikidetzaren, kulturen arteko bitartekaritzaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren esparruan.
b) Ezartzea Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategia.
c) Koordinatzea Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana.
d) Kulturen arteko bizikidetza, Nafarroan gizarte aniztasuna eta migrazioa sustatzea eta haien balioa azpimarratzea.
e) Tokiko, eskualdeetako, Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekiko lankidetza, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokan.
f) Toki entitateekiko koordinazioa eta laguntza, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko Nafarroako Foru Komunitateko eskualdeetan.
g) Nafarroan arrazismoaren aurka borrokatzeko foru legea garatzeko jarduketak koordinatzea.
h) Antolatzea eta koordinatzea Arrazismoaren aurkako Nafarroako Kontseilua.
i) Parte hartzea tokiko, autonomia erkidegoko, Estatuko nahiz Europako administrazioetako kontseilu eta batzordeetan, kulturen arteko bizikidetzarekin eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarekin lotutakoetan.
j) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak.
25. artikulua. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren egitura.
Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak atal hau du bere egituran:
a) Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atala.
25 bis artikulua. Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atalaren esparru material eta funtzionala.
Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitateko migratzaileentzako bitartekaritza komunitarioaren zerbitzua kudeatzea.
b) Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzarako Estrategia koordinatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta hartan ezarritako programak eta jarduketak bultzatzea, beste administrazio publiko batzuekin eta entitateekin lankidetzan.
c) Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana koordinatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta hartan ezarritako programak eta jarduketak bultzatzea, beste administrazio publiko batzuekin eta entitateekin lankidetzan.
d) Arrazismoari eta xenofobiari aurre egiteko arreta zerbitzua kudeatzea.
e) Kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko neurrietan laguntzea eta horiek koordinatzea, neurri horiek Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetan garatzen direnean.
f) Toki entitateekiko koordinazioa eta laguntza, kulturen arteko bizikidetzarako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokarako teknikarien sare bat ezarri eta abian jartzeko Nafarroako Foru Komunitatean.
g) Kultura aniztasunaren eta dibertsitatearen balio positiboak nabarmentzeko ekimenak bultzatzea, toki entitateekin, gizarte erakundeekin eta migratzaileen elkarteekin elkarlanean.
h) Nafarroan migratzaileen parte-hartzea eta gizarte dinamizazioa sustatzea.
i) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak, hitzarmenak eta programak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.
j) Etengabeko eta zeharkako prestakuntza, Nafarroan kulturen arteko bitartekaritzaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren esparruan aritzen diren profesionalei, tokiko eragileei eta gizarte eragileei zuzenduta, honako gai hauei buruz: kulturartekotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, arrazismoari eta xenofobiari aurrea hartzea eta horien aurkako sentsibilizazioa, eta kulturen arteko harremana eta bizikidetza.
k) Departamentuen edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea, kulturen arteko bizikidetzaren, bitartekaritzaren eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloan.
l) Sentsibilizazio kanpainak eta jarduketak garatzea, Nafarroan batera bizi diren kulturek elkar ezagutzeko, migrazioen fenomenoa gizatiartzeko, eta aniztasuna Nafarroako gizartearentzako aberastasuna dela erakusteko, Nafarroa Koloretan ekimenaren bidez.
m) Jarduketak gauzatzea, Foru Komunitatean migrazioen fenomenoaren ikuspegi baikorra zabaltzeko lan egiten duten pertsona, elkarte eta entitateei aitortza egin dakien, Nafarroa Koloretan sariaren bidez.
n) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jarduketa eremuan agintzen zaizkionak".
Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.
Foru dekretu honetan unitate hauek kentzen dira:
a) Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian:
–Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzua.
b) Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuan (Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia):
–Harrera Atala.
–Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala.
Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.
Foru dekretu honetan unitate hauek sortzen dira:
a) Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian:
–Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzua.
b) Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuan (Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia):
–Harrera eta Lagun Egiteko Atala.
c) Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan (Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia):
–Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atala.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Unitateetako burutzetan aritzeko eskatzen diren betebeharrak.
a) Harrera eta Lagun Egiteko Atalaren burutza: B maila.
b) Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Atalaren burutza: B maila.
Laugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.
1. Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
a) Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko zuzendariarena; aurrerantzean Berrikuntza eta Hedapen Zerbitzuko burua izanen da.
b) Harrera Ataleko buruarena; aurrerantzean Harrera eta Lagun Egiteko Ataleko burua izanen da.
c) Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Ataleko buruarena; aurrerantzean Kulturen arteko Bizikidetzarako, Bitartekaritzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Ataleko burua izanen da.
Xedapen iragankor bakarra.–Kredituen egozpena.
Foru dekretu honen bidez sortu edo aldatu diren zerbitzu eta atalen aurrekontu xedapenak egotziko zaizkie kasuan kasuko eginkizunak orain arte bete dituzten organoei dagozkien partidetako kredituei, 2026ko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.
Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.
Ahalmena ematen zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2517290
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
