167. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1932/2026 EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak emana, 2026. urtean ikasleei zuzendutako lehiaketetan parte hartzeko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN kodea: 923962.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, VI. Plan Estrategikoaren barrenean (2025-2028), zenbait ekintza sustatu nahi ditu Espainiaz gaindiko lankidetza indartzeko eta honako alderdi hauek hobetzeko: nazioarteko lehiakortasuna; zeharkako gaitasunen eskurapena; ikerketa-talentuaren erakarpena, atxikitzea eta itzulera; eta ikertzaile gazteen lidergoa lehiaketa-deialdietako proiektuetan.

Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetzak eta Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak sustatzen dute, beren eskumenen esparruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek lehiaketa akademikoetan parte hartzeko laguntzen deialdi hau.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.

Aurrekontuan horretarako dirua badela kontuan harturik.

Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egin dituen txostena eta ebazpen-proposamena ikusirik.

Barne Kontrolerako Zerbitzuak aldeko fiskalizazioa eginda.

Errektoretza-taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskudantziak erabiliz -ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 2025eko otsailaren 25eko 351/2025 Ebazpenaren, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren eta 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen-,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Deialdi bat onestea hiru laguntza emateko gehienez ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei, ikasleei zuzendutako lehiaketa akademikoetan parte har dezaten. Eranskineko oinarriek arautuko dituzte laguntzak.

Gehienez ere 1.500 euro jasotzen ahalko ditu talde bakoitzak laguntza bakoitzagatik, eta laguntza bakoitzaren bana-banako zenbatekoa oinarrietan xedatutakoaren arabera zehaztuko da.

Aukeratutako proiektu kopurua handitzen ahalko da egindako esleipenaren arabera aurrekontu soberakinik badago.

Bigarrena.–Horretarako, 4.500 euro-ko gehieneko gastua baimentzen da. Horietatik Biltzarretako inskripzioak izeneko 1.000 euro 305200/0710/226.18 partidaren bidez finantzatuko dira, eta 3.500 euro, berriz, Garraioa izeneko 304100/0410/223.00 partidaren bidez (espedientea: 2026/0000967). Bi partidak Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2026ko gastuen aurrekontukoak dira.

Hirugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeari, Kontabilitate Atalari, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari, Nazioartekotze eta Lankidetza Atalari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 3an.–Begoña Pérez Eransus, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea.

ERANSKINA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN GAIETARAKO, UNIBERTSITATEKO BIZITZAKO ETA KONPROMISO SOZIALEKO ERREKTOREORDEAREN EBAZPENARENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzendutako 2026ko lehiaketa akademikoetan parte hartzeko laguntzen deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da ikasleentzako gehienez ere hiru laguntza ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzendutako lehiaketa akademikoetan parte har dezaten. Horretarako, ikasle interesdunek parte hartu nahi duten lehiaketaren proiektu bat aurkeztu beharko dute. Gehienez ere 1.500 euroko finantzaketa lortzen ahalko du proiektu bakoitzak deialdian. Laguntzen kopurua handiagotzen ahalko da aurrekontu soberakina badago esleipena egin ondoren.

2. oinarria.–Talde parte-hartzaileak onartzeko eskakizunak.

1. Talde bakoitzeko kide izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (aurrerantzean NUP) graduko, unibertsitate masterreko edo doktoretzako ikasketa ofizialetako bi ikasle gutxienez ere. Halaber, taldeko kide diren ikasketa ofizial horietako bi ikaslek egin beharko dute deialdian parte hartzeko eskaera.

Ikasle eskatzaileek ez ezik honako ikasle hauek ere osatzen ahalko dute taldea: NUPeko beste ikasle batzuek edota beste unibertsitate batzuetakoek, baldin eta lehiaketa egiteko unean NUPen egiten ari badira ikasketak mugikortasunerako nazioko edo nazioarteko hitzarmenen babesean. NUPen soldatapekoak diren eta zerbitzu aktiboan dauden irakasleak ere izaten ahalko dira taldekide.

2. Laguntza eskatu duten ikasleek NUPeko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egon behar dute 2026. urtean, 2025-2026 ikasturtean, eta dagozkien prezio publikoak ordainduak izan behar dituzte. Jarduera 2026ko irailetik aurrera egiten bada, ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial batean matrikulatuta jarraitu beharko dute 2026-2027 ikasturtean.

3. Hautatuak izateko, 1. oinarrian aipatutako proiektuetan sartuko dira taldeek 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 7ra bitartean parte hartutako lehiaketak.

Lehiaketak Espainiakoak nahiz atzerrikoak izaten ahalko dira.

3. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Interesdunek inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztuko dute eskaera; hemen deskargatzen ahal da:

https://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/estudiantes/acceso-bec-tit/ayudas-competiciones-academicas.pdf

2. Eskaerak hilabeteko epean aurkezten ahalko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, NUPen Erregistro Elektronikoaren bidez:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8779&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

3. Eskaeran informazio hau jasoko da:

a) Ikasle eskatzaileak (bi izan behar dute): izena, abizenak, nortasun agiria, telefonoa, helbide elektronikoa eta zer titulazio ofizialetan dauden matrikulatuta.

b) Lehiaketaren izena eta deskripzioa: zer jarduerak osatzen duten, zer leku-egunetan eginen diren eta zer webgunetan argitaratu den, halakorik bada.

c) Aurrekontua: proiektuaren kostu osoa, adierazita zein den deialdi honen esparruan eskatutako zenbatekoa eta, hala badagokio, batera finantzatutako zenbatekoa, batera finantzatzen duen entitatea (edo entitateak) aipatuta. Erantsitako dokumentuetan gehitu behar da nola banatu den aurrekontua parte-hartzaileen eta gastu-kategoriaren arabera.

d) Taldeko gainerako ikasle eta irakasleei buruzko datuak (izena, abizenak, nortasun agiria, helbide elektronikoa eta ikasleak zer titulaziotan dauden matrikulatuta).

Era berean, aukera egonen da Ikastegiaren (Fakultatearen edo Eskolaren), Sailaren, Ikerketa Institutuaren edo Taldearen, edo NUPez gain jarduerak finantzatuko dituen entitatearen (halakorik bada) eskutitz bat eransteko, proiektuaren interesa eta batera finantzatzeko modua azalduko duena.

4. oinarria.–Esleitzeko prozesua.

1. Balioespen Batzorde batek baloratuko ditu eskaera guztiak. Kide hauek edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonek osatuko dute:

–Nazioarteko Harremanen eta Lankidetzaren Arloko zuzendaria.

–Ikasleen Arloko zuzendaria.

–Nazioartekotze eta Lankidetza Ataleko burua.

–Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko burua.

2. Hamar egun balioduneko epean eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik kontatzen hasita, parte-hartzaile bakoitzak aurkeztutako eskaera guztiak eta dokumentazioa baloratuko ditu Batzordeak, eta proposamena bidaliko dio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeari.

3. Batzordearen txostena jaso eta gehienez ere bost egun balioduneko epean, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak behar den ebazpena emanen du laguntzak nori esleitu erabakitzeko, eta Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko du.

Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak laguntzak esleitzeko emandako behin betiko ebazpenaren aurka zilegi izanen da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

5. oinarria.–Finantzatutako zenbatekoa proiektu bakoitzeko eta ordaintzeko modua.

1. 6. oinarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe, aukeratutako proiektuen talde bakoitzak 1.500 euro jasotzen ahalko ditu gehienez ere, eta kontzeptu hauetan erabiltzen ahalko dira: joan-etorriak, ostatu hartzea eta lehiaketetako inskripzio gastuak, ikasleenak, eta, hala badagokio, baita irakasleenak ere. Ez dira mantenu gastuak finantzatuko deialdi honen kontura.

2. Iruñetik kanpoko joan-etorrien eta/edo ostatuen gastuak honela ordainduko dira:

–Iruñetik kanpo joan edo ostatu hartuko duten proiektu aukeratuetako taldeen kideek joan-etorrietarako eta ostaturako zerbitzua eskatu beharko diote Unibertsitateko bidaia zerbitzuaren agentzia esleipendunari (Globalia Corporated Travel SLU), helbide honetan argitaratutako 90. zirkularrean ezarritako moduan: https://www.unavarra.es/servicioeconomia/arauak-emateko-zirkularrak?languageId=100001.

–Behin bidaia-plana eta ostatua Globalia Corporated Travel SLU bidaia-agentziarekin adosten dutenean, helbide elektroniko honetara bidali beharko dute dagokion aurrekontuarekin batera:

  • becas.movilidad@unavarra.es (Nazioartekotze eta Lankidetza Atala) nazioarteko lehiaketen kasuan;
  • becas@unavarra.es (Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala) Espainiako lehiaketen kasuan;

–Unitate horiek Gastu Unitate Funtzionaleko arduradunak Globalia Corporated Travel SLU bidaia-agentziari eman beharreko baimena tramitatuko dute, eta zuzenean ordainduko zaio enpresa horri fakturen zenbatekoa.

–90. zirkularrean xedatutakoaren arabera, onuradunak beste agentzia baten bidez edo bere kabuz kudeatzen ahalko ditu joan-etorriak eta ostatua Globalia Corporated Travel SLU bidaia-agentziak emandakoa baino aurrekontu ekonomikoagoa aurkitzen badu, eta hori frogatzen badu NUPeko enpresa esleipendunak emandako bidaia-plana duen posta elektronikoko mezu baten bidez. Kasu horretan, fakturak NUPen izenean egin behar dira (IFKa: Q3150012G). Kontuan izan behar da Globalia Corporated Travel SLU bidaia-agentziarekin kontratatzeak barnean hartzen duela Dinners txartelarekin lotutako aseguru estaldura (https://www2.unavarra.es/gesadj/VPortalTransparencia/ServicioAAEE/DireccionServicio/SINTESIS%20SEGUROS%20DINERS2021.pdf). Beraz, onuradunak kontratatu eta ordainduko du behar den asegurua Globalia Corporated Travel SLU bidaia-agentzia aukeratzen ez badu.

–Gainerako gastuak aukeratzen diren proiektuetako taldekideei ordainduko zaizkie, jatorrizko fakturak hemen aurkeztu ondoren:

  • Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalean, Espainiako lehiaketen kasuan.
  • Nazioartekotze eta Lankidetza Atalean, nazioarteko lehiaketen kasuan.

Proiektu bakoitzari esleitutako mugaraino bakarrik ordainduko dira gastuak. Aurkezten diren fakturek muga gainditzen badute, esleitutako laguntzaren parte proportzionala emanen zaio parte-hartzaile bakoitzari, egin duen gastuaren arabera. Kide bakoitzak gastuen egiaztagiriak emateko unean aipatu duen bankuaren kontu zenbakian eginen da ordainketa. Kontu zenbakiaren titularra izan behar du. Beste herrialde batzuen banku-kontuei dagokienez, NUPek ez ditu ordainduko bankuak kontuaren titularrari kobratzen dizkion zenbatekoak.

3. Dokumentazio horrekin batera, lehiaketa egin eta zazpi egun naturaleko epean, 7. oinarriko azalpen memoria aurkeztu beharko da. Fakturak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean eman beharko dira (IFKa: ES Q3150012G-EB barrukoa, Q3150012G-Espainia).

6. oinarria.–Hautaketa-irizpideak.

1. Hasieran erabilgarri dauden hiru laguntzetatik, bat erreserbatuko da Espainian egiten diren lehiaketa akademikoetarako, eta beste bat beste herrialde batzuetan egiten direnetarako. Erreserba-kupo bakoitzaren barrenean, 3. apartatuan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira eskaerak, eta balioespen handienak lortu dituzten eskaerei emanen zaizkie laguntzak.

2. Behin laguntzak aurreko apartatuan aipatutako kupoen barruan esleitu ondoren, 3. apartatuan xedatutakoaren arabera ordenatuko da hirugarren laguntza, bai eta kupoetako batean behar adina eskaera ez dagoelako esleitzen ahal direnak ere. Balioespen handienak dituzten eskaerei esleituko zaizkie laguntzak, deialdian erabilgarri dagoen mugaraino.

3. Proiektuak aukeratzeko, irizpide hauek balioetsiko dira, eta gehienez ere 20 puntu aterako dira:

–Aurkeztutako proiektuaren kalitatea: proiektuaren nazioarteko izaera, barne koherentzia, lehiaketaren interes akademikoa, deskripzioaren osotasuna. Guztira, 7 puntu gehienez.

–Egokitzapena proiektua osatzen duten jardueren eta eskatutako aurrekontuaren artean. Guztira, 5 puntu gehienez.

–Lortutako baterako finantzaketa: 8 puntu emanen zaizkie gehienez ere NUPeko ikastegi (fakultate edo eskola), sail, ikerketa institutu edo talde baten, edo entitate publiko edo pribatu baten baterako finantzaketaren bermea duten proiektuei.

4. Eskabide gehiago badaude laguntza erabilgarriak baino, eta bi proiektuk edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta lehiaketa berean parte hartzeko laguntza eskatzen badute, laguntza bakarra esleituko da, eta horren zenbatekoa zati berdinetan banatuko da aipatutako proiektuen artean.

5. Aukeratutako proiektuengatik eskatutako zenbatekoa 4.500 euro baino txikiagoa bada osotara, Balioespen Batzordeak puntu gehien dituen proiektuaren finantzaketa handituko du 700 eurora bitarte. Inolaz ere ez da esleituko aurkeztutako proiektuan jasotako kostua baino zenbateko handiagorik, ez eta proiektu guztietarako ezarritako 4.500 euroko muga baino kopuru handiagorik ere. Esleipena egin ondoren soberakina baldin badago, modu berean jokatuko da puntu gehien duen hurrengo proiektuarekin, eta, hala badagokio, hurrengo proiektuekin aurrekontua agortu arte.

6. Aukeratutako hiru proiektuen finantzaketa handitu ondoren soberakina badago oraindik, puntu gehien lortu dituen hurrengo proiektu aurkeztua finantzatuko da aurreko apartatuetan ezarritako baldintza beretan.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Betebehar hauek izanen dituzte 5. oinarrian ezarritako laguntzak jasotzeko hautatzen dituzten proiektuen taldekideek:

a) Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalean (Espainiako lehiaketak) edo Nazioartekotze eta Lankidetza Atalean (nazioarteko lehiaketak) aurkeztea kontratatutako bidaia eta osasun laguntzako asegurua, baldin eta joan-etorria ez bada Globalia Corporate Travel SLU bidaia agentziarekin kontratatu. Aski izanen da Europako Osasun Txartela aurkeztea, hala badagokio.

b) Laguntzaren xede den lehiaketa akademikoan parte hartzea.

c) Unibertsitateko Erregistro Elektronikoan (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8256&lang=es&entity=1096), 5.3 oinarrian ezarritako epean eta gehienez ere 2026ko abenduaren 15eko epemugarekin, egindako jardueren azalpen memoria aurkeztea, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari (Espainiako lehiaketak) edo Nazioartekotze eta Lankidetza Atalari (nazioarteko lehiaketak) zuzendua. Memoriarekin batera, aipatutako oinarrian adierazten diren gastuen ordainagiriak aurkeztuko dira.

d) Lehiaketa akademikoan parte hartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatuz, eta ez norberaren izenean.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta laguntza jaso duen lehiaketa akademikoa amaitzen den arte laguntzaren esleipendun izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzea.

f) Laguntza emateko baldintzak betetzen dituztela eta baldintzak eraginkorrak direla egiaztatzeko beharrezkoak diren frogapen jarduerak betetzea.

2. Deialdian ezarritako edozein betebehar ez betetzeak esleipena ezeztatzea ekartzen ahalko du. Horrek berekin ekarriko du onuradunak jaso duen zenbatekoa itzuli beharra edo NUPek deialdiaren eta ondorengo aukeraketa ebazpenaren esparruan egin duen gastua itzuli beharra.

8. oinarria.–Datuen babesa.

1. Eskaerak aurkezteak, prozedura honetan parte hartzeak eta laguntzak esleitzeak berekin dakar datu pertsonalak tratatzea ukitutako pertsonei edo interesatuei dagokienez. Zehazki, deialdi honetako 3.3 oinarrian agertzen diren datuak tratatuko dira. Dagokion eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtatu beharko du bere taldeko gainerako kideen adostasuna duela.

2. Halaber, laguntzen esleipenak eta kudeaketak berekin dakar ordainketa datuak tratatzea, deialdiaren oinarrietako 5.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua -2016ko apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO)-; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.

Laguntzak emateak sorrarazten duen interes publikoa da aurreikusitako datu tratamendurako oinarri juridikoa, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera.

NUP da datuen tratamendu ororen arduraduna. Kontratatutako bidaia-agentziak tratatu beharreko datuei dagokienez, arduraduna izaten jarraitzen du NUPek, eta agentzia NUPen konturako tratamenduaren arduradun arituko da.

3. Tratatu beharreko datuak honako hauek dira: nortasuna (izena, abizenak, NANa), harremanetarako datu akademikoak, eta, sariaren onuradun izanez gero, bankuko datuak edo ordaintzeko beste datu batzuk. Datuen tratamendu horrek ukitutako pertsonek informazio, sarbide, zuzenketa eta ezabatze eskubideak eta datuak babestearen arloko beste eskubide batzuk erabiltzen ahalko dituzte, eta, horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbide elektronikora.

9. oinarria.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak NUPen iragarki ohol elektronikoan, NUPeko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen prozeduren katalogoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honek eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenak administrazio bidea agortzen dute, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 38.4 artikuluak ezartzen duen moduan. Hori dela-eta, 39/2015 Legeak -2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa- 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin arabera, zilegi da honako errekurtso hauek jartzea dirulaguntza emateko prozedura honen eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka:

–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2610969