Iragarkia
167. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORORBIAKO KONTZEJUA
Ordenantza, kontzeju-etxeko aretoen erabilerak arautzen dituena.
Behin betiko onespena
Ororbiako Kontzejuko Batzarrak, 2026ko maiatzaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ororbiako kontzeju-etxeko aretoen erabilerak arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2026ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an. Jendaurreko aldia igarota inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da aipatu ordenantza, eta agintzen da argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoarekin.
Ororbian, 2026ko uztailaren 29an.–Kontzejuko burua, Jesús Gárriz Ezcurra.
ORORBIAKO KONTZEJU-ETXEKO ARETOEN ERABILERAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–DEFINIZIOA
1. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxea Cardenal Arce kaleko 2. zenbakian dago, Ororbian (3. poligonoko 552. lurzatia). Udalaren ondarea da, zerbitzu publiko bati lotua. Erabiltzeko ardura Ororbiako kontzejuari dagokio.
2. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxearen eremuak nagusiki kontzeju-etxearen beraren jardueretara bideratuta daude, eta horretarako erabiltzen ez diren aretoak bideratzen ahal dira beste jarduera batzuetara, hala nola musikaren, zinemaren eta plastikaren alorreko jarduera kultural eta soziokulturaletara: hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, eta beste kultur jarduera batzuk. Horrez gain, eremu horiek auzotarrentzat interesekoak izaten ahal diren zerbitzuak emateko ere erabiltzen ahal dira, baldin eta erabilera horiek bideragarriak badira kontzeju-etxearen ohiko erabilerarekin eta kontzejuak baimendu baditu.
3. artikulua. Ororbiako kontzejua arduratuko da Ororbiako kontzeju-etxean sustatu eta eginen diren jarduera, ikastaro eta ikuskizunen, zeinak elkarteek edo norbanakoek antolatzen eta proposatzen ahal dituzten.
4. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxean, jarduerak udal teknikariekin elkarlanean egiten ahal dira.
II. KAPITULUA.–ORDUTEGIA
5. artikulua. Programaturiko jarduerek zer ezaugarri dituzten eta Ororbiako kontzejuak antolatzeko zer aukera dituen, haiexen araberakoa izanen da Ororbiako kontzeju-etxea irekitzeko ordutegi orokorra.
III. KAPITULUA.–JARDUERAK
6. artikulua. Kontzeju-etxean egin beharreko jarduerak, nagusiki, kulturalak, artistikoak, hezkuntzaren arlokoak, soziokulturalak eta ludikoak izanen dira, bai eta eraikinaren natura eta izaerarekin bat datozen eta komunitatearentzat interesgarria izaten ahal den beste edozein jarduera ere. Jarduera horietzat jotzen dira hauek:
–Ikastaroak, lantegiak, mintegiak, esku lanak (garbiak), etab.
–Kirol ikastaroak (mugimendu gutxikoak).
–Antzerki edo dantza emanaldiak, neurri txikikoak.
–Musika emanaldiak, kontzertuak, entzunaldiak (neurri txikikoak).
–Mahai inguruak, mintzaldiak, eztabaidak.
–Ikus-entzunezko proiekzioak.
–Erakusketak: pintura, eskultura, argazkigintza, etab.
–Programa politikoen aurkezpena.
–Liburutegi eremua eta liburutegiko espazioaren berezko jarduerak. Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak. Ipuin kontalariak. Liburu aurkezpenak.
–Ludoteka eremua.
–Tokiko gazteen eremua.
–Hirugarren adinekoentzako ikastaroak eta elkarteak.
–Antzerki taldeak, entseguak, bilerak eta abar.
–Musika taldeen entsegurako lokalak.
–Kolektibo, elkarte eta klubak biltzeko lokala.
–Zerbitzu profesionalak, sanitarioak, laguntzakoak edo ongizatekoak ematea, eta zerbitzu horiek herritarrei zuzenduta egotea eta eraikinaren erabilerarekin bateragarriak izatea.
7. artikulua. Jarduerak gauzatzeko, Ororbiako kontzejuak hasierako onespena eman beharko die.
8. artikulua. Kontzejuak baimena ematen ahal du kontzeju-etxeko ohiko funtzionamendurako behar ez diren aretoak aldi baterako erabiltzeko, bai irabazi-asmorik gabe erakundeei, bai auzotarrentzat interesgarriak izaten ahal diren jarduera profesional, ekonomiko, sozial, sanitario edo laguntzakoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei.
Edonola ere, aretoen erabilera zerbitzu publikoaren beharrek eta eremuen prestasunak baldintzatuta egonen da.
IV. KAPITULUA.–ERABILTZAILEAK
9. artikulua. Hona hemen Ororbiako kontzeju-etxeko erabiltzailearen definizioa: bertara sustatzaile gisa jotzen duena edo, orokorrean, bertan gauzatzen diren jardueretan parte hartzen duena.
10. artikulua. Kontzeju-etxearen aretoen elkarte eta/edo talde erabiltzailea da jarduerak egiteko areto horiek erabiltzen dituena.
11. artikulua. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Ezarritako ordutegiak errespetatzea.
–Zuzen erabiltzea Ororbiako kontzeju-etxeak duen azpiegitura. Bertan diren altzariak eta elementuak zaintzea eta egokiro erabiltzea.
–Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan beste eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.
–Kontzejuak baimendutako langileek ematen dituzten jarraibideei kasu egitea.
–Barrenean, ezin dira egin pertsonen arteko berdintasunaren printzipioa urratzen duten jarduerak.
–Debeku da lagapen akordio hauen bidez jasotako espazio publikoak baimendu ez diren jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.
–Surik ez egitea, eta baimendutako zarata-maila ez gainditzea. Inolako jarduera piroteknikorik ez egitea.
–Hertsiki debekaturik dago tabakoa, alkohola eta drogak kontsumitzea instalazioan.
–Debeku da aretoak txoko gisara erabiltzea, festak, bazkariak, askariak, urtebetetzeak eta abar egiteko, salbu eta kontzejuak berariazko baimena ematen badu.
–Oro har, debekaturik dago animaliak instalazioan sartzea, txakur gidarientzako sektore araudian ezarritakoa izan ezik.
12. artikulua. Ororbiako kontzejuak eskubidea izanen du aipatutako jarraibideak errespetatzen ez dituzten pertsonei sarrera ukatzeko. Aretoak behar ez bezala erabiltzeak lokaletik bidaltzeko edo horiek ez lagatzeko arrazoi izaten ahal da, Kontzejuak berariaz ezartzen duen epean.
13. artikulua. Kontrakoa erabaki ezean, Kontzejuko aretoak lagatzeak ez du ekarriko Kontzejuak inolako materialik gorde eta biltegiratzea. Biltegiratze hori salbuespenekoa izanen da, aldi baterako, baldin eta Kontzejuak berariaz baimentzen badu.
14. artikulua. Ikus-entzunezko baliabideak langile arduradunek erabiliko dituzte, edo bestela entitate antolatzaileak akreditaturiko adituek, Kontzejuak aurretik berariazko adostasuna eman badu.
V. KAPITULUA.–EREMUAK
15. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxeak honako hauek ditu:
Beheko solairuan; 20, 17 eta 40 metro koadroko hiru gela. Horiez gain, solairu horretan bertan daude komunak, kontzejuaren bulegoa, sukaldea eta galdara zein kaxa elektriko orokorra dagoen gela.
Lehenengo solairuan, eskaileren eremua, komunak eta korridorea. Gainera, 160 metro koadroko gela handi bat dauka. Solairu horretan daude biltegiratze gela, kontzejuko artxibategia eta burutzaren bulegoa ere.
Erregelamendu honen bidez arautu nahi diren aretoak eraikinaren beheko solairuaren eta lehenengoaren artean daude:
–1. aretoa, beheko solairua: 20 metro koadratuko aretoa da, eta ordenantza honetan aurreikusitako jarduerak egitera bideratuta dago.
–2. aretoa, beheko solairua: 17 metro koadratuko aretoa da, eta ordenantza honetan aurreikusitako jarduerak egitera bideratuta dago.
–3. aretoa, lehenengo solairua: gainazal handiagoko aretoa da, eta ordenantza honetan aurreikusitako jardueren artean toki gehien behar dutenak egitera bideratuta dago.
Kontzejuak aldatzen ahal du areto erabilgarrien zerrenda eta haien esleipena, baldin hala behar bada dauden aukerengatik eta Kontzejuaren interesengatik.
VI. KAPITULUA.–ORORBIAKO KONTZEJU-ETEXEKO ARETOEN /
ERABILERAK ETA ERABILERA LAGAPEN IIRIZPIDEAK
16. artikulua. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Ororbiako kontzejuak antolatu edo babesten dituen jardueretarako erabiltzearen mende.
17. artikulua. Eremuen erabilera elkarte eta taldeei esleitzeko tenorean, lehentasuna izanen dute Oltza Zendeako elkarte eta taldeek.
18. artikulua. Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Kontzejuaren edota pertsona edo taldeen artean, Ororbiako kontzeju-etxeko guneak erabiltzeko.
19. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxeko aretoak erabiltzeko araubide ekonomikoa, zeinean Kontzejuak ez duen berariaz baimentzen doako erabilera, indarreko tarifetara egokituko da, eta Kontzejuari dagokio jarduerak egiteko ezarritako tarifak edo prezio publikoak kobratzea, hala behar denean.
20. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxeko areto bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honela arautuko dira:
Oro har, Kontzejuak lehentasun berezia izanen du instalazioak erabiltzerako orduan. Aitzitik, aldez aurretik denbora nahikoaz jakinarazi beharko die gainerako erabiltzaileei dagokion lokalaren erabileraren beharrak.
Instalazioak irabazi-asmoekin erabiltzean partaideek kuota bat ordaindu behar duten ikastaroak, lantegiak edo beste jarduera batzuk egiteko, erabileraren titularrak izena eman behar du jarduera ekonomikoen gaineko ergaren erregistroan.
Gainerako erabiltzaileek ekipamenduak eta higiezinak erabiltzeko, hiru puntu hartuko dira kontuan:
–Taldeak edo pertsonak (erroldatua) ez izatea irabazi-asmorik.
–Taldea nagusiki udalerrian erroldatuta dauden pertsonek osatzea (% 60 izan behar dute, gutxienez).
–Oro har, erabiltzaile guztiek Kontzejuak instalazioak erabiltzeko ezartzen dituen ordutegiei men egin eta heldu behar diete.
–Irabazi-asmoa duten jardueren kasuan, pertsonak edo taldeak kasuan kasuko tasak ordaindu beharko dituzte (ordenantza honen eranskinean jaso dira).
Kontzejuak baimentzen ahal du aretoak erabiltzea auzotarrentzat interesgarriak izaten ahal diren zerbitzu profesionalak emateko, baldin eta jarduera bateragarria bada kontzeju-etxearen funtzionamenduarekin, langileak jarduera hori egiteko legezko eskakizunak betetzen baditu eta auzotarren onurarako bada edo kontzejuko lehendikako zerbitzuen eskaintza hobetzen badu.
21. artikulua. Zer premia dauden, zer espazio dauden erabilgarri eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, halakoxeen araberako erantzuna emanen zaie espazioak lagatzeko eskabideei.
Ikasturte bakoitzaren hasieran, Ororbiako kontzeju-etxearen aretoak erabiltzen dituen norbanako edo talde bakoitzak hura erabiltzea aurreikusten duen jarduera egutegi bat edo ordutegi bat aurkeztuko du. Egutegi horrek bat egin behar du Kontzejuak ezarritako aretoen irekitze eta ixte ordutegiekin.
Orobat, aretoak eskatzen dituzten talde guztiei lagatzeko adina lokal ez badago, aintzat hartuko dira ondoko alderdi hauek lokalen erabilera zeini lagako zaion erabakitzeko, eta lehentasuna emanen zaie betetzen dutenei:
1) Oltza Zendean bizi diren eta erroldatuta dauden kide gehien dituzten taldeak.
2) Lagatako lokalen bat erabili ondoan, ekitaldiak eta/edo jarduerak sortu edo haietan parte hartu duten taldeak, nolabait herriari eta/edo udalerriari itzul diezaioten lokala laga zaien denboran jasotako onura.
22. artikulua. Ororbiako kontzeju-etxearen aretoak lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:
a) Aretoak erabiltzeko eskarien aurkezpena kontzejuaren bulegoetan egin beharko da eta, instalazioaz zer egunetan baliatu nahi den, 7 egun lehenago gutxienez ere. Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, nahitaez:
–Eskabidea egiteko berariazko inprimakia, zuzen betea. Inprimaki hori Kontzejuaren bulegoan egonen da eskatzaileen eskura.
–Eskatzailearen edota erakunde antolatzailearen NANaren edo IFZaren fotokopia.
b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta halakoa eskatzaileari helaraziko zaio.
c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskariak, baita jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora handitu edo murriztekoak, kontzejuko buruak ebazten ahalko ditu, programazioari eta aretoen erabileren koordinazio zuzenari begiraturik, eta betiere aldaketa horiek ez badute funtsean bestelakotzen jarduera baimendua.
d) Ez partikularra izan ez taldea izan, inolako erabiltzailek ez du lokaletako giltzarik izanen, Kontzejuak berariaz baimentzen duenetan izan ezik.
e) Erabiltzaileen kontura izanen dira:
–Ezarritako tasak ordaintzea, hala dagokionean.
–Egile eskubideak ordaintzea, behar denean.
–Administrazio baimenak eskuratzea.
–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatzea eta desmuntatzea, Kontzejuak antolaketan zerikusirik ez duenean.
f) Kontzejuak baimendutako langileek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta desmuntatzeko lan guztiak, eta horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak bete beharko dituzte entitate antolatzaileek.
g) Jarduera bat burutzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak ongi erabiltzeko maneran gelditzen diren, jarduera hasi aurretik zeuden egoera berean.
h) Ordenantza honen xedeko aretoak erabiltzeko lagapena iraungitzeko arrazoiak:
–Erabiltzeko epe baimendua bukatzea.
–Taldeak edo elkarteak uko egitea edo lagatako espazioak benetan ez erabiltzea baimenean biltzen diren helburuetarako.
–Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak egitea.
–Taldea edo elkartea desegitea.
–Kontzejuak eremua erabili behar izatea.
–Lokala gaizki erabiltzea.
–Ordenantza honetan arautzen diren betebeharretako edozein ez betetzea.
VIU. KAPITULUA.–ZEHAPENAK
23. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.
a) Entitate antolatzaile guztiek (bakarkakoak zein taldeak izan) beren gain hartuko dituzte eskatzen zaizkien erantzukizun zibilak, penalak, administratiboak, zerga edo lan arlokoak nahiz beste mota bateko guztiak, eta haien kontura izanen dira oso-osorik haien erantzukizun horien ondoriozko kalte-galeren ordainak, Kontzejua horietatik arrunt salbu utzirik.
b) Entitate antolatzailea behartuta dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.
c) Kontzejuak ez du inongo erantzukizunik izanen publikoak egiten dituenengatik, entitate antolatzailearena izanen baita, oso-osorik, erantzukizun hori.
d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izanik ere kalte horien arrazoiak. Horretarako, Kontzejuak likidazioa aurkeztuko dio, salbu eta bera zuzenean arduratzen bada konponketak egiteaz, horretarako hautatzen den teknikariaren zuzendaritzapean, eta haren adostasunarekin.
24. artikulua. Honako hauek joko dira arau-haustetzat:
a) Jabetzaren kontrako falta eta delituak.
b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez bezala erabiltzea.
c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.
25. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.
26. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidetik izapidetu eta betearaziko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.–Ordenantza honetan jaso ez diren kasuak ebaztea eta zalantza sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa egitea Kontzejuari dagokio, eta, azkenik, Kontzejuko burutzari.
ORORBIAKO KONTZEJU-ETXEAREN ORDENANTZA FISKALA
Erabilera tasak
Ororbiako kontzeju-etxearen aretoak erabiltzegatiko tasak:
–Beheko solairuko 1. aretoa / eguna: 10 euro.
–Beheko solairuko 1. aretoa / astea: 60 euro.
–Beheko solairuko 1. aretoa / hilabetea: 200 euro.
–Beheko solairuko 2. aretoa / eguna: 8 euro.
–Beheko solairuko 2. aretoa / astea: 50 euro.
–Beheko solairuko 2. aretoa / hilabetea: 170 euro.
–Beheko solairuko 3. aretoa / eguna: 25 euro.
–Lehenengo solairuko 3. aretoa / astea: 150 euro.
–Lehenengo solairuko 3. aretoa / eguna: 400 euro.
Irabazi-asmorik gabeko eta interes orokorreko jarduerak antolatzen dituzten entitate eta pertsonek, zeinak ez duten kuotarik jasoko, tasa horiek ordaintzetik libre egoten ahal dira.
ORORBIAKO KONTZEJU-ETXEKO ARETOEN LAGAPEN ESKAERA-ORRIA
Eskatzen duen pertsona, taldea edo elkartea:
...........................................................................................................................................................
Eginen den jarduera (deskribapena):
...........................................................................................................................................................
...........................................................................................................................................................
...........................................................................................................................................................
Ondokoa lagatzea eskatzen da:
Beheko solairuko 1. aretoa Beheko solairuko 2. aretoa Lehenengo solairuko 3. aretoa
Erabiltzeko egunak eta orduak:
...........................................................................................................................................................
Eginen den jardueraren helburua:
...........................................................................................................................................................
...........................................................................................................................................................
...........................................................................................................................................................
Kontzejuaren aurrean erantzule den pertsona (adinez nagusia, nahitaez):
Izen-deiturak: ..........................................................................................................................................
NANa: ................................................. Jaioteguna: ....................................... Adina: ...............................
Helbidea:..................................................................................................................................................
Telefonoa: ....................................................... telefono mugikorra............................................................
Posta elektronikoko helbidea: ............................................................................................................
Taldea edo elkartea osatzen duten pertsonen zerrenda:
IZENA DEITURAK | HELBIDEA | TELEFONOAK | HELBIDE ELEKTRONIKOA |
(*) Oltza Zendean Ororbiako kontzeju-etxeko aretoen lagapena eta erabilera arautzen dituen ordenantza ezagutzen dut eta konpromisoa hartzen dut hertsiki beteko dudala.
Eskaeraren data:
Sinadura
Iragarkiaren kodea: L2610538
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
