167. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Oposizioa, lan-araubide finkoko garbiketako peoiaren hiru plaza betetzeko

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea garbiketako peoiaren hiru plaza huts (E maila); lan-araubidekoak dira, eta kode hauek dituzte plantilla organikoan: A74 kodea (lanaldi osokoa), eta A30 eta A78 kodeak (lanaldi partzialekoak).

Deialdi honen bidez bete nahi diren plazak 2023ko eta 2024ko lan publikoaren eskaintzetan sartuta daude (eskaintza horiek argitaratu ziren, hurrenez hurren, 2024ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean, eta 2024ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 5ean).

Deialdia gauzatuko da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena, langileen arloan, behin-behinekotasuna murrizteko, Nafarroako administrazio publikoetan; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.2. Plazak txanda hauetan banatuko dira:

–Plaza bat txanda irekian.

–2 plaza igoera txandan.

1.3. Baldin igoera txandako plaza huts bat bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko berariazko baldintzak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

1.4. Izendapena eta kontratazioa egindakoan, izendatuak pasatuko dira nomina eta plantillako lan-kontratudun finkoak izatera, indarra duten xedapenek Cintruénigoko Udaleko lan-kontratudunen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

1.5. Lanpostuen ordainsariak izanen dira oro har ezarririk daudenak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan E mailako lanpostuetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), baita uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta, orobat, ordainsari osagarriak, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehazten badira plantilla organikoan.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.6. Era berean, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, 12. oinarrian ezarritakoarekin bat, Cintruénigoko Udalean sortzen diren beharren arabera garbiketako peoiaren lanpostua aldi baterako betetzeko.

Izangaien zerrenda horrek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Cintruénigoko Udaleko garbiketako peoiaren lanposturako aldi baterako kontrataziorako.

Probaldi bat ezartzen da, deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.7. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

2.–Baldintzak eta eginkizunak.

Baldintzak:

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema).

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko baldintzak.

Txanda honetako izangaiek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta kontrataziora arte.

2.4. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

Eginkizunak:

Udal-eraikinak eta espazio publikoak garbitzea.

A30 plaza: lanaldi partziala: %49,90. Plaza horren eginkizuna da udaletxeko eraikina garbitzea, eta ordutegia egokituko zaio atxikita dagoen zerbitzuaren eskakizunetara, halako moduan non, behar izatera, lanaldi zatituko araubidean bete beharko baita, astelehenetik ostiralera. Esleitu zaion lanpostuko osagarriaren arrazoia da bere funtzioetan sartzen dela garbiketa-lanetarako prestasuna, eta horrek larunbat eta/edo jaiegunean lan egitea ere eska dezake tarteka.

A74 plaza: lanaldi osoa. Plaza horren eginkizuna da ikastetxeak eta udal-eraikinak garbitzea, eta ordutegia egokituko zaio atxikita dagoen zerbitzuaren eskakizunetara, halako moduan non, behar izatera, lanaldi zatituko erregimenean bete beharko baita, astelehenetik larunbatera. Esleitu zaion lanpostuko osagarriaren arrazoia da bere funtzioetan sartzen dela garbiketa-lanetarako prestasuna, eta horrek jaiegunean lan egitea ere eska dezake tarteka.

A78 plaza: lanaldi partziala: %88,19. Plaza horren eginkizuna da ikastetxeak eta udal-eraikinak garbitzea, eta ordutegia egokituko zaio atxikita dagoen zerbitzuaren eskakizunetara, halako moduan non, behar izatera, lanaldi zatituko erregimenean bete beharko baita, astelehenetik larunbatera. Esleitu zaion lanpostuko osagarriaren arrazoia da bere funtzioetan sartzen dela garbiketa-lanetarako prestasuna, eta horrek jaiegunean lan egitea ere eska dezake tarteka.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu behar dira, Cintruénigoko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, zein Cintruénigoko Udalaren egoitza elektronikoan baitago (https://cintruenigo.sedelectronica.es).

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute deialdi honen I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia aurkeztu beharko dute izangaiek.

Tituluak atzerrian lortu badira, aurkeztu beharko dira egoki diren agiriak, frogatzen dutenak baliozkotuak edo homologatuak daudela.

Ez da inolaz ere onartuko adierazitako epearen ondoren ezer gehitzea.

Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da 2.1.d oinarriko beharkizuna betetzen dela frogatzeko. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez arautu zen erregistro hori.

Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko da ziurtagiri hori.

Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Cintruénigoko Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

a) Imsersok edo Komunitate Autonomoko organo eskudunak luzatutako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diona prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) Organo eskudunari %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortzeko eskatu diotela frogatzen duen agiria.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat, edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, adierazten duena izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak badaudela. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, aurkezten ahalko dira, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena.

3.4. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.5. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cintruénigoko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (udalaren atarian).

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira:

https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzi ondoren, Cintruénigoko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du ebazpen bidez, eta aginduko du argitara dadila Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta deialdiaren web-fitxan (udalaren atarian).

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta, hautapen-prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.5. Ezarritako epean ez bada eskabiderik aurkezten, Cintruénigoko alkateak ebazpen bat emanen du, prozedura bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Óscar Bea Trincado, Cintruénigoko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Ana Isabel Lacarra Ridruejo, Cintruénigoko Udaleko zinegotzia eta Barne Araubideko Batzordeko burua.

Epaimahaikidea: Jorge Chivite Ayala, Cintruénigoko Udaleko lantaldeko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: Manuel Contreras Sampayo, Cintruénigoko Udaleko arkitektoa.

Epaimahaikidea: Ana María Serrano Medina, Cintruénigoko Udaleko garbiketako peoia.

Ordezko epaimahaikidea: Francisca Pérez Alfaro, Cintruénigoko Udaleko garbiketako peoia.

Epaimahaikidea: Idoya Sanz Sanz, Cintruénigoko Udaleko garbitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: María Paz Chivite Martínez, Cintruénigoko Udaleko garbiketako peoia.

Epaimahaikide idazkaria: Isabel Garbayo Aliaga, Cintruénigoko Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Elia Bea Sesma, Cintruénigoko Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin eta abstentziorako arrazoiren bat badago, urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2026ko urritik aurrera hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.2. Hautapen-prozesuan proba bakarra eginen da:

Proba teoriko-praktikoa, deialdi honen II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 50 galdera erantzun beharko dira, 60 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak 3 erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. 50 puntu eskuratzen ahal dira, gehienez, eta erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntu kenduko da. Bazterturik geldituko dira proban 25 puntu, gutxienez, lortzen ez dituzten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gai guztiak eskatuko dira egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

6.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirien bidez frogatzen ez dutenak.

6.4. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.

6.5. Hautapenaldiko probaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu deialdiaren web-fitxan (toki-erakundearen atarian) eta udalaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Kalifikazio-epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko puntuazioak onetsi eta argitaratuko ditu toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan. Orobat, adieraziko da zein izangaik gainditu duen eta zeinek ez, kasuaren arabera.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak amaitu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, deialdiaren web-fitxan (toki-erakundearen webgunean) eta Udalaren iragarki-taulan, gainditu dutenen zerrenda, bakoitzak oposizioan lortutako kalifikazioarekin, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Alkatetzari igorriko dio zerrenda, baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.

7.2. Prozeduran parte hartzen duten pertsonen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da:

1. Proba teoriko-praktikoko lehenengo 20 galderetan nork lortu duen puntuaziorik handiena.

2. Halarik ere berdinketak segitzen badu, horretarako jendaurrean eginen den zozketa bakar baten bidez.

8.–Plaza hutsak aukeratzea.

8.1. Alkatetzak 10 egun balioduneko epea irekiko du plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako. Horretarako, argitara emanen du gainditu eta eskainitako plaza kopuruan sartzen diren izangaien zerrendaren artean aukeratu beharreko plazen zerrenda, txanden eta lortutako puntuazioaren arabera. Informazio hori argitara emanen da toki-erakundearen atarian, deialdiaren web fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan.

Izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer plaza huts nahiago duten.

8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

8.3. Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, hautapen-proba gaindituz gero, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak aukeratzeko orduan, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

Hautaprobak igoera txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, baina kontuan hartuta, betiere, desgaitasuna dutela frogatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla frogatzen duten emakumeentzat ezarritako salbuespena.

9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak Cintruénigoko Udalaren Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, deialdiko plazetan sartzen diren izangaien alde eginen den izendapen-proposamena.

Izendapen-proposamen hori argitaratu beharko da toki-erakundearen atarian (deialdiaren web-fitxan) eta Udalaren iragarki-taulan.

9.2. Izendapen-proposamena toki-erakundearen atariko deialdiaren web-fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Cintruénigoko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

9.2.1. Cintruénigoko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiri ofizial bat, Nafarroako Foru Komunitatean akreditatutako zentro mediko batek emana, frogatzeko ez duela eritasunik nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuaren eginkizunetan aritzea.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2.2. Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, baita espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak ere (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).

9.2.3. Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Frogagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak lanpostua beteko du prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, Cintruénigoko Udalak proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta puntuaziorik altuena lortu duten izangaiek 9.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak haien izendapenak ebatziko ditu. Toki-erakunde horretako lan-kontratuko langile finko gisa kontratatuko ditu garbiketako peoiaren lanpostua betetzeko, eta plaza hutsak esleituko zaizkie.

Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berak izanen ditu, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

10.2. Izendatzen diren izangaiek kontratua sinatu beharko dute, eta lanpostuan hasi, izendapenaren erabakian horretarako ezartzen den egunean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, kontratua sinatzen ez badute edo lanean hasten ez badira, Cintruénigoko Udaleko langile lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.3 eta 9.4 apartatuetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.3. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 oinarrian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean lan-kontratudun langile finko berriei.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, toki-erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.

12.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta deialdi honen 1.6 oinarrian eta oinarri honetan ezarritakoari jarraikiz, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat eratuko da, osatuko dutena hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenek. Horiek honako hau osatuko dute:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

b) Probak gainditu ez eta plazarik eskuratu ez dutenen artean hautapen-prozesuko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutienez eskuratu duten izangaien zerrenda.

Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz onetsiko da aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitara emanen da Cintruénigoko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

12.3. Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da proban lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, jarraikiko zaio 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru plazatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa. Horretarako hautaprobak gainditu behar dituzte, eta frogatu behar dute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

Era berean, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio; horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.

12.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda erabiliko da deialdi honen oinarrietan ezarritakoaren arabera.

12.5. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

12.6. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek sarrera-deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

12.7. Prozesu honetan onesten diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak bost urtez egonen dira indarrean, eta Tokiko Gobernu-batzarraren erabakiaren bidez luzatzen ahalko da haien indarraldia.

13.–Aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketa.

13.1. Deitzea.

Probak gainditu dituzten eta epaimahaiak proposatutako eta horretarako onetsitako zerrendan ageri diren izangaiei dei egiten ahalko zaie sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoa gorabehera, aldi baterako beharrei erantzuteko langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan (Administrazio publikoetan desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaie eta afiliatuko dira.

13.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Izangaia errazago aurkitzeko, izangaiek komunikatu beharko dute harremanetarako telefono bat bederen. Horrez gain, ematen ahalko dituzte harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark adierazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 12.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio. Horrela, dagokion zerrendan azken tokira pasatuko da.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.

5.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

6.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean lanpostu mota berean sortzen diren beste behar batzuekin, baldin posible bada, kontuan harturik bete beharreko zerbitzuak, eta baldin interesduna ados badago.

13.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera (bikote egonkorra), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egiten ez den artean, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean segituko dute.

13.4. Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

c) Lanpostutik alde egitea.

d) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

e) Sinatutako kontratuari uko egitea.

f) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

13.5. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

14.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Cintruénigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsak betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
  • DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta beharrezkoa den denbora guztian ere, zehazteko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean.

I. ERANSKINA.–OPOSIZIOAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

https://cintruenigo.sedelectronica.es/preview-document/b5c602bb-2d36-4607-9f30-219420e1f5d6/

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1.–Ortografia eta matematika, eskatutako titulazioarenak.

2.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

3.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

4.–Norbera babesteko ekipamendua (NBE) erabiltzea: larrialdiei erantzuteko teknikak.

5.–Garbiketa sistemak: administrazio-eraikinetako eremuak eta gela komunak garbitzea. Tratamenduak. Makineria. Garbiketako sistemak. Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako. Gainazaletako garbiketa-produktuak: tipologia, nahasketak eta diluzioak. Desinfektatzaileak eta antiseptikoak.

6.–Garbiketako produktuen erabilera: produktu motak, erabiltzeko neurriak, dosifikazioa eta manipulazioa.

7.–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, bereizketa, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.

8.–Erregistroak mantentzea eta oharrak hartzea: garbiketako erregistroak mantentzeko eta oharrak hartzeko teknikak, zerbitzu orokorrak.

9.–Cintruénigoko Udalaren antolamenduari eta haren osaerari buruzko kontsiderazio orokorrak. Osoko Bilkura, Tokiko Gobernu Batzarra, Informazio Batzordeak.

10.–Cintruénigoko herriari buruzko ezagutza orokorra. Kaleak eta udal eraikinak.

Cintruénigon, 2026ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Oscar Bea Trincado.

Iragarkiaren kodea: L2611102