Iragarkia
167. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2378/2026 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita erdi-mailako tituludunen (PFEZa) lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez eratzeko, bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.
Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuak ezartzen duenez, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek haien langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, deialdiak eginen dituzte prestakuntzako izangaien zerrendak hautaproben bidez osatzeko (96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituena).
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek eratzeko: batetik, izangaien zerrenda bat erdi-mailako tituludunen (PFEZa) lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta, bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.
Deialdi hau honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikagarri den gainerako araudia.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Erdi-mailako tituludunen (PFEZa) lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez eratzeko deialdia onestea: zerrenda bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, beste bat, aldi baterako kontratazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan.
2. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari, Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, eta epaimahaiko kideei.
Iruñean, 2026ko uztailaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, ERDI-MAILAKO TITULUDUNEN (PFEZa) LANPOSTUAN ARITZEKO IZANGAIEN BI ZERRENDA HAUTAPROBEN BIDEZ ERATZEKO: ZERRENDA BAT PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANEN DA, ETA BESTEA ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO
Honako hauek arautuko dute deialdia:
OINARRIAK
Lehena.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da hautaproben bitartez erdi-mailako tituludunen (PFEZa) lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea: bat, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, beste bat, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.
1.2. Prozesu honen ondoriozko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda indarrean egonen da bost urtez gehienez ere, indarrean sartzen denetik aurrera, eta subsidiarioa izanen da, oraingo langile finkoen zerrenden aldean, edo apirilaren 26ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean (96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituena), bai eta funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuen ondoriozko aldi baterako kontratazioetarako izangaien indarreko zerrenden aldean ere, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.
2.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.
c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
d) Ez egotea erdi-mailako tituludun (PFEZa) gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean.
e) Unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniaritza teknikoko titulua edo arkitektura teknikokoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Titulu horiek ezin dira izan langile finkoak jarduneko zerbitzuan aritzeko baliatu dituenak.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
f) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.
2.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan sartzerik ez dute Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.
Hirugarrena.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartu nahi dutenek bete beharreko baldintzak.
3.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan egon nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, halaber, aipatu nazionalitateetako bat duen pertsona baten ezkontideek, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta izatea eta, kasua bada, nahitaezko erretirorako gehieneko adina ez gainditzea; salbu eta, adin horretara iritsita ere, gizarte-aurreikuspeneko sisteman pentsio baterako eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia bete ez dutenak edo hura osorik jasotzeko behar diren kotizazio-urteak bete ez dituztenak.
c) Unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniaritza teknikoko titulua edo arkitektura teknikokoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu duten izangaiei.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
3.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, kontratazio-eskaintzaren unean eta kontratuak indarrean iraun bitartean ere.
Laugarrena.–Eskaerak eta agiriak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Herritarrentzako lan-deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.
Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.3. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna ofizialki aitortuta duten parte-hartzaileek eskaeran bertan adierazi beharko dute, eta eskaneatuta erantsi beharko dute IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko organo eskudunak horren gainean emandako ziurtagiria.
Desgaitasuna duten izangaiek probak egiteko behar diren denboren eta bitartekoen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Horretarako, eskaeran berariaz adierazi beharko dute eta, horretarako prestatutako tokian, zehaztu beharko dituzten egokitzapenak edo denbora- eta/edo baliabide-doikuntzak. Era berean, egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute eskaera aurkezteko unean. Eskaera horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bosgarrena.–Izangaien onarpena.
5.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara daitezela Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkezten ahalko dituzte baztertzearen arrazoiari buruz, eta, hala badagokio, baztertzearen arrazoi izan diren akatsak zuzendu. Alegazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.
5.2. Behin betiko zerrendak.
Alegazioak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.
Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, deialdian ezarritako hautaproba egiteko (edo hautaprobetan lehena, bat baino gehiago badago) datarekin, orduarekin eta tokiarekin batera.
Ebazpen hau argitaratuta, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat.
5.3. Onartuen behin betiko zerrendetan daudenek bakarrik parte hartzen ahalko dute hautapen prozesuan. Onartuen behin betiko zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
Seigarrena.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: María Isabel Ayesa Aristu, Nafarroako Foru Ogasuneko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Kanpainako Zergadunekiko Harremanen Ataleko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Tania Zapata Osés, Nafarroako Foru Ogasuneko Kanpainaren Koordinaziorako 1. Unitate Administratiboko burua.
Epaimahaikidea: Fermín García Unciti, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
Ordezko epaimahaikidea: María Teresa Elizari Huarte, ogasuneko kudeatzailea eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
Epaimahaikidea: Jon Goñi Mina, erdi-mailako tituluduna (PFEZa), Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
Ordezko epaimahaikidea: Silvia Carmen Frechilla Manso, erdi-mailako tituluduna (PFEZa), Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
Epaimahaikidea: David Calavia Erce, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Juan Luis de Pedro Rodrigo, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.
Idazkaria: María Roncesvalles Calvo Urroz, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
Ordezko idazkaria: Rubén Lorente Ledesma, ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Foru Ogasunari atxikia.
6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituztenek edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Zazpigarrena.–Probak.
7.1. Hautapen prozesua proba teoriko baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzean, erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Proba hau egiteko gehieneko denbora epaimahaiak ezarriko du, proba hasi aurretik. Probaren gehieneko kalifikazioa 50 puntu izanen da, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 erdiesten ez duten izangaiak (15 puntu).
7.2. Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu eta mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza eta epaimahaiak uzten dituen baliabideak.
7.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
7.4. Desgaitasuna aitortua dutenei proba egiteko behar dituzten denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, posible den neurrian, hala eskatu badute.
Zortzigarrena.–Emaitzak.
8.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.
8.2. Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta, horrekin batera, hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
8.3. Epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebazteko, irizpide hauei jarraituko die:
a) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
b) Aldi baterako kontratazioetarako izangaiak: berdinketak epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.
8.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.
Bederatzigarrena.–Erdi-mailako tituludunen (PFEZa) lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta plazen eskaintza.
9.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda.
–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
9.2. Prestakuntza jasotzeko izangaiei eskaintza egiten zaienean eta, kasua bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: 96/1997 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituena; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
9.3. Aldi baterako kontratazioetarako izangaiei lana eskaintzean eta, kasua bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; Nafarroako administrazio publikoetako administrazio araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
9.4. Prestakuntza edo kontratazioa eskaintzen zaien pertsonek, hura egin aurretik, aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa. Era berean, behar denean, izangaiek frogatu beharko dute betetzen dituztela eskaintzaren xede den plazaren baldintza espezifikoak. Horretarako, eskatzen zaizkien dokumentuen kopia aurkeztu beharko dute.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia soilak aurkezten ahalko dira, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
9.5. Eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira hautapen prozesutik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak galduko dituzte.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak emandakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. 28/1990 Foru Legea, abenduaren 26koa. Atariko titulua. I. titulua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga: arau komunak eta horietako bakoitzari buruzko arauak.
2. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa. Zergapekoen eskubide orokorrak. Tributu Zuzenbidearen iturriak. Tributuak: kontzeptua, xedeak eta motak. Harreman juridiko-tributarioa. Zerga-egitatea. Zergapetua ez egotea eta salbuespena. Sortzapena. Preskripzioa.
3. gaia.–Zerga-betebeharrak. Zerga arloan eragina duten datuen isilpekotasuna. Beste zergapeko batzuk. Oinordekoak. Erantzule solidario eta subsidiarioak. Ordezkaritza. Egoitza fiskala. Zerga-betebehar nagusiaren eta konturako ordainketak egiteko betebeharraren kuantifikazio elementuak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen edo zenbatespen araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa. Zerga-kuota. Zerga-zorra.
4. gaia.–Nafarroako zergak kudeatzeko jarduketak eta prozedurak. Hastapena. Aitorpenak. Autolikidazioak. Egiaztatze laburtuko jarduketak. Tributuen likidazioak. Entzunaldiaren izapidea eta alegazioak. Sarrera bidegabeen itzulketa. Autolikidazioak zuzentzea eta zerga-ondorioak dituzten egintzak eta konturako sarrerak eta atxikipenak aurkaratzea. Froga, jakinarazpenak, ebazteko betebeharra eta ebazteko epea.
5. gaia.–Tributuen bilketa Nafarroan: Jarduketak eta prozedurak. Zorren azkentzea: ordainketa eta azkentzeko beste modu batzuk. Ordaintzera behartuak. Ordainketak geroratzea eta zatikatzea. Tributuak biltzeko prozedura epe exekutiboan. Premiamendu prozedura. Faseak: hasiera, ondasunen eta eskubideen enbargoa, besterentzea eta prozeduraren bukaera.
6. gaia.–Tributuen ikuskapena Nafarroan. Eginkizunak. Ahalmenak. Jarduketa motak. Zerga arloan eragina duen informazioa eskuratzeko jarduketak. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Prozeduraren hasiera eta garapena. Prozeduraren bukaera.
7. gaia.–Arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako zerga zuzenbidean: araubide orokorra. Zerga arloko arau-hauste arinak eta astunak. Zerga arloko arau-hauste arinengatiko eta astunengatiko zehapenak. Zehapen-prozedura. Zergen arloko egintzen berrikuspena administrazio bidean, Nafarroan: Arau komunak. Berraztertzeko errekurtsoa. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
8. gaia.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua, ekainaren 2koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.
9. gaia.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamendua. 174/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 24koa.
10. gaia.–Balio erantsiaren gaineko zerga. 19/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa.
11. gaia.–Balio erantsiaren gaineko zerga. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregelamendua. 86/1993 Foru Dekretua, martxoaren 8koa.
12. gaia.–Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. 23/2013 Foru Dekretua, apirilaren 10ekoa.
Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F2610641
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
