166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

828E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Elortzibarko udal planaren aldaketari buruz. Aldaketak 1. poligonoko 148., 408., 263., 409., 410., 262., 415., 114., 662., 260., 465. eta 463. lurzatiei (Noain) eta sarbideari eragiten die, eta Harinera del Mar Siglo XXI SLk sustatu du.

Elortzibarko Udalak aldaketa hori 2026ko apirilaren 14an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 15ekoan. Espedientearen parte dira, besteak beste, planaren aldaketaren memoria, agiri grafikoak eta ingurumen azterketa estrategikoa.

Aldaketaren xedea da Harivasa enpresaren industria-instalazioak handitzea, lurzoruaren sailkapen desberdina izanen duten bi sektore definituta:

a) Hiri-lurzoru finkatugabearen sektorea (SE-01): proposatzen da, Noainen, Elortzibarko 1. poligonoko 408., 263., 409., 410., 262. eta 415. katastro-lurzatietako lurzorua birsailkatzea, industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabea izan dadin, industria-instalazioak handitzeko (orain lurzoru urbanizaezina da).

Gainera, 1. poligonoko 148., 114., 662. eta 463. lurzatietako zati batzuk SE-01 sektorean sartzen dira; lur horiek, 1. poligonoko 260. eta 465. lurzatiekin eta sartzeko bidearekin batera, hiri-lurzoru finkatugabe izatea proposatzen da, erabilera publikoa izan dezaten (bideak, oinezkoen pasealekua, aparkalekuak eta berdegunea).

b) Hiri-lurzoru finkatuaren sektorea (SE-02): proposatzen da berriz mugatzea indarrean dagoen plangintzan definitutako 5. arearen eremua, industria-erabilerako hiri-lurzoru dena eta Harivasaren instalazioei dagokiena. Birmugaketak kanpoan uzten du Elortzibarko 1. poligonoko 148. lurzatiaren zati bat, Noainen, SE-01 sektorera igarotzen baita bide gisa.

Harivasa enpresaren instalazioak handitzeko beharrak justifikatzen du aldaketa. Instalazioen barruko segurtasuna ere hobetu nahi da, pertsonen, ibilgailu arinen eta kamioien zirkulazio-zirkuituak bereiziz.

Aldaketak 36.960,87 metro koadroko eremu bati eragiten dio guztira, eta horietatik 22.766,65 metro koadro hiri-lurzoru finkatugabe gisa birsailkatzen diren lurrei dagozkie. Ukitutako eremua Iruñerriko industria-eremu batean kokatzen da, Noaingo herrigunearen mendebaldean, zeinarekin muga egiten baitu. Bertara, NA-6002 Noain-Getze toki errepidetik sartzen da. Iparraldetik, Noain-Iruñeko aireportuarekin egiten du muga, eta, hegoaldetik, Zaragoza-Altsasu trenbideak Arbide eta Mocholi industrialdeetatik bereizten du.

Lur lauak dira, lehorreko nekazaritza-alorrak eta lurzoru elkorrak hartzen dituztenak. Lur horietan, industria-instalazioen berezko eraikinak, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbide bat eta aparkalekuak daude. Eremuan ez da ingurumen balio aipagarririk identifikatu.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Elortzibarko udal plan orokorrean, 1. poligonoko 148., 408., 263., 409., 410., 262., 415., 114., 662., 260., 465. eta 463. lurzatietan (Noain), egin gogo den aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Elortzibarko udal planaren aldaketari buruz, ingurumen ukipenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketak 1. poligonoko 148., 408., 263., 409., 410., 262., 415., 114., 662., 260., 465. eta 463. lurzatiei (Noain) eta sarbideari eragiten die, eta Harinera del Mar Siglo XXI SLk sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Elortzibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKIN GRAFIKOA

1. poligonoko 148., 408., 263., 409., 410., 262., 415., 114., 662., 260., 465. eta 463. katastro-lurzatien (Noain) eta sarbidearen aldaketaren eremua

Aldaketaren eremuko lurzoruentzat proposatzen den sailkapena

Iragarkiaren kodea: F2610868