1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
789E/2026 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita hondakin plastikoak balorizatzeko proiektu batez, Areson. Sustatzailea Euskoplas Polymer Extrusion SL da.
2026ko otsailaren 9an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak arestian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektua, bere ezaugarriak direla eta, sailkatuta dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) taldean (Bestelako proiektuak. Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, salbu eta ekoizteko tokian hondakin propio ez-arriskutsuak ezabatzea edo balorizatzea). Beraz, arau horretan xedatutakoari jarraituz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak bete du ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, kontsulta egin zaie Aresoko Udalari, Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción talde ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza fundazioari.
Epea bukatuta, ez da inolako erantzunik jaso egindako kontsultei buruz.
–Proiektuaren azterketa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Prozesua jatorri postindustrialeko plastikozko –polipropilenozko (PP)– hondakinak balorizatzean datza, plastikozko ezkatak eta bobinak lortzeko, bi lerrotan, estrusioa erabiliz (lehengai komertziala eta ehotzeko ekipoetako plastikozko hondakinen ezkatak), beharrezkoa denean gehigarriak erantsita; hau da prozesua: bi lerro, ondorengo kalandratzea, harilkatzea eta biltegiratzea.
Ekoizpen-ahalmena urtean 3.000 tona plastikozko ezkata eta bobina ingurukoa da. Instalatutako potentzia, guztira, 1.200 kW-ekoa da. Kontsumo elektrikoa 793 MWh-koa da urtean, eta ur-kontsumoa 228 m³-koa urtean. Urtean 5,7 tona hondakin ez-arriskutsu inguru sortzen dira.
Jarduera Aresoko Eluseder II industrialdeko industria-pabiloi batean dago (P2A), 1. poligonoa, 598. eta 600. lurzatiak. Eraikitako azalera, guztira, 1.382,85 m²-koa da, eta lurzatien azalera, guztira, 1.847,60 m²-koa. Industria-erabilerako hiri-lurzoru finkatu gisa kalifikatuta dago udalerriko HAPOan.


Ingurumen agiriak honako hauek aztertzen ditu: eremuko klimatologia, orografia eta maldak, geologia eta geomorfologia, esparru hidrologikoa eta hidrogeologikoa, habitatak, egungo landaredia eta lurzoruaren erabilerak, bai eta proiektuak ukitutako landaredi autoktonoaren karakterizazioa eta banaketaren kartografia, fauna, naturagune babestuak, kultura-ondarea, abelbideak, paisaia eta soinu-kalitatea ere.
Alderdi garrantzitsuenen artean, adierazi behar da instalazioa ez dagoela ez jabari publiko hidraulikoan, ez zortasun- eta polizia-eremuan. Ez du iturbururik inguruan. Akuiferoak kutsatzeko arrisku txikia duen lursail batean dago. Aplikazio-eremua ez dago Natura 2000 Sarea osatzen duen ezein naturagunetan sartuta. Nafarroan hurbilen dagoen KBEa Belatekoa da, instalazioetatik 6,5 km ingurura. Lurzoruaren erabilerari dagokionez, jarduera garatzen den lurzatia artifizializatutako eremu batean dago, industrialde bat baita. Nolanahi ere, iparraldean larre-erabilerako eremu bat du mugakide. Egin beharreko jardueran ez da aurreikusten dagoen landarediaren banaketa ukituko denik. Kokalekua ez dago ezein naturagune babestutan. Gertuen dagoen naturagunea Beteluko artadiak dira, lekune naturalaren izaera dutenak, kokagunetik 7,8 km hegoaldera.
Eskatutako jardueraren ondorioz, proiektuari lotutako ingurumen alderdi garrantzitsuenak deskribatu dira, honakoak alegia: substantzia arriskutsuak biltegiratzea, batez ere makinetako olioak; sortutako hondakinak, batez ere hondakin ez-arriskutsuak; lurzoruaren gaineko ukipen posiblea; hondakin-urak, gehienbat ur beltzen eta euri-uren saretik datozenak; zarata, batez ere estrusio-makinen lerroetatik eta errota birrintzaileetatik datozenak, 23,19 dB-etan kuantifikatu dena hurbilen dauden bizitegi-eremuetarako; atmosferara doazen isuriak, estrusio-makinetatik, nahasketa-siloetatik eta makinen garbiketatik datozen emisio lausoak; eta, azkenik, instalazioko energia-kontsumoa, elektrizitatekoa soilik, sarean eta instalazioko bertako eguzki-plaketatik hartua.
Teknikoki bideragarriak diren alternatibak definitu dira: 0 alternatiba esku ez hartzekoa da eta 1 alternatiba, berriz, egungo proiektuari dagokiona, dagoeneko gaituta dagoen industria-espazio bat erabiltzeko aukera ematen duena, habitat naturalik galdu gabe, mugikortasunerako eta irisgarritasunerako bide berririk eraiki gabe, eta, gainera, hondakinak balorizatzea ahalbidetzeaz batera, laguntzen duena kudeaketa-hierarkia behar bezala aplikatzen eta enplegua sortzen. Balizko inpaktu negatiboak arintzeko, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak hartzen dira.
Proiektu honek proposatutako jarduketen ondorioz ingurunean gertatzen diren aldaketak identifikatu eta baloratu dira. Sortutako inpaktuen karakterizazioa ere egin da, proiektua gauzatzearen ondorioz aurreikusten diren ingurumen inpaktu bateragarriak, moderatuak, larriak eta kritikoak zein diren adierazteko.
Lursailaren ezaugarriak aztertu ondoren, proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen agiriek kokalekuaren ingurumen sentikortasunaren azterketa orokorra egiten dute, honako hauetan izan ditzakeen ukipenengatik: jabari publiko hidraulikoa, egungo landaredia, naturaguneak, habitat garrantzitsuak, populazioak, paisaia, kultura-ondarea, ingurumen arriskuak eta kalitate akustikoa.
Hondakinak kudeatzeko jarduera jartzeak sortutako inpaktuak baloratu dira, bai eta identifikatu ere proiektuak honako faktore hauetan izan ditzakeen zuzeneko edo zeharkako ondorio esanguratsuak, bigarren mailakoak, metagarriak eta sinergikoak: biztanleria, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurzorua, zorupea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak, kultura-ondarea, eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa proiektuaren faseetan: exekuzioa, ustiatzea eta, hala badagokio, eraistea edo bertan behera uztea.
Matrize bat egin da, biltzen dituena lehen aipatutako inpaktuen ezaugarriak eta balorazioa, aldi hauetarako: ustiatzea, eta jarduera ixtea eta bertan behera uztea. Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak azaleko urak kutsatzeko eta atmosferara isuriak egiteko arriskua handitzeari dagozkio. Hala ere, uste da, babes- eta zuzenketa-neurri egokiak aplikatuta, inpaktuak bateragarriak izanen direla.
Agiriaren arabera, ez dago "Seveso" araudiko enpresen kasuan dagoen arrisku kimikorik; bai, ordea, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko arriskua, A-15 errepidea instalaziotik 300 metrora baitago. Sismikotasuna ere kontuan hartu da; intentsitatearen VII. mailan egon arren, ez da kalte handirik espero. Baso-sutea izateko arrisku handia ere badago. Azkenik, ez dago uholde-arriskurik.
Ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriei dagokienez, babes zibila mehatxatzen duen istripu edo hondamendiren bat gertatuz gero, ez da uste proiektuak handituko duenik aztertu diren arriskuak gertatzeko probabilitatea. Beraz, uste dugu atal hau ez dela aplikatu beharrekoa jarduera-proiektu honetan.
Jarduera ustiatzen den bitarterako, prebentzio-neurriak ezarri dira gai hauetan: balizko ur-kutsadura, zarata, isuriak, lurzorua eta landaredia, hondakinen biltegiratzea eta langileak.
Mantentze-lanen zerrenda egin da, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko.
Horregatik guztiagatik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira; eta, orobat, ados agertu da ingurumen agiriak hautatu duen alternatibarekin.
Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinak sortzeak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ez da proiektuaren ingurumen integraziorako baldintza gehigarririk jarri.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Hondakin plastikoak balorizatzeko proiektuak, Euskoplas Polymer Extrusion SLk Aresoan sustatuak, ez du ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere betetzen badira ingurumen baimen bateratuan jasotako determinazioak, substantzia kutsatzaileak atmosferara, uretara eta lurzorura isurtzea kontrolatzeari eta zarata nahiz dardarei buruzkoak, bai eta hondakinak kudeatzeari buruzkoak ere.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2610842