Iragarkia
166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
754E/2026 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2026ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua-inbertsio egituratzaileak" izeneko dirulaguntza onesten duena. DDBN kodea: 921254.
ERREFERENTZIA: | Espedientearen zenbakia: 0011-5659-2026-000000 |
UNITATE KUDEATZAILEA: | Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua Ingurumen Zuzendaritza Nagusia Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua Hondakinen Atala Helbide elektronikoa: residuos@navarra.es |
TITULARRA: IFZa/IFKa: | 5659-Dirulaguntza, Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua Inbertsio handiak |
2026ko Hondakinen Funtsak 6.894.350 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 209.073 euroko diru sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 7.103.423 eurokoa da. Diru sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
2026ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2025eko azaroaren 28an nahitaezko kontsulta egin zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat.
49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, urtarrilaren 28an, 2026ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 15E/2026 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita udal hondakinen fluxurako 3.540.466 euro bideratuko direla. Zenbateko hori zenbait ekitalditan banatuko da, jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta.
Zehazki, kopuru horretatik 2.340.466 euro urte anitzeko dirulaguntzen deialdietara bideratzea erabaki da, eta horietatik 300.000 euro deialdi honetara bideratuko dira. Eta 8.500.000 euro ere badira, aurreko ekitaldietako Hondakin Funtsen soberakinetatik datozenak eta erabili gabe geratu direnak.
Horretarako,2026ko ekainaren 10eko Gobernu Akordioaren oniritzia dago, etxeko hondakinen prebentzioari, gaikako bilketari eta kudeaketari lotutako inbertsio hauek egiteko, kopuru hauekin:
AURREKONTU PARTIDA | 2026. | 2027. | 2028. | 2029. | ZENBATEKOA |
740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak | 0 | 500.000 | 500.000 | 7.800.000 | 8.800.000 |
Beraz, deialdi honetatik eratorritako betebeharrei aurre egiteko, proposatzen da 740001 74100 7609 456204 Hondakinen funtsa izeneko partidaren konturako gastua baimentzea. Toki entitateentzako dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontuan 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen direnak, 500.000 euro, 2028rako gaitzen dena, 500.000 euroko gastua, eta 2029rako, 7.800.000 euroko gastua. Hori guztia, kreditu egoki eta nahikorik bada.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: "2026ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua-inbertsio egituratzaileak" 2026tik 1019ra bitartean jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta, honako hauei zuzenduta:
–Etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori da funtsen onuraduna izaten ahalko dena.
Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192,2. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTU PARTIDA | 2026. | 2027. | 2028. | 2029. | ZENBATEKOA |
740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1) | 0 | 500.000 | 500.000 | 7.800.000 | 8.800.000 |
(1) Edo 2027, 2028 eta 2029ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2027, 2028 eta 2029an. | |||||
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
Atarikoa
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bitartez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Helburua arau horren 43. artikuluan ezarritakoa da.
Bestalde, Hondakinen Funtsa arautzen duen 2020ko uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 5. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritakoari dagokionez, 2025eko azaroaren 28an Hondakinen Funtsa banatzeko proposamena bidali zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, nahitaezko kontsulta egin zezaten.
Haiek egindako ekarpenek agerian utzi dute beharrezkoa dela aurreko deialdietan erabilitako irizpideak berrikustea, errazagoa izan dadin epe luzeagoko inbertsio estrategikoak gauzatzea eta, horrekin, Nafarroa osoan hondakinen tratamendua hobetzeko aukera izatea.
Helburua da Nafarroan dagoen udalaz gaindiko eredua indartzea –eredu "munizipalista" isolatu batetik harago doa–, non azpiegiturak sare interkonektatu gisa diseinatu behar diren eta instalazio eta azpiegitura bakoitzak funtzio bakar eta osagarri bat duen.
Horregatik, lehentasuna ematen zaie foru mailako azpiegitura egituratzaileei, Nafarroako Hondakinen Planean ezarritako helburuak lortzeko eragin zuzena eta nabarmena izanik, gauzatu eta/edo hobetu gabe daudenei eta jarduketa horiek bideragarri egiteko laguntzen deialdi espezifiko bat behar dutenei, bai mobilizatu beharreko inbertsio bolumenagatik, bai gauzatzeko behar diren epeengatik.
Horrenbestez, hauek onetsi dira:
OINARRI arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Oinarri hauen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko etxeko eta merkataritzako hondakinak tratatzeko azpiegitura egituratzaileetan inbertsioak finantzatzeko laguntzak norgehiagoka araubidean ematea arautzea, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako helburuak betetzeko.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 8.800.000 eurokoa da, guztira, eta ondoko atalean zehazten diren proiektu moten artean banatuko da.
2. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak izanen dira etxeko eta merkataritzako hondakinen prebentzioarekin, bilketarekin eta horien garraioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duten jarduerekin lotutako kapital inbertsioak. Deialdi honetan, abiapuntu hartuta lurralde mailan zer azpiegitura dauden, lehentasuna emanen zaie Nafarroan dauden tratamendu instalazioak hobetzeko eta espezializatzeko jarduketei, eta azpiegitura berriak lurraldean oraindik zuzkidura nahikoa ez duten hondakin fluxuetarako soilik eginen dira. Transferentzia instalazioei dagokienez, haien efizientzia hobetzeaz gain, ezarpen berriak bultzatuko dira, aukera ematen badute ahalik eta efizientzia handiena lortzea hondakinen garraioan. Printzipio hori oinarri hartuta, diruz laguntzen ahalko dira zergak kontuan hartu gabe gutxienez 600.000 euroko inbertsioa jasota duten proiektu mota hauek:
a) Ontziak hautatzeko instalazioak. Etxeko eta/edo merkataritzako ontzien hondakinak tratatzeko instalazioak hobetzea edo ekipatzea eta erostea, bereizita biltzeko edukiontzietatik datozen materialak gehiago berreskuratzeko aukera ematen dutenak.
b) Konposta egiteko instalazioak. Etxeko eta/edo merkataritzako biohondakinak tratatzeko instalazioak eraikitzea, hobetzea edo hornitzea. Konposta egiteko instalazio berriak eraikitzeko aukera 25 km-ko erradioan konposta egiteko kudeaketa publikoko instalazioak martxan edo eraikitzen ez dauden kokapenetara mugatzen da.
c) Transferentzia instalazioak. Instalazio horiek eraiki, erosi eta egokitzea, etxeko eta merkataritzako hondakinak multzokatzeko, toki entitateek ekarpen eremuetan bildu ondoren.
d) TMB instalazioak. Etxeko eta/edo merkataritzako errefusa tratatzeko instalazioak hobetzea edo hornitzea, materialen berreskurapena areagotzeko, 2017-2027ko Nafarroako Hondakinen Planaren helburuak betetzeari lehentasuna emanez. Onartzen da errendimendua hobetzea ere, baimendutako ahalmena handitu gabe.
Jarduketa horietako bakoitzari energia eraginkortasuneko neurriak eta autokontsumoko energia berriztagarrien instalazioak sartzeko neurriak lotzen ahalko zaizkio.
3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.
1. Dirulaguntzarako onartuko dira diruz laguntzen den jarduketaren izaerarekin inongo zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri hauetan ezarritako epealdiaren barruan eta ezarritako moduan egiten badira. Diruz lagungarriak diren gastutzat hartuko da, halaber, dirulaguntzaren xede den jarduketari lotutako ordainsari teknikoen zenbatekoa (Egikaritze materialeko aurrekontuaren %10 arte), proiektu teknikoak egiteari, zuzendaritza fakultatiboari eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioari dagozkienak, baldin eta egikaritze proiektu bat behar bada haiek egiteko.
Era berean, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira eraikinak erostea, beharrezkoak badira aurkeztutako ekintzak egiteko.
2. Gastu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo ondasunak erosteko edo enpresek aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; eta, horretarako, VI. eranskinean ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa") gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
3. Gastu diruz lagungarriren zenbatekoari dagokionez, laguntzaren intentsitatea %80koa izanen da inbertsioetarako.
4. Erakunde eskatzaile bakoitzak 2.500.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez. Muga hori soberako kredituaren banaketa gehigarrian bakarrik gainditzen ahalko da, hurrengo apartatuan adierazitako moduan.
5. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria geratzen bada, aurreko puntuan aipatutako mugak eragindako proiektuen artean banatuko da, proposamenak ebaluatu ondoren egindako lehentasun zerrendaren ordenari jarraituz (8. oinarria). Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa oinarri honen 2. apartatuan ezarritako intentsitateak aplikatzearen emaitza izanen da, kreditua iraungi arte.
6. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.
b) Hondakin sortzailearen erantzukizun zabalduaren bidez zuzkidura duten jarduketak.
c) Errefusa tratatzeko instalazioen tratamendu ahalmena handitzea dakarten jarduketak.
d) Gaikako bilketaren zerbitzuaren kostuak eta hondakinen tratamendua, ezta mantentze lanen kostuak eta alokairuak ere.
e) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.
f) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.
g) Finantza gastuak.
h) Zehaztu gabeko gastuak edo helburua dirulaguntzaren xedea ez dutenak, ez eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.
i) Lurrak erosteko gastuak.
j) Industria nabeak eraikitzekoak, behar-beharrezkoak ez badira.
k) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak —hala nola hondakinak biltzeko tasak, edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak— edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.
l) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketen gastuei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.
m) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.
7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatuko duen proiektuaren kostua baino handiagoa.
4. oinarria. Entitate onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, baldin eta etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena badute eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten badituzte. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori da funtsen onuraduna izaten ahalko dena.
Halaber, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek, gaur egun toki entitatea baita.
Era berean, lehen paragrafoan aipatutako entitateak sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2. artikuluaren babesean entitateak sortzen dituztenak, alegia.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.
Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.
5. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Entitate bakoitzak eskabide bat bakarrik aurkezten ahalko du. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, lehenengoa baino ez da ebaluatuko, erregistro elektronikoan sartzean duen hurrenkeraren arabera.
3. Eskabide bakoitzak proiektu bakarra jasotzen ahalko du, 2. oinarrian aurreikusitako motetako baten barruan. Eskabideak proiektu bat baino gehiago baditu, aurkeztutako memorian lehenik deskribatzen dena soilik ebaluatuko da. Proiektuak tipologia bat baino gehiago baditu, entitateak tipologia nagusia aukeratu beharko du ebaluazioa egiteko.
4. Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoko fitxa (https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-del-fondo-de-residuos-2026-flujo-de-domesticos-plurianual-inversiones-vertebradoras).
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.
5. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):
I.–Eskaera-orria, proiektuaren izenburua adierazita (I. eranskina).
II.–Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena, aurreproiektu edo aurretiazko azterketa eta guzti.
III.–Proiektu bakoitzerako kalkulatutako aurrekontua.
IV.–Jarduketen plangintza, proiektuarekin lortu beharreko helburuak betetzeko aurreikusitako bukaera data adieraziz.
V.–Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten zabalkunde neurriak.
VI.–Adierazleen balorazioari dagokionez, memoriak gutxieneko informazio hau jaso beharko du adierazle bakoitzerako. Informazio hori oinarri hauen IV. eranskinean jasotako irizpide, definizio eta eskaletara egokitu beharko da, eta adierazleen balorazio objektiborako erabiliko da.
a) Tratatutako hondakin frakzioa balorizatzeko efizientzia (gehienez 20 puntu).
Baloratuko da zer hobekuntza erlatibo dagoen aurreikusitako errendimenduaren eta proiektuak zuzenean eragindako frakzioaren egungo errendimenduaren artean. Neurtzeko, berreskuratutako material balorizagarrien %a hartuko da kontuan, edo hondarreko errefusaren %a.
a.1 Kasuan kasuko frakzioaren errendimenduaren egungo balioa (berreskuratzea handitzea edo errefusatzea murriztea), urteko edo batez besteko datu adierazgarri baten bidez.
a.2 Inbertsioaren ondoko errendimenduaren aurreikusitako balioa.
a.3. Hobekuntzaren oinarrizko justifikazio teknikoa: ekipoaren fitxa teknikoa, fabrikatzailearen dokumentua edo ingeniaritzako oharra.
b) Eragin zuzena ahalmen operatiboan edo errendimenduan (gehienez 20 puntu).
Baloratuko da proposatutako inbertsioak zenbateraino laguntzen duen, zuzenean eta modu neurgarrian, ahalmen operatiboa hobetzen eta/edo jardueraren errendimendua hobetzen; hau da, ekoizpen ahalmena handitzen, gauzatze denborak murrizten edo jarduera teknikoa edo operatiboa hobetzen, inbertsioaren aurreko egoerarekin alderatuta.
b.1 Tratatutako tonen eta/edo urteko ordu operatiboen egungo datuak, eta, hala badagokio, geldialdi esanguratsuen adierazpena.
b.2. Inbertsioaren ondoren aurreikusitako datuak, zehaztuta ahalmenaren gaitasunaren edo errendimenduaren gehikuntza estimatua.
b.3. Hobekuntza horren oinarrizko justifikazio teknikoa (ekipo fitxa, planoa edo dokumentu tekniko baliokidea).
c) Azpiegituraren garrantzi estrategikoa (gehienez 30 puntu).
Garatu beharreko jarduera zehatzetik, azpiegituraren garrantzi estrategikoa baloratuko da, lurraldean tratamendu eta transferentzia azpiegituren ezarpen orekatua lortzearekin lotuta. Horren helburua da gastu publikoa eta sistemaren eraginkortasun operatiboa optimizatzea, oinarrizko bi printzipiotan oinarrituta: instalazioen espezializazio teknikoa eta udalerrien arteko lankidetza indartzea, erredundantziarik edo bikoiztasunik egon ez dadin.
c.1. Zer biztanleriari erantzuten zaion. Udal-ziurtagiriaren bidez, udalaz gaindiko ziurtagiriaren bidez edo Hondakinen Partzuergoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da, kasuan-kasuan zer dagokion.
c.2. Zerbitzu eremuaren planoa edo eskema, honako hauek adierazita: artatutako udalerriak eta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean lehendik badauden azpiegituretan nola lotzen eta integratzen diren.
c.3. Zenbait fluxu kudeatzen dituzten tratamendu instalazioen kasuan, lehentasunezko fluxua edo fluxuak identifikatzea, adierazita zein diren instalazioaren egungo errendimenduak eta Nafarroan dauden gainerako azpiegiturak. Horren helburua da foru komunitatearen hondakinen kudeaketaren ereduan lehentasunezko interesa duten jarduketak identifikatzea.
c.4. Antzeko eginkizuna bete dezaketen hurbileko alternatibak badaudela edo ez daudela adierazten duen adierazpena.
c.5. Zenbat garraio saihestuko duen adierazten duen oinarrizko estimazioa, egungo eta aurreikusitako distantzia jasotzen duena.
d) Instalazioaren jasangarritasun operatiboa (gehienez 10 puntu).
Instalazioen ingurumen-eraginkortasuna hobetzea baloratuko da, ingurumenaren gaineko inpaktuaren ikuspegitik.
d.1. Isurketetan egiten diren ingurumen hobekuntzen deskribapena, urak hartzeko sistemei, uraren kudeaketari eta lixibiatuen kudeaketari dagokienez.
d.2. Egungo energia kontsumoa (urteko balioa edo batez besteko adierazgarria) eta inbertsioaren ondoren aurreikusitakoa. Energia eraginkortasuneko neurriak edo energia berriztagarriak txertatzeko neurriak identifikatuko dira, kasuan-kasuan zer dagokion.
6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Entitate eskatzaileak eskaeran horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
7. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen oinarri honetan eskatzen diren baldintzak, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak interesdunari eskatuko dio jakinarazpenetik edo argitalpenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
6. oinarria. Instrukzio organoa.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark aztertuko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.
7. oinarria. Dirulaguntza aurrez emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Eskaerak ofizioz ebaluatuko ditu Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.
3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
4. Ebaluazioa ikusita, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak laguntza aldez aurretik emateko proposamen txosten bat eginen du, non adieraziko baita erakunde onuradunak laguntza jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.
5. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak proposamen txostena aurkeztuko dio Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, eta hark ebatziko du laguntzen deialdia aldez aurretik ematea.
8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Hauek dira dirulaguntza hau aurrez emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu, honela banatuta:
1.–Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 4 puntu.
2.–Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia eta ingurumen bideragarritasuna, norainokoa eta jarraipena, eta helburuen planifikazioa, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 3 puntu.
3.–Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen gaineko ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 3 puntu.
b) Proiektu motak. Puntuak Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean eta haren berrikuspenean ezarritako lehentasun estrategikoen arabera esleituko dira, eta biohondakinen eta ontzien balorizazioa eta tratamendua handitzen duten instalazioak lehenetsiko dira:
PROIEKTU MOTA (2. OINARRIA) | PUNTUAK |
a) Ontziak hautatzeko instalazioak. | 20 |
b) Konpostaje instalazioak | 20 |
c) Transferentzia instalazioak | 10 |
d) TMB instalazioak | 5 |
c) Instalazioa hobetzeko adierazleen ebaluazioa. Proiektu bakoitzean gehienez 80 puntu lortzen ahalko dira.
Guztizko puntuazioa hobekuntza adierazle hauen batura izanen da:
a) Tratatutako frakzioaren balorizazioaren efizientzia (20 puntura arte).
b) Eragin zuzena ahalmen operatiboan edo prozesuaren errendimenduan (gehienez 20 puntu).
c) Azpiegituraren garrantzi estrategikoa (gehienez 30 puntu)
d) Instalazioaren jasangarritasun operatiboa (gehienez 10 puntu).
a eta d arteko adierazleen balorazioa IV. eranskinean ezarritako definizioen, kalkulu arauen eta puntuazio eskalen arabera soilik eginen da, eta instrukzio organoak ez du bestelako interpretazio bat egiten ahalko.
2. Instrukzio organoak balorazioa egin ondoren, proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Hurrenkera hori izanen da laguntzak emateko lehentasuna, eta kreditu erabilgarria agortu arte emanen dira.
3. Puntu berdinketarik bada, hura hausteko, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
a) Tratamendu instalazioetako inbertsioak lehenetsiko dira, garraioari eta transferentziari lotutako azpiegituren aldean.
b) Puntuazio handiagoa lortzea a) adierazlean (Tratatutako frakzioaren balorizazioaren efizientzia).
c) Oraindik berdinketarik badago, aurkeztutako dokumentazioaren arabera tratatutako frakzioetan errefusa gehien murrizten duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.
d) Berdinketa jarraitzen badu, erregistro elektronikoaren arabera lehenago aurkeztutako proiektuak izanen du lehentasuna.
4. Proiektu bakoitzari puntuazioa esleitu eta berariazko zerrendak ezarri ondoren, aldez aurreko dirulaguntzak emanen dira, deialdian erabilgarri dagoen kreditu osoa agortu arte, egon daitezkeen handitzeak barne.
9. oinarria. Dirulaguntza ematea.
1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena eskaerak aurkezteko epealdia agortzen denetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen da eta jakinaraziko da.
2. Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira. Hala ere, azken horiei dagokien puntuazioa adieraziko da, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
3. Dirulaguntza emateko ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo deklaratzen bada entitate onuradunen batek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela, dirulaguntza ematen ahalko zaie, horretarako eginen den ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak aurrekontu-kreditu faltagatik ezetsi zaizkien entitateei, betiere aurrekontuan diru nahikoa badago eta denbora nahikoa gelditzen bada diruz lagundu beharreko proiektuak gauzatzeko eta dagozkien ordainketak justifikatzeko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
5. Entitate onuradunek aldaketak sartzen ahalko dituzte proiektuen baldintza teknikoetan, arrazoi objektiboetan oinarrituta, betiere proiektuaren xedea aldatzen ez badute emandako laguntzaren zenbatekoaren barnean badago. Aldaketa horiek 11. oinarriko f) atalean ezartzen den bezala justifikatu beharko dira.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epealdia.
1. Dirulaguntza jaso dezaketan jarduketak 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitarte eginen dira.
2. Salbuespen gisa, aurkeztutako proiektuan jasotako egikaritze epea luzatzea baimentzen ahalko da, hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko azpiegiturei dagozkien proiektuen tipologiaren barruan, baldin eta eraikuntza proiektua badu eta/edo ekipoen funtsezko aldaketa aurreikusten badu. Epe handitze horrek behar bezala justifikatutako eta/edo aurreikusi ezin diren zirkunstantzien ondorio izan beharko du, epean egitea ezinezko bihurtzen dutenak laguntzen azken hartzaileek eska zekizkiekeen gutxieneko neurri teknikoak eta plangintzakoak hartu arren; eta bereziki lotuta egon beharko du sustatutako jardueraren garrantziarekin, obrak esleitzeko prozedurekin, eta horiek egikaritzeko administrazio baimenak lortzeko beharrizanarekin.
Epea luzatzeko eskaera Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan izapidetu beharko du entitate onuradunak, oinarri honen 1. puntuan jasotako hondarreko data baino 6 hilabete lehenago gutxienez.
Proiektua egikaritzeko epea, luzapena barne, ez da 48 hilabetetik gorakoa izaten ahalko, ezta 2029ko abenduaren 31tik haragokoa ere.
Epea luzatzea onartzen bada, eta jarduketa ez bada osorik burutzen gehieneko epe onargarriaren barruan, azkenean eman beharreko laguntza proportzionalki hainbanatuko da, baimendutako aldi horretan benetan gauzatutako jarduketaren zatia kontuan hartuta.
11. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa, eta behin betiko ematea.
Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak bukatu ondoren, eta hiru hilabeteko epean, entitate onuradunek honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi ziren helburuekin alderatuta.
Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko e letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.
b) Proiektuaren azken aurrekontua. Bertan, diruz lagundutako ekintza bakoitzerako, datu hauek bilduko dira:
b.1. Hornitzailearen izena.
b.2. Fakturen zenbakiak.
b.3. Zenbatekoa.
b.4. Ordainketaren data.
c) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.
Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.
d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
d.1. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.
d.2. Ahaldun nahiko batek sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:
–Fakturak (zenbakia, hornitzailea, zerga-oinarria eta BEZa).
–Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.
–Zer ehunekok ez duen balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten kenkarirako eskubiderik.
e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskinaren araberakoa.
f) Proiektuen baldintza teknikoetan aldaketak sartu dituzten onuradunek (9. oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera), arrazoitu egin beharko dituzte aldaketok, txosten tekniko konparatuaren eta zuzendaritza fakultatiboak sinatutako agiriaren bidez.
g) 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hornitzailearen hautaketa egiaztatu behar duten erakunde onuradunek VI. eranskina beteta aurkeztuko dute ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa").
12. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Ordainketa aurreratua.
Erakunde onuradunek, diruz lagundutako jardueraren helburuak betetzeko funts likidoak izateko beharra justifikatu ondoren, jardueretarako emandako laguntzaren %70era arteko ordainketa aurreratua eskatzen ahalko dute. Aldez aurretik ordaintzeko eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) III. eranskina, behar bezala beteta eta aski ahaldundutako pertsonak sinatuta, edo, halakorik ezean, aski ahaldundutako pertsonak sinatutako idazkia, aurrerakinaren beharra adierazten duena. Jaso beharko du diruz lagundutako jardueraren helburuak betetzeko behar besteko likidezia izan arren, likidezia hori beste helburu batzuk lortzeko konprometituta dagoela. Erakunde onuradunek adierazten badute ordainketa aurreratua behar dutela likidezia beste proiektu batzuekin konprometituta dutelako, proiektu horiek aipatu behar dituzte III. eranskineko adierazpenean.
b) Eskuragarri dagoen azken ekitaldiko kontabilitate dokumentazioa, Ogasunak ziurtatua. Bestela, adieraz daiteke Nafarroako Gobernuko zein departamentuk duen kontabilitate dokumentazio hori, eta bidali zitzaioneko argibideak eman.
Ordainketa aurreratuaren zenbatekoa zehazteko oinarria erakunde onuradunek aurkeztutako dokumentazioaren azterketa izanen da.
2. Behin betiko dirulaguntza ordaintzea.
Entitate onuradunak aurrerakinik eskatzen ez badu, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza.
3. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak hau igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
–Aldez aurretik ematearen ebazpen proposamena edo aldez aurretik emate eta ordaintzearen ebazpen proposamena.
–Behin betiko ematearen eta ordainketaren ebazpen proposamena.
Horiekin guztiekin batera, entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duten betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztu beharko da.
13. oinarria. Ez-betetzeak eta diru itzulketak.
1. Ondotik aipatzen direnak gertatuz gero, ordaindutako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, edo esleitutako zenbatekoa osorik nahiz zati batean kobratzeko eskubidea galduko da, betiere dagokion espedientea tramitatu ondoren eta interesdunei entzutea emanda 10 egun balioduneko epean:
1.1. Ez betetzea dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo baldintza horiei buruzko informazioa faltsutzea edo ezkutatzea.
1.2. Emandako dirua jarduketa finantzagarrietarako ez beste xede baterako erabiltzea.
1.3. Ez justifikatzea edo nahikoa ez justifikatzea dirulaguntzaren xedea, justifikazio hori betebeharra baita.
1.4. Emandako zenbatekoak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako beste dirulaguntza batzuei gehituta, inbertsioaren guztizko kostua gainditzea. Halakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da eta, hala badagokio, jarduketaren kostuaren gainetik lortutakoa (jasotako aurrerakina) itzultzeko eskatuko da.
1.5. Inbertsioak berandu justifikatzea, 11. oinarrian ezarritako eguna eta gero.
2. Ez badira betetzen dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo haiei buruzko informazioa faltsutu edo ezkutatzen bada, eta, halaber, jarduketa guztiz gauzatzen ez bada edo justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, oso-osorik galduko da kobratzeko eskubidea eta, hala badagokio, jasotako aurrerakina osorik itzuli beharko da.
3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Osorik betetzetik gertu dagoela ulertuko da gauzatutako jarduketaren zatia behar bezala justifikatu denean eta aurreikusitako erabilera publikorako erabiltzeko moduan dagoenean. Horri buruzko ziurtagiria egin beharko du nahikoa ahaldundutako pertsonak.
4. Entitate onuradunek ez badute betetzen aurreko ataletan ezarritako betebeharren bat edo, halaber, 14. oinarrian ezarritako betebeharren bat, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5. Itzulketa eskatzeko ebazpena onuradunari jakinaraziko zaio, sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziz, eta ohartaraziko zaio ezen, itzulketa epean egin ezean, premiamendu bidezko bilketarako prozedura aplikatuko dela, Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen legerian aurreikusitakoarekin bat, foru lege honen kontra ez doan guztian.
14. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.
b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea. Zabalkunde neurriak betetzeko, onuradunek Hondakinen Funtsaren logotipoa jarri beharko dute finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten beste zabalkunde neurrien osagarria dela (5. oinarria).
Logoa helbide honetan dago eskuragarri:
https://planderesiduosdenavarra.navarra.es/es/fondo-de-residuos1
c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek erakunde onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak). Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.
f) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, helburu sozialak lortzeko neurri hauetakoren bat ezartzea (gastuak justifikatzen diren unean egiaztatuko dira): desgaitasuna duten edo gizarte bazterketako egoeran dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzak hobetzea; profesional gazteen parte-hartzea eta profesionalen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.
15. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek batzuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.
Horrelakoetan, proiektu bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko diruz lagundutako proiektuaren kostua.
16. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
17. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio guztia emanen dio Dirulaguntzen Datu Base nazionalari (aurrerantzean, DDBN), martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.
ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. eranskina.–Dirulaguntza eskaera: eskaerarako aurkeztu beharrekoa.
III. eranskina.–Aurrerapenaren eskaera: eskaerarako edo gerora aurkeztu beharrekoa.
IV. eranskina.–Adierazleen kalkulua.
V. eranskina.–Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Egindako gastuen eta ordainketen gastuak justifikatzeko aurkeztu beharko da.
VI. eranskina.–Hornitzailea aukeratu izanaren justifikazioa. Egindako gastuen eta ordainketen gastuak justifikatzeko aurkeztu beharko da.
Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxan daude eranskin horiek:
Iragarkiaren kodea: F2610410
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
