Iragarkia
166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
752E/2026 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2026ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua-inbertsioak" izeneko dirulaguntza deialdia onesten duena. DDBN kodea: 920938.
2026ko Hondakinen Funtsak 6.894.350 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 209.073 euroko diru sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 7.103.423 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
2026ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2025eko azaroaren 28an nahitaezko kontsulta egin zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat.
49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, urtarrilaren 20an, 2026ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 15E/2026 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita udal hondakinen fluxurako 3.540.466 euro bideratuko direla. Zenbateko hori zenbait ekitalditan banatuko da, jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta.
Zehazki, kopuru horretatik 2.340.466 euro urte anitzeko dirulaguntzen deialdietara bideratzea erabaki da, eta horietatik 2.040.466 euro deialdi honetara bideratuko dira. 2.759.534 euro ere badira, erabili gabe geratu zen 2025eko Funtsaren banaketan kontsignatutako zenbatekotik.
Beste alde batetik, 2026ko ekainaren 10eko Gobernu Akordioaren oniritzia dago, etxeko hondakinen prebentzioari, gaikako bilketari eta kudeaketari lotutako inbertsio hauek egiteko, kopuru hauekin:
AURREKONTU PARTIDA | 2026. | 2027. | 2028. | 2029. | ZENBATEKOA |
740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak | 0 | 1.000.000 | 1.000.000 | 2.800.000 | 4.800.000 |
Beraz, deialdi honetatik eratorritako betebeharrei aurre egiteko, proposatzen da 740001 74100 7609 456204 Hondakinen funtsa izeneko partidaren konturako gastua baimentzea. Toki erakundeentzako dirulaguntzak, 2026ko gastuen aurrekontuan 2027ko Gastuen Aurrekontuan gaitzen direnak, 1.000.000 euro, 2028rako gaitzen dena, 1.000.000 euroko gastua, eta 2029rako, 2.800.000 euroko gastua, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "2026ko Hondakinen Funtsa. Etxeko hondakinen urte anitzeko fluxua-inbertsioak" dirulaguntzen deialdia onartzea, 2026tik 1019ra bitartean jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta, honako hauei zuzenduta:
–Etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena duten eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateei. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori da funtsen onuraduna izaten ahalko dena.
Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192,2. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:
AURREKONTU PARTIDA | 2026. | 2027. | 2028. | 2029. | ZENBATEKOA |
740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1) | 0 | 1.000.000 | 1.000.000 | 2.800.000 | 4.800.000 |
Edo 2027, 2028 eta 2029ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2027, 2028 eta 2029an. | |||||
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
Hitzaurrea.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bitartez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Helburua arau horren 43. artikuluan ezarritakoa da.
Bestalde, Hondakinen Funtsa arautzen duen 2020ko uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 5. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritakoari dagokionez, 2025eko azaroaren 28an Hondakinen Funtsa banatzeko proposamena bidali zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, nahitaezko kontsulta egin zezaten.
Jasotako proposamenekin oinarri arautzaileak berrikusi dira, kontuan hartuta 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean eta hondakinen araudi sektorialean ezarritako helburu orokorrak betetzea.
Horregatik guztiagatik, oinarri arautzaileetan jarduera hauek ezartzea erabaki da. Adierazleak hobetzeko beharrezkoak izanik, tokiko kudeaketaren planteamenduei erantzuten diete, eta Foru Komunitatearen mailan eragin txikiagoa dute, baina, era berean, hondakinen funtsaren finantzaketa behar dute, bideragarriak izan daitezen.
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri hauen helburua da dirulaguntzak ematea norgehiagoka-araubidean, Nafarroako Foru Komunitateko etxeko eta merkataritzako hondakinak tratatzeko Hondakinen Funtsari ekarpenak egin dizkieten entitateei, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako helburuak betetzeko.
Deialdi honetara 4.800.000 euroko kreditua bideratuko da guztira, eta 2. oinarrian aurreikusitako proiektu moten artean banatuko da.
2. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.
Diruz lagungarritzat jotzen dira etxeko eta merkataritzako hondakinen prebentzioarekin, bilketarekin eta horien garraioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duten kapital inbertsioak.
Deialdi honetarako, finantzagarriak izanen dira honako proiektu mota hauek:
a) Prebentzioa eta berrerabiltzeko prestatzea. Askotariko objektuak eta tresnak berrerabiltzeko prestatzeko edo horiek trukatzeko espazioak eraikitzea, hobetzea edo hornitzea, materialen bizitza erabilgarria luzatzeko eta etxeko hondakinen sorrera murrizteko.
Atal honetan sartutzat joko dira ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko 2024ko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betetzeko xedea duten instalazioetako inbertsioak, instalazioen kokapen fisikoa edozein dela ere, betiere Nafarroako Foru Komunitatearen barruan bada.
b) Etxeko konpostajea eta konpostaje komunitarioa. Eraikitzea, hobetzea edo hornitzea etxeko eta merkataritzako hondakin organikoak lekuan bertan tratatzeko espazioak, bai herritarrek etxeko konpostajerako proiektuetan parte har dezaten sustatuz, bai toki entitateek hondakin organikoak batera tratatzeko eskura jartzen dituzten gune komunetan.
c) Ekipoak hobetzea transferentzia instalazioetan eta/edo gaikako bilketako frakzioak tratatzeko instalazioetan, eta ekipoak eta instalazioak berritzea, eraginkortasuna hobetzeko.
d) Gaikako bilketarako edukiontziak eta baliabide materialak. Gaika biltzeko zerbitzua ezartzeko edo hobetzeko elementuak, materialak eta baliabideak eskuratzea edo egokitzea, lurraldera hobekien egokitzen den modalitatean. (edukiontzien erosketari dagokionez, erositako guztiaren %10 gehienez finantzatuko da birjarpen stockerako erabiltzeko).
e) Aplikazio informatikoak. Diruz lagundu daitekeen xederako aplikazio informatikoak garatzea edo informazioaren teknologiak erabiltzea, hala nola aukera ematen dutenak trazabilitatea, kontrola, jarraipena, lekualdaketak edo sorkuntzagatiko ordainketarantz aurrera egitea hobetzeko, etab.
f) Hondakinak biltzeko kamioiak erostea.
g) Garbigune finkoak. Partikularrek entregatutako etxeko eta merkataritzako hondakinak biltzeko biltegi gisa erabiltzeko instalazioak eraiki, erosi eta egokitzea (ehungintzako hondakinen eta etxeko hondakin arriskutsuen bilketa barne).
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.
1. Dirulaguntzarako onartuko dira diruz laguntzen den jarduketaren izaerarekin inongo zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri hauetan ezarritako epealdiaren barruan eta ezarritako moduan egiten badira. Diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, halaber, dirulaguntzaren xede den jarduketari lotutako ordainsari teknikoen zenbatekoa (Egikaritze materialeko aurrekontuaren %10 arte), proiektu teknikoak egiteari, zuzendaritza fakultatiboari eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioari dagozkienak, baldin eta egikaritze-proiektu bat behar bada haiek egiteko.
Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira eraikinak erostea, beharrezkoak badira aurkeztutako ekintzak egiteko.
2. Gastu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo ondasunak erosteko edo enpresek aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; eta, horretarako, VI. eranskinean ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa") gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
3. Diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoaren gainean, laguntzaren intentsitatea %90ekoa izanen da inbertsio inbentariagarrietarako, eta %100ekoa gastu arruntetarako, diruz lagungarria den guztizko gastuaren %15era arte, gehienez ere.
4. Erakunde eskatzaile bakoitzak 300.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez. Muga hori soberako kredituaren banaketa gehigarrian bakarrik gainditzen ahalko da, ondoko apartatuan adierazitako moduan.
5. Eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria geratzen bada, aurreko puntuan aipatutako mugak eragindako proiektuen artean banatuko da, proposamenak ebaluatu ondoren egindako lehentasun-zerrendaren ordenari jarraituz (8. oinarria). Eta aurreko puntuan definitutako toki entitate bakoitzeko gehieneko esleipena 450.000 eurora arte handituko da.
6. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.
b) Hondakin sortzailearen erantzukizun zabalduaren (SEZ) bidez zuzkidura duten jarduketak.
c) Gaikako bilketaren zerbitzuaren kostuak eta hondakinen tratamendua, ezta mantentze lanen kostuak eta alokairuak ere.
d) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.
e) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.
f) Finantza-gastuak.
g) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.
h) Lurrak erosteko gastuak.
i) Industria nabeak eraikitzekoak, behar-beharrezkoak ez badira.
j) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.
k) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.
l) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.
7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatuko duen proiektuaren kostua baino handiagoa.
4. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, baldin eta etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena badute eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten badituzte. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori da funtsen onuraduna izaten ahalko dena.
Halaber, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek, gaur egun toki entitatea baita.
Era berean, lehen paragrafoan aipatutako entitateak sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2. artikuluaren babesean entitateak sortzen dituztenak, alegia.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.
Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.
5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Toki entitate bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkezten ahalko du. Kontuan hartuta lortu daitekeen gehieneko dirulaguntza 3. oinarrian definituta dagoela.
3. Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskabideen tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoko fitxa (www.nafarroa.eus).(https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-del-fondo-de-residuos-2026-flujo-de-domesticos-plurianual--1). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.
4. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):
a) Eskaera-orria, proiektuaren izenburua adierazita (II. eranskina).
b) Memoria, proiektuaren azalpen zehatza eta norainokoa adierazten dituena, aurreproiektu edo aurretiazko azterketa eta guzti.
c) Proiektu bakoitzerako kalkulatutako aurrekontua.
d) Jarduketen plangintza, proiektuarekin lortu beharreko helburuak betetzeko aurreikusitako bukaera data adieraziz.
e) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.
f) 8. oinarrian definitutako gobernantza adierazleen egiaztapen objektiboa egiteko (Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen —TEEH— bilketaren adierazlea, toki entitateek bere eskumeneko hondakinen bilketa esklusiboaren adierazlea industrialdeetan), erakunde eskatzaileak honako gutxieneko dokumentazio hau aurkeztuko du modu agregatuan eta egiaztagarrian:
–TEEHen bilketaren adierazlea:
- Bilketa puntuen eta operatiben deskribapena (garbiguneak/gailu elektriko txikiak, etxez etxeko bilketa), baita entregatzeko kanalak ere.
–Industrialdeetako hondakinak:
- Erakundeak artatutako industrialdeen zerrenda eta ezarritako bilketa-sistema (atez atekoa, ibilbide bereizia, edukiontziak kalean...).
Proiektu baten onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, 5.2.f apartatua ez da aplikatuko.
5. Eskaerak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan eskatzen den baldintzaren bat, edo dokumentazioa aztertzean beharrezko ikusten bada emandako informazioa argitzea, eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak emateko eskatuko zaio. Hamar (10) egun balioduneko epe luzaezina izanen du horretarako, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ez badu hori egiten, eskaeran atzera egin duela ulertuko da eta, beste tramiterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.
6. Eskaerak aztertu eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta behar den dokumentazioa duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badituzte edo behar den dokumentazioa ez badute, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.
6. oinarria.–Instrukzio-organoa.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark aztertuko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.
7. oinarria.–Dirulaguntza aurrez emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Eskaerak ofizioz ebaluatuko ditu Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalak norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.
3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
4. Ebaluazioa ikusita, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak laguntza aldez aurretik emateko proposamen txosten bat eginen du, non adieraziko baita erakunde onuradunak laguntza jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.
5. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak proposamen txostena aurkeztuko dio Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, eta hark ebatziko du laguntzak aldez aurretik ematea.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
Hauek dira dirulaguntza hau aldez aurretik emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:
a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 10 puntu, honela banatuta:
1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 4 puntu.
2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia eta ingurumen bideragarritasuna, irismena eta jarraipena, eta helburuen plangintza, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 3 puntu.
3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen gaineko ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 3 puntu.
b) Proiektu motak. 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planean eta haren berrikuspenean ezarritako helburuen betetzearen arabera esleitutako puntuazioa.
PROIEKTU MOTA (2. OINARRIA) | PUNTUAK |
a. Prebenitzeko eta berrerabilerarako prestatzeko jarduketak | 20 |
b. Etxeko konpostajea eta konpostaje komunitarioa. | 18 |
c. Ekipoak hobetzea gaikako bilketako frakzioak tratatzeko instalazioetan, eta ekipoak eta instalazioak berritzea, eraginkortasuna hobetzeko. | 16 |
d. Gaikako bilketarako edukiontziak eta baliabide materialak. | 14 |
e. Aplikazio informatikoak. | 12 |
f. Bilketako kamioiak. | 10 |
g. Garbigune finkoak. | 8 |
c) Etxeko hondakinetan egindako lanaren adierazleak (gehienez 100 puntu). Deialdi honen ondorioetarako, adierazle objektibo hauek aplikatuko dira, IV. eranskinaren arabera kalkulatuta:
c.1) Prebentzio adierazlea – Hondakinen sorrera murriztea (0-20 puntu). (2019-2024ko aldakuntza, per capita).
MURRIZTAPENA (%) | PUNTUAK |
< 0 | 0 |
≥ 0 eta < 4 | 5 |
≥ 4 eta < 6 | 10 |
≥ 6 eta < 8 | 15 |
≥ 8 | 20 |
c.2) Bereizi gabeko frakzioaren murrizketaren adierazlea (0-20 puntu). (2019-2024ko aldakuntza, per capita).
MURRIZTAPENA (%) | PUNTUAK |
< 0 | 0 |
≥ 0 eta < 10 | 5 |
≥ 10 eta < 20 | 10 |
≥ 20 eta < 30 | 15 |
≥ 30 | 20 |
c.3) Bereizita bildutako materia organikoaren atzipenaren (FORS) adierazlea (0-20 puntu).
ATZIPENA % (garbia vs oraingo FORS) | PUNTUAK |
< 10 | 0 |
≥ 10 eta < 35 | 1: |
≥ 35 eta < 50 | 5 |
≥ 50 eta < 55 | 10 |
≥ 55 eta < 60 | 15 |
≥ 60 | 20 |
c.4) FORSen kalitate-adierazlea (0-20 puntu).
KALITATEA % | PUNTUAK |
< 75 | 0 |
≥ 75 eta < 85 | 5 |
≥ 85 eta < 88 | 10 |
≥ 88 eta < 90 | 15 |
≥ 90 | 20 |
c.5) Bilketa bereizi globalaren adierazlea (0-20 puntu). (BBaren / aztertutako urteko guztizko sorkuntza osoaren %).
BB GLOBALAREN % | PUNTUAK |
< 30 | 0 |
≥ 30 eta < 37 | 5 |
≥ 37 eta < 45 | 10 |
≥ 45 eta < 50 | 15 |
≥ 50 | 20 |
d) Gobernantzaren eta eskumen betetzearen adierazleak (gehienez 20 puntu). Deialdi honen ondorioetarako, adierazle objektibo hauek aplikatuko dira, IV. eranskinaren arabera kalkulatuta:
d.1) Trazabilitate bermatua duten TEEHen bilketaren adierazlea, (0-10 puntu).
–Atez ateko bilketa eta/edo garbiguneetan: 10 puntu.
–Beste bilketa kanal batzuk: 0 puntu.
d.2) Toki erakundeek bere eskumeneko hondakinen bilketa esklusiboaren adierazlea industrialdeetan (0-10 puntu).
–%100 Atez ateko bilketa duten industrialdeak: 10 puntu.
–<%100 Atez ateko bilketa duten industrialdeak: 0 puntu.
Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, c) letrako eta g) letrako atalak baloratzeko, kide guztien puntuazioen batezbesteko haztatua kalkulatuko da.
Berdinketarik izanez gero, proiektu motaren arabera ebatziko dira, lehentasuna emanez helburu hauek dituztenei: prebentzioa eta gaika bildutako zati organikoa berreskuratzea. Eta, halere berdinketak jarraitzen badu, zer ordenatan aurkeztu diren hartuko da kontuan.
Proiektu bakoitzari puntuazioa esleitu eta berariazko zerrendak ezarri ondoren, aldez aurreko dirulaguntzak emanen dira, deialdian erabilgarri dagoen kreditu osoa agortu arte, egon daitezkeen handitzeak barne.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena eskaerak aurkezteko epealdia agortzen denetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen da eta jakinaraziko da.
2. Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira. Hala ere, azken horiei dagokien puntuazioa adieraziko da, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
3. Dirulaguntza emateko ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo deklaratzen bada entitate onuradunen batek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela, dirulaguntza ematen ahalko zaie, horretarako eginen den ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak aurrekontu-kreditu faltagatik ezetsi zaizkien entitateei, betiere aurrekontuan diru nahikoa badago eta denbora nahikoa gelditzen bada diruz lagundu beharreko proiektuak gauzatzeko eta dagozkien ordainketak justifikatzeko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
5. Entitate onuradunek aldaketak sartzen ahalko dituzte proiektuen baldintza teknikoetan, arrazoi objektiboetan oinarrituta, betiere proiektuaren xedea aldatzen ez badute emandako laguntzaren zenbatekoaren barnean badago. Aldaketa horiek 11. oinarriko f) atalean ezartzen den bezala justifikatu beharko dira.
10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epealdia.
1. Dirulaguntza jaso dezaketan jarduketak 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra bitarte eginen dira.
2. 2025ean hasitako proiektuak ere hautagarriak izanen dira. Kasu horretan, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatutako proiektuaren zatia soilik izanen da hautagarria.
3. Salbuespen gisa, aurkeztutako proiektuan jasotako egikaritze epea luzatzea baimentzen ahalko da, hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko azpiegiturei dagozkien proiektuen tipologiaren barruan, baldin eta eraikuntza proiektua badu eta/edo ekipoen funtsezko aldaketa aurreikusten badu. Epe handitze horrek behar bezala justifikatutako eta/edo aurreikusi ezin diren zirkunstantzien ondorio izan beharko du, epean egitea ezinezko bihurtzen dutenak laguntzen azken hartzaileek eska zekizkiekeen gutxieneko neurri teknikoak eta plangintzakoak hartu arren; eta bereziki lotuta egon beharko du sustatutako jardueraren garrantziarekin, obrak esleitzeko prozedurekin, eta horiek egikaritzeko administrazio baimenak lortzeko beharrizanarekin.
Epea luzatzeko eskaera Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuan izapidetu beharko du entitate onuradunak, oinarri honen 1. puntuan jasotako azken data baino 6 hilabete lehenago gutxienez.
Proiektua egikaritzeko epea, luzapena barne, ez da 48 hilabetetik gorakoa izaten ahalko, ezta 2029ko abenduaren 31tik haragokoa ere.
Epea luzatzea onartzen bada, eta jarduketa ez bada osorik burutzen gehieneko epe onargarriaren barruan, azkenean eman beharreko laguntza proportzionalki hainbanatuko da, baimendutako aldi horretan benetan gauzatutako jarduketaren zatia kontuan hartuta.
11. oinarria.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa, eta behin betiko ematea.
Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak bukatu ondoren, eta hiru hilabeteko epean, entitate onuradunek honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi ziren helburuekin alderatuta.
Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko e letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.
b) Proiektuaren azken aurrekontua. Bertan, diruz lagundutako ekintza bakoitzerako, datu hauek bilduko dira:
b.1. Hornitzailearen izena.
b.2. Fakturen zenbakiak.
b.3. Zenbatekoa.
b.4. Ordainketaren data.
c) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.
Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.
d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
d.1. Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.
d.2. Ahaldun nahiko batek sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:
–Fakturak (zenbakia, hornitzailea, zerga-oinarria eta BEZa).
–Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.
–Zer ehunekok ez duen balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten kenkarirako eskubiderik.
e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina).
f) Proiektuen baldintza teknikoetan aldaketak sartu dituzten onuradunek (9. oinarriaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera), arrazoitu egin beharko dituzte aldaketok, txosten tekniko konparatuaren eta zuzendaritza fakultatiboak sinatutako agiriaren bidez.
g) 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hornitzailearen hautaketa egiaztatu behar duten erakunde onuradunek VI. eranskina beteta aurkeztuko dute ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa").
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Ordainketa aurreratua.
Erakunde onuradunek, diruz lagundutako jardueraren helburuak betetzeko funts likidoak izateko beharra justifikatu ondoren, jardueretarako emandako laguntzaren %70era arteko ordainketa aurreratua eskatzen ahalko dute. Aldez aurretik ordaintzeko eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) III. eranskina, behar bezala beteta eta nahikoa ahaldundutako pertsonak sinatuta, edo, halakorik ezean, nahikoa ahaldundutako pertsonak sinatutako idazkia, aurrerakinaren beharra adierazten duena. Jaso beharko du diruz lagundutako jardueraren helburuak betetzeko behar besteko likidezia izan arren, likidezia hori beste helburu batzuk lortzeko konprometituta dagoela. Erakunde onuradunek adierazten badute ordainketa aurreratua behar dutela likidezia beste proiektu batzuekin konprometituta dutelako, proiektu horiek aipatu behar dituzte III. eranskineko adierazpenean.
b) Eskuragarri dagoen azken ekitaldiko kontabilitate-dokumentazioa, Ogasunak ziurtatua. Bestela, adieraz daiteke Nafarroako Gobernuko zein departamentuk duen kontabilitate-dokumentazio hori, eta bidali zitzaioneko argibideak eman.
Ordainketa aurreratuaren zenbatekoa zehazteko oinarria erakunde onuradunek aurkeztutako dokumentazioaren azterketa izanen da.
2. Behin betiko dirulaguntza ordaintzea.
Entitate onuradunak aurrerakinik eskatzen ez badu, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza.
3. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak hau igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
–Aldez aurretik ematearen ebazpen-proposamena edo aldez aurretik emate eta ordaintzearen ebazpen-proposamena.
–Behin betiko ematearen eta ordainketaren ebazpen-proposamena.
Horiekin guztiekin batera, erakunde onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duten betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztu beharko da.
13. oinarria.–Ez-betetzeak eta itzulketak.
1. Ondotik aipatzen direnak gertatuz gero, ordaindutako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, edo esleitutako zenbatekoa osorik nahiz zati batean kobratzeko eskubidea galduko da, betiere dagokion espedientea tramitatu ondoren eta interesdunei entzutea emanda 10 egun balioduneko epean:
1.1. Ez betetzea dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo baldintza horiei buruzko informazioa faltsutzea edo ezkutatzea.
1.2. Emandako dirua jarduketa finantzagarrietarako ez beste xede baterako erabiltzea.
1.3. Ez justifikatzea edo nahikoa ez justifikatzea dirulaguntzaren xedea, justifikazio hori betebeharra baita.
1.4. Emandako zenbatekoak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako beste dirulaguntza batzuei gehituta, inbertsioaren guztizko kostua gainditzea. Halakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da eta, hala badagokio, jarduketaren kostuaren gainetik lortutakoa (jasotako aurrerakina) itzultzeko eskatuko da.
1.5. Inbertsioak berandu justifikatzea, 11. oinarrian ezarritako eguna eta gero.
2. Ez badira betetzen dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo haiei buruzko informazioa faltsutu edo ezkutatzen bada, eta, halaber, jarduketa guztiz gauzatzen ez bada edo justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, oso-osorik galduko da kobratzeko eskubidea eta, hala badagokio, jasotako aurrerakina osorik itzuli beharko da.
3. Diruz lagundutako helburuak edo jarduera jakin batzuk partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da jarduera horien irismenaren proportzioan, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.
4. Entitate onuradunek ez badute betetzen aurreko ataletan ezarritako betebeharren bat edo, halaber, 14. oinarrian ezarritako betebeharren bat, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzultzeko betebeharra sortuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kausaren bat gertatzen bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ez dadila deklaratu laguntza kobratzeko eskubidearen galera, edo, bestela, dagokion zenbatekoa itzultzeko betebeharretik salbuestea.
5. Itzulketa eskatzeko ebazpena onuradunari jakinaraziko zaio, sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziz, eta ohartaraziko zaio ezen, itzulketa epean egin ezean, premiamendu bidezko bilketarako prozedura aplikatuko dela, Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen legerian aurreikusitakoarekin bat, foru lege honen kontra ez doan guztian.
14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.
b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea. Zabalkunde neurriak betetzeko, onuradunek Hondakinen Funtsaren logotipoa jarri beharko dute finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten beste zabalkunde neurrien osagarria dela (5. oinarria).
Logoa helbide honetan dago eskuragarri:
https://planderesiduosdenavarra.navarra.es/es/fondo-de-residuos1
c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek erakunde onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak). Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.
f) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, helburu sozialak lortzeko neurri hauetakoren bat ezartzea (gastuak justifikatzen diren unean egiaztatuko dira): desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzak hobetzea; profesional gazteen parte-hartzea eta profesionalen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.
15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.
Horrelakoetan, proiektu bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko diruz lagundutako proiektuaren kostua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio guztia emanen dio Dirulaguntzen Datu Base nazionalari (aurrerantzean, DDBN), martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.
ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. eranskina.–Dirulaguntza eskaera.
III. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.
IV. eranskina.–Adierazleen kalkulua.
V. eranskina.–Arloan indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
VI. eranskina.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.
Eranskinak fitxa honetan daude eskuragarri:
Iragarkiaren kodea: F2610348
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
