Iragarkia
166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
737E/2026 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honen deialdia onesten baita: "Banakako araubideko dirulaguntza, Nafarroako Foru Komunitatean bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan integratuta dauden eta osagaietan amiantoa duten eraikuntzako edozein elementu mota kentzeko". DDBN kodea: 920543.
Nafarroan amiantoa kentzeko plan gidari bat egitea eta garatzea bat dator Europako Parlamentuaren 2013ko martxoaren 14ko 2012/2065 Ebazpenarekin (amiantoa dela-eta lantokietan dauden osasun arriskuei eta Europar Batasunean dagoen amianto guztia desagerrarazteko aurreikuspenei buruzkoa) eta Europar Batasunean amiantoa kentzeari buruzko Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2014ko Irizpenarekin.
2017ko irailaren 14an, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onetsi zuen, non Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzitzaion aurkez zezala Nafarroan amiantoa kentzeko garatu beharreko prozesurako plan gidari bat. Eta agindu hori betez, Foru Gobernuak amiantoa kentzeko Plan Gidaria prestatu zuen 2018an, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatuta.
Hala, banakako ebaluazioaren araubidean egindako deialdi honetatik eratorritako betebeharrei erantzuteko, 2026ko ekainaren 3ko Gobernu Akordioaren oniritzia jaso da, eta proposatzen da 655.322,00 euroko guztizko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuaren kargura, "Hondakinen funtsa. Amiantoa kentzea bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan" proiekturako, partida hauetan zatituta:
- 740001 74100 7701 456205 partida: 200.000,00 euro.
- 740001 74100 7800 456200 partida: 455.322,00 euro.
Nafarroako Gobernuak, 2026ko ekainaren 3an egindako bilkuran, erabakia hartu du Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena emateko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz laguntzak eman ditzan 2026an Nafarroako Foru Komunitatean bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan integratuta dauden eta osagaietan amiantoa duten eraikuntzako edozein elementu mota kentzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntza deialdi hau onestea: "Banakako araubideko dirulaguntza, Nafarroako Foru Komunitatean bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan integratuta dauden eta osagaietan amiantoa duten eraikuntzako edozein elementu mota kentzeko". Dirulaguntzen xedea Nafarroan amiantoa kentzeko Plan Gidarian adierazita egon eta 2026an Nafarroako Foru Komunitatean amiantoa duen materialari dagokionez lotutako jarduerak egitea da.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 655.322,00 euroko aurrekontu kreditua baimentzen da, 2026ko gastuen aurrekontuaren kargura, "Hondakinen funtsa. Amiantoa kentzea bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan" proiekturako. Partida hauetan zatituta:
- 740001 74100 7701 456205 partida: 200.000,00 euro.
- 740001 74100 7800 456200 partida: 455.322,00 euro.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko uztailaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Dirulaguntza honen xedea da, batetik, Nafarroako Foru Komunitatean bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan integratuta dauden eta osagaietan amiantoa duten eraikuntzako edozein elementu mota kentzea sustatu eta material hori kudeatzea, hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen laguntzeko, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin, eta, bestetik, garatzen laguntzeko zuntz-zementuzko hondakinak bereizirik biltzeko eta behar bezala kudeatzeko neurriak, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritakoak.
Oinarri hauen xedea da 2026an pertsona fisikoei eta pertsona juridiko pribatuei dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, aurrera eraman ditzaten Nafarroan amiantoa kentzeko Plan Gidarian adierazten diren ekintzak, amiantoa duen materialari dagokionez, baldin eta oinarri arautzaile hauetako betebeharrak betetzen badituzte, eta aurrekontu kreditu nahikoa badago.
655.332 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.
2. oinarria. Erakunde edo pertsona onuradunak.
1. Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte pertsona fisikoek, pertsona juridiko pribatuek, ondasun-erkidegoek eta legez eratutako nortasunik gabeko beste entitate batzuek, dirulaguntzaren xede diren ekintzak egiten badituzte eta diruz lagundutako jarduera egiten den bizitegi erabilerarako ez den eraikin pribatuaren jabe edo errentari badira, eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
2. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski duena.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da elkarteko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
3. Dirulaguntza errentari den pertsona batek izapidetuz gero, eraikuntzaren errentatzailearen adostasun ziurtagiria aurkeztu beharko du.
4. Amiantoa kenduko den bizitegi erabilerarako ez den eraikin pribatuak Nafarroako Foru Komunitatean egon behar du.
5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi asmorik badute eta betetzen ez badituzte abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak (lege horren bidez ezartzen dira merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak).
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate arloko araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.
b) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adieraziko baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da. Epe hori eskatutako agiriak aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
6. Horrez gain, entitate edo pertsona onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta pertsonak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
b) Onuradunak berdintasun plan bat izatea, horretara behartuta badago, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, eta aurkeztutako proiektuaren esparruan egindako ekintzek, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betez, foru lege horretan jasotako neurriak sustatzea.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintza orokorrak betetzea. Era berean, egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak.
Betebehar horiek betetzen direla deialdi honetako 5. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko da, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.
3. oinarria. Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.
1. Dirulaguntza honen xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean bizitegi erabilerarako ez diren eraikin pribatuetan integratuta dauden eta osagaietan amiantoa duten eraikuntzako edozein elementu mota erretiratzeko eta kudeatzeko gastuak. Horrez gain, diruz lagungarria izaten ahalko da agintari eskudunak onartutako lan plana, 396/2006 Errege Dekretuak, martxoaren 31koak, amiantoarekiko esposizioa izateko arriskua duten lanei aplikatu beharreko segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dituenak xedatutakoarekin bat.
Amiantoa kentzeko lan horiek Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan legez inskribatutako enpresa batek egin beharko ditu, bat etorriz martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Sortutako hondakin arriskutsuen kudeaketak dirulaguntza jasoko du, kontuan hartu gabe hondakinak non ezabatzen diren.
Hondakin horien kudeaketa bat etorriko da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearekin eta hondakinak Estatuaren lurraldearen barruan garraiatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuarekin.
2. Gastu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo ondasunak erosteko edo enpresek aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; eta, horretarako, V. eranskinean ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa") gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
3. Diruz lagungarriak diren jarduerak ez dira hasten ahalko 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta 3.000 eurotik gorako inbertsioa ekarri behar dute, BEZa barne hartu gabe. Ez da diruz lagungarria izanen 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko onarpen ebazpena duen lan plana. Hala ere, kasu horietan, gainerako jarduera diruz lagungarria izanen da, betiere 2026ko urtarrilaren 1a baino geroago hasi bada.
4. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren jarduketak.
b) Eraikuntza berriko obrak.
c) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.
d) Finantza gastuak.
e) Erosten diren ekipo, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.
f) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.
g) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.
h) Nominak, bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldiak eta joan-etorriak.
5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.
4. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko gehieneko epea.
1. Deialdiaren zenbatekoa, hasiera batean, 655.332 eurokoa da, 740001 74100 7701 456205 "Hondakinen funtsa. Amiantoa ezabatzea bizitegitarako ez diren eraikin pribatuetan" aurrekontu partidaren kargura, 2026ko gastuen aurrekontuko 200.000 euroko zenbatekoarekin, eta 740001 74100 7800 456200 "Hondakinen funtsa. Amiantoa ezabatzea bizitegitarako ez diren eraikinetan" aurrekontu partidaren kargura, 455.332 euroko zenbatekoarekin.
2. 655.332 eurora arteko kreditu gehigarria aurreikusten da, eta ez da beste deialdirik egin beharko. Zenbateko gehigarri hori eraginkorra izan dadin, funts gehigarriak eskuragarri egon beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera, eta zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen delako.
3. Gastu gehigarria areagotzea baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.
5. Diruz lagungarriak diren jarduketak 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko irailaren 30era bitarte eginen dira.
6. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuko zaio egin beharreko jarduketetatik diruz lagungarria den aurrekontuari. Laguntzarako gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da.
JARDUKETA MOTA | LAGUNTZAREN GEHIENEKO INTENTSITATEA | LAGUNTZAREN GEHIENEKO |
Amiantoa duten materialak kentzeko lanak (1) | %90 | 30.000 |
(1) Kentzeko lanen artean daude: Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuak onetsitako lan plana egitea, plan horretan adierazitako lan guztiak, hondakin arriskutsu horren garraioa eta destinoko kudeatzailearen instalazioan eginen den tratamenduaren kostua. | ||
5. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko urriaren 31n bukatuko.
Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoko fitxa (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-la-eliminacion-de-amianto-en-regimen-individualizado), aurrerantzean, "laguntzaren fitxa". Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.
2. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa ondotik adierazten dena da. Dokumentazio guztia eskaneatua aurkeztuko da, ongi bereizitako eta behar bezala identifikatutako agirietan:
a) Eskabide-orria (II. eranskina).
b) Egin beharreko eta dirulaguntzaren xede diren lanen aurrekontu xehatua, kendu beharreko amiantodun elementuak adierazita eta kuantifikatuta.
c) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinaren araberakoa.
d) Gardentasun Legea betetzeari buruzko IV. eranskina betetzea.
e) Eskaera errentari batek aurkezten badu, esku hartzen den higiezinaren errentatzaileak sinatutako adostasun ziurtagiria erantsi beharko du.
3. Eskatzaileak, bere borondatez, laguntza eskatzen duen unean aurkezten ahalko du jarduketaren justifikazio ekonomikoa, baldin eta inbertsioa dagoeneko eginda badago,baina gogorarazten da 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatutako jarduerak soilik izanen direla diruz lagungarriak. Gastuen justifikazioan sartu beharreko dokumentazioa 9. oinarrian zehaztuta dago.
6. oinarria. Instrukzio organoa eta laguntzak behin-behinean emateko prozedura.
1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark berrikusiko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.
2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da eskuragarri dagoen aurrekontu kreditua, 4. oinarrian adierazitakoa, bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean.
Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.
3. Eskaera batek oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta beste tramiterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.
4. Espediente bat errekerimendu fasean egoteak ez du eragozten zerrendako hurrengoak ebaztea, eta, nolanahi ere, bermatuko da, aipatutako errekerimendua zuzendu ondoren, espediente horretarako kreditu erabilgarria dagoela.
5. 5. oinarrian jasotako baldintza guztiak betetzen dituzten espedienteek laguntzaren aldez aurreko ebazpena jasoko dute, gehienez zenbateko laguntza izanen duten adierazten duena. Gehienez ere 2026ko urriaren 31ra arteko epea izanen dute jarduketak gauzatu eta ordaindu direla justifikatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuta. Justifikazio ekonomikoa egin eta egiaztatu ondoren, dagokion ordainketa ebazpena emanen da, 9. oinarrian jasotakoaren arabera.
6. Hasiera batean dokumentazio guztia aurkezten duten espedienteei –bai aldez aurretik emateko eskatutako dokumentazioa, bai 9. oinarrian ezarritakoaren arabera jarduketaren justifikazio ekonomikoari dagokion gainerako dokumentazioa– egintza berean emanen zaie aldez aurretik emateko ebazpena eta laguntza ordaintzeko ebazpena.
7. oinarria. "De minimis" laguntzak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis laguntzak" dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2023ko 2831. EBAO, abenduaren 15ekoa), eta bertan ezartzen da Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko de minimis laguntza ematen ahal diola hiru urteko aldi batean.
2. De minimis laguntzak emantzat hartuko dira enpresari onartzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araubide juridiko nazionalaren arabera, kontuan hartu gabe enpresari zein egunetan ordaintzen zaion de minimis laguntza.
3. 1. atalean ezarritako gehieneko muga aplikatuko da edozein dela ere de minimis laguntzaren forma edo laguntza horrek lortu nahi duen helburua, eta kontuan hartu gabe estatu kideak emandako laguntza guztiz edo partzialki finantzatzen den Batasunaren baliabideen bidez.
4. 1. atalean ezarritako gehieneko mugaren ondorioetarako, laguntzak eskudiruzko dirulaguntza gisa adieraziko dira. Erabiltzen diren zifra guztiak zenbateko gordinak izanen dira, hau da, zergak eta bestelako kargak kendu aurretikoak. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da dirulaguntza gordina adinakoa.
5. Epe batean baino gehiagotan ordaindu beharreko laguntzen kasuan, ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira. Eguneratzeetan erabili beharreko interes tasa laguntza ematen den unean aplikatzekoa den eguneratze tasa izanen da.
6. De minimis laguntza gehiago emateagatik gainditzen bada 1. atalean ezarritako gehieneko muga, laguntza berri horiek ez dira biltzen ahalko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendura.
8. oinarria. Laguntza ordaintzeko ebazpena.
1. Laguntza eskatzearekin batera, edo, nolanahi ere, laguntza aldez aurretik eman ondoren, onuradunak 2026ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu gastuaren justifikazioa eta gainerako dokumentazioa, dirulaguntzarako eskatutako zenbatekoa ordaintzen ahal dakion.
Justifikazioari agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Lan plana onesten duen ebazpena.
b) Amianto hondakinen lekualdaketa identifikatzeko agiriak, destinoko kudeatzaileak baliozkotuak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Lan plana egiteko eta obra egikaritzeko egindako ordainketen fakturak eta transferentzia, hala badagokio, faktura bakoitza eta haren onuraduna identifikatuta daudela.
d) 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hornitzailearen hautaketa egiaztatu behar duten erakunde onuradunek V. eranskina beteta aurkeztuko dute ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa").
e) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen duenean, Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non adierazten den diruz lagunduko diren gastuetan BEZa ez dela berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoa.
9. oinarria. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
1. Organo kudeatzaileak dagozkion egiaztapenak eginen ditu, dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak mantentzen direla ziurtatzeko.
Pertsona edo erakunde onuradunek egiaztapen kontrol horiek onartu beharko dituzte, eta, hala badagokio, baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari dagozkion egiaztapen jarduketak ere.
2. Aurreko ataletan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epearen barruan aurkeztu duela egiaztatu ondoren, laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa jartzen ahalko da.
10. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.
b) 100.000 eurotik gorako dirulaguntzak dituzten jarduketetarako, ikusteko modukoa den kartel bat jarri beharko da eraikineko eremuren batean, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuarekin, jasotako dirulaguntzaren publizitate aktiboa egiteko.
c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak).
f) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, neurriak ezartzea honelako helburu sozialak lortzeko: desgaitasuna duten edo gizarte bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzak hobetzea; profesional gazteen parte-hartzea eta profesionalen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.
g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 11. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
h) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.
2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta aurreko puntuetan aipatutako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze interesak ordaindu daitezela eskatzea; hain zuzen, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutakoak.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik, diru kopuru horiek askatzen badira, beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira; alegia, dagokien zenbateko diruz lagungarria osorik jaso ezin izan dutenei.
11. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.
Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.
12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka administrazio errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-la-eliminacion-de-amianto-en-regimen-individualizado), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
14. oinarria. Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra edo betetako aurrekontua.
b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea
c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. ERANSKINA.–Dirulaguntza eskaera.
III. ERANSKINA.–Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena
IV. ERANSKINA.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.
V. ERANSKINA.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa.
Eranskin horiek deialdiko fitxan daude eskuragarri:
Iragarkiaren kodea: F2610225
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
