1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
DEIALDIA, nekazaritzako elikagaien sektorearen alderantzizko merkataritza-misioan parte hartzen duten Taiwaneko inportatzaileekin B2B topaketetan parte hartzeko.
Misioa 2026ko irailaren 28tik 30era eginen da.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du (https://www.planinternacionaldenavarra.es/), Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Esparru horretan, Taiwan (Txina) lehentasunezko merkatuetako bat da nekazaritzako elikagaien sektoreari zuzendutako kanpo-sustapeneko jardueretarako.
Taiwanek ekonomia aurreratua du (munduko 22. postua BPG nominalaren arabera), erosahalmen handia (98.000 dolarreko erosahalmenaren parekotasuna) eta kalitatezko nekazaritzako elikagaien eskari gero eta handiagoa. Horregatik, Taiwanek aukera garrantzitsuak eskaintzen dizkie Nafarroako enpresei Asia-Pazifikoan duten presentzia handitzeko interesa izanez gero. Gainera, Taiwaneko kontsumitzaileak bereziki ongi hartzen ditu bai Europako gourmet produktuak, bai elikagaien kalitatea eta segurtasuna jatorritik zaintzearekin lotutako proposamenak.
Azken urteotan, Nafarroako Gobernuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzeko estrategia jarraitu bat aurrera eraman du Taiwanen, enpresa-topaketen, merkataritza-misioen eta nazioartekotzeko beste jarduera batzuen bidez. Jarraitutasun horri esker, maila handiko merkataritza-kontaktuen sare bat finkatu da, eta, hala, Nafarroa sektoreko operadore nagusien artean kokatu da.
Merkataritza-harreman horiek sustatzen jarraitzeko, 2026ko irailaren 28tik 30era, alderantzizko merkataritza-misio bat eginen da Nafarroan, non Taiwaneko nekazaritzako elikagaien sektoreko inportatzaileek parte hartuko baitute.
Alderantzizko misio horren esparruan, B2B topaketak antolatuko dira alderantzizko misioan parte hartzen duten inportatzaileen eta erosle bakoitzak adierazitako merkataritza-interesen arabera aldez aurretik hautatutako Nafarroako enpresen artean.
Helburua.
Hauek dira ekintza honen helburuak:
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzea Taiwaneko inportatzaileen artean.
–Negozio-harreman berriak sortzea eta daudenak finkatzea.
–Nafarroako enpresen eta Taiwaneko merkatuko erreferentziazko operadoreen artean merkataritza-harremanak ezartzen laguntzea.
–Negozio aukerak eta balizko bazkide eta bezeroak identifikatzea.
Ekintzaren edukia.
Misioak honako jarduera hauek bilduko ditu:
–Nafarroako enpresen eta Taiwaneko inportatzaileen arteko enpresa-topaketa indibidualak antolatzea.
–Networking-bazkari bat antolatzea.
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea eta haren enpresa-sarea erakustea Taiwaneko inportatzaileei.
–Misioan parte hartzen duten Taiwaneko enpresei buruzko informazio-fitxa bat ematea hautatzen diren enpresei.
Parte-hartzaileen hautapena.
Parte hartuko duten enpresak jasotzen diren eskaeren artean hautatuko dira, honako hauek kontuan hartuta: izena emateko hurrenkera, baldintzak betetzea, eskaintza Taiwaneko enpresek adierazitako interesetara egokitzea eta deialdi honetan ezarritako irizpideak.
Gehienez ere 8 entitatek parte hartuko dute.
Parte hartzeko baldintzak:
–Nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresa izatea.
–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen zentro bat Nafarroan izatea.
–Izena emateko unean, web-orri eguneratu bat izatea ingelesez, izena emateko unean duten produktuen eskaintza behar bezala deskribatzen duena.
–Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, misioaren aurretik, misioa bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).
–Bere web-orriaren txinera tradizionalezko bertsioa izatea, zeinak bere web-orrian argitaratuta egon beharko baitu 2026ko irailaren 4a baino lehen.
Lehentasun irizpideak:
–ETEa izatea. Tokirik gelditzen bada, baldintza hori betetzen ez duten enpresak sartzen ahalko dira.
–Taiwanen produktua saltzen aritzea, edo Nafarroako Nazioarteko Planak eskualde horretan garatutako zuzeneko merkataritza-misioren batean parte hartu izana.
–Misioan parte hartzen duten Taiwaneko enpresek interesa adierazi izana enpresak eskainitako produktuen tipologiaz.
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2026ko irailaren 4ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-comercial-inversa-con-empresas-importadoras-de-taiwan-para-el-sector-agroalimentario
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.
Eskaera onartzeak programatutako bileretara joatera behartzen du entitate parte-hartzailea, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Uko eginez gero, idatziz jakinarazi beharko da, uko egitea eragin duten inguruabarrak gertatu bezain laster.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.
Entitate parte-hartzaileen betebeharrak.
–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskabidean zehazten direnak.
–Merkataritza-misioa egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den, denbora hori pasatuta, Taiwanen egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.
Beste zerbitzu osagarri interesgarri batzuk.
–Misiora joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera eskaintzen zaie (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik.
–Taiwanen nazioartekotzeko estrategian laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua, NAEX Destino Exportacion programaren bidez (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/naex-destino-exportacion).
Iruñean, 2026ko abuztuaren 3an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2610747