1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
831E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Izabako udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketak 2. poligonoko 414. lurzatiari eragiten dio, eta Xan Quintana Urzainquik sustatu du.
Izabako Udalak aldaketa hori 2026ko martxoaren 18an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete zen, iragarki bat argitaratuz 2026ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 27koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren memoria, agiri grafikoak eta ingurumen agiri estrategikoa.
Aldaketaren xedea da banaketa-area berri bat (AR-3) definitzea lurzoru urbanizagarriaren hirigintza-araudian (75. artikulua), familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko Izabako 2. poligonoko 414. katastro-lurzatiaren zati batean.
Familia gazte bati herrian bizitzeko aukera eskaintzeko beharrak justifikatzen du aldaketa, lurzatian dagoen eraikina familia bakarreko etxebizitza gisa birgaituko baita.
Proposatutako aldaketa Izabako 2. poligonoko 414 katastro-lurzatiaren zati bat birsailkatzean datza, lurzoru urbanizaezina izatetik bizitegi-erabilera izanen duen lurzoru urbanizagarria izatera igaro dadin. Aldaketak herrigunetik lurzatira sartzeko bide publikoari ere eragiten dio; bide hori bat dator GR-321 (Errege Bidea) ibilbide luzearekin eta, zati batean, GR-11 (Pirinioetako Bidea) ibilbidearekin.
Planteatutako planeamendu-aldaketak 1.659,55 metro koadroko eremu bati eragiten dio. Lur horiek Izabako herrigunearen hego-mendebaldean daude, eta herriguneari jarraipena ematen diote. Malda handiko lurrak dira, non zuhaitz sakabanatuak, larreak eta lehendik dauden bi eraikin baitaude (borda gisa finkatuak). Eremu horretan ez da ingurumen balio azpimarragarria duen elementurik identifikatu, lurzatian dagoen zuhaiztia izan ezik.
Aldaketak lehendik dagoen eraikina birgaitzea proposatzen du, hormak eta bolumetria mantenduta, okupazio handiagorik sortu gabe. Antolamendu-proposamenak lurzatiaren hegoaldean kokatzen du berdegunea, bidearekin muga egiten duen aldean (ikus eranskin grafikoa), zuhaitzak dituzten lurretan. Sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen agiri estrategikoaren arabera, "Berdegunea ezponda gisako zerrenda batean kokatzen da, eta egungo baldintza beretan kontserbatzeko aurreikusita dago".
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala bete dela, eta, haren iritziz, Izabako udal plan orokorrean, 2. poligonoko 414. lurzatian (AR-3 banaketa-area), egin gogo den aldaketak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Izabako udal plan orokorraren aldaketari buruz, ingurumen ukipenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketak 2. poligonoko 414. lurzatiari eragiten dio, eta Xan Quintana Urzainquik sustatu du.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Izabako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKINA

Izabako 2. poligonoko 414. katastro-lurzatiaren eta bide publikoen aldaketaren eremua

Aldaketaren eremua antolatzeko proposamena
Iragarkiaren kodea: F2610866