166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

717E/2026 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2026ko Hondakinen Funtsa. Dirulaguntza enpresentzat, bestelako hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN kodea: 920613.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bitartez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2026ko Hondakinen Funtsak 6.894.350 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 209.073 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 7.103.423 eurokoa da. Diru sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2026ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2025eko azaroaren 28an nahitaezko kontsulta egin zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, urtarrilaren 28an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 15E/2026 Foru Agindua onetsi zen, 2026ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzkoa, zeinean ezartzen baita bestelako hondakinen fluxurako 2.045.342 euro bideratuko direla, enpresei eta toki erakundeei dirulaguntzak emateko, industriako eta eraikuntzako hondakinak prebenitzeko, berrerabilerarako prestatzeko eta birziklatzeko, birziklatze sistemak optimizatzeko eta hobetzeko, eraikuntzako eta eraispeneko materialak balorizatzeko, hondeatutako material naturalak balorizatzeko eta amiantoa kentzeko proiektuak egin ditzaten 2026an eta hurrengo ekitaldietan. Zenbateko horretatik 1.390.000 euro deialdi honetara bideratuko dira, eta 655.342 euro eraikinetan amiantoa kentzeko dirulaguntzetara (beste deialdi batzuetan aurreikusita daude).

Eta 315.000 euro ere bideratuko dira deialdi honetarako, aurreko ekitaldietako Hondakin Funtsen soberakinetatik datozenak eta erabili gabe geratu direnak.

Beste alde batetik, 2026ko ekainaren 10eko Gobernu Akordioaren oniritzia dago, beste hondakin batzuen fluxuarekin lotutako inbertsioetarako dirulaguntzen deialdi bat egiteko, ingurumenaren babes maila handitzeko, kopuru hauekin:

AURREKONTU PARTIDA

2026. URTEA

2027. URTEA

2028. URTEA

2029. URTEA

ZENBATEKOA

740001 74100 7701 456202 Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak

0,00

500.000,00

500.000,00

705.000,00

1.705.000

Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko proposatzen da 500.000,00 euroko gastua baimentzea 2026ko gastuen aurrekontuko 740001 74100 7701 456202 partidaren kargura (Hondakinen funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak), 2027ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida beraren kargura, 500.000 euroko gastua 2028ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida beraren kargura, eta 705.000,00 euroko gastua 2029ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida beraren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

Halaber, gehienez ere 1.705.000 euroko kopuru gehigarria finkatzea proposatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko baita. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskaerak egiteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "2026ko Hondakinen Funtsa. Dirulaguntza enpresentzat, bestelako hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira 2026. urteko gastuen aurrekontuko partiden kargura edo 2027, 2028 eta 2029ko gastuen aurrekontuan berariaz ezartzen diren partiden kargura (ezinbestekoa izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea). Nolanahi ere, aldaketak egiten ahalko dira jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTU PARTIDA

2026. URTEA

2027. URTEA

2028. URTEA

2029. URTEA

ZENBATEKOA

740001 74100 7701 456202 Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuarentzako dirulaguntzak (1)

0,00

500.000,00

500.000,00

705.000,00

1.705.000

(1) Edo 2027, 2028 eta 2029ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2027, 2028 eta 2029an.

Halaber, gehienez ere 1.705.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko baita. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskaerak egiteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea akitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da enpresa pribatuentzako dirulaguntza bat arautzea, 2026ko Hondakinen Funtsetik emanen zaiena bestelako hondakinen fluxurako, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen xedea da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.705.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

Kreditu horri beste 1.705.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten baina, lortutako puntuazioagatik, hasieran aurreikusitako 1.705.000 euroko kopurutik kanpo gelditzen diren eskabideei erantzuteko. Gehieneko kreditu gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko da eta 2. oinarriko lerroen artean banatuko da, hasieran banatutako zenbatekoaren hein berean.

2. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak.

Bestelako hondakinen fluxuarekin lotutako inbertsioak izanen dira diruz lagungarriak, xedea izanik ingurumenaren babesa handitzea. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa. Gehienez ere 1.159.200 euroko zuzkidura izanen du gisa honetako proiektuak egiteko: industria hondakinen prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea edo bestelako balorizazio bat, oinarri hartuta egungo ekoizpen prozesuen aldaketak edo prozesu berriak eta teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Prozesuen aldaketan edo prozesu berrietan oinarritzen diren proiektuetan, birziklatutako materialak erabiltzen ahalko dira prozesu horretako lehengai gisa. Hondakinen kudeaketaren trazabilitatea, kontrola eta estandarizazioa hobetzeko jarduketak ere sartuko dira.

Orobat, diruz lagungarriak izaten ahalko dira honako hauek: industriako hondakin arriskutsuak minimizatzeko jarduketak; ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektuak eta hondakinak tratatzeko instalazioetan egindako inbertsioak, kanpo utzita hondakinen bilketaren esparruko biltegiratze eragiketak (R13/D15 eragiketak).

b) 2. jarduketa lerroa. Gehienez ere 194.900 euroko zuzkidura izanen du, industriaren arloko I+G+B proiektuak garatzeko industriako hondakinen esparruan eta ekonomia zirkularra bultzatzeko eta ingurumena babesteko proiektuetarako.

c) 3. jarduketa lerroa. Gehienez ere 156.000 euroko zuzkidura izanen du, aplikazio berriak garatzeko I+G+B ekintzetarako. Aplikazio horiek aplikatuko zaizkie eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei, hondeatutako material naturalei (III. eranskinean daude definituta) eta material bioegonkortuari.

d) 4. jarduketa lerroa. Gehienez ere 194.900 euroko zuzkidura izanen du Nafarroako Foru Komunitatean agregakin birziklatuak erabiltzeko jardueretarako, barne hartuta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen agregakinen borondatezko ziurtatzea, ENACek ziurtatutako erakunde batek egina, agregakin birziklatuak ziurtatzeko, bai eta agregakin birziklatuen kudeaketaren trazabilitatea hobetzeko, kontrolatzeko eta estandarizatzeko jarduerak ere, beharrezkoak baitira ziurtagiri hori lortzeko.

3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jarduketaren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Gastu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZik gabe, 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo ondasunak erosteko edo enpresek aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; eta, horretarako, VII. eranskinean ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa") gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.

Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

3. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, laguntza gastu diruz lagungarrien %40 izanen da gehienez. Laguntza hori %10 handitzen ahalko da laguntza enpresa ertainentzat bada, eta %20 laguntza enpresa txikientzat bada.

4. Erakunde onuradun bakoitzerako, hasierako gehieneko laguntza hau ezartzen da: 300.000 euro 1. lerrorako; 60.000 euro 2. eta 3. lerroetarako; eta 80.000 euro 4. lerrorako.

5. Lerro bakoitzeko kreditu erabilgarria lerro horretako proiektuen artean banatuko da, proposamenak ebaluatu ondoren lortutako puntuazioaren ordenari jarraituz (8. oinarria), kreditu erabilgarria agortu arte.

Lerro bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria geratzen bada, puntuazioaren araberako bigarren banaketa bat eginen da, oinarri hauen 3. puntuan ezarritako gehieneko intentsitateak aplikatuta aurreko puntuan adierazitako mugen ondorioz aplikatu ezin izan zitzaizkien lerro horretako proiektuei, eta kreditu erabilgarria agortu arte.

Oraindik ere kreditua badago, modu berean banatuko da gainerako lerroen artean, lehentasun ordena honi jarraikiz: 1. lerroa, 2.a, 3.a eta 4a.

6. Onuradunek dirulaguntzaren xede diren jarduerak azpikontratatzen ahalko dituzte, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50eraino, eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

7. Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzio eragile diren erakunde onuradunentzat, diruz lagungarriak izanen dira zeharkako gastuak (gastu orokorrak eta zeharkako kostuak) proiektuaren diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %5era arte gehienez ere, justifikatu beharrik gabe.

8. Diruz lagungarria izanen da proiektua garatzeko ekipoen alokairua, ezinbestekoa den aldirako soilik.

9. Ez dira izanen diruz lagungarriak:

a) 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dagoen ekoizpen zentro, obra edo instalazio batean egindako jarduketak.

d) Garraio gastuak. Salbuespena izanen dira 4. lerroko jarduketen barnean egindako gastuak, baldin eta gastuok ez baditu egin dirulaguntzaren eskatzaileak edo taldeko enpresa batek.

e) Lursailak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

f) Agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak erabiltzen dituzten obra proiektuak, gai horiek Nafarroako Foru Komunitatean sortuak direla egiaztatzen ez bada.

g) Ingurumenaren babesa hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.

h) BEZa eta beste zerga batzuk.

i) Finantza gastuak.

j) Erosten diren ekipo, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

k) Erabilera orokorreko gailu informatikoak, hala nola: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

l) Material suntsikorra eta inbentariagarria, bai eta produktuak seriean fabrikatzeko erabilitako lehengaiak ere.

m) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

n) Azpiegituren alokairua.

o) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

p) Proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskabideak izapidetzeari lotutako aholkularitza eta ziurtapen gastuak, salbu eta ENACek agregakin birziklatuen ziurtapenerako egiaztatutako erakunde batek eraikuntzako eta eraispeneko agregakinen borondatezko ziurtatzea lortzeari lotutakoak.

q) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

r) Inbertsio proiektuetan, ez da diruz lagunduko gastu arrunten %15 baino gehiago, deialdiko gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

10. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

1) Honako hauek izaten ahal dira oinarri hauetan arauturiko dirulaguntzen onuradun:

a) Ekoizpen zentroa Nafarroako Komunitatean eduki eta honako hondakin hauek sortzen edo kudeatzen dituen enpresa oro:

  • (1) Industriako hondakinak, bat etorriz Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2 au) artikuluan jasotako definizioarekin.
  • (2) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, bat etorriz Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2 as) artikuluan jasotako definizioarekin.
  • (3) Material bioegonkortua, bat etorriz Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2 q) artikuluan jasotako definizioarekin.

b) Nafarroako I+G+B Sistemako (SINAI) exekuzio eragile gisa egiaztatutako entitateak, otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduan araututako Eragileen Erregistroan inskribatuak badaude.

2) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

3) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi asmorik badute eta betetzen ez badituzte abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak (lege horren bidez ezartzen dira merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak).

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate arloko araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahalko dute.

b) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartzen den data deialdiaren argitalpen data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da. Epe hori eskatutako agiriak aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

5. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da zenbatzen, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoko fitxa (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-del-fondo-de-residuos-flujo-de-otros-residuos-a-empresas-2026). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabide-orria (II. eranskina).

b) Memoria bat, erakunde eskatzailearen aurkezpen batekin (erakunde eskatzailearen historia laburra; jarduera, produktu, baliabide material eta instalazio esanguratsuenak), non argi eta garbi zehaztuko baitira egin beharreko lanak eta gauzatu beharreko ekintzak eta bete beharreko helburuak. Kasua bada, ekintzok jarduketa lerroen arabera sailkatuko dira, bat etorriz 2. oinarrian ezarritakoarekin.

2. oinarriko 2. eta 3. lerroen kasuan, IV. eranskineko memoria eredua bete beharko da.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua, eta, kasua bada, jarduketa lerroen arabera antolatuta.

d) Jarduketen plangintza, proiektuarekin lortu beharreko helburuak betetzeko aurreikusitako bukaera data adieraziz.

e) 2. oinarriko 1. lerrorako eskaeren kasuan, ahaldunak sinatutako txosten bat, honako alderdi hauek zehaztuko dituena:

–Prebentzio eraginkorrerako potentziala eta hondakinen hierarkian hobetzeko potentziala.

–Hondakinak zenbatean murriztuko diren.

–Proiektua non eginen den, haren NIMA.

f) Diruz lagungarriak diren ekintzak aurrera eramateko ingurumen baimena aldatu behar bada, dagokion eskabidearen kopia aurkeztu beharko da.

g) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten zabalkunde neurriak.

h) Enpresaren tamaina frogatzea; horretarako, honako hauek aurkeztuko dira:

–Erantzukizunpeko adierazpena, ahaldunak sinatua, zeinean adieraziko baita enpresaren tamaina.

–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako txosten bat, diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan "alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla" adierazten duena.

–Enpresa ertainek eta enpresaren bat loturik edo elkarturik dutenek enpresaren 2022ko, 2023ko eta 2024ko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte, itxita, sinatuta eta merkataritza erregistroan gordailututa (ikuskatuta, nahitaezkoa denean).

3. Enpresen arteko lankidetza proiektuen kasuan, laguntzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du proiektu horretarako. Eta eskaera bakoitzean, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztiaz gain, sinatutako lankidetza akordioa erantsi beharko da, eta guztiek proiektuaren memoria bera aurkezten dutela ziurtatu beharko da.

6. oinarria. Instrukzio organoa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark aztertuko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.

2. Eskaerak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan eskatzen den baldintzaren bat, edo dokumentazioa aztertzean beharrezko ikusten bada emandako informazioa argitzea, eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak emateko eskatuko zaio. Hamar (10) egun balioduneko epe luzaezina izanen du horretarako, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ez badu hori egiten, eskaeran atzera egin duela ulertuko da eta, beste tramiterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak aztertu eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta behar den dokumentazioa duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badituzte edo behar den dokumentazioa ez badute, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Hona hemen dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Bigarren oinarriko 1. jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 20 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

  • Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).
  • Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

b) Diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren arabera:

  • 50 langile bitarte: 30 puntu.
  • 51-250 langile: 20 puntu.
  • 250 langiletik gora: 10 puntu.

c) Hondakinen prebentzio eraginkorrerako potentziala (murrizten den hondakin kopurua, lehen sortzen zen hondakin kopuruarekin alderatuta) proiektuaren xede diren produkzio prozesuetan (hasierako hondakin-sortzailea):

  • %75 edo handiagoa eta %100 artean: 40 puntu.
  • %60 edo handiagoa eta %75 baino txikiagoa: 35 puntu.
  • %25 edo handiagoa eta %60 baino txikiagoa: 30 puntu.
  • %25 baino txikiagoa: 25 puntu.

d) Hondakinen hierarkia hobetzeko potentziala, honako fase hauek lortuz:

  • Berrerabiltzeko prestatzea: 20 puntu.
  • Balorizazioa (ezabatzen denetik): 15 puntu.
  • Hondakin arriskutsuak minimizatzea (hasierako sortzaileentzat soilik): 15 puntu.
  • Hierarkia eskalako edozein hobekuntza, arestian aipatutakoez bestelakoa: 10 puntu.

Oharra: hierarkia eskala da Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritakoa.

e) Zenbat tona hondakin (sortutakoak edo kudeatuak) dauden ekintzak berariaz ukituta:

  • 500 tona baino gehiago: 50 puntu.
  • 100 tona edo gehiago eta 500 tona baino gutxiago: 35 puntu.
  • 50 tona edo gehiago eta 100 tona baino gutxiago: 20 puntu.
  • 50 tona baino gutxiago: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, proiektuak erregistro orokorrean zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. 2. oinarriko 2. eta 3. jarduketa lerroetako proiektuetarako:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 20 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

  • Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).
  • Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

b) Proiektuaren berrikuntza maila. 20 puntu.

c) Teknikari emakumeek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumeek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan, honako tarte hauen arabera:

EMAKUMEEN ORDUEN %/ PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIOA

≥ 25 eta < 35

5

≥ 35

10

d) Diruz lagundutako proiektua hasi aurreko 12 hilabeteetan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillaren arabera:

  • 50 langile bitarte: 30 puntu.
  • 51-250 langile: 20 puntu.
  • 250 langiletik gora: 10 puntu.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

3. Bigarren oinarriko 4. jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

  • Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).
  • Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

b) Diruz lagundu daitekeen proiektu beraren barruan agregakin birziklatuen kantitate handiena (kg-tan) kudeatzen duen kudeatzailearen eta jarduketaren kokapenaren arteko distantzia. 10 puntu, gehienez.

Taula honen arabera eginen da puntuen banaketa:

KUDEATZAILEAREN ETA PROIEKTUAREN KOKAPENAREN ARTEKO DISTANTZIA

PUNTUAZIOA

≤ 5 km

10

> 5 km eta ≤ 20 km

7

> 20 km eta ≤ 50 km

3

> 50 km

0

c) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen agregakinen borondatezko ziurtatzea lortzeko ekintza. ENACek ziurtatutako erakunde batek egiten du, agregakin birziklatuak ziurtatzeko, bai eta agregakin birziklatuen kudeaketaren trazabilitatea hobetzeko, kontrolatzeko eta estandarizatzeko jarduerak ere, beharrezkoak baitira ziurtagiri hori lortzeko. 10 puntu.

b) eta c) atalak baztertzaileak dira, proiektu desberdinei dagozkielako eta, beraz, ez zaizkie elkarri batzen.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria. Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena eskaerak aurkezteko epealdia agortzen denetik 2 hilabete iragan baino lehen emanen da eta jakinaraziko da. Bi hilabeteko epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira. Hala ere, azken horiei dagokien puntuazioa adieraziko da, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.

Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo deklaratzen bada entitate onuradunen batek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela, dirulaguntza ematen ahalko zaie, horretarako eginen den ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak aurrekontu kreditu faltagatik zati batean edo osorik ezetsi zaizkien entitateei, betiere aurrekontuan diru nahikoa badago eta denbora nahikoa gelditzen bada diruz lagundu beharreko proiektuak gauzatzeko eta dagozkien ordainketak justifikatzeko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

3. Proiektuen baldintza teknikoak aldatzen ahalko dira, arrazoi objektiboetan oinarrituta, betiere eskaeraren xedea aldatzen ez badute emandako laguntzaren barnean.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epealdia.

Finantzatzen diren proiektuak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2028ko abenduaren 31n bukatuko da. Exekuziorako epe hori ez da luzatzen ahalko.

11. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak burutu ondoren, eta 2029ko apirilaren 30a baino lehen, erakunde onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskaeran adierazitako zabalkunde neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5.2. oinarriko g letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua.

c) Diruz lagundutako proiektua egiteko gaikuntza ematen duen bidezko ingurumen-baimenaren kopia.

d) 2. oinarriko 4. jarduketa lerroa egikaritzeko proiektuen kasuan, kudeatzaile baimenduak emandako ziurtagiri bat, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Hornitutako material mota.

–Hornitutako m³ edo tona kopurua.

–Instalazio kudeatzailearen Ingurumen Identifikazio Zenbakia.

–Materiala nondik datorren.

Aurreko ziurtagiri horri obra-zuzendaritzaren ziurtagiria erantsiko zaio, non lekua eta erabilitako materialaren m³ edo tonak zehaztuko diren.

e) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen agregakinen borondatezko ziurtagiriaren kopia, ENACek agregakin birziklatuen ziurtapenerako egiaztatutako erakundeak emana.

f) Behar adinako ahalordea daukan pertsona batek sinatutako ziurtagiri bat, zehaztuko duena zer dirulaguntza jaso diren edo jasoko diren diruz lagundutako proiektuari lotuta.

g) Aurreko aurrekontuan sartutako gastuen fakturak eta horien ordainagiriak.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

h) 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera hornitzailearen hautaketa egiaztatu behar duten erakunde onuradunek VII. eranskina beteta aurkeztuko dute ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa").

i) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskinaren araberakoa.

j) Gardentasun Legea betetzeko VI. eranskina betetzea.

12. oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Dirulaguntza ordaintzeko, lehenago, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertuko du, dirulaguntza emateko arrazoia izan den jarduera gauzatu dela frogatua dagoela baieztatzeko eta, hori egin ondoren, ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen txostenarekin batera.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea. Zabalkunde neurriak betetzeko, onuradunek Hondakinen Funtsaren logotipoa jarri beharko dute finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten beste zabalkunde neurrien osagarria dela (5. oinarria).

c) Logoa helbide honetan dago eskuragarri:

https://planderesiduosdenavarra.navarra.es/es/fondo-de-residuos1

d) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak). Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

g) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, neurriak ezartzea honelako helburu sozialak lortzeko: desgaitasuna duten edo gizarte bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzen hobekuntza; profesional gazteen parte-hartzea eta langileen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.

h) Enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.

j) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 4. oinarrian adierazten baitira, betiere laguntzak eskatzeko unean aurkezten ez badituzte.

2. Aurreko ataletan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu, onuradunak itzuli egin beharko du onartutako dirulaguntza, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 36. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L 187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak nahiz nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

16. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio guztia emanen dio Dirulaguntzen Datu Base nazionalari (aurrerantzean, DDBN), martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.

17. oinarria. Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Gardentasun betebeharra duten dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek informazio hau eman beharko dute (horretarako, VI. eranskina bete beharko dute):

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen konposizioa.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta haien arduraldia.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. ERANSKINA.–Dirulaguntza eskaera: aurkeztu egin behar da eskaera egiteko.

IV. ERANSKINA – I+G+B proiektuaren memoria (2. eta 3. lerroak): aurkeztu egin behar da eskaera egiteko.

V. ERANSKINA.–Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena Aurkeztu egin behar da egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko.

VI. ERANSKINA.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena. Aurkeztu egin behar da dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondoren, eta egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko.

VII. ERANSKINA.–Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa. Aurkeztu egin behar da egindako gastuak eta ordainketak justifikatzeko.

Eranskinak fitxa honetan daude eskuragarri:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-del-fondo-de-residuos-flujo-de-otros-residuos-a-empresas-2026

III. ERANSKINA.–DEFINIZIOAK

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honela ulertuko dira:

Agregakin birziklatua: eraikuntzako eta eraispeneko hondakina da, R05 kudeaketa instalazio batetik igaro ondoren, obra batean erabiltzeko baldintza teknikoak, legeria eta aplikatu beharreko arauak betetzen dituena.

Hondeatutako material naturalak: oinarri hauen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak, baldin eta ez badituzte gainditzen 9/2005 Errege Dekretuan bestelako erabileretarako ezartzen diren erreferentziako maila orokorrak, konposatu organikoei dagokienez, eta Nafarroan egindako azterlanean lortutako erreferentziako maila orokorrak, metalei dagokienez, eta, betiere, ez baldin badatoz kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak (9/2005 Errege Dekretuko definizioaren arabera) kokaturik egon diren tokietatik.

Iragarkiaren kodea: F2610175