166. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

532/2026 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia egiten duena Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak 2025-2026 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak adierazi du, aurkezturiko txosten batean, komenigarria dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia argitaratzea; izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean Hezkuntza Departamentuari dagokio deialdi hori egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2025-2026 ikasturteari dagozkion Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. 750 euroko gastua baimentzea 2026ko aurrekontuko "Sariak eta lehiaketak" izeneko 420005 42800 4800 321100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Iruñeko "Basoko" BHIra, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 7an.–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria, Sonia García Cifuentes (bat etorrita Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 16/2026 Foru Aginduan xedatutakoarekin, zeinaren bidez izendatzen baitira Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak).

I. ERANSKINA.–DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO SARI BEREZIEN DEIALDIA, 2025-2026 IKASTURTEKOA

Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egin du Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezien deialdia 2025-2026 ikasturterako. Hona hemen:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Ebazpenaren xedea.

Ebazpen honen xedea da iragartzea Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Bereziak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2025-2026 ikasturteari dagokiona.

Hiru sari esleituko dira gehienez.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia jasotzeko hautagai izan daitezke, aldez aurretik inskribaturik, honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa Espainiako ikastetxeetan egin izana, dela araubide presentzialean, dela urrutiko araubidean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren esparruan ezarritako aukeretako edozeinetan.

2. Ikasketa horiek deialdian zehazten den ikasturtean bukatu izana Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean, etapako irakasgai guztiak gaindituta dauzkala azken ebaluazio arruntean.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailak batera kontuan hartuta, 8,50eko edo gehiagoko batez besteko nota izatea. Batezbestekoa ateratzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikasmailetako irakasgai guztietako kalifikazioak hartuko dira aintzat, eta batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da. Goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da. Kalkulu horretan, ez dira kontuan hartuko "gai", "salbuetsia" edo "baliozkotua" adierazten duten kalifikazioak.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailan, "bikain" lortu izana probaren xede diren irakasgaien azken kalifikazioan, hots: Gaztelania eta Literatura, edo Euskal Hizkuntza eta Literatura D ereduan, ikasi den Lehen Atzerriko Hizkuntza eta Matematika.

Hirugarrena.–Izena emateko prozedura eta epea.

1. Aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. ikasmaila zein ikastetxetan egin duten, hartantxe, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2026ko irailaren 15eko 14:00ak arte. Eskabidea II. eranskinari jarraikiz beteko da, eta, horrekin batera, aurkeztu beharko da NANaren edo egoiliarren identifikazio-txartelaren kopia.

2. EDUCAn hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasle gisa erroldatuta dauden ikasleek, proba egiteko egokitzapenen bat behar badute, eskatutako egokitzapena eta horren arrazoia adierazi beharko dituzte parte hartzeko eskabidean.

3. Izena emateko epea bukatu eta gero, eta betiere 2026ko irailaren 21eko 14:00ak baino lehen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari Bigarren Hezkuntzako ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez eskuratuko baita, behar bezala sinaturik eta zigilaturik. Ahal izanez gero, bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igorriko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

4. 2026ko irailaren 29an, onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, bai eta baztertutakoena ere, haiek baztertzeko arrazoiarekin batera, horretarako prestatutako web-fitxan.

5. Urriaren 2ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira behin-behineko zerrendako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko eskabideak eta erreklamazioak.

6. Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda urriaren 9an argitaratuko da.

7. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu horretarako prestatutako web-orrian.

8. Ikasleek probaren emaitzen aurkako erreklamazioa aurkezten ahal dute, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

9. Akatsen zuzenketak, halakorik bada, eta interesdunen erreklamazioak, bai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari egindakoak, bai eta probaren kalifikazioei egindakoak ere, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztuko dira, ahal dela. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkezten bada, interesdunak, erreklamazioa aurkeztu ondoren, posta elektronikoz bidali beharko ditu sie/hiz@navarra.es helbidera erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

10. Sariak esleitzeko proposamena izangaiek lortzen duten azken kalifikazioaren arabera eginen da, puntuazio handienetik txikienera ordenaturik. Proposatzen den sari kopuruak ez du gaindituko deialdiko sari kopurua.

11. Puntu-berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, adierazten diren ordena berean, berdinketa hautsi arte:

a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio onena, agindu honen laugarren oinarrian ezarritako ordenari jarraikiz.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota hoberena.

c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren araberakoa. Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketa bat egiten du urtero, Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak zer ordenatan arituko diren zehazteko, eta zerbitzu horrek egindako azken zozketan ezarritako letratik hasiko da aipatutako ordena alfabetikoa.

12. Epaimahaiak 2026ko urriaren 31rako izan beharko ditu bukatuak bere lan guztiak.

Laugarrena.–Probaren egitura eta kalifikazioa.

1. Indarreko araudian ezarritako curriculum elementuak hartuko dira erreferentziatzat probetan, eta hiru ariketa izanen dira:

a) Lehenbiziko ariketan, hizkuntza komunikazioan eskuratu den konpetentzia maila neurtuko da, Gaztelania eta Literatura irakasgaiari dagokionez edo, D ereduko ikasleentzat, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiari dagokionez. Ariketak zati hauek izanen ditu: gaztelaniazko edo euskarazko (D ereduko ikasleentzat) testu baten azterketa eta iruzkin kritikoa egitea eta hizkuntzari edo literaturari buruz planteatzen diren galderei erantzutea.

b) Bigarren ariketan, matematika arloan eskuratu den konpetentzia maila neurtuko da. Horretarako, galdera batzuei erantzun beharko zaie, eta/edo ariketa praktiko batzuk eta/edo problema batzuk ebatzi, honako irakasgai hauen berezko edukiei buruz: Matematika A edo Matematika B, segun eta ikasleak zer ikasi duen, inskripzioan hala jaso beharko baitu.

c) Hirugarren ariketan, eskuratu den hizkuntza konpetentzia neurtuko da, ikasi den Atzerriko Lehen Hizkuntza irakasgaiari dagokionez. Kulturako, literaturako edo dibulgazioko testu bat emanen zaie, eta horren gainean ulermena eta idatzizko adierazpena neurtzeko ataza batzuk egin beharko dira.

2. Probak 2026ko urriaren 15ean eginen dira Iruñeko Basoko BHIan.

3. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntza ereduaren arabera.

4. Ariketa bakoitzak kalifikazio bakarra izanen du, 1etik 10era artekoa, gehienez bi dezimalekin. Probaren azken kalifikazioa ikasleak hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia. Batezbesteko hori hurbilen dagoen ehunenean biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia berberera baldin badago, goiko ehunenean biribilduko da.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dituzte ariketa bakoitzean.

6. Ariketetan aplikatuko den prozedurari esker, ariketak zuzentzen diren bitartean ezin izanen da jakin nor den egilea.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta proba hau osatzen duten irakasgaietan adituak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzeko ardura izanen du.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak izendatuko ditu epaimahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.

Seigarrena.–Sarien esleipena.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespen ofiziala jasoko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezi bakoitzak 250 euroko zuzkidura izanen du, eta ordainduko da 2026rako aurrekontuko "Sariak eta lehiaketak" izeneko 420005 42800 4800 321100 partidaren kontura.

3. Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta sor ditzakeen egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA.–IZENA EMATEKO INPRIMAKIA

Izena emateko inprimakia tramiteen katalogoko fitxatik deskarga dezakezu:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/derrigorrezko-bigarren-hezkuntzako-sari-bereziak

Iragarkiaren kodea: F2611037