1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
6387E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko hautaproben deialdia.
Ikusirik zenbait udalek adierazi dituzten beharrak, eta ez dagoenez udaltzain laguntzaileak kontratatzeko aski izangai gaiturik, bidezkoa da udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko hautaproben deialdia egitea.
Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 24. artikuluak honako hau ezartzen du:
Udaltzaingoa duten Nafarroako toki entitateek, udaltzaingoa izan gabe hura eratzea aurreikusia dutenek eta foru lege honen 11. artikuluan aurreikusitako elkarteek zilegi izanen dute langileak aldi baterako kontratatzea, administrazio araubidean. Langile horiei udaltzain laguntzaile deituko zaie, eta haien kontratazioak helburu izanen du eginkizunak eraginkortasunez betetzea, eginkizun horiek ukiturik gertatu badira absentismoaren edo aldi baterako absentziarako beste arrazoi batzuen ondorioz, plaza hutsak betetzearen ondorioz edo segurtasun publikoarekin lotutako salbuespeneko edo behin-behineko beharren ondorioz.
Horrekin batera, udaltzaingorik ez duten toki entitateek edo elkarteek salbuespen gisa kontratatzen ahalko dituzte udaltzain laguntzaileak, hurrengo artikuluan aipatzen diren udaltzaingo zerbitzuei laguntzeko eta haietako plaza hutsak betetzeko. Kontratazio hori egin aurretik, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da, Barne gaietako eskumena duen departamentuaren bitartez lorturikoa. Kontratazio hori ez da inola ere egiten ahalko baldin eta kasuko toki entitatean udaltzaingo zerbitzurik ez badago.
Artikulu horretan bertan ezartzen da toki entitateak kontratazioa egin ahal izateko langile horiek bete behar duten baldintza:
Ezin izanen da udal laguntzaile izateko kontratatu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak berariaz emandako udaltzain laguntzailearen gaikuntzarik kontratazioaren aurretik lortu ez duen inor.
Segurtasun eta Larrialdi Eskolak gaikuntza hori emanen die, soil-soilik, ezartzen diren probak gainditzen dituztenei. Gaikuntza lortzen ahalko da Barne Zuzendaritza Nagusiak aldian behin egiten dituen deialdi publiko berariazkoetan edo toki entitateak sustatzen duen hautapen prozesuan zehar.
Horrenbestez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea udaltzain laguntzaileen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzaileen gaikuntza lortzeko hautaproben 2026ko deialdia eta haren oinarriak.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Barneko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 3an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
Iragarkiaren kodea: F2610831