Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
222/2026 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onesten duena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean jasotako aurreikuspenen arabera.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 247. artikuluan, ezartzen du gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako plazak, oro har, merezimendu-lehiaketaren bidez beteko direla. Lehiaketa horien deialdiak toki administrazioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak egin beharko ditu, gutxienez hiru urtean behin.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 204/2026 Ebazpenaren bidez, funtzionarioek bete ditzaketen Nafarroako toki entitateetako idazkari plazen behin betiko zerrenda ezarri zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onestea.
Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea deialdia, xede duena Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea. Hain zuzen ere, deialdia gauzatzeko, gaiari buruz honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak berak.
2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatze deialdiaren oinarriak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 4an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia. Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Cristina Toledano Montoya (Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ordezko gisa ari da bitarte baterako, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urtarrilaren 26ko 11/2024 Foru Aginduari jarraikiz).
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea; zehazki, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 204/2026 Ebazpenean adierazten diren plaza hutsak, deialdi honen I. eranskinean jaso direnak.
1.2. Deialdi honen bidez beteko dira, halaber, haien titularrek lehiaketa honetan bertan beste plaza bat lortu dutelako hutsik gelditzen diren plazak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Hautapen prozesu honetan parte har dezakete Nafarroako toki entitateetako idazkariek, gaikuntza duten funtzionarioak izanik, deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 249.1 artikuluan adierazitako administrazio egoeraren batean baldin badaude; zehazki, hauetan:
–Jardunean.
–Zerbitzu bereziak.
–Borondatezko eszedentzia, egoera horretara igaro zenetik urtebete gutxienez igaro bada.
–Eszedentzia berezia.
2.2. Ezin izanen dute parte hartu administrazio ebazpen edo epai irmo baten bidez desgaiturik eta zerbitzu-gabeturik daudenek, zehatzeko ebazpen edo epaian adierazitako epea bete ez bada.
2.3. Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioak lehiaketan parte hartu eta plaza huts guztiak eskatzera beharturik daude.
2.4. Euskaraz jakiteko eskakizuna nahitaezkoa den plazaren bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da:
–Lortu nahi den plazarako eskatzen den euskara maila egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatutako tituluen zerrenda kontuan harturik (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
2.5. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.
2.6. Behar diren hautapen probak gainditu eta euskaraz jakin beharra duten Nafarroako toki entitateetako idazkari plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.
Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
3.–Eskaerak.
3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, Nafarroako Atariko "Enplegu publikoa" apartatuan, deialdiaren fitxan: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/provision-entre-funcionarios-habilitados-mediante-traslado-por-concurso-de-meritos-de-plazas-vacantes-de-secretaria-de-las-entidades-locales-de-navarra-2026-1 (fitxa deialdi honena da: deialdia, Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko).
Era berean, emandako zerbitzuei dagozkien merezimenduak eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, modu telematikoan, goian adierazitako helbidearen bidez.
Eskaerak deialdi honen II. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio, eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela.
Deialdian parte hartzeko eskaerak hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Lortu nahi den plazak dagokion plantilla organikoan ezarria badu euskara ezagutzeko eskakizuna, edo euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko dela, eskaerarekin batera hizkuntza eskola ofizial batek emandako euskararen gaitasun ziurtagiriaren edo titulu baliokidearen kopia atxiki beharko da.
1.2 oinarrian xedatutakoaren arabera hutsik geratzen den eta aurreko paragrafoan azaldutako baldintzak betetzen dituen plazaren bat lortu nahi izanez gero ere, eskaerarekin batera euskararen ezagutza ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, deialdiaren fitxaren bidez.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Iñaki Goñi Urrizola jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateetako Langileen Kudeaketa eta Aholkularitza Ataleko burua.
–Ordezko epaimahaiburua: Ana Rodríguez Hidalgo andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako da.
–Ordezkoa: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako da.
–Epaimahaikide-idazkaria: Berta Enrique Cornago andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.
–Ordezkoa: Bertha Sánchez Luna andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari juridikoa.
5.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, beharrezkoa bada, haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Balorazio epaimahaiak, deialdian aintzat hartutako merezimenduak frogatzeko, lehiakideek aurkeztutako dokumentazioaren forma eta edukia egiaztatuko ditu. Horri dagokionez, merezimendu guztiak alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duen unean.
6.2. Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.3. Epaimahaiak egoki iruditzen zaizkion zehaztapenak eskatzen ahalko dizkie lehiakideei, aurkeztutako merezimenduak argitze aldera. Eskaera hori interesdunaren helbide elektronikora jakinaraziz egin daiteke, baldin eta lehiakideak horrela egitea onartu badu berariaz deialdi honetan parte hartzeko eskaeran.
6.4. Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasunik handiena dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez.
6.5. Merezimenduen kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Atariaren "Enplegu publikoa" apartatuan (deialdiaren fitxan: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/provision-entre-funcionarios-habilitados-mediante-traslado-por-concurso-de-meritos-de-plazas-vacantes-de-secretaria-de-las-entidades-locales-de-navarra-2026-1) emanen ditu argitara izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera, merezimenduen balorazioari dagokionez.
7.–Lehiakideen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa.
7.1. Erreklamaziorik egonez gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko ditu, eta, ondoren, deialdiaren web-fitxan argitara emanen dira izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari igorriko zaio lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda, espediente osoarekin batera.
8.–Plaza hutsak esleitzeko prozedura eta lehiaketaren ebazpena.
8.1. Espedientea jaso eta gero, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, lekualdatze-lehiaketaren deialdian iragarritako plaza huts guztiak barne hartuko dituena, bai eta plazak betetzeko prozedura honetan titularrek lortutakoen ondorioz hutsik geratu eta bete behar diren plazak ere. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
Bost egun balioduneko epean, izangaiek eskaera telematikoki eginen dute, aurretiaz adierazitako helbidean eskuragarri egonen den esteka baten bidez, eta hautapenean lehentasun ordena adieraziko dute, non ebazpenean jasotako plaza hutsetako bat edo gehiago jasotzen ahalko baitituzte.
Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek galduko dituzte lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak.
8.2. Aurretiaz deskribatutako prozedura amaitutakoan, plazak esleitzeko proposamena eginen zaio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari.
8.3. Lehiaketaren ebazpenaren ondoriozko izendapenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzeaz gainera, esleitu diren plaza hutsak zein toki entitatetakoak diren, hango buruei ere jakinarazi beharko zaizkie formalki, izendatuen jabetza hartzea formalizatzeko.
9.–Jabetza hartzeko epea.
Merezimendu lehiaketa hauen ondorioz plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hilabeteko epean hartu beharko dute izendapenaren xedeko plazaren jabetza, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta, hala badagokio, betetzen ari diren plaza utzi beharko dute.
Dena dela, administrazio eraginkortasuna helburu, deialdia egin duen organoak plazaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du. Horrelakoetan, aurreko paragrafoan ezarritako epea gainditzen ahalko da.
10.–Destinoei uko egin ezina.
Eskatutako plazetatik edozein esleituz gero, lehiakideak loturik geldituko dira, eta izendatzen deneko plazaren jabetza ez hartzeak, justifikatutako arrazoirik ez badago, gaikuntza galtzea ekarriko du.
11.–Plazak uztea eta jabetza hartzea.
Plaza baten jabetza hartzeak berekin dakar esleitutako plazari dagozkion funtzionario-eskubide eta -betebeharrak eskuratzea, eta, horren ondorioz, funtzionarioa kasuan kasuko toki entitatearen mende geldituko da, atxikipen organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako. Horrekin batera, jatorrizko plaza utzi beharko du.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka eta, orobat, kalifikazio epaimahaia ez den beste organo batek, oinarriak aplikatzeko, ematen dituen egintzen aurka, espedientean interesdun direnek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egitea Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA.–Idazkari plazak
TOKI ENTITATEA | LANALDIA | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA (EUSKARA) |
Artzibarko, Orotz-Beteluko eta Longidako udalen batasuna | %100 | C1 |
Beintza-Labaiengo, Donamariako, Oizko eta Urrozko udalen batasuna | %100 | C1 |
Urdiaingo eta Ziordiko udalen batasuna | %100 | C1 |
Beriaingo Udala | %100 | |
Gazteluberriko Udala | %29 | |
Lizarrako Udala | %100 | |
Esteribarko Udala | %100 | C1 |
Larragako Udala | %100 | |
Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea | %100 | C1 |
Zangozerriko Mankomunitatea | %100 | |
Iruñerriko Mankomunitatea | %100 | |
Erriberako Mankomunitatea | %100 | |
Sakanako Mankomunitatea | %100 | C1 |
Kasedako eta Galipentzuko udalen batasuna | %100 | |
(*) Ez dago desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako plazarik. | ||
II. ERANSKINA.–Eskaera eredua
Eskaera eredua fitxan dago eskuragarri, esteka honetan:
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
Merezimenduen baremoa, Nafarroako toki entitateetako idazkarien plaza hutsak betetzeko lehiaketan.
A) Nafarroako toki entitate batean, idazkari lanpostuan egindako zerbitzuak: puntu bat urte bakoitzeko, gehienez ere 40 puntu.
Plantilla organikoetan lanpostu hori, esklusiboki edo partekatuta, sartuta duten toki entitateetan egindako zerbitzuak baizik ez dira aintzat hartuko, eta ez dira baloratuko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 234.2.d) artikuluan adierazitakoa aukeratu duten kontzeju edo mankomunitateetan egindako zerbitzuak.
Deialdia argitaratzen den egunera bitarte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
Urteen kopurua ez bada osoa, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
Zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako zerbitzuak, eta "jardunean" administrazio egoeraren barruko legezko edozein kasutan egindakoak, zenbatuko dira lehiakideak egoera horietan hastean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.
B) Puntuazio erantsia euskara jakiteagatik.
Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, plantilla organikoan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzen bada bete beharreko plaza huts batean, irizpide hauen arabera baloratuko da:
a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Oharrak B) apartaturako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari emanen zaio aurreko apartatuan ezarritako baloraziorik handiena.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/12 emanen da.
Iragarkiaren kodea: F2610811
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
