Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR
Aldaketa, honako honetan: ordenantza, arautzen dituena Udalaren kirol-instalazioen kudeaketa eta erabilera. Behin betiko onespena
Zizur Zendeako Udalak, 2026ko maiatzaren 20an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako honetan: ordenantza, arautzen dituena Zizur Zendeako Udalaren kirol-instalazioen kudeaketa eta erabilera.
Iragarkia argitaratu zen 2026ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Jarraian testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Gazolatzen, 2026ko uztailaren 22an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ZIZUR ZENDEAKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOEN KUDEAKETA ETA ERABILERA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Ordenantza hau egin da arautu dadin Zizur Zendeako Udalaren kirol-instalazioen araubide juridikoa, kudeaketa eta erabilera, erabiliz honako xedapen hauetan udalei ematen zaizkien eskumenak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.a), 22., 25.2.m), 26.1.c) eta 49. artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea); apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 55. artikulua (legegintzako errege dekretu horrek onesten du toki araubidearen arloko xedapen indardunen testu bategina); eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 50.3 artikulua (errege dekretu horrek onesten du toki entitateen antolaketari, funtzionamenduari eta araubide juridikoari buruzko erregelamendua).
Ordenantza hau Udalaren kirol-instalazio guztietan aplikatuko da; hain zuzen, hirugarren artikuluan aipatzen diren horietan.
2. artikulua.
Ordenantza honen ondorioetarako, kirol-instalaziotzat joko dira sartzeko kontrola duten instalazio guztiak, baldin badira kirol-, kultura- eta gizarte-jarduerak egiteko.
3. artikulua.
Aurreko artikuluan definitutako kirol-instalazioei Udalaren kirol-instalazio deituko zaie, baldin haien titularra Zizur Zendeako Udala bada.
Udalaren kirol-instalaziotzat jotzen ahalko dira, halaber, Zizur Zendeako Udalari kudeatzeko edo ustiatzeko lagatakoak, edozein titulu juridikoren bidez. Instalazio horiek ordenantza honen bidez arautuko dira, baldin lagapen tresnan ez bada berariazko araubiderik ezartzen haiek kudeatzeko edo ustiatzeko.
4. artikulua.
Toki entitateen ondasunei buruzko araudian ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol-instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, loturik daudenak erabilera publikoari edo kirol-zerbitzu publikoari.
Halakoak dira Udalaren kirol-instalazio bati modu iraunkorrean lotutako ondasun higigarriak ere, bai kirolean aritzeko erabiltzen direnak, bai instalazioen eta ekipamenduen mantentze-lanetarako direnak.
Udalaren kirol-instalazio guztiek bete beharko dituzte hirigintzako arauak, segurtasunekoak, higienekoak, ingurumen arlokoak, irisgarritasunari buruzkoak eta urritasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapenari buruzkoak, baita kirol-instalazioen oinarrizko araudia ere, honako hauekin loturik: kirol-instalazio eta ekipamenduen eraikuntza, erabilera eta mantentze-lanak.
Lehiaketa ofizialak egiten direnean, Udalaren kirol-instalazioak egokitu ahal izanen dira kirol-modalitate bakoitzeko federazioaren erregelamenduaren arabera.
5. artikulua.
Zizur Zendeako Udaleko langileen ardura da ordenantza hau aplikatzea eta nola betetzen den kontrolatzea (kasuan kasuko jarduketa administratiboaren arabera), eta bereziki Kultura eta Kirol Alorreko langileen ardura, deusetan ukatu gabe izan daitezkeen berezitasunak, Udalak bere kirol-zerbitzu publikoa emateko ezarritako moduaren ondorioz.
6. artikulua.
Ordenantza honetan aurreikusi bezala, Udalaren kirol-instalazioak erabiliko dira jarduera fisikorako, kirolerako eta kultura jardueretarako, dela astialdian, dela irakaskuntzan, entrenamenduetan, lehiaketetan edo kirol-erakustaldietan, instalazio bakoitzaren diseinuari dagokion modalitatean edo beste batzuetan, baldin beren ezaugarriengatik bateragarriak badira (aldez aurretik Zizur Zendeako Udalaren baimena beharko da).
Alkatearen baimena izanik, Udalaren kirol-instalazioetan bestelako kirol-ekitaldiak ere egiten ahalko dira, aurreko apartatuan aipatutakoez gain, bai eta kultura- edo gizarte-jarduerak ere.
Baimen hori nahierara emanen da, baina betiere beteko da egin nahi den jardueraren arloko arau espezifikoa.
7. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak kudeatzeko modua edozein izanda ere, herritar guztiek erabiltzen ahalko dituzte, eta muga bakarrak hauek izanen dira: legeetan edo ordenantza honetan ezarritakoak, instalazio bakoitzaren erabilerari dagozkionak, eta ordaindu beharra egoki den jarduerarako indarreko prezio publikoa.
Beraz, instalazioak zabalik egonen dira herritarrak kirolean aritzeko, aisiarako, egiteko kiroleko sustapen, hastapen, entrenamendu edo lehiaketa programak, Udalarenak izan edo ez, eta 6. artikuluan aipatzen diren beste ekitaldi batzuetarako. Federazio, klub eta gainerako kirol-elkarteek, ikastetxeek eta, oro har, pertsona fisiko edo juridikoek beti izanen dituzte eskuragarri, baldin betetzen badituzte ordenantza honetan araututako baldintzak haietan sartzeko edo haien erabilera hitzartzeko.
Udalak instalazioak ireki eta ixteko onetsitako ordutegiak ikusgai jarriko dira instalazioetan, erabiltzaile guztiek jakin dezaten. Ahalik eta ordutegi zabalena ezarriko da beti, instalazioen errentagarritasunik handiena lortzeko kirol- eta gizarte-jardueretan.
8. artikulua.
Udalaren kirol-instalazio guztietan, jendeak erraz ikusi eta irakurtzeko moduko toki nagusi batean, ikusgai egonen da kartel bat, ondotik azaltzen diren argibideak emateko (jarraikiz Zizur Zendeako Udalean indarra duen araudiari):
–Instalazioaren izena.
–Udala da instalazioaren titularra eta, hala denean, ustiapenarena.
–Gehieneko edukiera.
–Instalazioak erabiltzeko ordutegiak, jardueren eta jendearentzako arretaren irekiera eta itxiera orduak.
–Indarra duten tarifak.
–Erabilera eta funtzionamendu arauak.
9. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan, barnealdeko nahiz kanpoaldeko seinale guztiek bete beharko dituzte dagokien udal araudia eta Udalak ezartzen dituen gidalerroak.
Betiere, seinale horietan agertu beharko du Udalari dagokiola instalazioaren titulartasuna.
10. artikulua.
Udalaren kirol-instalazio bakoitzak izan behar ditu larrialdi eta ebakuazio plana eta suteen aurkako babes plana, bere ezaugarrien araberakoa. Plan horiek eginen dira kontuan hartuz instalazioaren erabilera arrunta. Erabilera bereziek, berriz, berariazko planak beharko dituzte, eta ekintza antolatzen duen entitateak egin beharko ditu.
11. artikulua.
Titulartasun publikokoak dira, oro har, sortzen diren eskubide ekonomiko guztiak, baldin Udalaren kirol-instalazioetako mugen barnean erakusten badira publizitate elementu iraunkorrak edo behin-behinekoak, elementu teknikoekin nahiz naturalekin, mugikorrak nahiz egonkorrak izan, salbu eta kontratuetan besterik zehazten bada. Kontratu horiek ez dute salbuetsiko Zizur Zendeako Udalak ezarritako tributu edo prezio publikoak ordaindu beharretik.
Iragarkiak jartzen ahalko dira antolatzaileak aurretiaz eskatu badu, eta hala baimentzen badu Udaleko organo eskudunak, indarrean dauden xedapenei jarraikiz. Iragarkiak denbora jakin baterako jarriko dira, unean uneko kirol-jarduerak antolatzen direnean. Baimena jasoz gero, ordaindu beharko dira dagozkion tributu edo prezio publikoak.
Betiere, Europar Batasuneko araudia bete beharko da alkoholaren eta tabakoaren erabilerari dagokionez.
12. artikulua.
Instalazioa bera edo hartan ematen diren zerbitzuak aipatzen dituen informazio orotan adierazi beharko da Udala dela instalazioaren titularra, eta instalazioaren izen ofiziala erabili beharko da.
13. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetara sartzearekin, bakarka edo taldean, onartzen dira ordenantza honetako arauak, baina zilegi da ordenantza hau aurkaratzea zeharbidez, ordenantzaren aplikazioaren ondoriozko egintzengatik.
Halaber, Udalaren kirol-instalazioetara sartu aurretik prezio publikoak ordaindu behar dira, salbu ordenantzetan aurreikusitako salbuespen, murriztapen eta hobari kasuetan.
II. TITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERA-ARAU OROKORRAK
14. artikulua.
–Instalazioetan sartzeko, horretarako prestatutako eremuak erabili beharko dira. Indarreko arauen araberakoa izanen da sartzeko modua.
–Erabiltzaile guztiek, instalazioetara sartzeko, aldean izan beharko dute sartzeko eskubidea frogatzen duen agiri bat. Kortesiazko sarrerekin sartzeko, aurkeztu beharko da nortasun-agiri nazionala.
–Instalazioetako langileek sarbide-agiria egiaztatu beharko dute.
–Era berean, adin nagusiko batek lagundu beharko ditu hamabi urtetik beherakoak instalazioetara sartzeko, eta haien erantzukizuna izanen du barnean dauden bitartean. Monitore arduradunak izanen dituzten jarduerak, entrenamenduak edo kirol-ikastaroak egiteko, instalazioen erabiltzaile ez diren guraso edo pertsona arduradunak haurrarekin joaten ahalko dira jarduera egiten den eremuraino, baina ezin izanen dira instalazioan gelditu jarduerak iraun bitartean.
–Urte horretako abenduaren 31n zenbat urte dituen, horren arabera kalkulatuko da adina.
–Kirol-anitzeko pistetatik, pilotalekuetatik edo antzeko instalazioetatik kanpo ezin izanen da kirol-jarduera edo jokorik egin; izan ere, erabiltzaileak eta jendea igarotzeko eta bertan egoteko eremuak dira.
–Erabilera-ordutegiak bete daitezen, bai eskola eta entrenamendu saioetan, bai pisten alokairuan eta, batez ere, hainbat talde, klub edo jarduerak aldi berean izan behar dituzten instalazioetan, honako hau errespetatu beharko da:
- Aldagela, kantxa, pista, areto, igerileku eta abarretara sartzeko, beti erabili behar dira horretarako seinalatutako sarrera guneak.
- Eguneroko jardueren hasiera eta bukaera orduak errespetatu beharko dira, baita instalazioa ixteko ordua ere.
- Kirol-materiala erabili behar den kasuetan, kontuan hartuko da jarduera lehenago bukatu beharko dela materiala biltzeko.
- Instalazioko erlojuaren bidez egiaztatuko dira instalazioak erabiltzen hasi eta bukatzeko orduak.
- Kirol-kontuengatik edo arrazoi teknikoengatik, Udalak zilegi izanen du instalazioak edo zerbitzu batzuk ixtea, garaiz iragarrita. Nolanahi ere, zerbitzuaren ardura duten langileek instalazioak itxi ahal izanen dituzte noiznahi, segurtasunagatik, eguraldiagatik, edo pertsonei eta/edo instalazioei kalte egiten ahal dieten inguruabarrengatik.
- Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan izanen da bakarrik.
- Ez da inolako gauzarik (etzaulkiak, baloiak, etab.) gordetzeko zerbitzurik.
15. artikulua.
Instalazioko toki guztietan portaera egokia izan beharko da, eta langileen aginduak bete beharko dira.
Jarduera edo instalazioetatik zuzenean kanporatzeko arrazoi izan daitezke honakoa hauek: ekintza gaitzesgarri eta bandalikoak egitea, langileen aginduei jaramonik ez egitea, edo antzekoak. Kanporatuak bere erabiltzaile eskubideak galduko ditu.
Udalak programatutako jardueretan parte hartu nahi duten guztiek jarduera bakoitzaren baldintzak bete beharko dituzte.
16. artikulua.
Ezin izanen da instalazioetara objekturik sartu (baloiak, irristailuak, patineteak, bizikletak eta abar), salbu berariaz baimenduta jardueretarako erabiliko direnak.
Ezin izanen da atera janari edo edari ontzirik, kristalezko ontzirik edo horrelakorik, salbu kafetegian edo berariaz seinalatutako guneetan.
Debekaturik dago aldageletan, komunetan eta igerilekuko hondartzetan sartzea kristalezko elementuak edo antzekoak (botilak, poteak, ispiluak, edalontziak), hausten badira erabiltzaileak zauritzeko arriskua dagoelako.
Halaber, debekatuta dago kirol-instalazioetan erretzea, horretarako prestatutako eremuetan izan ezik.
Erabiltzaileek ezin dute instalazioen tresnarik manipulatu. Edozein arazo sortzen bada, instalazioko langileengana jo behar dute.
Erabiltzaileak egoki jantzi behar dira, kirol-arropa egokiak erabiliz, bereziki oinetakoak, eta hartu behar dituzte higiene eta garbitasunerako ohiko neurriak. Debekatuta daude toplessa eta nudismoa.
Denboraldia bukatu ondoren Udalaren kirol-instalazioetan gelditzen diren hamakak, aulkiak, etzaulkiak, etab. galdutako gauzatzat hartuko dira, eta garbigune batera eramanen dira.
Debekatuta dago kirol-instalazioetan animaliekin sartzea, itsu-txakurrekin izan ezik.
17. artikulua.
Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioen erabilera-arauak ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioengatik. Era berean, Udalak ez du erantzukizunik izanen ekintza arduragabeen ondorioz gertatzen diren istripu edo lesioetan, eta ez du bere gain hartuko jarduera bat gauzatu bitartean gertatzen diren kirol arloko istripu edo lesioengatik beharrezkoa den arreta medikoa. (15/2001 Foru Legea: herritarraren kirol jarduera arruntak behar izaten duen osasun laguntza da sektore publikoaren osasuneko aseguru-araubidearen prestazio arrunta).
18. artikulua.
Zizur Zendeako Udalak ez du erantzukizunik izanen baldin erabiltzaileek objektu baliotsuren bat edo dirua galtzen badute, eta gomendatzen die instalazioetara horrelakorik ez eramatea. Hala ere, lapurretak eragozteko, ahal den instalazio guztietan doako armairuak egonen dira erabiltzaileentzat.
Udalaren kirol-instalazioetan biltzen diren gauza galduak utziko dira instalazioetan horretarako berariaz prestatutako eremu batean, 15 egunez. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira, edo udal agenteei emanen zaizkie 30 egunean.
19. artikulua.
Udalak eskubidea du ordutegi batzuk aldatzeko, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, behar izanez gero oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako.
Gainera, Udalak erabakitzen ahalko du aldi baterako ixtea instalazio guztia edo haren zati bat, horretarako arrazoirik izanez gero. Neurri horren norainokoaren berri emanen du aurretiaz, lehenbailehen.
Debekatuta dago honako objektu hauek erakutsi edo erabiltzea Udalaren kirol-instalazioetan:
A.–Pankartak, sinboloak, ikurrak edo idatziak, baldin indarkeria erabiltzera dei egiten ahal badute, edukiz edo esanahiz.
B.–Armak, edo arma gisa erabil daitezkeenak.
C.–Bengalak edo su artifizialak.
III. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK KUDEATZEA
20. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zuzenean edo zeharka kudeatu ahal izanen dira, hurrengo artikuluan azaltzen den moduan.
Beste administrazio publiko batek Udalari kirol-instalazio bat lagatzen dionean, kudeatzeko edo ustiatzeko, instalazioa kudeatuko da lagapena arautzen duen tresnan hitzartutako moduan, edo, horrelakorik ezean, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraituko zaio.
21. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zuzenean kudeatzen dira, baldin erakunde autonomo batek edo Udalak berak egiten badu zerbitzua.
22. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak zeharka ere kudeatzen ahalko dira, jarraikiz toki entitateen zerbitzuei eta Administrazioaren kontratuei buruzko arauei, eta, orobat, kudeatzen ahalko dira kirol-arloko legeria indardunak onartutako moduetatik edozeinetan.
Zeharka kudeatzen diren instalazioetan, Udalak ahalmena izanen du kudeaketaren adjudikaziodunak egiten duen lana gainbegiratzeko eta kontrolatzeko, bere alderdi tekniko eta juridiko guztietan.
Zeharkako kudeaketaren ardura duten pertsona natural edo juridikoek beren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, hau da, beren akordio edo kontratuetako baldintzetan ezarritakoak. Betiere, honako eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:
A) Eskubideak:
–Instalazioak erabiltzea beren kirol- eta kultura-jardueretarako, jardueren ordutegiak eta egutegiak betez, eta, betiere, Udalaren baimenarekin.
–Instalazioa erabiltzeko irizpide partikularrak prestatzea, kontuan hartuz ordenantza honen edukia eta Udalak ezarritako gainerako erabilera-baldintzak.
–Kontratatzea behar diren teknikariak, langile kualifikatuak eta kualifikatu gabeak, beren kontura.
–Instalazioa nola erabiliko den zehaztea beste entitate batzuekin, betiere Udalaren baimenarekin.
–Beste kirol-jarduera batzuk ezartzea, hasieran aurreikusi gabeak, kalterik egin gabe kudeaketaren xede diren jarduerei.
B) Betebeharrak:
–Instalazioaren publikotasuna eta Udalaren titulartasuna errespetatzea.
–Alkatetzaren eta Udaleko Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordearen aginduak betetzea, ordenantza honetako arauez gainera.
–Udaleko Kultura eta Kirol Informazio Batzordearen orientabideei jarraitzea, eta, Udalaren interesekotzat jotzen badira, hark ezarritako programak betetzea.
–Instalazioa hobetzeko obren onespena eskatzea Udalari, eta behar diren lizentziak eskuratzea.
–Bere gain hartzea instalazioan izandako kalteak, halakorik gertatuz gero. Halaber, aseguru poliza ere egin behar dute, bermatu eta estaliko dituena sute arriskua, lapurreta arriskua, kalteak gertatzeko arriskua eta abar, baita jardueren erabiltzaileen erantzukizun zibila ere.
–Inbentario liburuak eguneratuta edukitzea, idatzohar batekin, zeinak zehaztuko baititu ondasunak, haien balorazioa eta instalazioaren eta ekipamenduen unean uneko erabilera-egoera.
–Arduratzea Osasun Departamentuak edo hura ordezten duen erakundeak eskatzen dituen betekizun guztiak izapidetzeaz.
C) Kontratua desegitea.
Kontratua desegiteko arrazoi izanen dira:
–Aurreikusita eta hitzartuta dauden kirol-programak ez egitea.
–Udalak onetsitako prezio publikoak ez aplikatzea.
–Udaleko Kultura eta Kiroleko Informazio Batzordeari ez aurkeztea, urteko lehen hiruhilekoan, kirol-kudeaketaren eta kudeaketa ekonomikoaren gaineko memoria.
–Baldintza-agirian ezarritako kanona ez ordaintzea.
–Behar bezala ez betetzea instalazioa mantentzeko eta kontserbatzeko eginkizunak.
–Herritar guztiei ez uztea instalazioa erabiltzen eta kirol-programetan parte hartzen, baldintza bakarrak izanik prezioa ordaintzea eta ez gainditzea instalazioaren edo programen edukiera.
23. artikulua.
Kirol-ekipamenduetarako gordetzen diren lurretan (jarraikiz Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako aurreikuspenei, edo udalerriko lurzoruaren erabilera arautzen duten beste hirigintza-tresna batzuetan ezarritakoei), sustatu ahal izanen da kirol-instalazioak eraikitzeko eta kudeatzeko ekimen pribatua, antolamendu juridikoak onartzen dituen moduetatik edozeinetan.
Aurreko paragrafoan ezarritakoa ahalbidetzeko, Udalaren eginkizuna izanen da bitarteko juridiko eta teknikoak proposatu, bultzatu, gainbegiratu eta kontrolatzea.
IV. TITULUA.–KIROL-INSTALAZIOEN ERABILTZAILEAK
24. artikulua.
Ordenantza honi dagokionez, Udalaren kirol-instalazioen erabiltzailetzat joko da haiek erabiltzen dituen pertsona edo entitate oro, antolatutako kirol-programetan parte hartuz edo kirol-eremu horien lagapen-hartzaile gisa.
Pasibotzat joko dira laguntzaileak eta ikusleak, eta ezin izanen dituzte erabili Udalaren kirol-instalazioak eta horiei atxikitako zerbitzuak. Arau hauek aplikatuko zaizkie beren erantzukizunaren arabera instalazioan dauden bitartean.
25. artikulua.
Erabiltzaile mota hauek bereiziko dira:
1. Abonatuak.
2. Abonatu gabeak, Zizur zendean erroldatuak.
3. Abonatu gabeak, Zizur zendean erroldatu gabeak.
4. Tokiko kirol- eta/edo kultura-elkarteak.
5. Beste kirol- eta kultura-elkarte batzuk.
6. Ikastetxeak, Zizur zendean egoitza soziala dutenak.
7. Beste ikastetxe batzuk.
8. Beste talde batzuk.
26. artikulua.
Abonatuak izaten ahalko dira hala eskatzen dutenak, baldin onartzen eta betetzen badituzte ezarritako baldintza guztiak. Beren datu pertsonalak eman beharko dituzte, eta legez ezarritako prezio publikoa ordaindu.
Abonuak hainbat motatakoak izaten ahalko dira. Haien onurak, ezaugarriak eta prestazioak berariaz arautuko dira zerga ordenantzetan.
27. artikulua.
Erroldatuek, erretiratuek eta beren egoeragatik kostua murrizteko eskubidea duten guztiek aurkeztuko dituzte kasu bakoitzean behar diren frogagiriak, horretarako ezarritako epeetan.
28. artikulua.
Abonatu gabeko erabiltzaileak dira abonatuak izan gabe instalazioak erabiltzen dutenak edo programatutako kirol-jardueretan parte hartzen dutenak. Erabiltzen ahalko dituzte kirol-instalazioak eta bertan eskainitako zerbitzuak, ordainduz gero ordenantzan kasuan kasuko zerbitzurako ezarritako tasa edo prezio publikoa.
29. artikulua.
Kirol-elkarteak eta ikastetxeak erabiltzaile kolektiboak dira, baldin Udalaren kirol-instalazioak erabiltzen badituzte beren jarduerak egiteko.
Elkarte eta ikastetxe horien artean, honako hauek bereiziko dira:
a) Tokiko kirol-klub eta elkarteak: Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistroan inskribaturik daude, kirolzaleen elkarteak dira, irabazi-asmorik gabekoak, eta kirol-jarduerak udalerrian sustatzen eta egiten dituzte, udal arloan.
b) Tokikoak ez diren kirol-klub eta elkarteak: aurreko kasuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.
c) Tokiko ikastetxeak.
d) Tokikoak ez diren ikastetxeak.
30. artikulua.
Taldea da izen baten pean kirol-lehiaketa batean parte hartzen duten pertsonen multzoa.
Tokiko taldea da izen baten pean kirol-lehiaketa batean parte hartzen duten pertsonen multzoa; hain zuzen ere, kirol-lehiaketa federatu batean, Udalaren kirol-lehiaketa batean edo zaleen kirol-lehiaketa batean.
31. artikulua.
Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte, deusetan ukatu gabe araudi indardunak administrazio publikoekiko harremanetan aitortzen dizkienak:
–Kirol-instalazioetako langileek errespetuz eta adeitasunez hartzea.
–Zizur Zendeako Udalak ematen dituen zerbitzu guztiak erabili eta gozatu ahal izatea, kudeaketa mota edozein dela ere, ezarritako erabilera arauak betez eta prezio publikoa ordaindu ondoren.
–Erabiltzen dituzten instalazio, altzari eta kirol-ekipamenduak erabiltzeko egoera onean egotea.
–Komenigarritzat jotzen dituzten kexa, iradokizun edo erreklamazioak aurkeztu ahal izatea, idatziz, instalazioetan eskura egonen diren orrietan edo Zizur Zendeako Udalaren bulego nagusietan.
–Informazioa jasotzea Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baldintzei eta haietan eskaintzen diren kirol-programei buruz.
32. artikulua.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Instalazioak erabiltzean, betetzea ordenantza honen xedapenak eta Udalaren jarraibideak.
–Behar bezala erabiltzea instalazioak eta haietako ekipamendua.
–Instalazioetako langileei komunikatzea funtzionamenduaren anomaliak, hausturak, akatsak edo ordenantza honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteak.
–Beste erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batik bat instalazioetarako erreserbetan eta lagatako gune komunetan.
–Instalazioetan beti gizabidez jokatzea, eta une oro erraztea langileen jarduna eta beste erabiltzaileekiko bizikidetza.
–Ordaintzea Zizur Zendeako Udalak eskaintzen dituen instalazio eta zerbitzuen truke eskatzen diren prezio publikoak.
–Instalazioetako funtzionamendu ordutegiak errespetatzea, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.
–Indarra duen legerian edo ordenantza honetan ezarritako beste betebehar guztiak.
–18 urtetik beherako adingabeen gurasoak, tutoreak edo haien zaintza dutenak erantzule izanen dira adingabeen instalazioetako erabileraz edo haien portaeraz eta Udalaren kirol-instalazioetan dauden bitartean egiten duten arau-hauste oroz.
–Erabiltzaile adingabeen segurtasunaren erantzukizuna da gurasoena, legezko tutoreena edo haiekin doazen helduena, ez beste inorena.
V. TITULUA.–ERABILERA MOTAK
33. artikulua.
Erabilera, jarduera edo egintza arruntak dira:
–Kirol-instalazio edo eremu bat puntualki eta jarraitutasunik gabe erabiltzea bere xederako, bakarka edo taldean, prezioa ordaindu eta gero.
–Kirol-instalazio edo -eremu bat taldean erabiltzea bere xederako, puntualki, denboraldi batean, edo urte batean zehar, betiere betez kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoei buruzko ordenantzan ezarritako ordainketa-baldintzak.
–Kirol-instalazio edo -eremu bat erabiltzea, puntualki, denboraldi batean, edo urte batean zehar, bere xedea ez den beste baterako, betiere bere xedea ez izan arren bateragarria eta baimendua den beste modalitate baterako, ezarritako ordainketa-baldintzak betez.
–Kirol-instalazio bat edo -eremu bat erabiltzea, puntualki, denboraldi batean, edo urte batean zehar, berariaz kirol-jarduera ez den beste xede baterako, betiere kirola ez izan arren parekoa eta bateragarria den beste jarduera baterako, eskumena duen organoak ezarritako baldintzak betez.
Erabilera, jarduera edo egintza bereziak dira:
–Kirol-instalazio edo -eremu bat erabiltzea bakarka edo taldean, puntualki edo denboraldi batean, haren xedea ez den beste kirol-jarduera baterako, Zizur Zendeako Udalaren baimena behar izanik, betiere betez zehazten diren baldintza ekonomikoak.
–Kirol-instalazio edo -eremu bat erabiltzea, puntualki edo denboraldi batean, kirola ez den beste kirol-jarduera baterako, Zizur Zendeako Udalaren baimena behar izanik, betiere betez zehazten diren baldintza ekonomikoak.
34. artikulua.
Instalazio bera erabiltzeko bi eskaera edo gehiago aldi berean jasotzen direnean, ondoko irizpideak erabiliko dira, azaltzen diren hurrenkera berean, eskatzaileak ados jarri ezean:
–Kirol-ekitaldiak lehenetsiko dira bestelakoen gainetik.
–Gertakariaren garrantzia.
–Kirol-elkartearen helburu soziala.
–Maila handiagoko lehiaketak, apalagoen gainetik.
–Tokiko kirolariek soilik parte hartzen duten jarduerak, besteen gainetik.
–Eskaera egin den eguna.
35. artikulua.
Instalazio bat, kirolerako edo bestelako jardueretarako, elkarte, entitate, klub edo horrelako bati lagatzeak ez du Zizur Zendeako Udala behartuko inolako asegururik kontratatzera erabiltzaileentzat. Haiek kontratatu beharko dute asegurua, eta erabiltzailearen kontura izanen da egintza edo jardueren ondorioz sortzen den erantzukizun osoa.
VI. TITULUA.–TARIFEN ARAUBIDEA
36. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko ordaindu beharrekoek izanen dute prezio publikoen izaera, eta organo eskudunak onetsiko ditu, dagokien ordenantzaren bitartez.
37. artikulua.
Erabiltzaile, klub, entitate, elkarte, kirol-sozietate, ikastetxe, federazio eta abarrek Udalaren kirol-instalazioak erabili ahal izateko, nahitaez ordaindu beharko dituzte Udalak onetsitako prezio publikoak.
38. artikulua.
Prezio publikoak unean uneko araudi indardunaren bidez arautuko dira.
39. artikulua.
Kirol-instalazio edo eremu bat erabiltzeko, ordaindu beharko dira dagozkion prezioak, dagokion arauan ezarritako moduan.
Udalaren kirol-instalazioak Zizur zendeako ikastetxeei lagatzen ahalko zaizkie, eta hitzarmenak izanen dira lehentasunezko bitartekoak. Bertan jasoko dira erabilera-arauak. Erabiltzeko lagapen edo baimenak ezarritako epearekin batera bukatuko dira. Zizur Zendeako Udalak, hala ere, epea bukatu baino lehen indargabetzen ahalko ditu, baldin ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira.
40. artikulua.
Edonor sartu ahal izanen da ikustera Udalaren kirol-instalazioetan egiten diren partidak, lehiaketak eta entrenamenduak.
Udalak eman behar du ekitaldi horietarako sarrerak kobratzeko baimena, kirol-jarduerak hirugarrenek sustatzen dituztenean.
41. artikulua.
Zizur Zendeako Udalarentzat izanen dira oso-osorik Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko saldutako sarreren edo bestelakoen bidez lortutako diru-sarrerak.
Enpresa pribatuek antolatutako ekintzetarako sarreren salmentan biltzen diren diru-sarrerak entitate antolatzailearentzat izanen dira oso-osorik. Aldez aurretik, betiere, entitate horrek instalazioa erabiltzeko prezioa eta behar diren zerga atxikipenak ordaindu beharko dizkio Zizur Zendeako Udalari. Gai horri buruz gaur egun dagoen legeria aplikatu beharko da.
42. artikulua.
Udalak kortesiazko sarrerak ematen ahalko dizkie abonatuei.
Kortesiazko sarrerak edukitzen ahalko dituzte urteko abonua duten heldu guztiek, baldin eta ordaindu beharrekoak ordainduak badituzte eta eskaera egiten badute, eta kategoria bakoitzerako ezarritako zenbatekoa ordaintzen badute dagokion unean.
Kortesiazko sarrerak izanen dira Udalaren kirol-instalazioen prezio publikoen araudian ezarritakoaren araberakoak.
3 urtetik beherako haurrek, baldin sartzen badira kortesiazko sarrera duten helduekin batera, ez dute sarrera hori beharko.
Kortesiazko sarrera dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.
Abonatu heldu bakoitzak honako hauek egiten ahalko ditu:
–Padel-pista erabiltzea abonatuak ez diren 3 lagunekin, gehienez ere.
–Tenis-pista erabiltzea abonatuak ez diren 3 lagunekin, gehienez ere.
–Kirol anitzeko pista erabiltzea abonatuak ez diren 10 lagunekin, gehienez ere.
VII. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK MANTENTZEA
43. artikulua.
Udala arduratuko da Udalaren kirol-instalazioen eta haiei atxikitako materialen kontserbazio eta mantentze egokiez. Hartara, eraikinaren eta tresneriaren bizitza baliagarrian zehar une oro bermatuko da eman ahal izatea eraiki edo eskuratu zirenean xedetzat ezarri zitzaien zerbitzua.
44. artikulua.
Udalak berariazko arau egokiak zehaztu eta emanen ditu, bai instalazioak erabiltzeko bai mantentzeko, eta arau horiek nahitaez bete beharko dira.
45. artikulua.
Instalazio bakoitzak bere mantentze plana izanen du, eta bertan jasoko dira, behar adinako maiztasunarekin, azpiegitura, material, makina eta abarretan egin beharreko lanak, banan-banan; hartara beti ezagutuko da elementu bakoitzaren kontserbazio egoera.
Plan hori denboraldi bakoitzaren hasieran, gutxienez, aurkeztu beharko da.
46. artikulua.
Instalazio bakoitzak izanen du, etengabe eguneratua, berari atxikitako ondasunen inbentario zehatza, gertatzen diren gorabeherekin. Inbentarioaren aldaketa oro idatziz jakinarazi beharko zaio Udalari.
VIII. TITULUA.–UDALAREN KIROL-INSTALAZIOEN ERROLDA
47. artikulua.
Udalak bere gain hartuko du Zizur zendeako udalerriko kirol-instalazioen errolda egiteko eta etengabe eguneratzeko eskumena.
48. artikulua.
Behar diren bideak ezarri beharko dira Udalaren kirol-instalazioen erroldari gehitzeko instalazio pribatuena edo beste administrazio batzuenak.
49. artikulua.
Errolda eguneraturik eduki beharko da eta hiru urtean behin argitaratu beharko da.
IX. TITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERA LAGATZEA
50. artikulua.
Entrenamendurako edo lehiaketarako eskaerak egin behar dira eskuragarri dagoen eredu ofizialean, eta kirol-elkarte edo klubeko buruak sinatuta aurkeztu beharko dira, 15 egun lehenago, gutxienez.
Eskaeran jaso behar da talde eskatzailearen gaineko informazioa, helbidea, telefonoa, arduraduna, egin beharreko kirol-jarduera, kategoria, erabiltzaile kopurua, ziurtagiriak eta abar. Eskaera hori ez da loteslea. Hura onartzeko baldintza izanen dira udalerriaren beharrak, lehenik, eta eskaria, bigarrenik. Hileko abonuak egin nahi dituzten entitateek banku-kontuaren zenbakia eman beharko dute ordainagiria helbideratzeko.
Kirol-denboraldia irailaren 1ean hasi eta hurrengo urteko ekainaren 15ean bukatzen da, eskola ordutegian markatutako opor egunak kenduta. Udalak baimendu beharko ditu denboraldi horretatik kanpoko erabilerak eta luzapenak. Baimen hori behin-behinekoa izanen da, eta ezin du aipatu epea gainditu.
51. artikulua.
Irizpide tekniko hauen arabera emanen dira baimenak:
–Entitate, klub edo taldearen egoitza Zizur zendeako udalerrian egotea.
–Jarduera Udalaren helburu eta xedeekin bat etortzea.
–Udalaren interesen alde lankidetzan aritzea.
–Aldez aurretik ezarritako betebeharrak betetzea (kuotak ordaintzea eta arau eta xedapenak betetzea).
Zizur Zendea kirol-klubak lehentasuna izanen du espazioak puntualki edo aldian behin erabiltzeko edo horietan ekitaldiak antolatzeko. Espazio horiek eskatzen dituzten gainerako taldeak lehentasunean atzetik egonen dira.
Erabileraren kontzesioa onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol-instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa. Salbuespena izanen dira instalazioak goizetan erabili behar dituzten ikastetxeak.
Talde bakoitzeko (edo kirolari multzo bakoitzeko) inprimaki bat bete beharko da kirol-instalazioa erabiltzeko.
52. artikulua.
Entitateak izanen dira lehiaketa edo entrenamenduetan ikusleek eta kirolariek egiten dutenaren erantzule, Kirolari buruzko 10/1990 Foru Legearen arabera. Lehiaketa ofizialetan egiten diren kalteak federazioari eta/edo klubari komunikatuko zaizkie, eta kalteak eragin dituen klubeko kirolariei ez zaie instalazioetan sartzen utziko kalteak ordaindu arte.
53. artikulua.
Udalaren kirol-instalazioetan bere lehiaketak jokatzeko baimena eskatu eta lortzen duen talde orok aurkeztu beharko du bere lehiaketa-egutegiaren kopia.
54. artikulua.
Talde edo klub batek, edozein arrazoirengatik, erabilera-baldintzak aldatu behar baditu, hala erabakita edo ezinbestez (deuseztapenak barne), Zizur Zendeako Udalaren bulegoetara jo beharko du eta behar den denboraz aldaketa iragarri beharko du idatziz. Aldaketak egiteko, subjektuak bere burua identifikatu beharko du, zehaztuz izen-abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta zendeako helbidea.
55. artikulua.
Adiskidantzako partidak, atzeratutakoak eta abar, asteko entrenamenduen ordutegian egin beharra dagoenean, arrazoi bereziengatik, baimena eskatu beharko da behar adina denbora lehenago. Ahal dela, beste jarduera paralelo batzuei traba egiten ez zaien orduan eginen dira, eta taldeak instalazioak eskura dituen orduan. Ez da bermatuko harmailak eskuragarri egotea ikusleentzat.
56. artikulua.
Hitzartutako orduan instalazioa ez erabiltzea, aurrez abisatu gabe, hiru aldiz gertatzen bada, kontzesiorako eskubide guztiak galduko dira, eta jokabide hori kontuan hartuko da geroko kontzesioetarako.
Klub, entitate eta gainerakoek behar beste denbora lehenago komunikatu beharko dute halako egunetan ez dituztela erabiliko laga zaizkien instalazioak.
Mota guztietako jarduera arruntetarako erreserbak deuseztatzeko eskaerak idatziz egin beharko dira, behar den denboraz, programatutako kirol-gertakari edo ekitaldirako ezarritako eguna baino lehenago.
Erreserba eginez gero, ez da tasa edo prezio publikoaren itzulketarako eskubiderik izanen. Salbuespena izanen dira justifikatutako arrazoiak.
57. artikulua.
Eguraldiagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik, instalazioko zuzendaritzak zerikusirik izan gabe, egiterik ez badago aurretik hitzartutako partida, entrenamendu edo ekitaldiren bat, zuzendaritza konponbidea bilatzen saiatuko da, beste egun batean egin ahal izan dadin instalazio berean edo beste batean.
X. TITULUA.–ERABILERA-ARAUAK
Aldagelak erabiltzeko arauak
58. artikulua.
Aldagelak dira arropa aldatzeko eta norberaren garbiketarako lokalak, eta gehienek badituzte armairuak, bertan gordetzeko kaleko arropak, poltsak eta garbitasunerako gauzak. Funtsean hiru gune dituzte: aldagela, dutxak eta komunak.
Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
Erabiltzaileek zorrotz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, inola ere ez gainditzeko ixteko ordua.
59. artikulua.
Erabiltzaileek behar den denbora bakarrik emanen dute aldageletan, hau da, arropaz aldatzeko eta garbiketarako behar duten denbora bakarrik.
60. artikulua.
Ezin da inolako jakirik sartu, ezta kristalezko ontzirik ere, edo gainerako erabiltzaileei min egin diezaiekeen beste deus ere.
Ez da onartuko inolako jolasik, zalapartarik edo besteak gogaitarazten ahal dituen ekintzarik.
Ez da baimentzen bizarra egitea edo depilatzea.
Ez da arroparik, botarik edo oinetakorik garbitu behar dutxa eta konketetan, ezta oinetakoak hormen edo zoruaren kontra jo ere.
61. artikulua.
Laguntzaileak ez dira inoiz aldageletan sartuko, salbu hamabi urtetik beherako ikasleekin doazenak. Jarduerak irauten duen bitartean, itxaroteko eremuan geldituko dira, hura bukatu arte, eta horrez geroztik utziko zaie sartzen.
62. artikulua.
Armairuak hutsik utzi behar dira jarduera bukatutakoan. Instalazioa ixteko ordua baino lehen, zerbitzuaren arduradunek ireki eginen dituzte hutsik utzi ez diren armairuak.
Saunen erabilera-arauak
63. artikulua.
Saunak erabiltzen ahalko dituzte 16 urtetik gorakoek, baldin instalazioetan abonatuak badira.
–Ezin da sauna barnean arropa aldatu; aldagelak erabili behar dira horretarako.
–Ezin da sartu kremarik, xaboirik eta antzeko produkturik.
–Ezin da norberaren garbiketa saunaren gunean egin (depilatzea, bizarra moztea eta abar).
–Ezin da libururik, aldizkaririk edo paperik sartu saunaren gunean.
–Saunan sartu baino lehen dutxatu eta lehortu behar da, derrigorrez.
–Txankletekin sartu behar da saunan.
–Bainujantziarekin edo gabe har daiteke sauna saioa. Bainujantzirik gabe hartzen bada, eskuoihal bat erabili behar da nahitaez, bertan eseri edo etzateko.
Kirol-, padel- eta tenis-pistak eta pilotalekua erabiltzeko arauak
64. artikulua.
Kirol-, padel- eta tenis-pistak eta pilotalekua erreserbatzeko, honako hauen arabera jokatuko da:
–Horretarako prestatutako aplikazio informatikoa erabili beharko da aretoak erreserbatzeko, edo horretarako Udalak dituen beste bitarteko batzuk.
–Kirol-instalazioetan sartzean ordaindu beharko da erreserba.
–Erreserbak, urteko hitzarmenak salbu, egunean bertan egiten ahalko dira, egun horretako edozein ordutarako edo hurrengo egunerako. Udalaren kirol-instalazioetan abonatutako erabiltzaileek erreserba egiten ahalko dute 5 egun lehenago.
–Erabiltzaile bakoitzak egunean bi orduz alokatzen ahalko du gehienez ere, kirol-klubek eta ikastetxeek salbu, haiekin Udala elkarlanean ariko baita urteko erreserben egutegi bat egiteko, denboraldiaren hasieran.
–Erreserbak kontrolatzeko, erabiltzaile bakoitzak harremanetarako datuak eman behar ditu erreserban bertan.
–Edozeinek pista erreserbatzen ahalko du beste abonatu batentzat, betiere baldin erabiltzaile horren harremanetarako datuak ematen baditu.
–Ezin izanen da laguntzailerik sartu pistetara.
–Ordainketa egoeraren arabera eginen da: abonatua, abonurik gabeko erroldatua eta/edo abonurik gabekoa eta erroldatu gabekoa.
Igerilekuen erabilera-arauak: igeri-ontziak eta hondartzak
65. artikulua.
Udako denboraldian bakarrik sar daiteke jendea igerilekuetara. Denboraldi horretatik kanpo, abonatuak berdeguneetara sartzen ahal dira aisialdiko jarduerak egiteko, eta, urte osoan, gainerako instalazioetara, kontuan hartuz arau honetan ezarritakoa. Udako denboraldian, urtebetetze ospakizunetarako, 19:00etatik aurrera baizik ez dira sartzen ahalko instalazioetara abonatuak ez direnak.
66. artikulua.
Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu dokumentu honetako arau hauek, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
–12 urtetik beherako haurren guraso edo legezko tutoreak izanen dira horien arduradun nagusiak, are gehiago igeri egiten ez badakite.
–12 urte bete arte, adingabeek adin nagusiko batekin egon behar dute, eta horrek hartuko du adingabeen jokabidearen ardura.
–Sorosleak (eta instalazioko gainerako langileek) aginpidea du kargu hartu eta instalazioetatik botatzeko ekipamenduaren erabilera okerra egiten ari diren erabiltzaileak, bai eta gainerako erabiltzaileen ongizate fisikoa arriskuan jartzen dutenak ere.
–Halaber, instalazioko langileek ahalmena dute jarduteko, gainerako erabiltzaileei errespetu faltak egiten dizkieten erabiltzaileei dagokienez.
–Hamabi urtetik hamazazpi urtera bitarteko adingabeak beren kabuz sar daitezke, baldin igeri egiten badakite.
Ez da onartuko igerilekuko zabalguneetan edo uretan jatea, erretzea eta isur daitezkeen edariak sartzea, salbu horretarako egokituta eta seinalatuta dauden piknik guneetan.
Ezin da mahairik eta horrelako elementurik sartu, salbu aulkiak eta eguzkitakoak.
67. artikulua.
Erabiltzaileek igeriketa librerako erabiltzen ahalko dituzte soilik beste zerbaitetarako (ikastaroak, entrenamenduak etab.) mugatuta ez dauden aldeak, eta ez dira igaroko mugatutako alde horietatik, jardueretan traba ez egiteko.
Ez da onartuko:
–Izena eman ez dutenek kirol-eskolako materialak erabiltzea (oholak, mahukak etab.).
–Aipatu zonak mugatzen dituzten kortxo-ilaratik zintzilikatzea edo gainera igotzea.
–Igerilekuan beste erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.).
Horren salbuespen dira igeritako betaurrekoak, mahukak, burbuilak eta akats fisikoak edo erredurak estaltzeko elastikoak.
–Ur bazterrean eta igeri-ontzietan gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, erabiltzaileak ez dira lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez jostaketa bortitzetan; ez dira uretan modu zakarrean murgildu behar; hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozpena eragiten dien edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.
–Mozkor egonda bainatzea.
–Guztiz debekaturik dago listua botatzea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea okertzen duen edozein gauza.
–Debekaturik dago buruz botatzea.
Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin. Aparteko kasuetan, erabiltzaileak sartzen ahalko dira kaleko oinetakoak plastikozko oinetako babesez estalita. Oro har, mantentze-lanetako edo osasun arloko langileek ia beste inork ez du halakorik eginen.
Uretan sartu aurretik dutxatik pasatu behar da, eta komeni da bainatu ondoren ere dutxatzea. Komeni da bainu-betaurrekoak eta belarrietako tapoiak erabiltzea.
Debeku da deus botatzea uretara, edo arropa nahiz edozein motatako gauzak sartzea, baldin igeriketari lotuta ez badaude.
68. artikulua.
Plisti-plastako igerilekuak 6 urtetik beherakoek soilik erabil ditzakete. Haiekin adin nagusiko bat egon behar da beti. Plisti-plastako igerilekuan erabiltzen ahal dira flotagailuak, burbuilak eta mahukak.
Gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, salbu haur txikiak zaintzen ari diren helduak. Halakoetan, pertsona heldu horiek egon behar dute hondartzan eta haren inguruan, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada, eta heldu bat baizik ez haur bakoitzeko.
Nahitaezkoa izanen da haurrek, oso txikiak izan arren, bainujantzia eta pixoihala erabiltzea.
Belardiko erabilera-arauak
69. artikulua.
Belardian ez da egintzarik edo jarduerarik onartzen, baldin eragozten ahal badu jendearen lasaitasuna edo erosotasuna, edo arriskua ekartzen ahal badie gainerako erabiltzaileei. Hortaz, ez da onartuko inor kirol bortitzetan edo lasterketetan aritzea, musika aparatu partikularrak erabiltzea entzungailurik gabe, edo orratzik erabiltzea, eta, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edo belardiaren kalitateari kalte egiten ahal dion guztia.
Belardian espresuki debeku da baloiarekin aritzea.
Erretegiak eta askaldegien erabilera-arauak
70. artikulua.
Erretegietan, erabiltzaileek arduratu behar dute bankuak eta mahaiak behar bezain garbi uzteaz, baita hondakinak zabor-poltsetara sartzeaz eta horretarako dauden edukiontzietan uzteaz ere.
Debeku da askaldegian lasaitasuna galaraziko duen edozein ekintza edo jarduera egitea.
Futbol-zelaien erabilera-arauak
71. artikulua.
1. Kirol-oinetako egokiak jantzi beharko dira futbol-zelaia erabiltzeko:
–Belar-zelaian, takoak dituzten futbol oinetakoak.
–Pista edo pilotalekuan, takorik gabeko kirol-oinetakoak.
Erabat debekaturik daude:
–Kaleko oinetakoak eta mendikoak.
Joko-zelaia zapaldu aurretik garbitu ongi oinetakoak, belarra hondatzen duen elementurik ez sartzeko.
Debekaturik dago zelaia zikintzen duen edozer botatzea:
–Pipiten eta fruitu lehorren azalak.
–Zigarretak eta zigarrokinak.
–Paperak.
–Txikleak, etab.
2. Baimendutako klubek, entitateek eta abarrek ez dituzte erabiliko zelaiarekin lotuta ez dauden kirol-instalazioak.
Muskulazio gelaren erabilera-arauak
72. artikulua.
Muskulazio gelan sartzeko abonatua izan behar da, 18 urtetik gorakoa edo 16 eta 18 urte bitarteko adingabea (gurasoen edo tutoreen idatzizko adostasunarekin).
Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.
Muskulazio gelaren erabiltzaileek erabilitako ekipamendua bere lekuan utzi beharko dute, gela txukun egoteko eta garbitu ahal izateko.
Aitzinetik osasun azterketa egiteko gomendatzen zaio erabiltzaileari.
73. artikulua.
1. Erabiltzaileek kirol-arropa egokiak eta garbiak erabili behar dituzte.
2. Kirol-oinetakoak muskulazio gelarako soilik jantzi behar dira, eta azpiak garbi eduki.
3. Ezin izanen da sartu txankleta, igerilekurako oinetako edo antzekoekin.
4. Erabat debekaturik dago elastikorik gabe entrenatzea.
5. Erabiltzaileei gomendatzen zaie bigarren elastiko bat erabiltzea, jarduera aerobikoak luzaroan eginez gero.
6. Gelan eskuoihala erabili behar da nahitaez.
7. Komeni da eskularruak erabiltzea.
74. artikulua.
Ekipamenduaren erabilera.
1. Bai makinetan bai koltxoietan gorputzak ukitzen duen aldea eskuoihalaz estali behar da.
2. Erabiltzaileen txandak arindu eta erabilera hobetze aldera, arren eskatzen da ez egoteko makinetan hizketan edo atseden hartzen.
3. Makinak ez dira kolpeka eta zakar erabiliko.
4. Ariketa bukatutakoan kirol-materiala bere lekuan utzi behar da.
5. Instalazioko langileek soilik erabiliko dituzte musika aparatuak, telebistak, ordenagailua eta abar.
6. Ezin da kirol-poltsarik sartu gelan.
7. Gela garbitzeko eta diskoak eta halterak ongi zaindu, kontserbatu eta garbitzeko, ezin dira banku eta aparatuen gainean utzi.
8. Derrigorrezkoa da ekipamendua zentzuz erabiltzea, entrenatzaileen jarraibideak kontuan hartuz, minik ez hartzeko. Makinaren baten funtzionamendua ezagutzen ez denean, galdetu entrenatzaileei.
Erabilera anitzeko barneko gelen erabilera-arauak
75. artikulua.
Instalazioak soilik erabiliko dira Udalaren eta Zizur Zendea kirol-klubaren programa orokorreko jarduera arautuetarako. Beraz, ikasle taldeak ez direnek ezin dituzte noiznahi erabili, baizik eta programa orokorreko jarduerarik ez dagoen urte-sasoietan, betiere instalazioa erabiltzeko moduan badago.
Ikastaroetatik kanpo, kirol-eremu hori itxita egonen da.
1. Jarduerarako oinetako egokiak erabili behar dira, eta ezin da gelara sartu kaleko oinetakoak jantzita.
2. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei ukatzen ahalko zaie kirol-eremu horretara sartzea.
3. Arreta berezia jarri behar da materiala behar bezala erabiltzen, alferrikako matxurak eta kalteak saihesteko.
4. Kirol-materiala (koltxonetak, stepak, halterak, etab.) erabili ondoren jaso beharko dira, eta bakoitzari dagokion lekuan utzi.
5. Komeni da eskuoihala erabiltzea, koltxonetetan edo lurrean izerdirik ez uzteko.
6. Salbuespenez, Udalak gelak alokatu edo lagatzen ahalko ditu interes sozialeko jardueretarako.
Bilera gelen erabilera-arauak
76. artikulua.
Arras debekaturik dago gela hauek erabiltzea irabazteko asmo pribatuetarako edo hauteskunde arloko jarduera politikoetarako, baimendutako aldietatik kanpo.
Bilera gelak erreserbatzeko, honako hauen arabera jokatuko da:
–Horretarako prestatutako aplikazio informatikoa erabili beharko da aretoak erreserbatzeko, edo horretarako Udalak dituen beste bitarteko batzuk.
–Kirol-instalazioetan sartzean ordaindu beharko da erreserba.
–Erreserbak astebete lehenago gutxienez egin behar dira.
–Erabiltzaile bakoitzak egunean bi orduz alokatzen ahalko du gehienez ere, kirol-klubek eta ikastetxeek salbu, haiekin Udala elkarlanean ariko baita urteko erreserben egutegi bat egiteko, denboraldiaren hasieran.
–Erreserbak kontrolatzeko, erabiltzaile bakoitzak harremanetarako datuak eman behar ditu erreserban bertan.
–Edozeinek gela erreserbatzen ahalko du beste abonatu batentzat, betiere ematen baditu erabiltzaile horren harremanetarako datuak.
–Eskatzailearen ardura zibila da gehieneko jende kopurua ez gainditzea eta ebakuazio bideak libre izatea.
–Gela hasierako egoera berean utzi behar da. Edozein kaltek ekar dezake fidantza galtzea edo etorkizunean erreserbarik egiterik ez izatea.
–Bileran adingaberik izan behar bada, arduradunek frogatu beharko dute ez dutela delitu sexualekin lotutako aurrekaririk.
Harmailen erabilera-arauak
77. artikulua.
Ikusleentzako aldea da. Erabiltzen da egiten direnean kirol-gertakariak, partidak, kirol-agerraldiak edo emanaldiak eta horrelakoak.
Harmailak itxita egonen dira kirol-eskolen saio eta entrenamenduen ordutegietan.
Ez da onartuko:
–Kirol-instalazioetan erretzea.
–Harmailak zikintzea eta haietan hondakinak uztea.
–Bertara sartzea beirazko ontziak, latak edo erabiltzaile eta kirolariak zauritu ditzaketen beste objektu batzuk.
–Lasterka, jostaketan edo mailaz maila saltoka aritzea, eta beste erabiltzaileak gogaitarazten dituzten gauzak egitea.
–Objektuak jaurtitzea harmailetatik pistara eta alderantziz.
–Baimenik gabe erabiltzea palkoak, kabinak edo erreserbatutako guneak.
XI. TITULUA.–JARDUERA GIDATUAK
78. artikulua.
Egoki den araura egokituko dira jarduera gidatua, baita kudeatzeko eta erabilera moduak ere.
XII. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
Zizur Zendeako Udalari dagokio instalazioetako abonatu edo erabiltzaileentzako zehapen neurriak hartzea, ordenantza hau bete dadin, eta begiratu beharrez instalazio barneko udal ondasunak.
79. artikulua.
Hona hemen zehapena ezartzeko prozedura:
–Ordenantza honetako edozein arau ez betetzeak berekin ekar dezake txartela kentzea eta, prebentziozko neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori egin dezake instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak.
–Zizur Zendeako Udaleko idazkariak instruituko ditu ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak.
–Izapidetzea burututa, Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.
–Ematen diren ebazpenen kontra, aurkezten ahal dira indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak.
–Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.
80. artikulua.
Arau-haustea izanen da ordenantza honetan eta kirol-eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.
Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.
81. artikulua.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
–Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.
–Kirol-instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.
–Kirol-instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo berariazko baimen puntuala dutenentzat, kirol-ikastaro batean izena emanda daudenentzat edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak direnentzat.
–Espresuki debekaturiko eremuetan sartzea jan-edatekoak edo beirazko ontziak.
–Kirol-instalazioen barnean erretzea, salbu horretarako ezarritako aldeetan.
–Armairuak modu desegokian erabiltzea edo horiek erreserbatzea kirol-instalazioetako ordutegitik kanpo.
–Kasurik ez egitea instalazioen ardura duten langileen oharrei.
–Bi zehapen-abisu izatea.
Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A. Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B. Kargu hartze publiko edo pribatua.
C. Zehapen-abisua aplikatzea.
D. 50 eurotik 150 eurora bitarteko isuna.
Baldin arau-hauste arinen ondorioz kalterik eragiten bada instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan, zehapenean agintzen ahalko da haren kostua ordaintzeko, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.
82. artikulua.
Arau-hauste astunak dira:
–Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin, dela erabiltzaileekin.
–Kirol-instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo produktuak sartzea.
–Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.
–Igerilekuetako uraren kalitatea okertzea.
–Kirol-instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listua botatzea edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.
–Abonatu txartela modu desegokian erabiltzea.
–Hiru hilabeteko epean 5 arau-hauste arin egitea.
–Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.
–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal dion arau-hauste oro.
–Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.
–Instalazioetan sartzea mozkor zantzu nabarmenekin edo drogen eraginpean.
–Ez ordaintzea instalazioetako armairuak ordutegitik kanpo erabiltzeagatik ezarritako isuna.
–Ez ordaintzea instalazioetan sortutako kalte eta galeren zenbatekoa.
–Instalazioetara sartzea edo horiek erabiltzea eritasun kutsakorrak edo zauri infekziosoak izanda, baldin arriskugarriak izan badaitezke gainerako erabiltzaileentzat, edo eragiten badiete instalazioetako higiene eta osasun baldintzei.
–Instalazioaren barrenean ordena larriki nahasten duen edozein ekintza edo omisio.
Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A. Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B. Kirol-instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 6 hilabeterako, eta aldi horretan abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
C. 150 eurotik 750 eurora bitarteko isuna.
Arau-hauste astunen ondorioz kaltea eragiten bada instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan, zehapenean agintzen ahalko da haren kostua ordaintzeko, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.
83. artikulua.
Arau-hauste oso astunak dira:
–Instalazioak eta/edo kirol-materiala hondatzea, ebastea edo lapurtzea.
–Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei eraso egitea gorputzez, hitzez edo psikologikoki.
–Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.
–Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.
–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
–Instalazioetara sartzea edozein arma mota aldean eramanik.
–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.
–Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.
Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:
A. Kirol-instalazioetatik behin betiko egoztea, eta abonu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.
B. Kirol-instalazioetatik denbora baterako bidaltzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonuak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.
C. 750 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.
Arau-hauste oso astunen ondorioz kaltea eragiten bada instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan, zehapenean agintzen ahalko da haren kostua ordaintzeko, baita betearazpen bidetik erreklamatu ere.
Arau-hauste eta zehapen oso astunek 4 urtera preskribatuko dute.
84. artikulua.
Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.
Errekurtso horiek ebatzi arte, ezin izanen da instalaziora sartu hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen erabiltzailea.
85. artikulua.
Zehapen araubideari aplikatu behar zaion arautegia honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: azaroaren 26ko 30/3092 Foru Legearen (hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea) IX. titulua ("Zehatzeko ahala") eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak).
86. artikulua. Kalteak konpontzea eta fidantza konfiskatzea.
Instalazioen erabilera pribatiboa dela eta, kalteak egiten direnean haietan edo hango altzarietan eta ekipamenduan, onuradunak bermearekin erantzunen du, eta hortaz, kendu eginen zaio, deusetan ukatu gabe eskatzen ahal zaizkion erantzukizunak.
87. artikulua. Erantzuleak.
Erabiltzaileak, kirolariak, entrenatzaileak, irakasleak, taldeak eta taldeetako kideak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
88. artikulua. Organo eskuduna.
Zizur Zendeako Udaleko langileei dagozkie ikuskapena, zaintza eta kontrola.
89. artikulua. Zehapen espedienteak izapidetzea.
Salatzen diren ekintzen ondorioz zehapen espedientea irekiko da, eta izapidetuko da jarraikiz abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako printzipio eta prozedurei.
Instalaziorako sarbidea galaraziko da bidezko zehapena erabiltzaile arau-hausleari ezartzen zaion bitartean.
90. artikulua.
Behin-behineko neurriak: Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartzen ahalko dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.
91. artikulua.
Behin-behineko neurriak izanen dira egindako arau-hausteen ezaugarrien eta astuntasunaren araberakoak, eta prebentziozko neurriak ere izan daitezke, bereziki honako hauek:
A. Instalazioetara sartzeko debekua.
B. Etetea erabiltzaile txartela, kirol-fitxa, abonuak eta instalazioak erabiltzeko baimena.
C. Hitzarmena etetea.
92. artikulua.
Presako kasuetan, arau-haustea astuntzat edo oso astuntzat jotzen ahal denean, behar diren behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu prozedura hasteko eskumena duen organoak edo instrukzio organoak.
93. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.
Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:
A. Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengoratzeko.
B. Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa zehazten denean prozeduran.
Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:
1. Intentzionalitatea.
2. Egitatea ezkutatzeko asmoa.
3. Zerbitzuari egin zaion kaltea.
4. Instalazioei eta kirol-materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.
5. Berrerortzea.
6. Noraino hartu den parte.
7. Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.
Iragarkiaren kodea: L2610158
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
