165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Eskaeraren araberako garraioa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 2an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Berriobeitin, 2026ko uztailaren 27an.–Alkate udalburua, Félix Remírez Hoyos.

48. ORDENANTZA, ESKAERAREN ARABERAKO GARRAIOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Berriobeitiko Udalak ematen duen eskaeraren araberako garraioaren zerbitzu publikoa.

Ibilbide orokorrak honako hauek hartzen ditu: Berriozar, Berriobeiti eta zerbitzua hartzen duten sei kontzejuak: Ballariain, Elkarte, Oteitza, Añezkar, Larrageta eta Lotza.

2. artikulua. Izaera.

Eskaeraren araberako garraioaren zerbitzu publikoa emateagatik kontraprestazio ekonomikoa izanen da prezio publikoa. Ordenantza honetan espresuki xedatua ez den orotan, aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak (Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Eskaeraren araberako garraioa Berriobeitiko Udalak ematen duen zerbitzu publikoa da, eta horrek une oro justifikatzen du haren kudeaketa kontrolatzea eta ikuskatzea.

Zerbitzua emateko, bitarteko propioak erabiltzen ahalko ditu Berriobeitiko Udalak, edo zerbitzua bermatzen ahalko du kanpoko operadore batekin akordioa eginez.

4. artikulua. Ordaintzera behartuak.

Prezio publikoak ordaintzera beharturik egonen dira zerbitzu publikoaren onuradunak.

Zerbitzu publikoaren onuradun izaten ahalko dira udalerrian erroldaturik dauden guztiak.

5. artikulua. Txartelak.

Zerbitzu hau erabiltzeko beharrezko txartelak eskuratzen ahalko dira Berriobeitiko Udalean edo, bestela, hark herritarren eskura jartzen duen edozein bitartekoren bidez.

Txartela soilik joanekoa edo etortzekoa izanen da; hau da, ez da "joan-etorrikoa" izanen.

Udalak pertsona bakar batentzako txartelak ematen ahalko ditu eta, egoki ikusiz gero, taldean erabiltzeko txartelak.

6. artikulua. Prezioa.

Txartelen prezioa bera izanen da, edozein izanik ere jatorrizko kontzejua edo xede kontzejua. Udalaren osoko bilkurak ezarriko du prezioa.

Txartelak jasotzen diren unean ordaindu beharko da prezio publikoa.

Udalak uzten badio zerbitzua emateari, ordaindutako kopurua itzuliko du, erositako txartelak aurkeztuz gero.

7. artikulua. Zerbitzua erreserbatzea.

Zerbitzua erabili nahi duenak harremanetan jarri beharko du zerbitzua kudeatzen duen entitatearekin, adostutako bitartekoen bidez; Berriobeitiko Udala arduratuko da bitarteko horiek ezagutzera emateaz eta hedatzeaz.

Zerbitzua erabili aurretik, abisua eman behar zaio entitateari ordu erdi lehenago, gutxienez, eta 24 ordu lehenago, gehienez ere.

Dei horretan izen-abizenak eman beharko dira, eta adierazi Berriobeitiko Udalak erroldatuentzat eskaintzen duen garraio zerbitzuaren erabiltzaile direla. Era berean, behar den zerbitzua azaldu beharko da, honako hauek zehaztuta:

–Eguna eta ordua.

–Erreserbatzen den leku kopurua.

–Zein geltokitan jaso behar den.

–Zein geltokitara eraman behar den.

Zerbitzuak ordenantza honen babesean emateko, deiak egin beharko dira joan-etorria egin baino ordu erdi lehenago, gutxienez. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu honetan ez dira sartzen Berriozartik Berriobeitira edo Berriobeititik Berriozarrera egiten diren joan-etorriak.

Xede geltoki izaten ahalko dira Berriozar, Berriobeiti, Ballariain, Elkarte, Oteitza, Añezkar, Larrageta, Lotza edo Iruña (Aduanako zokoa kalea), aipatu salbuespenarekin.

8. artikulua. Zerbitzuaren erabilera.

Erabiltzaileak geltokian egon beharko du geldialdi bakoitzerako ezarritako orduan eta/edo denbora tartean.

Garraioa iristean txartela behar bezala beteta eman beharko da; hartan azalduko dira ibilbidearen jatorria, xedea, eguna eta ordua. Txartelik gabe ezin da zerbitzua erabili eta gidariak ez du inor hartuko.

Norbaitek zerbitzua jarraitu nahi badu bukatzeko geltokiez gaindiko beste leku batera, Berriozar hartuko da abiapuntutzat. Geltoki horretatik geltoki berrirako garraioa ez da hartuko ordenantza honen babesean emandako zerbitzutzat.

9. artikulua. Ibilbideak eta ordutegiak.

Ibilbidea Berriozarren hasiko da eta Udalak ezarriko ditu ateratzeko ordu zehatzak.

Garraio-ibilgailuak geldialdia eginen du Berriobeitin, norbaitek eskaera egin badu hor jasotzeko, sei kontzejuetakoren batera joateko. Geldialdi horrek ere zehaztua izanen du bere ordutegia.

Ibilgailua abiatuko da norbait jaso edo utzi behar duen kontzejuetara. Jarraitu beharreko ibilbidea gidariak ezarriko du, dagoen eskaerari egokituta. Zerbitzuaren erabiltzaileak jasotzeko, adierazitako tokian egon beharko du Udalak azaldutako denbora tartean.

Dagokion ibilbidea egin ondoren, ibilgailuak Berriozarren bukatuko du ibilbidea, eta geldialdia eginen du, Berriobeitin norbaitek geltoki hori eskatu badu.

Udalak zehaztuko du geltokien kokapen zehatza.

Berriobeitiko Udalak une bakoitzean behar bezala jakinaraziko ditu indarreko geltokiak eta ordutegiak.

10. artikulua. Ezinbesteko kasuak.

Ezinbesteko kasuetan ibilbideak eta ordutegiak aldatzen ahalko dira, eta zerbitzua ere aldi baterako eten, kontzeju guztietan edo batzuetan. Ondorio hauetarako, ezinbesteko kasutzat hartuko dira elurra eta eguraldi txarra. Kasu horietan ez dagokie inolako kalte-ordainik zerbitzua eskatu dutenei.

11. artikulua. Aurrekontu-aplikazioa.

Nolanahi ere, zerbitzua emateko baldintza izanen da dagokion aurrekontu-aplikazioan kreditu erabilgarria izatea.

I. ERANSKINA

Prezio publikoa 2 euro (bi euro) izanen da txartel bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L2610465