Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
820E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hondakinak sailkatzeko instalazio baten proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita. Servicios Ecológicos Navarra SL enpresak sustatzen du jarduera Iruñean.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak Servicios Ecológicos Navarra SL enpresak sustatutako hondakinak sailkatzeko instalazioaren proiektua aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari 2026ko maiatzaren 27an.
Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 b) taldearen barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, kontsulta egin zaie Iruñeko Udalari, Ekologistak martxan Iruñea-Ecologistas en acción talde ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari. Epea agortuta, ez da egindako kontsulten inguruko erantzunik jaso.
Proiektuaren laburpena.
Proiektu berri honetan gauzatuko den jarduera, nagusiki, hondakin ez-arriskutsuen zortzi (8) zatiki sailkatzea da, barne hartuta eragiketa hauek: jasotzea, sailkatzea eta balorizatzeko edo ezabatzeko kudeatzea. Aldi berean, bigarren mailako jarduera bat egonen da: ontzi berrerabilgarriak (GRG) berrerabiltzeko prestatzea.
Deskribatutako jarduera gauzatzeko proposatutako kokalekua Iruñeko udalerrian dago, zehazki, Agustinos I industrialdeko 7. poligonoko 2578. partzelaren G kalean (Aizoain sotoa) dagoen pabiloi industrial batean.
Instalazioak jarriko diren partzelak 15,945.10 m²-ko azalera du guztira, eta itxitura perimetrala dauka, obrako 40 cm-ko horma batez egina, zeina sare metaliko zuri batek osatzen baitu 2 metroko altueraraino. Lehendik dauden instalazioak dira eta behar bezala egokituko dira, obra zibila eginez, horietan gauzatuko den jarduerarako.
Gaur egun, halaber, partzela osoa nibelatuta dago, betelan bidez espaloiaren kotara egokitu baitute, pabiloien kokalekua errazteko. Zutabe azpiko zapata isolatuek eta zeharkako zenbait txarrantxatze habek osatzen dituzte lehendik dauden zimenduak. Pabiloietako zolarriak hormigoi armatuzkoak dira, eta pabilioiak 30 mm-ko sandwich motako panelez estalita daude; horietan, polikarbonato zelularreko argizulo paraboliko batzuk daude, 10 mm-koak, kolore zuri zeharrargikoak. Erretenak xafla bikoitzekoak dira eta isolatzailea dute tartean.
Proiektua industrialdearen handitzearen (S-15 sektorea) 1. partzelan gauzatuko da, zeinak 55.193,46 m²-ko azalera eta 49.200 m²-ko eraikigarritasuna baititu. Industria lurzoruan gauzatuko da proiektua, alegia, azpiegitura horretarako egokia den lurzoruan (ikus I. eranskinean proiektuaren kokalekua).
Tratamenduaren pabiloiak 6.158,10 m²-ko azalera du guztira, eta horren barruan daude materialak jasotzeko eremua, eskuz sailkatzekoa, sailkatutako materialak aldi baterako biltegiratzekoa, prentsatu eta egokitzeko eremua eta bidalketarena.
Pabiloiak bi sail nagusi ditu:
Sailkapeneko pabiloia, eta beiren eta GRGen garbitegiaren pabiloia, aurrekoarekiko perpendikularrean. Sailkapeneko pabiloian bost (5) hondakin zatiki kudeatzen dira: papera eta kartoia, plastikoa, zura, hondakin nahastuak/konposatuak eta aurrez hautatutako beste hondakin batzuk. Pabiloia bi ataletan dago antolatuta: batetik, "garbien" gunea (aurrez hautatutako zatikien hondakinak manipulatu eta kudeatzekoa) eta, bestetik, "zikinen" gunea (hondakin nahastu eta konposatuen zatikiak maneiatu eta tratatzeko eremua, halakoek ezpurutasunen proportzio handiagoa izan baitezakete).
Beiraren pabiloian kudeatzen dira beira eta ontzi berrerabilgarriak.
Kanpoaldeak 7.398,40 m²-ko azalera du guztira. Eraikinaren perimetro osoan hedatzen da eta, nagusiki, metal ferriko eta ez-ferrikoen hondakinak eta gainerako zatikietako hondakin sailkatuak biltegiratzen dira, materialak pisatzen dira eta zamalanak egiten dira eremu horretan.
Administrazio atala eta bulegoak dauden eraikinean, hondakinak kudeatzen laguntzeko zerbitzu guztiak daude, eta guztira 414,20 m²-ko azalera du. Eremu horretan dago, halaber, sartzen diren hondakinak dakartzaten ibilgailuak hartu eta pisatzeko gunea.
Pabiloi nagusiari atxikita, hegoaldeko albo batean, transformadore elektrikoa dago, dagozkion kontrol koadroekin eta instalazio elektrikoen atal teknikoarekin. Guztira 98,90 m²-ko azalera du, eta segurtasun perimetraleko eremu bat dauka.
Baliabideen kontsumoari dagokionez, aurreikusitako zortzi zatikietatik kudeatu beharreko hondakinak daude (53.000 t/urte inguru), bai eta material osagarriak ere, nagusiki ontzi berrerabilgarriak tratatzekoak. Sortutako hondakinei dagokienez, berrerabiltzeko sailkatu eta prestatzeko prozesutik eta instalazioa mantendu eta garbitzeko lanetatik datozenak daude.
Instalazio osoan, prozesuko ekipamenduek eta sistema osagarriek 236.837 kWh-eko energia elektrikoa kontsumituko dute urtean. Lantegian nagusiki gasolioa kontsumitzen da, laneko makinetan hori erabiltzen baita. Zenbatesten da urtean 71.050 litro kontsumitzen direla. Kontsumitutako ura udalaren hornidura-saretik dator eta 256 m³ izanen dela zenbatesten da. Hondakinak sailkatzeko prozesuetan ur gutxi kontsumitzen da, ontzi berrerabilgarriak tratatzeko lerroan izan ezik, ontziok garbitu eta lehortu behar izaten baitira. Ontzi berrerabilgarriak garbitzeko lerroak urtean 30 m³ inguru kontsumituko ditu.
Zarata emisioak, nagusiki, instalazio barruan materialak mugitu eta trinkotzeko makinen ohiko erabileratik datoz, zeinak intentsitate handiko zaratak sortzen baitituzte, normalean. Ustiapen fasean emisio barreiatuak eginen dira atmosferara, batez ere, hondakinak manipulatu eta biltegiratzearekin lotutako hauts eta partikulak. Isurketak euri-uren eta ur beltzen fluxuetatik datoz. Ontzi berrerabilgarriak tratatzeko urak aldi batez biltegiratzen dira eta kanpoko zerbitzu batekin kudeatzen dira.
Ingurumen dokumentuaren laburpena eta azterketa.
Ingurumen dokumentuak alternatiben analisia jasotzen du; horretan, planteatutako proposamenen ingurumen bideragarritasuna eta bideragarritasun sozioekonomikoa aztertzeko kontuan hartu diren faktore edo irizpideak jaso dira. Ondoren, alternatiba horien azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa egin da, aukerabide bakoitzaren ondorioak ebaluatzeko.
Proiektua ez gauzatzeko 0 alternatibaren aurrean, beste hiru alternatiba identifikatu dira, lehenengoa ingurumenaren arlotik eta sozioekonomikoki kaltegarritzat jotzen baita, ez duelako konpontzen hondakinen kudeaketaren arloan dagoen arazoa, ez dituelako aprobetxatzen lehendik dauden industria azpiegiturak eta ez duelako sortzen onura esanguratsurik ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-arloetan.
Hautatu dena 1. alternatiba da, proiektu honen xede dena. Ulertzen da egokiena dela ingurumenaren arlotik, bai eta teknikoki eta sozioekonomikoki ere, aukera ematen baitu hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa eraginkorra eta kontrolatua egiteko.
Bestalde, 2. alternatiban proposatzen da hondakin ez-arriskutsuak sailkatzeko instalazio bat sortzea, pabiloi industrial berri bat eraikiz partzela libre batean, aurrez dagoen industrialde batean edo esparru atxiki batean. Baina, horretarako, beharrezkoa da jarduera zerotik hastea, barne hartuta obra zibila egitea, urbanizatzea eta lotutako azpiegiturak sortzea. Hautatutako alternatiba baino aukera okerragoa dela uste da, ez baititu aprobetxatzen lehendik dauden azpiegiturak, lurraldea gehiago eraldatzea dakarrelako, ekonomikoki garestiagoa delako eta ziurgabetasun handiagoak daudelako Iruñeko eta inguruko industria lurzoruaren erabilgarritasunari eta kostuari dagokienez.
Azkenik, 3. alternatiba da hondakin ez-arriskutsuak sailkatzeko instalazioa Iruñetik kanpo ezartzea, eskualdeko edo probintziako beste industrialde batean dagoen pabiloi industrial batean edo pabiloi eraiki berri batean. Ez da lehenengoa bezain aukera ona ingurumenaren ikuspegitik; izan ere, garraioarekin lotutako emisioak handitzen dira, efizientzia logistikoa murrizten da eta gertatzen ahal da lurraldean kalte handiagoak eragitea. Gainera, ez du abantaila nabarmenik hautatutako alternatibaren aldean.
Ingurumen dokumentuak proiektuaren esparruko ingurumen alderdiak aztertu ditu, esaterako, ingurune fisikoa, landaredia, habitat naturalak, fauna, babes bereziko eremuak eta ingurune sozioekonomikoa, eta ez du aurkitu ingurumen alderdi garrantzitsurik, proiektuaren kokalekuari eragiten dionik.
Ingurune fisikoari dagokionez, klimatologia, airearen kalitatea, geologia, geomorfologia, edafologia, higadura eta lurzoruaren erabilerak, hidrologia eta hidrogeologia aztertu dira.
Ingurune biotikoari dagokionez, landaredia potentziala eta gaur egungoa aztertu dira. Hurbileko habitat natural nagusiak deskribatu dira eta ondorioztatu da aztertutako eremuan ez dagoela habitat babesturik, eta ez da hauteman babes bereziko elementu geomorfologikorik ere. Faunari dagokionez, proiektuaren ingurunea oso antropizatuta dago (Iruñetik hurbileko industrialde bat). Era berean, ez da Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan kaltebera gisa edo galzorian dauden espezieen artean sailkatutako espezieren baten ibiltzeko, elikatzeko edo hazteko eremua.
Babes bereziko eremuei dagokienez, proiektatutako instalazioa ez dago Natura 2000 Sarea osatzen duten eremuen barruan, ez Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean, ez eta nazioarteko tresnen bidez (Ramsar, Unesco) babestutako eremu batean ere. Hain zuzen, hurbilen dagoena Etxauriko Haitza izeneko HBBEa da, eta hondakinak sailkatzeko instalazioaren etorkizuneko instalazioetatik 10 km-ra dago, hego-mendebaldean.
Horregatik guztiagatik, inguruneko ingurumen alderdiak aztertu ondoren, agerian geratu da hondakin ez-arriskutsuak sailkatzeko jarduera egin nahi den partzelak ez duela inolako ingurumen alderdi garrantzitsurik.
Inpaktuak identifikatu eta baloratzeko orduan, zenbait ekintza identifikatu dira, proiektuaren egikaritze, ustiapen eta eraispen faseetan zuzenean edo zeharka kalteak eragin ditzaketenak, kalte horiek pairatzen ahal dituzten ingurumen faktoreei edo alderdiei dagokienez, eta arreta berezia jarri da floran, faunan, biodibertsitatean, lurzoruan, airean, uretan eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioan.
Lehenik eta behin, kontuan izan behar da jarduera eraikitako partzela batean eginen dela, eta industrialdeak berak behar diren instalazioak eta azpiegiturak dituela lehendik: saneamendu sareak, ur hornidura, hornidura elektrikoa, etab. Ez da beharrezkoa sarbide gehiago egitea. Horregatik, eraikuntzaren fasean, afekzio nagusiak egokitzapen zibileko aldizkako jarduketekin eta lanak egiteko beharrezkoak diren ibilgailu eta makinen zirkulazioarekin lotuta egonen dira. Proiektua gauzatzeak ez du inolako eraginik izanen geologian, ez eta jarduketa eremuaren geomorfologian ere, proiektu osoa ia osorik eraikita eta zolatuta dagoen aurretiaz antropizatutako partzela industrial batean gauzatuko delako. Gainera, ez da aurreikusten lur mugimendu esanguratsurik edo dagoen topografian aldaketarik egitea. Halabeharrezko isurketengatik lurzorua kutsatzeko arriskua, bestalde, arrisku potentzial eta puntuala da, eraikuntza-fasean makinak eta ibilgailuak erabiltzearekin lotua (erregaiak, olioak eta beste jariagai batzuk). Ez du eraginik izanen gainazaleko eta lurpeko uretan, ezta naturagune babestuetan ere. Ondorioz, eraikuntza faseko inpaktua bateragarritzat jotzen da, txikia, aldi baterakoa eta erraz kontrolatzeko modukoa delako.
Ustiapen fasean, hauek dira afekzioak eragiten ahal dituzten jarduera nagusiak: hondakinen zamalanak, hondakinen manipulazioa kanpoko eremuetan, hondakinak birrintzeko eragiketak eta materialak aldi baterako kanpoko eremuetan biltegiratzea. Jarduerok hauts eta partikula emisio barreiatuak eragiten ahal dituzte, bereziki haizea dagoenean edo hondakinak asko manipulatzen direnean. Ez da aurreikusten ustiapen fasean geologian eta geomorfologian eraginen denik, partzela urbanizatzearen ondorioz lehendik zeuden aldaketez harago. Bestalde, lurzoruan eragindako inpaktuak, nagusiki, instalazioaren jardueraren ondoriozko kutsadura arrisku puntualak soilik aipatzen ahal dira. Ez da aurreikusten afekzio nabarmenik eragitea hidrologian eta hidrogeologian, ingurunean ez baitago baliabide hidrikorik eta urak kudeatzeko sistema egokiak baitaude. Era berean, eremua industrializatua denez eta ez dagoenez intereseko espezie edo habitatik, instalazioa ustiatzeak ez du inpaktu esanguratsurik eraginen floran, faunan eta, oro har, biodibertsitatean; hala, jardueraren inpaktuak biodibertsitatearen kontserbazioarekiko bateragarritzat jo dira.
Azkenik, desmuntatzeko orduan, gertatzen ahal da aldizkako zenbait hauts eta partikula emisio gertatzea materialak manipulatzean eta ekipamenduak garraiatzean, baina inpaktu bateragarritzat jotzen dira, tokikoak, aldi baterakoak eta itzulgarriak direlako. Intereseko espezie eta habitaten eta naturagune babestuen gaineko inpaktua hutsaltzat jotzen da.
Finkatutako industrialdean hondakin ez-arriskutsuak sailkatzeko instalazioaren proiektua lehendik dauden jarduerekin interakzioan gauzatzearen ondorio sinergiko posibleak aztertu dira, fase guztietan, eta ondorioztatu da ondorio garrantzitsuenak positiboak direla hondakinen kudeaketari dagokionez, eta metagarriak izaten ahal direla zaratari, hautsari eta trafikoari dagokienez, baina mugatuak, ingurunea industrializatuta dagoelako.
Proiektuarekin lotutako ingurumen inpaktuaren balorazio orokorra bateragarritzat jo da, baldin eta behar bezala betetzen badira ingurumen neurriak, eta proiektuaren fase guztietan ingurumena zaintzeko programa betetzen bada.
Istripu larrien edo hondamendien arriskuekiko kalteberatasunari buruz egindako azterketatik ondorioztatzen da proiektuak, oro har, kalteberatasun txiki edo ertaina duela ebaluatu diren jatorri natural, misto eta antropikoko arriskuen aurrean. Egia da halako gertakariren bat gertatzeak afekzio puntualak eragiten ahal dituztela makinerian, instalazioetan, zerbitzu sareetan eta jardueraren garapenean, baina afekzio gehienak denboran eta espazioan mugatuak izanen lirateke, eta ez lukete arriskuan jarriko instalazioaren egiturazko osotasuna eta proiektuaren bideragarritasuna. Proiektua ingurune industrial finkatu batean kokatzen denez, baso masarik ez dagoenez, arrisku natural handiekiko esposizioa txikia denez eta prebentzio-, segurtasun- eta kudeaketa-neurri egokiak hartu direnez, pentsatzen ahal da arrisku horien ondorioak bateragarriak edo ertainak izanen liratekeela eta, beraz, proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, kalteberatasunari begiratzen badiogu.
Zenbait neurri diseinatu dira identifikatutako ingurumen inpaktu esanguratsuak prebenitu, murriztu eta kontrolatzeko; hala, ingurumen baimena lortzeko eskatzen ahal diren baldintzak betetzen direla bermatzen da, bai eta instalazioaren funtzionamendu fase guztietan ingurumena eta pertsonen osasuna behar bezala babesten direla ere. Horiek horrela, emisioetan, isurketetan, hondakinen kudeaketan, lurzoruaren eta uren babesean, zarata dagoenean eta gainerako ingurumen faktore garrantzitsuetan aplikatzen ahal diren jarduera zehatzak gehitu dira.
Ingurumena Zaintzeko Programa bat prestatu da, ingurumenera egindako isurketen eta hondakinen kudeaketaren kontrol- eta jarraipen-sistema bat ezartze aldera, bai abian jartzeko fasean, bai ustiapenean, bai jarduera burutu ondoren. Horretarako, behar bezala zehaztu dira neurketako sistemak eta prozedurak, erabilitako metodologia, neurketen maiztasuna eta lortutako emaitzak ebaluatzeko prozedurak. Dokumentu bidezko erregistro bat sortuko da eta txostenak eginen dira fase guztietan; gero, hori guztia instalazioaren ingurumen kudeaketako sisteman sartuko da.
Egindako ingurumen azterketak ondorioztatzen du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurriek barne hartzen dute ingurumena zaintzeko programa bat, bai eta aplikatu beharreko ingurumen araudia zorrotz betetzea ere.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean; eta, orobat, ados agertu da ingurumen agiriak hautatu duen alternatibarekin.
Ingurumen-baimen integratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ez da proiektuaren ingurumen integraziorako baldintza gehigarririk jarri.
Proiektuak ingurumenean izanen duen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua ongi burutu denez gero, adierazitakoarekin bat etorriz eta 11/2019 Foru Legeak, martxoaren 11koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, eta 44/2026 Foru Dekretuak, ekainaren 24koak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoan ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duenak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Servicios Ecológicos Navarra SL enpresak Iruñean sustatutako hondakinak sailkatzeko instalazioaren proiektuak ez du eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, ingurumen-baimen integratuan atmosferara, uretara, lurzorura isurtzen diren substantzia kutsatzaileen eta zarataren eta bibrazioen kontrolari buruz jasotzen diren zehaztapenak betez gero, hondakinen kudeaketari buruzkoak ez ezik.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean paratzen ahal direnak deusetan galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta interesdunari igorriko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. Eranskina.–Proiektuaren kokalekua

1. irudia.–Instalazioen kokalekuaren mapa
Instalazioaren kokalekua, naturagune babestuei dagokienez:

29. irudia.–Natura 2000 Sareko eremu babestuak, aztergai den partzelaren ingurunean (25 km-ko erradioa)
Iragarkiaren kodea: F2610850
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
