Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
818E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko baten proiektuari buruz, barne hartuta haren ebakuazioko azpiegitura. Vegetales Línea Verde Navarra SA enpresak sustatzen du jarduera Tuteran.
Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira bidali du autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaiko baten proiektua, barne hartuta haren ebakuazioko azpiegitura. Vegetales Línea Verde Navarra SA enpresak sustatzen du jarduera Tuteran.
Txostenaren xede den eguzki-instalazio fotovoltaikoaren bidez, helburua da partzela berean dagoen beste instalazio bat handitzea, lehengoa dagoen tokitik 130 metro baino gutxiagora. Era berean, handik hurbil dago autokontsumorako beste eguzki-instalazio bat, industrialdeko estalki batean. Proiektua, bere kabuz, ez da iristen 21/2013 Legearen II. eranskineko atalaseetara, baina aipatutako proiektuek batera duten tamaina kontuan hartuta, atalase horietara iristea posible da. Horregatik, aipatutako legearen 7. artikuluko 2. puntuko d) apartatuaren arabera, eta sustatzaileak eskatu duenari jarraikiz, proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izanen luke.
1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.
2026ko otsailean, Enerlan Solutions SL enpresak, Vegetales Linea Verde Navarra SA sozietatearen ordezkari gisa, enpresa horretarako autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko baten proiektua, ingurumen dokumentua eta instalazio hori egiteko aurretiko administrazio baimenaren eta eraikuntza baimenaren eskabideak aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Geroago, 2026ko maiatzean, aurrez entregatutako dokumentazioaren zuzenketa bat aurkeztu zuen.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen dokumentazioa, iragarkia argitaratuta 2026ko maiatzaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (96. zk.), eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura abiaraztea helburu, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri zion dokumentazioa.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, iruzkinak edo iradokizunak egin zitzaten haien eskumeneko gaiei buruz. 13 kontsulta egin ziren, eta ez zen erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskinaren irizpideen arabera argitzeko ea proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar den edo ingurumen inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.
Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen-gaiei buruzko dokumentu bat dago, bat datorrena Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanek honako alderdi hauek jasotzen dituzte: alternatiben analisia, eragina izaten ahal duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sortzen ahal dituzten ekintzen identifikazioa eta horiek ingurumen faktoreetan dituzten eraginei buruzko ebaluazioa (eragin sinergikoak eta metatzaileak zein ezbehar larri edo hondamendien aurreko kalteberatasunaren ondoriozkoak barne hartuta), prebentzio eta zuzenketa neurriak, eta ingurumen jarraipena egiteko jarduketak.
2. Proiektuaren deskribapena.
Txostenaren xede den instalazioa soberakinak dituen autokontsumorako modalitatean dago, konpentsazio mekanismoari atxiki gabe. Esparru hesitu bakar bat du, 2,64 hektareakoa, Tuterako 12. poligonoko 189. nekazaritza-partzelan, Vegetales Línea Verde Navarra SA multzo industrialetik hurbil.
Instalazioa silizio monokristalinozko 2.673 eguzki-modulu fotovoltaikok osatuko lukete, multzokatuta, eta ardatz bateko eguzki-jarraitzailea duten egitura metaliko batzuen gainean jarrita, ipar-hego norabidean lerrokatuta eta ekialde-mendebalde norabideko mugimendua duten moduluekin; horri esker, gutxi gorabehera +-60º-ko jarraipen-tartea izatean ahal du. Egiturok zuzenean lurrera ainguratzea planteatzen da.
Modulu multzoak 6 inbertsoretara konektatuko dira; sortutako energia elektrikoa haietatik aterako da instalazioko esparruaren barruan dagoen transformazio zentroraino, eta tentsioa 13,2 kV-ra handituko da. Transformazio zentro horretatik, energia lurpeko 1.666 metroko linea elektriko baten bidez husten da, Corellako errepideko 5. km-an dagoen transformazio zentroraino. Transformazio zentro hori 13,2 kV-ko banaketa-sareko L24 Romerales zirkuituari dagokio. Linea horren diseinuak aurrez dauden bideak erabiltzen ditu, nagusiki.
Aurkeztutako ingurumen dokumentuaren arabera, kokalekuak malda leuneko orografia du; beraz, lur mugimendu oso gutxi proiektatzen dira, eta ez dauka ia afekziorik ingurumenean eta nekazaritzan.
Proiektuaren beste ekintza batzuk honako hauek dira: zangak zulatzea, ekoiztutako energia lur azpitik ebakuatzeko; lurrak mugitzea xaflei eusteko azpiegiturak, inbertsoreak eta transformazio zentroa instalatzeko eta hesi zinegetikoa duen perimetro-itxitura bat jartzea instalazioaren inguruan. Gutxienez 1,80 m-ko altuera izanen du, eta behealdean 20 cm-ko irekiera bat. Ez du elementu ebakitzaile edo zorrotzik izanen, eta ikusteko moduko seinaleztapen plakak izanen ditu itxituraren goiko aldean, hiru baotik behin.
Instalazioak ibilgailuentzako sarbide ona du; izan ere, NA-160 errepidetik datozen bideak erabiltzen ditu. Barruko bideak diseinatzeko, kontuan hartu da inbertsore fotovoltaikoen eta horiekin lotutako eguzki azpiegituren kokalekua, bai eta lurraren orografia ere. Proiektatu da 4 metroko zabalera, 20 cm-ko beheko oinarria eta zabor-legarrezko 20 cm-ko oinarria izanen dituztela.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren inpaktu nagusien tratamendua.
–Alternatiben azterketa:
Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentuak barne hartzen du instalazioa jartzeko tokien alternatiben analisi bat, zero alternatibaz gain beste bi aukera jasotzen dituena. Sustatzaileak alternatiba hori baztertu du, instalazioa ez bada gauzatzen Vegetales Linea Verde Navarra SA enpresak ez dituelako prozesu industrialak bere kabuz hornitzen ahalko; gainera, ez da energia berriztagarria sortzen ahalko, urteko eguzki ordu askoko ekoizteko ahalmena duen eremu horretan.
Aztertutako beste bi alternatibek oso antzeko ezaugarriak dituzte, oso hurbilekoak direlako eta bi kasuetan landa lurzoruko partzelak direlako, baina 2. alternatiba aukeratu da, sentikortasun txikiagoa duelako, MITECOk instalazio fotovoltaikoak ezartzeko duen ingurumen zonifikaziorako bisore kartografikoaren arabera; gainera, ur ibilguetatik urrutiago dago, eta aukera ematen du diseinu trinkoago bat erabiltzeko eta azalera txikiagoa okupatzeko, eta horri esker kostu txikiagoa du eta lur gutxiago mugitu behar da.
–Proiektuen inpaktu nagusien analisia:
- Geomorfologia eta lurzoruak:
Aurkeztutako ingurumen-dokumentuaren arabera, eraikuntza-fasean lurzoruak izanen duen afekzioaren arrazoi nagusiak dira makineria astunen joan-etorriek eta ireki beharreko bideak, bai eta halabeharrezko isurketek, ihesek edo jarioek eragindako kutsadurak ere. Geologian eta geomorfologian eragindako afekzioa fase horretan egindako indusketekin eta lur mugimenduekin dago lotuta, baina kontuan hartuta instalazioa ezartzeko eremua laua dela, sustatzaileak uste du gutxieneko egokitzapena egin beharko dela. Ustiapen-fasean, identifikatutako inpaktu nagusia mantentze lanetan halabeharrez gertatutako isurketekin lotutako da, eta desmuntatzeko fasean ez da aurreikusten lur mugimendu handirik, baina ingurumen dokumentazioaren arabera, gertatzen ahal da lurra trinkotzea eta kutsadura puntuala gertatzea, halabeharrezko isurketen ondorioz.
Fase guztietan, sustatzaileak bateragarritzat jotzen ditu inpaktu handienak.
- Landaretza, fauna eta babes figurak:
Eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzeko eremuak laborantza ureztatuko partzelak hartzen ditu; partzela horietan, landaredi natural bakarra lursailen arteko ezpondetan agertzen da, eta biodibertsitate txikia ematen duten eta erraz berreskuratzen diren espezie oso hedatuak dira. Ebakuazio linea lehendik zegoen bide batetik igarotzen da; landaredi naturalaren gaineko afekzioa ere ez da garrantzitsua. Aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz, aztertutako eremuan ez da aurkitu babestutako edo mehatxatutako landare alerik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere. Inpaktu nagusiak bateragarritzat jotzen dira.
Faunari dagokionez, ingurumen dokumentuak barne hartzen du proiektuaren eraginpeko laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa, zeinak 10 km-ko aldeak baitituzte, UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera eta Lehorreko Espezieen Espainiako Inbentarioaren arabera (IEET). Alabaina, kontuan hartuta gaur egun dauden habitatak eta trafiko handiko bideen eta industrialdearen hurbiltasuna, ez dirudi egokiak direnik intereseko edo katalogatutako espezieek ezarpenaren eremua okupatzeko.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eraikuntzaren fasean, faunaren gaineko inpaktu nagusiak zaratarekin, lurzoruaren aldaketarekin eta landarediaren gaineko afekzioarekin daude lotuta. Sustatzailearen ustez, instalazioa eraikitzeak 2,6 hektareako nekazaritza eremu bat galtzea ekarriko du, baina gainerako partzelak eta ondoko partzelek nekazaritza erabilera izaten jarraituko dute; beraz, fauna hurbileko ingurunera mugi liteke. Ustiapen fasean bada talka arriskua, baina lurpeko ebakuazio linea bat denez, arrisku hori saihesten da. Bestalde, perimetroa ixten bada, metalezko xaflekin seinaleztatuko da, eta horrek ere nabarmen murrizten du arrisku hori. Era berean, proposatu du modulu fotovoltaikoei islatzearen aurkako tratamendu bat aplikatzea, zeina lagungarria izanen baita panelak bisualki integratzeko, bai eta argiaren isla eta panelek hegaztietan eta kiropteroetan eragiten duten dei efektua minimizatzeko ere. Desmuntatzeko fasean, sustatzaileak uste du zenbait eragozpen sortuko zaizkiola faunari, baina litekeena da fauna hori antzeko ezaugarriak dituzten hurbileko eremuetara joatea. Inpaktu nagusiak bateragarritzat jotzen dira.
Proiektuak ez du eraginik ezein naturagune babestu eta intereseko eremutan, baina Pulguerko urmaela kontserbazio bereziko eremua (ES2200041) dago, instalazioa ezarri nahi den eremutik 1,8 km-ra, eta Cardeteko urmaela 650 metrora. Sustatzaileak ez du horien gaineko afekziorik aurreikusten, eta fase guztietan inpaktua hutsala dela aurreikusten du.
- Ondorio metagarriak eta sinergikoak:
Aurkeztutako ingurumen dokumentuaren arabera, ondorio metagarri eta sinergikoen ondorioz afekzioa izan duten inguruneko faktore nagusiak dira lurzorua, fauna, paisaia, ingurune sozioekonomikoa eta atmosfera.
Lurzoruari dagokionez, aurreikusten da instalazio hau eraikita, eta proiektuaren esparrutik 5 km-ko ingurunean, nekazaritzako lurren azalera %0,1 murriztuko dela eta, beraz, inpaktua oso txikia eta bateragarria izanen litzatekeela.
Ikusmenaren eta paisaiaren intrusioari dagokionez, dokumentuaren arabera, dauden instalazioak eta proiektatutakoa jende asko ibiltzen den herriguneetatik urruneko nekazaritza lurretan daude; gainera, ebakuazio lineak gehienetan lurpekoak dira, eta horrek obra zibilaren, paisaiaren, faunaren eta abarren inpaktua murrizten du.
Kasu guztietan, bateragarritzat jotzen ditu inpaktu sinergiko eta metagarri handienak.
4. Proposamena.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa eta eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena eman du eta adierazi du ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela egokia haren ingurumen-ebaluazio arruntaren tramitazioa hastea, eta aurreikusten dela proiektuen ingurumen-eragina bateragarria izatea ingurune hartako naturaren balioekin, baldin eta proiektuak betetzen baditu ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta horiez gain, Ingurumen Eraginaren Azterketa honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuen baimen substantiboan jasoko direnak:
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoak eta berorren ebakuazio azpiegiturak, Vegetales Línea Verde Navarra SA enpresak Tutera udalerrian sustatzen duenak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Paisaiaren inguruko eraginei dagokienez, Paisaiaren eta Landa-Lurzoruaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, zeina atal berean izapidetzen den lurzoru urbanizaezineko jarduketen baimenean txertatzen ahalko baita.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
–Eguzki-instalazio fotovoltaikoak lurzoruaren topografia naturalera egokitu beharko du, bai eta ezponda berriak eta indusketen ondoriozko hondakin lurrak sortzea saihestu ere, eta ahal dela egitura fotovoltaikoaren euskarriak lurrean zuzenean finkatuz ezarriko dira. Lurra berdintzeko lanik egin behar bada, ez dira gainazal handi batean eginen, eta ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur erauzketarik edo lubetarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez landare-lurrezko 30 cm-ko geruza jarriko da eta landarediz estaliko da.
–Ebakuazioko azpiegiturak lurpekoak izanen dira zati guztietan, proiektuan adierazten den moduan.
–Plakak instalatuko diren eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Ahal den guztietan, hormigoia erabiltzea saihestuko da.
–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
–Lagomorfoak, karraskariak edo bestelako animaliak kontrolatu behar badira, dagozkion baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira, eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.
–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
–Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta kolore ez-nabarmenak erabiliz, paisaian integratzea errazten dutenak.
–Zuinketa egiten den bitartean, ikusteko moduko zerrendaz eta markaz balizatuko dira obrek ukitutako eremu guztiak. Laborantzako lurren barruan soilik balizatuko da. Obrako bide lagungarriak lehendik daudenak soilik izanen dira, edo balizatutako eragin perimetroaren barruan egiten direnak.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hastean, landare lurrezko geruza kenduko da, eta hondeaketaren gainerako materialetatik bereizita bilduko da, bukaeran lehengoratzeko erabiltze aldera. Landare-lur hori horretarako hautatutako espazioetan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuta. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatuko da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte, alderdi fisiografikoari dagokionez.
–Ondoren, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazaletan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, bertako belardiko hazien nahasketa bat ereinen da; haziek egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Ereintza egiteko, ahalik eta mantentze lan txikiena eskatzen duten eta klimara eta eremura egokituta dauden espezie autoktonoak erabiliko dira. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri beharko da landaredia.
–Gainera, ingurumena eta paisaia hobeki integratzeko, zuhaixkaz egindako hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan. Landatzeko garaiak, klima eta abar kontuan hartu behar direnez zuhaixka horiek jartzeko, obrak burutu ondoren landatuko dira, landatzeko lehen aldian, eta espezie hauetakoren bat erabiliko da: Lavandula latifolia, Rosmarinus officinalis, Retama sphaerocarpa, Jasminum fruticans, Rhamnus lyciodes, Juniperus phoenicea, Quercus coccifera edo Pistacia lentiscus. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki instalazioaren bizitza baliagarri osoan.
–Ingurumen txosten hau egiten da deusetan galarazi gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko txosten eta baimen guztiak lortu behar izatea.
–Ustiapen aldia bukatzean, eguzki-instalazioak ukitutako eremuko landaredia leheneratuko da, urtebete igaro aurretik. Instalazio guztiak behar bezala desmuntatu eta kenduko dira; hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuko dira, eta landare estalkia leheneratuko da. Jarduketa horiek dagokien ingurumen ebaluazioko prozeduraren esparruan eginen dira.
–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea gmatudela@navarra.es, 948847033 /609904957).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean paratzen ahal direnak deusetan galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitatea), Tuterako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2610851
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
