1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
790E/2026 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honi buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita: industria- eta merkataritza-ontziak balorizatzeko proiektua. Vicente Zalba Servicio de Reparación de Palets SL enpresak sustatu du jarduera, Berriobeitin.
2026ko otsailaren 9an, industria- eta merkataritza-ontziak bildu, sailkatu, berregokitu, konpondu, fabrikatu eta banatzeko Vicente Zalba Servicio de Reparación de Palets SLk Berriobeitin sustatutako proiektua igorri zion Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektua, bere ezaugarriak direla-eta, sailkatuta dago 9.b) taldean (Bestelako proiektuak. Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, salbu eta ekoizteko tokiak hondakin propio ez-arriskutsuak ezabatzea edo balorizatzea), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinekoan. Beraz, arau horretan xedatutakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
–Aurrekariak.
Viserpalek gaur egun badauzka ingurumen baimen bateratua (jatorriz, jarduera eta irekiera lizentziak) eta hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena, Berriobeitiko (Nafarroa) establezimendu batean duen jarduera gauzatzeko. Ingurumenarekin loturarik ez duten zenbait inguruabar direla-eta, jardueraren kokalekua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu honen xede den tokira eraman da.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
Emandako ingurumen dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, kontsulta egin zaie Berriobeitiko Udalari, Ekologistak martxan Iruñea-Ecologistas en acción talde ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.
Epea agortuta, ez da egindako kontsulten inguruko erantzunik jaso.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Instalazioan, nagusiki, ontzi eta ontzi-hondakin industrial eta komertzialak bildu, sailkatu, berregokitu, konpondu, fabrikatu eta banantzen dira, batez ere zurezko paletak. Ontzi hondakinak balorizatzeko jardueratzat hartzen da, eta hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena behar du. Kudeatzeko eragiketak R0309, R0305, R1203 eta R1301 dira. Produktu hauek lortzen dira: ontzi berriak (batez ere egurrezko paletak), berregokitu edo konpondu behar ez diren ontziak, ontzi berregokituak eta ontzi konponduak.
Instalatutako guztizko potentzia ezpaltzeko errotari dagokio funtsean, 55 kW-koa da eta halakoak tratatzeko gehieneko gaitasuna, 1,5 t/h-koa. Sortutako ezpala 25 mm-koa da.
Proiektua gauzatzeko fasean, obra arrunta egiten da, egitura eta estalkia berritzeko, instalazioak gauzatzeko, makineria ezartzeko eta kanpoko zelaia egokitzeko.
Jarduera berria Gipuzkoako errepidearen 7. zenbakian dago, Berriobeitin (Nafarroa), N-240-A errepideko 8,5 kilometroan, 12. poligonoan, 175. partzelan, eta 12.825 m²-ko azalera du guztira. Aurretik bada pabilioi industrial bat, 3.056 m²-ko azalera eraikia duena, 60 x 46 m-koa, bi isurkiko 3 moduluz osatua. Pabiloian prozesu-eremuak, bulegoak, komunak, aldagelak eta instalazio osagarrietarako lokalak daude. Moduluei atxikita beste pabilioi industrial bat dago, 15 x 17 m-koa. Horretan ere prozesu-eremuak daude. Gainontzean, instalazioak zelai bat du kanpoan, partzialki zolatua, eta hortxe daude ontziak biltegiratzeko instalazioak. Era berean, kanpoko zelaian daude tratamendu fitosanitarioko kabina, zikloia eta ezpaltzeko errota. Berriobeitiko 12. poligonoko 175. katastro-partzela Elkarteko (Berriobeiti) industria-lurzoruko BPI-4 unitatean dago, eta haren hirigintza-fitxaren arabera, hiri-lurzorua da eta erabilera industrialak eta bateragarriak ditu.


Eremuko geologia eta geomorfologia, landaredia, lurzoruaren erabilerak eta hidrografia aztertu dira. Ez da erabiltzen zuzenean inolako baliabide naturalik, eta ez da aurreikusten prozesuan ura erabiltzerik. Energia elektrikoaren aurreikusitako urteko gehieneko kontsumoa 200 MWh-koa da. Kabinarako eta makineriarako gasolioa erabiltzen da, urtean 15 m³ baino gutxiago.
Ustiapen fasean, aurreikusten da atmosferara partikula solidoak eta errekuntzako gasak emitituko direla, baina garrantzi txikiko kantitateetan. Emisioen iturriak taulak eta listoiak zerratzearen ondoriozko partikula solidoak eta tratamendu fitosanitarioko kabinan ontziei egiten zaien tratamendua (termikoa) dira. Zikloi bat dago zurezko partikulak xurgatzeko, eta 8.500 m³/h-ko emari zenbatetsia du. Kabinak gasolioa erabiltzen du, gehienez ere 355 kW-ko potentzian. Oso noizbehinka erabiltzen da (jardueraren funtzionamendu osoaren %5 baino gutxiago).
Ez da sortzen zarata edo bibrazio esanguratsurik. Era berean, ez da sortzen ez proiektatzen industriako hondakin-uren isurketarik, etxeko hondakin-urena soilik, zeinak jabari publiko hidraulikora isurtzen baitira, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimenarekin. Kudeatutako hondakinak ez dira arriskutsuak, zurezko, paperezko eta kartoi eta plastikozko ontziak dira, eta urtean 6.000 t inguru izaten dira. Halaber, sortutako hondakin nagusiak ez dira arriskutsuak: metalak, zura, papera eta kartoia eta plastikoa (1.200 t/urte, gutxi gorabehera). Era berean, ez da sortzen ez proiektatzen lurrera doan emisiorik. Gainazaleko gasolio biltegi bat dago, horma bikoitzekoa, 1.000 litroko edukiera duena. Nolanahi ere, ez da aurreikusten beste substantzia arriskutsu esanguratsurik erabili, ekoitzi edo isurtzerik.
Ez da aurreikusten ingurumenean ondorio negatibo nabarmenak izaten ahal dituen funtzionamendu anomaloko egoerarik. Ingurumenaren ikuspegitik, inguruan ez dago balio natural bereziki sentikorrik. Ez dago eremu babestu batean, ez eta ingurumen arloko afekzio nabarmenak diruen eremu batean ere.
Ustiapen-fasean baliabideen kontsumoari eta atmosferara eta jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez egoten ahal diren ondorioak kenduta, ez da identifikatu inpaktua pairatzen ahal duen inolako ingurumen alderdirik. Ez da aurreikusten landaredian edo faunan inolako kalterik eragitea.
Teknikoki bideragarriak diren alternatibak definitu dira: zeroa, esku ez hartzekoa, eta lehenengoa, egungo proiektukoa. Planteatutako kokalekua egokia da (gaur egungo kokapenetik hurbil dago, zuzeneko sarbidea du errepidetik, dauden pabiloien eta zelaiaren tamaina eta osaera onak dira...). Etxeko hondakin-uren isurketak ezin dira dauden saneamendu-sareetara bideratu; horregatik, jabari publiko hidraulikora isuriko dira, eskatutako isurketa baimenari jarraikiz. Hori dela eta, uste da egokiena dela ikuspegi tekniko eta teknikotik, bai eta ingurumen aldetik ere.
Egikaritze fasean, ez da aurreikusten ingurumeneko faktoreetan ondorio nabarmenik eraginen denik eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da. Ustiapen-fasean, partikula solidoen, errekuntza-gasen eta etxeko hondakin-uren garrantzi txikiko kantitateak soilik isuriko dira. Beraz, garrantzi txikiko ondorioak aurreikusten dira. Ustiapen faseko inpaktu orokorra, berriz, bateragarritzat jotzen da. Jarduera eteteko fasean, ez da aurreikusten ondorio nabarmenik eraginen denik ingurumeneko faktoreetan, jarduera osoa instalazioa desmuntatzea izanen litzatekeelako, hau da, ekipamenduak lekualdatu edo saltzea, eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.
Ez da identifikatu ondoriorik proiektuak istripu larrien edo hondamendien aurrean izaten ahal duten kalteberatasunarekin lotuta ere. Halaber, ez da aurreikusten ondorio esanguratsurik ingurumenean, halakorik gertatuz gero. Nolanahi ere, industriako segurtasun erregelamenduen eraginpeko instalazio eta ekipamenduek erregelamendu horietan xedatutakoa beteko dute.
Ez da ezarriko prebentzio neurri gehigarririk, hondakinen tratamendurako aplikagarriak diren teknika erabilgarri onenen atalean proiektuan deskribatu direnez gain; hauek dira: airea xurgatzeko sistemen eta zikloien erabilera konbinatua, MTD14d eta MTD25 gisa jasoa, biak ala biak 2018ko abuztuaren 10eko Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian ezarriak. Era berean, deskribatutako hondakinak kudeatzeko, hondakinen hierarkia mantenduko da.
Ingurumenaren jarraipenean, baimen substantiboaren eta ingurumen baimen bateratuaren baldintzetan zehaztutako kontrolak eginen dira.
Horregatik guztiagatik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira; eta, orobat, ados agertu da ingurumen agiriak hautatu duen alternatibarekin.
Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ez da proiektuaren ingurumen integraziorako baldintza gehigarririk jarri.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Vicente Zalba Servicio de Reparación de Palets SLk Berriobeitin sustatutako proiektuak, industria- eta merkataritza-ontziak bildu, sailkatu, berregokitu, konpondu, fabrikatu eta banatzekoak, ez du eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, baldin eta ingurumen baimen bateratuan atmosferara, uretara, lurzorura isurtzen diren substantzia kutsatzaileen eta zarataren eta bibrazioen kontrolari buruz jasotzen diren zehaztapenak betetzen badira, baita hondakinen kudeaketari buruzkoak ere.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean paratzen ahal direnak deusetan galarazi gabe.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruña, 2026ko uztailaren 23a.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2610841