165. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

826E/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honi buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita: "BESS Caltán Biltegiratzea (0181-ALM) 5 MW / 20 MWh eta haren ebakuazio azpiegitura". Jarduera Energía Iota Storage SL enpresak sustatzen du, Cascante udal-mugartean.

2026ko maiatzaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Azpiegitura Energetikoen Atalak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 4. taldearen n) apartatuan sartuta dago proiektu hau (energia stand-alone biltegiratzea bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiarekin), eta, horregatik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar du.

–Proiektuaren aurrekariak eta deskribapena.

Jardueraren helburua BESS Caltán izeneko Biltegiratze Instalazioa eraikitzea da. Instalazio horrek 5 MW-ko potentzia eta 20 MWh-ko biltegiratze edukiera du, eta Cascanteko 11. poligonoko 74. partzelako 0,67 hektareatatik 0.04 hektarea hartuko lituzke (hesitutako azalera). Instalazioaren perimetroa hesitu eginen litzateke.

Instalaziotik, 30 kV-ko lurpeko linea baten bidez ebakuatuko da energia, baterietatik hurbil eraikiko den Tuterako azpiestazio biltzaile/jasotzaile berrira arte, eta, ondoren, hura 66 kV-ko lurpeko konexio linea baten bidez konektatuko da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresaren (aurrerantzean, I-DE) jabetzako Tuterako 66 kV-ko azpiestaziora. Azpiestazio biltzaile/jasotzailetik Tuterako azpiestaziorako ebakuazio linea Ríos Renovables SLU enpresarekin sustatzen da, eta lotuta dago Collado, Valoria, Estremar, Baster eta Tablar instalazio fotovoltaikoen espedienteekin, zeinak ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena baitu, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 377E/2026 Ebazpenak emana (0001-0035-2026-000010 espedientea). Horregatik, Tuterako azpiestazio biltzaile/jasotzailea eta 66 kV-ko Tutera azpiestaziora arteko ebakuazioa ez dira aztertuko ebaluazio honetan.

Biltegiratzeko instalazioak barne hartuko ditu LPF ioien (litioferrofosfatoa) zenbait bateria, eta 5 MW-ko potentzia nominala izanen du, nagusiki 4 biltegiratze edukiontziz eta Sungrow MVS5140-LS transformazio estazio batez osatua. Edukiontzien oinarrian hormigoizko lauza bat egonen da, 4,5 metroko zabalera, 14,2 metroko luzera eta 30 cm-ko sakonera izanen dituena.

Sustatzaileak perimetroan hesia jartzea proposatzen du. Hesi zinegetikoa izanen da. Alanbre galvanizatuzko sarearekin eginen da eta 2,30 m-ko altuera izanen du, ingurumen inpaktuaren azterketaren arabera. Sarea metalikoa izanen da, bihurdura sinplearekin, edo sare zinegetikoa, kontraesanak baitaude proiektuaren zenbait ataletan. Sarbide ate bat instalatuko da, 9 metroko luzerakoa ukipenen azterketaren arabera, eta metro bateko ate atxikia izanen du. Hesiaren ainguralekuak hormigoizko idulki batzuetara lotuta egonen dira. Zutoin batetik bestera 2,5 metroko tartea egonen da.

Ez da aurreikusten argi kutsadurarik instalazioa martxan dagoen bitartean.

Baterietatik Tuterako azpiestazio biltzaile/jasotzaile berrira lurpetik hustuko da energia, 30 kV-ko tentsio nominalekin. Luzera 78 metrokoa izanen da.

Baterien bidezko biltegiratze instalazioen helburua da sistema elektrikoaren sareari malgutasuna eta segurtasuna ematea.

Instalazioa ezartzeko partzelak, katastroaren arabera, ureztaketako landa-lurzoruen erabilera du. Lursailak topografia laua edo malda leuna du, eta Tutera-Tarazona errepidetik (N-121C) iristen da hara, 5. km-a igaro ondoren dagoen bidetik. Bide horretatik 6 metro inguru eta 5 metroko zabalera izanen dituen bide bat eraikiko da, BESS instalaziora iristeko.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

Emandako ingurumen dokumentua bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

Agiri horien artean daude proiektuaren xedea eta deskribapena, alternatiben azterketa, ingurumen inbentarioa –funtsezko prozesuak eta interakzioak deskribatuta–, inpaktuen identifikazioa eta balorazioa, neurri babesle eta zuzentzaileak, proiektuak istripu larri edo hondamendien aurrean duen kalteberatasuna, aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile edo konpentsatzaileak eta proiektuaren ingurumen jarraipena.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Erakunde hauek kontsultatu dira: Cascanteko Udala; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Iruñeko Ekologistak Martxan; Gurelur Ingurune naturala babesteko Nafarroako Funtsa; Lurraren defentsarako Lurra elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

Epea agortuta, ez da egindako kontsulten inguruko erantzunik jaso.

–Ingurumen-ebaluazioa. Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Aurkeztutako ingurumen dokumentazioak barne hartzen du konexio puntuaren inguruko alternatiben azterketa bat; horren arabera, eta zenbait irizpide kontuan hartuta, 11. poligonoko 74. partzela da aukerarik onena, etorkizuneko Tuterako azpiestazio biltzaile/jasotzailetik gertu dagoelako.

Hala, erabaki da ebakuazio lineak ahalik eta afekziorik txikiena izanen duen ibilbidea izatea, eta lurpetik joatea. Bestalde, nahiz eta ez den eskatu ondoko Tuterako Azpiestazio biltzaile/jasotzailearen ebaluazioa, zeinak jada baduen ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena, azpiestazio hori ingurumen-inpaktuaren azterketan jasota dago eta haren aurreko izapidea kontuan hartzen da gauzatutako ebaluazioan. Alabaina, ebaluazio honek ez du barne hartzen azpiestazio hori.

Azpiestazio biltzaile/jasotzailea eta azpiestazio horretatik Tuterako 66 kV-ko azpiestaziora arteko ebakuazio linea gauzatzeko baldintzek nahitaez bete beharko dituzte Collado (5496-CE), Valoria (5480-CE), Estremar (5481-CE), Baster (5624-CE) eta Tablar (5623-CE) eguzki-instalazio fotovoltaikoek beren proiektuetan egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak.

Instalazioaren ezarpen eremuaren morfologia zelaia da nagusiki, eta azalera txikia du; beraz, ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen lirateke. Horrek aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen lituzke, eta, ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua garrantzi txikikotzat edo hutsaltzat jotzen da, eraikuntzako eta ustiapeneko faseetan.

Baterien instalazioa aldizkako ur korronte batetik gertu dago, eta horietara gutxienez 10 metroko tartea uztea proiektatu da; korronte horiek ez dute eraginik izanen, eta, beraz, inpaktu posibleak garrantzi txikikotzat jotzen dira.

Proiektuaren eremuaren arabera, ez da aurreikusi Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko ezein gunetan ere. Horrek berresten du jarduketa eremua ingurune oso antropizatu batean dagoela, hainbat bide- eta eraikuntza-azpiegitura ditu gertu, eta, beraz, interes handiko fauna- edo landare-komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.

Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri ondoren, inpakturik handiena paisaian gertatzen da. Nolanahi ere, inpaktu bateragarria da, are gehiago kontuan hartzen bada partzela nola eraldatuko den, jada ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena jaso duen azpiestazioa eraikitzean.

Ustiapen-fasean aurreikusten da zarata-mailak handitzea, nagusiki klimatizazioko ekipamenduak ezarriko direlako, baina ez da zarata handia izanen eta gaur egungo araudiaren barruan egonen da, ez baititu baimendutako balioak gaindituko.

Hidrologian eta hidrogeologian, landaretzan, habitatean eta faunan eraginen den afekzioa garrantzi txikikoa edo, zenbait tokitan, hutsala izanen dela aurreikusten da, eta inpaktuaren balorazio orokorra, berriz, bateragarria. Hala, sustatzaileak uste du proiektua ingurumen aldetik bideragarria dela.

Inpaktuak minimizatzeko, zenbait prebentzio eta zuzenketa neurri proiektatu dira, obra fasean airearen kalitatearen gaineko eragina zein kutsadura akustikoak eragindakoa minimizatzeko, baita geomorfologiaren, zoruaren, uraren, landarediaren eta faunaren ingurukoak ere.

Azpimarratu duenez, argi motak dimentsionatu eginen dira, argi kutsadura bertikala eta itsualdiak minimizatzeko. Horretarako, funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren eremuak soilik argiztatuko dira, eta gainerako luminariak larrialdi kasuetan edo laneko segurtasunerako behar direnean soilik erabiliko dira.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan leheneratze plan bat eta leheneratze neurriak jaso dira, barne hartuta eraldatutako gainazalen tratamendua eta landareztatzeko proiektua.

Azkenik, ingurumen-inpaktuaren azterketan ingurumenaren jarraipena egiteko plan bat jaso da. Horretan, aurretiko jarduerak eta obrak egin bitarteko txostenak jasoko dira, baita ustiatzeko eta desmuntatzeko faseetakoak ere, eta kontrol gehienak eraikitze fasean eginen dira, jarraipeneko adierazle asko erabiliz.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela tokiko ingurune naturalaren balioekin; horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du Energía Iota Storage SL enpresak Cascante udal-mugartean sustatutako "BESS Caltán Biltegiratzea (0181-ALM) 5 MW / 20 MWh eta haren ebakuazio azpiegitura" proiekturako, baldin eta proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatutako neurriak eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta 44/2026 Foru Dekretua, ekainaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoan ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duena,

EBAZTEN DUT:

1. Energía Iota Storage SL enpresak Cascante udal-mugartean sustatutako "BESS Caltán Biltegiratzea (0181-ALM) 5 MW / 20 MWh eta haren ebakuazio azpiegitura" proiektuak ez du inpaktu nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ebakuazio linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berriak baliatuta.

–Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko du.

–Drainatze sarea diseinatzeko, kontuan hartu beharko da ez ditzala aldarazi topografiaren ondoriozko hustubide naturalak eta partzelako aldizkako ibilguen eta jarioen hustubideak.

–Ez da egin beharko isurketarik, ez eta solido arrasterik ere, instalazioaren hego-ekialdean dagoen aldi baterako ibilguan.

–Hesi perimetrala ahalik eta gehien egokitu beharko da bateriek eta sarbideak hartzen duten azalerara.

–Hesi perimetrala zutoinen bidez bakarrik finkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzen uzteko, eta horretarako, beheko aldean tarte bat utzi beharko da lurzorura, 20 cm-koa.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.

–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Ezarpen eremuko landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa berariaz debekatzen da herbizidak erabiltzea.

−Lagomorfoen, karraskarien edo beste animalia batzuen kontrola egin behar bada, dagozkion baimenak lortu beharko dira lehenbizik.

–Ustiapen fasean, dagokion jarraipena egin beharko da, sortzen diren soinu mailak indarrean dagoen araudiak ezarritako mugen barruan daudela kontrolatzeko. Hala ez bada, zarata arintzeko neurriak ezarri beharko dira, hala nola zarataren aurkako hesiak jartzea edo instalazioan bestelako hobekuntzak egitea.

−Biltegiratze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den eremuan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.

–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak aldatutako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.

−Lanek aldatutako eremu guztiak eta lanen ondoren mantenduko ez diren bideak behar bezala leheneratu beharko dira, lanak egin aurreko erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

−Ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak bete beharko dira, bai eta Ingurumena Zaintzeko Planean eta Leheneratze Planean jasotako guztia ere.

–Lanak hasi aurretik, lan eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Ezinbestekoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonera duen landare-lurrezko geruza bat erauziko da hasteko; lur-geruza hori hondeatutako gainerako lurretik bereizita pilatu beharko da, eta berriro jarriko da gainazalean zanga betetzen denean.

–Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.

–Obra hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi behar zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuta.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Tuterako barrutiari (gmatudela@navarra.es) edo 609904957 telefonora deitu.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onesten duen xedapen orokorraren aurka bide judizialean paratzen ahal direnak deusetan galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia), Cascanteko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2610852