1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
150/2026 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira 1 MW-eko "Viana Baikal II" eguzki instalazio fotovoltaikorako eta haren transformazio- eta ebakuazio-azpiegituretarako, Vianako udal mugartean.
1.–Aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera.
Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, 2024ko uztailaren 26an, Baikal Solar SLUk aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zituen "Viana Baikal II" eguzki instalazio fotovoltaikorako (1 MW) eta haren transformazio- eta ebakuazio-azpiegituretarako, Vianako udal mugartean.
Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, eguzki instalazioa Vianako 19. poligonoko 617. eta 618. lurzatietan kokatuta dago, eta proiektua, oro har hartuta, honako elementu nagusi hauek osatzen dute:
- Aldebiko 1.680 modulu fotovoltaiko, Trinaren TSM-NEG21C.20 modelokoak edo antzekoak, 710 Wp-ekoak, guztira 1.371,72 KWp-eko potentzia erpin dutenak. Panelak lurrean tinkaturiko egitura finkoaren gainean jarriko dira, bi modulu-errenkada hegoaldera begira jarri ahal izateko, posizio bertikalean.
- 4 inbertsore, Goodwe-ren GW250KN - HT modelokoak edo antzekoak, 250 kW-ekoak, guztira 1 MW-eko potentzia izendatua dutenak.
- Transformazio zentroa, hormigoizko etxola monobloke prefabrikatuan, 1.000 kVA-ko potentziako transformadore batekin, inbertsoreen irteerako tentsioa (800 V) 13,2 kV-era igotzeko.
- Erdi-tentsioko lurpeko konexioa (824,5 metrokoa, AL EPROTENAX H COMPACT AL HEPRZ1 12/20kV motako eroalearekin edo antzekoarekin), lotzen dituena transformazio zentroa eta ebakitze-zentroa, 13,2 kV-eko "Viana-Recajo" 2. lineako 9. euskarriko konexio-puntuaren ondoan kokatua.
Beraz, bat etorrita azaroaren 5eko 997/2025 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoarekin, eguzki instalazio fotovoltaikoaren potentzia instalatua 1 MW da.
Aipatzekoa da instalazio horrek lurzatiak eta ebakuazio-azpiegitura partekatzen dituela "Viana Baikal" (5583-CE) eguzki instalazio fotovoltaikoarekin.
2.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideak.
Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan agindutakoa betetzeko, eskaera jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean, eta, horretarako, iragarkia paratu zen 2024ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 17koan, eta dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web-fitxan argitaratu zen. Halaber, informazioa Vianako Udalari bidali zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan.
Ez zen alegaziorik jaso.
Horrekin batera, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien honako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso ziren:
ERAKUNDEA | TXOSTENA | DATA |
Vianako Udala | - | - |
Ondare Arkitektonikoaren Atala | 5 | 2024-11-13 |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | 3 | 2024-10-28 |
Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua | 1 | 2024-10-22 |
Aireportuen eta Aire Nabigazioaren Zuzendariordetza Nagusia | 4 | 2024-11-05 |
Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia | 2 | 2024-10-23 |
I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | 6 | 2024-12-18 |
Araudi berari jarraituz, txostenak sustatzaileari igorri zitzaizkion, eta berak erantzuna aurkeztu zuen.
Txosten horien edukia eta azterketa ebazpen honen eranskinean laburbiltzen dira.
3.–Ingurumen ukipenen ebaluazioa, aldekoa, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 10eko 320E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenen txostena eman zen, proiektuaren aldekoa, betiere, proiektuaren exekuzioan ingurumen ebazpenean adierazitako baldintzak betetzeko beharra ezarrita.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 18ko 107E/2026 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileretarako baimena eman zen proiekturako, hirigintza ebazpenean bertan jasotako determinazioak bete beharko direla ohartarazita.
2026ko uztailaren 22an, sustatzaileak proiektuaren eranskina aurkeztu zuen, azken ebazpen horren baldintzetara egokitzeko xedez; hala, hesiaren perimetroa atzera eraman zuen eta modulu fotovoltaikoen kokapenaren banaketa berria egin zuen, eta, horrenbestez, lurraren okupazioa murriztu da. Moldaketa horrek ez dakar funtsezko aldaketarik proiektuaren konfigurazio orokorrean, instalazioaren potentzian eta hari lotutako azpiegituretan, eta, beraz, bateragarritzat jotzen da emandako erabaki sektorialekin eta ebazpen honen bidez ematen diren baimenen xedearekin.
4.–Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko proposamena.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoa betez, jasota dago egiaztatuta daudela Baikal Solar SLUren legezko gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa.
Bestalde, Baikal Solar SLUk badu banaketa sarearen kudeatzaileak emandako sarbide-eta konexio-baimena proiektatutako konexio tokian.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoari jarraituz, Industria Antolamenduaren, Energia Azpiegituren eta Meatzeen Zerbitzuko Energia Azpiegituren Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela eta, horrenbestez, proposatu du Baikal Solar SLUri "Viana Baikal II" eguzki instalazio fotovoltaikorako aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea 1 MW-eko "Viana Baikal II" eguzki instalazio fotovoltaikorako eta haren transformazio- eta ebakuazio-azpiegituretarako, Vianako udal mugartean, aurkeztutako proiektuak onestea eta hogeita hamasei hilabeteko epea ematea exekuziorako.
2. Baimen hauek emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, bat etorrita aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin.
3. Aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira instalazioak, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatuarekin: maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua, onesten dituena Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak, JTO-GTE 01etik 23ra; otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua, onesten dituena Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak, JTO-GTL 01etik 09ra; eta abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua, onesten duena Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa.
4. Proiektua gauzatutakoan, probetarako behin-behineko ustiapen akta eskatu beharko du eskatzaileak. Eskaera horrekin batera obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuko da, teknikari eskudun batek sinatua, baita araudian ezarritako gainerako agiriak ere.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzura.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Baikal Solar SLUri eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hilabete iragan baino lehen, errekurtsoan espedientearen kodea adierazita.
8. Ebazpen hau jakinaraztea Vianako Udalari, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziari eta Aireportuen eta Aire Nabigazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, eta ohartaraztea beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalaren aurrean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren hurrengotik zenbatzen hasita, ezertan eragotzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu-epeetan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 4an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK
Jarraian, jasotako txostenen laburpena eta azterketa azalduko dira:
1. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua.
2024ko urriaren 22an, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuak txostena aurkeztu zuen, eta horren bidez honakoa jakinarazi zuen: "aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jarduketak ez du inolako ukipenik eragiten Nafarroako Errepide Sarean".
2. txostena.–Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia.
2024ko urriaren 23an, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak txostena aurkeztu zuen, eta, horren bidez, adierazi zuen ez duela eskumenik eman ditzakeen baimenei buruzko iritzia emateko. Era berean, adierazi zuen ezin izanen dela inolako eraikuntzarik, instalaziorik edo landaketarik egin zortasun aeronautikoek ukitutako espazio eta eremuetan.
3. txostena.–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
2024ko abenduaren 18an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena aurkeztu zuen eta bertan adierazi instalazio fotovoltaikoak eta haren ebakuazio lineak ukitutako lurretan eta hurbileko ingurunean ez dagoela aztarnategi arkeologikorik katalogatuta.
4. txostena.–Aireportuen eta Aire Nabigazioaren Zuzendariordetza Nagusia.
2024ko azaroaren 5ean, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Aireportuen eta Aire Nabigazioaren Zuzendariordetza Nagusiak idazki bat aurkeztu zuen, zuzendaritza nagusi horrek ez duela txostenik egin behar adierazteko. Nolanahi ere, gogorarazi zuen zortasun aeronautikoek ukitutako eremuetan edozein eraikuntza, instalazio edo landaketa jartzeko, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak emandako aldeko erabakia beharko dela aurretik.
5. txostena.–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atala.
2024ko azaroaren 13an, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena aurkeztu zuen, atal horren adostasuna jakinarazteko, haren eskumeneko gaietan.
6. txostena.–I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.
2024ko abenduaren 18an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk txosten bat aurkeztu zuen, non adierazten baitu beharrezkoa dela teleaginduzko ebakitze-zentro bat jartzea, 13,2 kV-eko "Viana-Recajo" 2. linearako sarreraren/irteeraren bidez, bai eta sustatzaileek dagokion proiektu elektrikoa aurkeztea ere.
Erantzuna: Sustatzaileak berretsi du proiektu hori idazten ari dela eta, banatzaileak onesten duenean, baimena izapidetuko dela.
Iragarkiaren kodea: F2610830