164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURIETA

Deialdia, taxi-lizentzia bat adjudikatzeko

Murietako Udalak, 2026ko uztailaren 2an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen deialdi bat onestea, taxi-lizentzia bat adjudikatzeko, lehiaketa bidez, Murietako udal-mugarterako.

Eskaintzak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Murietan, 2026ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Felipe Ajona Chasco.

DEIALDIA, LIZENTZIA BAT LEHIAKETA BIDEZ EMATEKO, MURIETAKO UDAL-MUGARTEAN TAXI ZERBITZUA ESKAINTZEKO. OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da taxi-lizentzia bat ematea, lehiaketa bidez, hiriko taxi zerbitzua eskaintzeko Murietako udal-mugartean; hori guztia, jarraikiz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezarritakoari.

Zerbitzua Murietako udal-mugartean eginen da oso-osorik.

Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 18. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak egiteko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Arau hauetan jasota dago deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa: 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 1955eko ekainaren 17ko Dekretua, onesten duena Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua; 280/1990 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua; Taxiari buruzko 9/2005 Legea eta haren aldaketa (ekainaren 30eko 8/2025 Foru Legea) eta horiek guztiak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak, aplikagarriak baitira.

3.–Taxi-lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, eta 18tik urtetik gorakoa, baina ez gainditzea Zirkulazio Kodean edo arlo honetan indarrean dagoen legedian jarduera mota honetarako ezarritako adina.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo atzerriko beste herrialde batekoa non ez den halako baldintzarik eskatu behar, Espainiak sinatutako nazioarteko akordioengatik, itunengatik eta hitzarmenengatik; edo bestela, lanerako behar den baimenak izatea, jarraikiz Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeei, baldin baimen horiek nahikoa badira norberaren kontura garraioan aritzeko.

c) Frogatzea ibilgailua duela, jabetzan, errentan hartua edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bidez. Ibilgailuak ezin du izan bi urtetik gorako antzinatasuna.

d) Frogatzea ibilgailuak honako baldintza hauek betetzen dituela:

–Ibilgailuak, ezaugarri teknikoen fitxan, automobil gisa sailkaturik egon beharko du, eta indarra duen araudiak ezarritako ezaugarriak bete. Ibilgailuak betetzen baditu gurpil-aulkiak darabiltzatenendako egokituak dauden ibilgailuei eskatzen zaizkien betekizunak eta ezaugarriak, alderdi hori kontuan hartuko da lehiaketako balorazioan.

–Oro har, bost eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen da lizentzia, barne dela gidariaren eserlekua. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak ematen ahalko dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko eserlekuak, aurreko eserlekuetatik aparte.

Salbuespenez, mugikortasun urriko pertsonak eramateko egokituriko ibilgailuek ate bat izaten ahalko dute atzeko eta/edo alboko aldean, erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz, beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, behar den edukiera izan dezaten aulki gurpildunean dagoen bezero bat hartzeko taxian.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

–Ibilgailuak ez du taximetrorik izanen.

e) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Murietako Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin Udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.

f) Erantzukizun zibila estalita izatea zerbitzuan eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, indarrean dagoen araudian ezarritako moduan.

g) Ez edukitzea beste taxi-lizentzia bat.

h) Aurrekari penalik ez izatea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskaerak aurrez aurre aurkeztu behar dira Murietako Udaleko Erregistro Orokorrean (Estación kalea 16, 31280 Murieta, Nafarroa), oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun balioduneko epean.

Postaz aurkeztutako eskaeren kasuan, aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu aurretik, interesdunak frogagiri bat igorri beharko du posta elektronikoz (info@murieta.org), posta bulegoan igorpena noiz egin duen egiaztatzeko.

Baldintza horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea akitu eta 3 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.–Agiriak.

Eskaerak gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko dira, barnean beste hiru gutun-azal itxi dituela. Gutun-azal nagusian testu hau idatziko da:

"Murietan taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa" eta izen-deiturak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, bai eta gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: dokumentazio teknikoa.

–3. gutun-azala: dokumentazio ekonomikoa.

1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:

1.1. Eskaera aurkezten duenaren indarreko nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

1.2. Indarreko gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

1.3. Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek betetzeari buruzkoa: indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak. Hori dena, I. eranskinari jarraikiz.

1.4. Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non haren erantzukizunpean adieraziko baita betebehar guztiak egunean dituela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala (I. eranskina).

1.5. Zinpeko deklarazioa, gidabaimena kentzeko zehapenik jaso ez izanari buruzkoa, ez prozedura penalez, ez administratiboz (I. eranskina).

1.6. Baldintza-agiri honen 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen ibilgailu bat edukitzeko konpromisoa (I. eranskina).

1.7. Zinpeko deklarazioa, baldintza-agiri hau onartzeari buruzkoa (I. eranskina).

1. gutun-azalean sartzen bada 2. edo 3. gutun-azalari buruzko informazioa, horrek eraginen du lizitatzailea lizitazio-prozedurarik kanporatzea.

2. 2. gutun-azala: "dokumentazio teknikoa".

II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak oinarri hauen 6. klausulari begira aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, klausula horretan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.

2. gutun-azalean sartzen bada 3. gutun-azalari buruzko informazioa, horrek eraginen du lizitatzailea lizitazio-prozeduratik kanporatzea.

3. 3. gutun-azala: "proposamen ekonomikoa".

III. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa sartu beharko da.

6.–Adjudikatzeko irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailua desgaitasuna dutenak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 20 puntu.

2. Edukiera handia: 20 puntu bitarte.

  • 9 eserleku, gidariarena barne: 20 puntu.
  • 8 eserleku, gidariarena barne: 15 puntu.
  • 6 eserleku, gidariarena barne: 10 puntu.

3. Zerbitzu eskaintza. Alderdi honetan 20 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan egiteko konpromisoa: gauez, jaiegunetan eta asteburuetan.

–Zerbitzua gauez egitea: 4 puntu.

–Zerbitzua jaiegunetan egitea: 4 puntu.

–Zerbitzua asteburuetan egitea: 6 puntu.

–Zerbitzua egitea asteko 7 egunetan: 6 puntu.

4. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera. Gehienez ere 6 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada halakoak erabiltzen dituzten ibilgailuez baliatzeko. Baremo honi jarraikiko zaio:

–Zero isurtzeen bereizgarria: 6 puntu.

–ECO bereizgarria: 4 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 1 puntu.

Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa (https://www.pegatinas-dgt.com/).

5. Eskaintza ekonomikoa gehienez ere 20 punturekin baloratuko da. Gutxieneko eskaintza 50 eurokoa izanen da (kanpoan direla dagozkion zergak). 10 euro gehiagoko tarte bakoitzari 5 puntu emanen zaizkio.

6. Murietan duela bi urte baino gehiagotik erroldatuta egoteagatik 7 puntu emanen dira. Hori frogatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

7. Ibilgailuak helbidea Murietan badu, 7 puntu emanen dira. Hori frogatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.

Puntuazio osoa eginda berdinketarik bada, uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

7.–Balorazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Felipe Ajona Chasco, Murietako Udaleko alkatea.

1. batzordekidea: Ángel Luis Maeztu Fernández, Murietako Udaleko zinegotzia (edo haren ordezkoa dena).

2. batzordekidea: Roberto Lana Ortigosa, Murietako Udaleko zinegotzia (edo haren ordezkoa dena).

3. batzordekidea: Julián Lana Iturmendi, Murietako Udaleko zinegotzia (edo haren ordezkoa dena).

Batzordeko idazkaria: Ainhoa Senosiain Murguialday, Murietako Udaleko idazkaria.

8.–Gutun-azalak irekitzea eta baloratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, balorazio batzordeak, barne ekitaldi batean, egiaztatuko du eskatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra, eta onargarriak diren ala ez ebatziko du.

Horretarako, Udaleko iragarki-taulan argitaratuko da onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak aurkezteko zer epe dagoen adierazita. Epe horren barrenean, bada, erreklamazioak aurkezten ahalko dira, eta egindako akatsak zuzendu.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan adierazitako egunean, Udaleko iragarki-taulan argitaratuko da onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da zer egun, ordu eta tokitan irekiko diren dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa dakarten gutun-azalak (2. eta 3. gutun-azalak).

Onartutako eskaerak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikaziorako bildutako irizpideei jarraikiz.

Balorazio batzordeak, onartutakoen behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, eta 3. gutun-azala ireki eta irakurriko du.

3. gutun-azala irekitzeko ekitaldia egin ondotik, gehienez ere 5 eguneko epean, Udalaren iragarki-taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan. Hala, puntu gehien lortu dituena izanen da behin-behineko adjudikazioduna.

9.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Organo eskudunak lizentziaren behin-behineko adjudikazioa onetsiko du.

2. Behin-behineko adjudikaziodunak egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu adjudikazioa jakinarazi eta bi hilabeteko epean, gehienez, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiei buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

–Lizentziaren zenbateko osoa ordaintzea, aurkeztutako eskaintza ekonomikoarekin bat.

–Indarrean den ekitaldian ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea; horretarako, azken ordainagiria aurkeztu beharko du.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek izan beharko dute proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatu beharko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non haren erantzukizunpean adieraziko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.

3. Behin-behineko adjudikazioduna lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da, baldin eta adjudikazioa jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkezten ez badu lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa, eta bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioarena eta, hala denean, soldatapeko gidariarena eta lizentziaren zenbateko osoa ordaindu izanarena. Horrela, lehentasun ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehenbiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.

Prozedura hau dela eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berriz onartutako hautagaiek lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak izanen dituzte, behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta astebeteko epean.

4. Dokumentazio hori aurkeztuta, alkatearen ebazpen baten bidez, behin betiko eta epe mugagaberako adjudikatuko da taxi-lizentzia; halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor izan den Murietan hiri-taxi zerbitzua egiteko behin betiko adjudikazioduna.

10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi-lizentziaren adjudikaziodunak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi-lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

Lizentzia eskualdatzen ahalko da Murietako alkatearen aldez aurreko baimenarekin, betiere eskuratzaileak oinarri hauetan eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu eta jarraikiz Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoari.

Udal-lizentziak eman eta bi hilabeteko epean, titularrak berehala eman beharko du zerbitzua, lizentzia horri atxikitako ibilgailuarekin.

11.–Informazio eta adostasun klausulak.

Datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia bete beharrez, jakinarazten da ezen ematen zaizkigun datuak "Lizitazioak" deritzon fitxategian sartuko ditugula. Helburua da behar bezala tratatzea dagozkion adjudikazio publikoak eta zerbitzuak kudeatzea eta datuok. Halaber, jakinarazten dugu hirugarren batzuei lagatzen ahalko zaizkiela, lizitazioen oinarrietan ezarritakoa legearekin bat etorriz betetze aldera. Datuok dokumentazio publikoaren izaera izanen dute horiek kontsultatzeko legitimitatea dutenendako. Datuok eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, eta eramateko, horien aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko dira Murietako Udalaren erregistro orokorrean.

12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko du lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak aurkaratzen ahalko dira jarraikiz 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta 39/2015 Legeari, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legeari.

I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKAERA ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Izen-deiturak: ………………………......................………………………………………….….., NANa/IFZa: ……..………………………, eta jakinarazpenetarako helbidea: …………………………………………......., PK: ....................., herria: ..........................................; telefonoa: ....................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) .............................................................................;
IFKa: ...........................; helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoen bidez:
..................................................................................................................................................................

AZALTZEN DUT:

Parte hartu nahi dudala Murietako udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Murietako Udalak onetsitako baldintza-agiriarekin (................ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain. Hortaz:

NIRE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DUT:

–Betetzen ditudala indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak.

–Egunean ditudala segurtasun arloko, laneko osasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko betebehar guztiak, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.

–Ez dudala jaso zehapenik, ez prozedura penalez, ez administratiboz, gidabaimena kentzeko.

–Konpromisoa hartzen dudala ibilgailu bat edukitzeko, Murietako Udalak onetsitako baldintza-agiriaren 3. oinarrian ezarritako ezaugarriak dituena.

–Onartzen dudala Murietako Udalak onetsitako baldintza-agirian xedatutako guztia.

–Konpromisoa hartzen dudala frogatzeko baditudala adierazpen honetan aipatzen diren agiri guztiak, eta horiek baliozkoak direla, hala eskatzen zaidan edozein unetan.

ETA ESKATZEN DUT:

Onartua izatea Murietako udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Murietako Udalak onetsitako baldintza-agiriarekin (................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.

Horretarako, eskaera honekin batera aurkezten ditut NANaren fotokopia konpultsatua eta indarreko gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

Eguna eta sinadura.

II. ERANSKINA.–DOKUMENTAZIO TEKNIKOA

Izen-deiturak: ………............…………………………………………..........……………….….., NANa/IFZa: ……..………………………, eta jakinarazpenetarako helbidea:…………….......……………………………......., PK: ....................., herria: ..........................................; telefonoa: ....................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) .............................................................................; IFKa: ................................; helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoen bidez: .....................................................................................................................................................................

Onartua izan naiz Murietako udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdian, bat etorriz Murietako Udalak onetsitako baldintza-agiriarekin (................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, egun honetan: ..................................................). Agiri hori ezagutzen dut eta xedatutakoa betetzeko konpromisoa hartzen dut neure gain.

Hortaz, aurkezten dut honako dokumentazio hau, deialdiko oinarrien 6. klausulan ezarritako adjudikazio-irizpideak baloratu eta puntuatzeko, Murietan hiri-taxi zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez adjudikatzeko deialdian:

1. Ibilgailua desgaitasuna dutenak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin:

2. Edukiera handia:

  • 9 eserleku, gidariarena barne:
  • 8 eserleku, gidariarena barne:
  • 6 eserleku, gidariarena barne:
  • 5 eserleku, gidariarena barne:

3. Zerbitzu eskaintza. Konpromisoa hartzen dut neure gain zerbitzua aldi berezi batzuetan egiteko: gauez, jaiegunetan eta asteburuetan.

–Zerbitzua gauez egitea: BAI/EZ.

–Zerbitzua jaiegunetan egitea: BAI/EZ.

–Zerbitzua asteburuetan egitea: BAI/EZ.

–Zerbitzua egitea asteko 7 egunetan: BAI/EZ.

4. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera: konpromisoa hartzen dute neure gain gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzeko nire ibilgailuan. Jarraian ageri den baremoaren arabera. Adierazi zein eskaintzen duzun:

–Zero isurtzeen bereizgarria.

–ECO bereizgarria.

–C bereizgarri berdea.

–B bereizgarria.

Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa: (https://www.pegatinas-dgt.com/).

5. Murietan erroldatuta egotea, gutxienez 2 urteko antzinatasunarekin. BAI/EZ.

6. Ibilgailua Murietan helbideratuta egotea. BAI/EZ.

Eta horrela jasota geldi dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, honako hau egin eta sinatzen dut.

Eguna eta sinadura.

III. ERANSKINA.–DOKUMENTAZIO EKONOMIKOA

Izen-deiturak: …………………………………………………......................……………….….., NANa/IFZa: ……..………………………, eta jakinarazpenetarako helbidea: …………………………………………......., PK: ....................., herria: ..........................................; telefonoa: ....................................., nire izenean edo honako hau ordezkatuz (ezabatu behar ez dena) .............................................................................; IFKa: ..............................................; helbide elektronikoa, jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoen bidez: ...............................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

Murietako udal-mugartean hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat lehiaketa bidez emateko deialdiaren harira, konpromisoa hartzen dut neure gain deialdian ezarritakoa betetzeko eta zorrozki jarraitzeko bertan ezarritako betekizun eta baldintzei, zenbateko honetan (BEZa barne):

1. ESKAINTZA, GUZTIRA, .......................................................................... euro.

(Kanpoan direla dagozkion zergak) (letretan adierazita).

Eguna eta sinadura.

Iragarkiaren kodea: L2610592