164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2549/2026 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko I. eranskinean zerrendatzen diren A mailako lanpostuetako plaza huts batzuk, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa), 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori zegokion Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari. Eskaintza hartan, besteak beste, I. eranskinean jasotako A mailako lanpostuetako plaza batzuk sartu ziren.

Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez (2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), 2025eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori zegokion Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari. Eskaintza hartan, besteak beste, I. eranskinean jasotako A mailako lanpostuetako plaza batzuk sartu ziren.

Kontuan harturik xedatuta dagoena abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta, orobat, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zen) eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua), bidezkoa da deialdiak onestea lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko I. eranskinean zerrendatzen diren A mailako lanpostuetako plaza huts batzuk, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdi batzuk, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko I. eranskinean zerrendatzen diren A mailako lanpostuetako plaza huts batzuk, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Nafarroako Gobernuko departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiei, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari eta Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, eta Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 10ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

ERANSKINA.–DEIALDIAK, I. ERANSKINEAN ZERRENDATZEN DIREN A MAILAKO LANPOSTUETAKO PLAZA HUTSAK LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

Deialdiak oinarri hauen arabera arautuko dira:

OINARRIAK

1.–Deialdien xedea.

1.1. Deialdi hauen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea I. eranskinean zerrendatzen diren A mailako lanpostuetako plaza hutsak.

1.2. Lekualdatze-lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

–Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia (erregelamendu hori aldatu zen azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren bidez, zeinak arautzen baitu nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).

–130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Lehendakaritzako, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezartzen dituena.

–7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.

–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.

2.–Plaza hutsak.

2.1. Plaza hutsak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdi hauetan, hasiera batean, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako lanpostuetako plaza hutsak sartzen dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egiten den plaza eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, kalifikazio epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honen bidez betetzeko eskainiko dira lehiaketan beste plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako plazak.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze-lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo antolaketa arrazoiak direla-eta.

2.6. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den plaza hutsak aukeratzeko epean, deialdietako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, hutsik gelditzen direnak organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera eginiko aldaketen ondorioz.

2.7. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuarenarekin, plaza berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien plazen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Deialdiaren xede den lanpostu mota bererako izendatua izatea.

d) Lekualdatze-lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, egoera horretan gutxienez urtebete eman izana.

3.2. B, C edo D motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen plazaren bat eskuratu nahi izanez gero:

–B, C edo D motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen plaza baten titularra izatea edo horretan aritzea 4.1 puntuan ezarritako epean.

–B, C edo D motako gidabaimena izatea.

3.3. Ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea eskatzen duten plazak eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da:

–Izangaiak nahi duen plazako hizkuntza eskakizun bera eta antzeko jakite-maila dituen plaza baten titularra izatea edo horretan aritzea 4.1 puntuan ezarritako epean.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, plazarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan agertu beharko da, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da.

3.4. Euskarazko jakite-maila zehatz bat izatea betebehar gisa ezarrita duen plaza elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, plazarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea. Titulu edo ziurtagiri hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean bildu den tituluen zerrendan agertu beharko da, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da.

3.5. Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua).

3.6. Behar diren hautaprobak gaindituta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.

3.7. Zerbitzu, atal, bulego edo horiekin parekatutako unitateren bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako plazaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.8. Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

3.9. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.10. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz itzuliko dira jarduneko zerbitzura eta plaza bat behin betiko esleituko zaie.

3.11. Plaza huts bati behin-behinean atxikita jarduneko zerbitzura itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

3.12. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze-lehiaketan.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bidez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Administrazioetako langileentzako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Hizkuntzei buruz eskaerari erantsi beharreko merezimenduak ere telematikoki aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Lehiakideek ez dute aurkeztu beharko deialdiaren xedeko lanpostuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, duten antzinatasunari buruzko dokumentaziorik. Informazio hori zuzenean sartuko da izangai bakoitzaren espediente pertsonalean, eta epaimahaiaren esku jarriko da, baremazioa egin dezan.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Epea.

Deialdi bakoitzean eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez aurkeztu beharko dira, telematikoki, izena emateko eskaera aurkezteko epearen barnean.

4.3. Baldintzak frogatzea:

4.3.1. B, C edo D motako gidabaimenaren eskakizuna edo hizkuntza edo euskara eskakizuna ezarrita daukaten plazak eskuratu nahi dituztenek telematikoki aurkeztu beharko dute, izena emateko eskaerarekin batera, baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa. Lehiakideak agiri horiek aurkeztetik salbuetsita geldituko dira gidabaimena edo Europar Batasuneko hizkuntza jakitea eskatzen duen plaza baten titularrak badira edo horrelako plaza bat betetzen badute.

4.3.2. 3.5 oinarriko baldintza egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

5.–Izangai onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian, dagokion deialdiaren web fitxan, argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onesteko, eta aginduko du zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratzeko, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko dira onartutakoen behin betiko zerrendak, eta Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

5.4. Ezarritako epearen barnean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla deklaratzeko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.–Kalifikazio epaimahaiak.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute lekualdatze-lehiaketen kalifikazio epaimahaia:

Epaimahaiburua: Virginia Marín Fernández andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Pedro Luis Bados Otazu jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Hautapen Prozesuetako, Lanpostuak Betetzeko eta Administrazio Egoeretako Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Idazkaria: María Esther Castillo Noain andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Hautaketa Prozesuen Koordinazio Administratiboko Unitateko burua.

Ordezkoa: Ana Carolina Torres Cherrez andrea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Hautaketa Prozesuen Koordinazio Juridikoko Unitateko burua.

6.2. Kalifikazio epaimahaiak eratzen ahalko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.

Behin kalifikazio epaimahaiak eratuak direnean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo aldi baterako ez badago, justifikatutako arrazoiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.3. Kalifikazio epaimahaietako kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiek gehiengoz ebatziko dituzte deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.–Merezimenduak.

7.1. Lekualdatze-lehiaketako deialdi hauetan, honela baloratuko dira merezimenduak:

A) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

B) Hizkuntzak jakitea.

1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Frantsesa, ingelesa edo alemana merezimendu gisa baloratuko dira plantilla organikoan hala ezarria daukaten plazetan.

2) Aurreko atalean ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.

b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.

Eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratuko da plantilla organikoan hala ezarria duten plazetan.

Oharrak B) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria izanez gero, aurreko ataletan ezarritako baloraziorik handiena jasoko da, hizkuntza bakoitzarentzat.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/12 emanen da.

7.2. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak irauten badu, kalifikazio epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.

7.3. Balorazioa egin ondoren, epaimahaiek argitara emanen dute Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, lehiakide bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, lehiakideek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

7.4. Kalifikazio epaimahaiak, egiten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda igorriko dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, espediente osoarekin batera.

8.–Plaza hutsak aukeratzea.

8.1. Epaimahaiaren espedientea jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze-lehiaketaren deialdian azkenean sartzen diren plaza hutsei buruz, eta, aldi berean, plaza hutsak hautatzeko epea irekiko da. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren dagokion deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

8.2. Parte-hartzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematikoki aurkezteko –goian adierazitako helbideko esteka erabiliz– eta plaza hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko plaza hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plaza hutsak. Birkokatutako lehiakideen kasuan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiko zaio: batetik, desgaitasunaren ondoriozko birkokapenen prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua; eta bestetik, abuztuaren 22ko 65/2018 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak osasun arrazoiengatik birkokatzeko prozedura arautzen duena.

Plaza hutsak aukeratzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskaeran adierazi dituen plazen artean esleitzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bidez esleituko dizkie lehiakideei egokitu zaizkien plazak, eta lanean hasteko eguna ezarriko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek aukera izanen dute lan araubideko plaza bat eskuratzeko, lanaldi partzialekoa, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekualdatzen direnek indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiek ematen dituzten egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–DEIALDIKO LANPOSTUAK ETA PLAZA HUTSEN ZENBAKIAK
A MAILA

LANPOSTUA

PLAZA HUTSEN ZENBAKIAK

ARKEOLOGOA

7560

AHOLKULARI JURIDIKOA

10646, 11662, 11663 eta 11664

EUSKARA ITZULTZAILEA

35992

EUSKARA ITZULTZAILE-INTERPRETEA

36009

Iragarkiaren kodea: F2611057