164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Materialen lagapenari, langileen zerbitzuak emateari eta horiek erabiltzeko prezio publikoei buruzko araua. Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2025eko azaroaren 6an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Materialen lagapenari, langileen zerbitzuak emateari eta horiek erabiltzeko prezio publikoei buruzko arauaren aldaketa.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9an.

Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Beriainen, 2026ko uztailaren 23an.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

TESTU BATEGINA, ARAUTZEN DUENA MATERIALEN LAGAPENA, LANGILEEN ZERBITZUAK EMATEA ETA HORIEK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK

Zioen azalpena

Udalaren materialak eta elementuak jabari eta zerbitzu publikoko ondasunak dira. Jakinik elkarteen sektoreak laguntzen duela herritarren bizi kalitatea eta kohesio soziala hobetzen, eta jakinik, halaber, elkarte horiek jarduerak eta ekitaldiak presta ditzaten beharrezkoa dela, batzuetan, materialak lagatzea eta langileek zerbitzuak ematea material horiek muntatzeko, Beriaingo Udalak, arau honen bidez, arautu du nola laga materialak entitate eta elkarteei, eta nola emanen zaizkien langileen zerbitzuak.

1. artikulua. Arau honen xedea da materialak lagatzea eta langileen zerbitzuak ematea entitateei, elkarteei eta taldeei, Udalaren zerbitzu eskudunak gainbegiraturik. Materialak laga daitezke eta langileek zerbitzuak eman ditzakete baldin beharrezkoak ez badira Beriaingo Udalaren beraren funtzionamendu normalerako.

2. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraikiz, arau honetan prezio publikoak ezartzen dira materialak lagatzeagatik eta langileek zerbitzuak emateagatik, eranskinean ezarri bezala.

3. artikulua. Arau honetan araututako prezio publikoak ordaintzera beharturik daude materialen lagapenaren eta/edo langileen zerbitzuen onuradun diren entitate eta elkarteak.

4. artikulua. Arau honetako prezio publikoen tarifak eranskinean ageri dira. Zerbitzuaren iraupenaren eta emandako zerbitzuko jende kopuruaren araberakoa izanen da langileen zerbitzuagatiko tarifa.

5. artikulua. Alkatetzaren ebazpen baten bidez baimena ematearekin batera sortuko da prezio publikoa ordaintzeko betebeharra, eta honela pagatuko da:

a) Materialak lagatzeko edo zerbitzu emateko, gordailu baten bidez, ezarritako zenbatekoa zuzenean sartuta Udalaren diru kutxetan, 48 ordu lehenago.

b) Zerbitzu ematearen kasuan, baldin eta zerbitzuaren izaeragatik ezin bada aldez aurreko gordailurik egin, Udalak faktura/likidazioa aurkeztearekin batera.

Egindako eta baimendutako eskaeran atzera egiteko eskariak bakar-bakarrik onartuko dira arrazoiak modu sinesgarrian frogatzen badira; idatziz eginen da eskaria eta, betiere, ekitaldiaren data baino hiru egun lehenagotik, gutxienez.

6. artikulua. Udal zerbitzu teknikoei komenigarria iruditzen zaienean, fidantza bat eskatzen ahalko da lagatako materialetan gerta daitezkeen hausturei, kalteei, erabilera okerrei eta material galduei erantzuteko. Maileguan utzitako balioaren %10a izanen da fidantza. Eskaeraren xedea den lagapenaren baldintzak betetzen ez badira edo eskaeran adierazitako xedea aldatzen bada, fidantza osoa edo haren zati bat atxikiko du Udalak.

7. artikulua. Lagatako elementuen erabilera faseetan istripurik gertatzen bada, edozein motatakoa, haren erantzukizuna ez zaio egotziko inolaz ere Udalari. Erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du entitate edo elkarte eskatzaileak, egin beharreko ekitaldiaren ondoriozko edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko, eskatutako materialen lagapenari eta/edo langileen zerbitzuari dagokienez.

8. artikulua. Lagatako materialek izaten dituzten haustura eta kalteak entitate erabiltzaileen gain egonen dira. Harreraren arduradunek kalteei buruzko oharrak jasoko dituzte, kopia bat erabiltzaileei eman eta jatorrizkoa zerbitzuburuei igorriko diete. Haiek eginen dute behar den tasazioa.

9. artikulua. Lagatako materiala itzuli izanaren frogagiria eta, baldin badago, kalteen oharra, kasuan kasuko udal bulegoak jasotzen dituenean, likidazio proposamena igorriko zaio Kontu-hartzailetzari, onetsi eta kobratzeko tramitazioa egin dadin.

10. artikulua. Udalaren bulegoetan izapidetuko dira eskaerak, gutxienez ere hamar egun natural lehenago. Eskaera egiteko, honako agiri hauek beharko dira:

a) Eskaera orria, osorik betea.

b) Eskatzailearen NANaren eta/edo entitate edo elkarte antolatzailearen IFKaren fotokopia.

c) Egin beharreko jardueraren memoria (sustatu beharreko jardueraren edo ekitaldiaren deskribapena, non eginen den, egunak eta orduak, sarbide mota –librea/sarrera ordainduta– eta eskatzen diren materialak eta/edo langileen zerbitzuak, zehazturik).

11. artikulua. Materialen lagapenean ez da sartzen materialak lekualdatzea, muntatzea eta desmuntatzea, baldin horretarako langileen zerbitzua ez bada eskatu, zerbitzuari tarifa jarri ez bazaio eta ordaindu ez bada. Lagatako materialak lanegunetan hartuko dira udal biltegitik, astelehenetik ostiralera, lanorduetan, Udaleko kanpo zerbitzuetako arduradunaren jarraibideak betez. Jarduera edo ekitaldia bukaturik, entitate antolatzaileak materialak udal biltegira itzuliko ditu, kanpo zerbitzuen arduradunarekin adostutako epean eta moduan.

12. artikulua. Jarduera bukatzen denetik materialak udal biltegira itzuli arte, entitate antolatzailearen erantzukizuna da horiek zuzen bildurik egotea, behar diren segurtasun neurrien arabera, hirugarrenek manipulatzeko aukerarik izan gabe.

13. artikulua. Materialak lagata dauden denboran, entitate antolatzaileak bere gain hartuko ditu erantzukizun zibila, penala edo bestelakoa, materialen erabilerari eta zaintzari dagokienez, eta bere kargura izanen dira soilik bere erantzukizunetik eratorritako kalte-galerengatiko kalte-ordainak, eta Beriaingo Udalak ez du inolako kalterik jasoko horiengatik.

14. artikulua. Materialen lagapena eta/edo langileen zerbitzuak eskatzeak ez du galaraziko agintari eskudunei behar diren baimenak eskatu behar izatea, egin beharreko jarduera edo ekitaldia gauzatzeko beharrezkoak direnak.

15. artikulua. Udaleko zerbitzuek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte lagatako materialen lekualdatze, muntatze eta desmuntatze lanak, eta zerbitzuok lan horien gainean egiten dizkieten jarraibide eta iradokizun guztiak onartu eta bete beharko dituzte jarduera edo ekitaldiaren antolatzaile diren entitate eta elkarteek.

16. artikulua. Beriaingo Udalari dagokio arau honetan jaso ez diren kasuak erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.

17. artikulua. Materialen lagapena eta/edo langileen zerbitzuak diskrezionalak izanen dira beti, eta, ukatuz gero, ezin izanen da erreklamatu.

ERANSKINA.–Prezio publikoak materialak lagatzeagatik eta langileen zerbitzuak emateagatik

Prezio publiko hauen barnean ez dago BEZa.

A) Langileen zerbitzuak ematea.

MAILA

LANEGUNA

ARRATSALDEA EDO
LARUNBATA

JAIEGUNA

C - Arduraduna

63,36

79,20

99,00

D - Zerbitzu anitzetako enplegatua

55,58

69,48

86,85

E - Beste batzuk

48,76

60,95

76,19

Prezioa irteerako da, maila profesionalaren arabera (arduraduna, ofiziala, peoia). Irteera bakoitzak bost ordu iraunen du gehienez ere.

B) Materialak uztea/lagatzea.

Karpa

(*)

100 euro

Berogailua

Egun bakoitzeko

50 euro

Eszenatokiaren modulua

2 x 1 m², eguneko

10,75 euro

Eszenatokiko eskailera, eguneko

12,75 euro

Aulkia

Bakoitza, eguneko

0,60 euro

Mahaia (ohola/astoa)

Egun eta pertsona bakoitzeko

0,45 euro

Paella-ontzia

(300 bazkaltiar)

30,00 euro

Garraiorako ibilgailua

(Zerbitzuko)

20,00 euro

(*) Barnean dela udal langileen joan-etorria, instalazioa ikuskatzeko.

C) Hobariak.

1. Beriaingo Udalaren babesa duten ekintzak antolatzen dituztenean, herriko entitate, elkarte eta taldeek prezio publikoan %100eko hobaria izanen dute materialen lagapenean eta langileen zerbitzuan, baldin astelehenetik ostiralera egiten badira, Udaleko Obra Zerbitzuaren laneko ordutegian.

2. Kendua.

3. Irabazi-asmorik gabeko entitateek, baldin jarduera soziala, kulturala, kirolekoa, ongintzakoa edo antzekoa egiteko eskaera egiten badute, jende guztiarentzat eta bere zerbitzuak hirugarrenei kobratu gabe, prezio publikoen %50eko hobaria izanen dute materialen lagapenean.

4. Herriko beste entitate batzuekin sinatzen diren hitzarmenetan ezarritakoarekin bat, entitateek prezio publikoetan hobariak edo salbuespenak izan ditzakete materialen lagapenean, salbu karparen eta eszenatokiaren moduluen kasuan.

Iragarkiaren kodea: L2610362