Iragarkia
164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ORKOIEN
Lekualdatze-lehiaketa, bete daitezen zenbait lanpostu
Orkoiengo Udaleko alkateak, 2026ko uztailaren 30eko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, hain zuzen, II. eranskineko lanpostuen plaza hutsak betetzeko, lekualdatze-lehiaketa bidez, Orkoiengo Udalaren zerbitzuan aritzeko.
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendu beharko zaiona Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Orkoienen, 2026ko uztailaren 30ean.–Alkate udalburua, Alejandro López Orejuela.
OINARRIAK.–DEIALDIA, ORKOIENGO UDALEKO ZENBAIT LANPOSTUTAKO PLAZAK BETETZEKO, LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da II. eranskinean jasotako lanpostuen plaza hutsak betetzea, lekualdatze lehiaketa bidez, Orkoiengo Udalaren zerbitzuan aritzeko.
II. eranskinean dago jasota honako hauei buruzko informazioa: plaza kopurua, lanpostua, maila, beharrezko titulazioa, kokapena, araubide juridikoa, hizkuntza-eskakizuna eta bestelako ezaugarri batzuk.
1.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, gehitzen ahalko dira beste plaza huts batzuk, alegia, kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak.
1.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.
1.4. Lekualdatze-lehiaketa honetan beste plaza bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako plazak ere bete beharko dira.
1.5. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze-lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo antolaketa arrazoiak direla-eta.
1.6. Deialdiaren zazpigarren oinarrian aipatzen den plaza hutsak aukeratzeko epean, deialdietako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, hutsik gelditzen direnak organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera eginiko aldaketen ondorioz.
1.7. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuaren izenarekin, plaza berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien plazen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako plazaz jabetzeko orduan:
a) Orkoiengo Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) Deialdiaren xede den lanpostu mota bererako izendatua izatea.
c) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, bat etorriz ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko Lege Organikoa).
d) Baldin hala ezarrita badago I. eranskinean, eskuratu nahi izanez gero euskarako hizkuntza-eskakizuna duen plaza bat, eduki beharko da lanpostuari ezarritako hizkuntzaren maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari; zehazki, eduki beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
e) Subrogazio-prozesuetatik datozen langile finkoen kasuan, bakarrik parte hartu ahal izanen dute beren ekoizpen-unitateari atxikitako lekualdatze-lehiaketetan.
2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.
2.4. Behar diren hautaprobak gaindituta, euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukeratzen ahalko dituzte.
Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
2.5. Deialdia egiten duen Orkoiengo Udalaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileak, baldin plaza erreserbarik gabeko eszedentzian badaude, jarduneko zerbitzura itzultzen ahalko dira lekualdatze lehiaketa honetan parte hartuz.
2.6. Plaza huts bati behin-behinean atxikita jarduneko zerbitzura itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.
2.7. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Eskabideek izan behar dute deialdiaren IV. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskabidea, Orkoiengo Udaleko egoitza elektronikoaren bidez (https://orkoien.sedelectronica.es/info.0) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako bitartekoen bidez (Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko Legea). Kasu horretan, agiriak aurkeztu dituztela frogatu beharko dute, oac@orkoien.com helbide elektronikora frogagiria bidalita, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Izangaiek hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko frogagiriak soilik aurkeztu beharko dituzte baldin hizkuntzak baloratzen diren plazaren bat eskatu nahi badute –I. eta III. eranskinetako baremoan zehazten dira plaza horiek, zeinek eskakizuna izanen baitute plazaren berariazko ezaugarrien arabera–. Gainerako plazetan ez da hizkuntzen ezagutza baloratuko.
Euskara eskakizuna duten plazak eskuratu nahi dituztenek aurkeztu beharko dute plaza huts horietarako ezarrita dagoen maila frogatzeko titulu edo ziurtagirietako bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek zehazten dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
Orkoiengo Udalean egindako zerbitzuei buruzko informazioa zuzenean sartuko da izangai bakoitzaren espedientean, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan.
3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Udalaren web-orrian, deialdiaren fitxan.
4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak nola aurkeztu behar diren zehaztuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean.
4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Orkoiengo Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.
4.5. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Diego Viñas Ayuso, Orkoiengo Udaleko lehen alkateordea.
2.–Epaimahaikide-idazkaria: Virginia Magdaleno Alegría, Orkoiengo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.
3.–Epaimahaikidea: José Ignacio Ropero Sánchez, Orkoiengo Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
5.2. Epaimahaia eratzen ahalko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, baina horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Lekualdatze-lehiaketen deialdietan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barrenean, honako elementu hauek baloratuko dira, honela banatuta:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, Orkoiengo Udalean, puntu bat urteko: 40 puntu gehienez.
Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
Deialdi-argitalpenaren eguna eta gero egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Puntuazioa hizkuntzak jakiteagatik: gehienez ere 6 puntu (III. eranskinean jasotako lanpostuetan).
b.1) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea baloratuko da (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko (III. eranskinean jasotako lanpostuetan).
c) Aurreko balorazioaz gain, euskara ezagutzea ere baloratuko da: gehienez ere 2,76 puntu (III. eranskinean jasotako lanpostuetan).
c.1) Plantilla organikoan euskara eskakizunik ez duten plazetan, euskararen ezagutza baloratuko da: gehienez ere 2,76 puntu (III. eranskinean jasotako lanpostuetan).
6.2. Epaimahaiak I. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.
6.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.4. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gainean.
6.5. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren web-orrian parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, puntuazioa web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
6.6. Izangaiek guztira lortzen duten puntuazioan berdinketarik bada, Orkoiengo Udalean eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez.
6.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Orkoiengo Udalaren web-orrian, eta Giza Baliabideetako zuzendariari igorriko dizkio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta espediente osoa.
7.–Plaza hutsak aukeratzea.
7.1. Aurreko izapidea eginda, parte-hartzaileen eskura jarriko da hautatzen ahal dituzten plazen zerrenda. Horretarako, Udalaren web-orrian, deialdiaren fitxan, argitaratuko da zerrenda, eta bost egun balioduneko epea ezarriko da interesa duten parte-hartzaileek beren eskabidea egin dezaten telematikoki, erregistro elektronikoa baliatuta.
Organo deitzaileak eginen du plazak hautatu eta adjudikatzeko egintza, puntuazio ordenari jarraikiz.
Hautaketaren emaitzari buruzko informazioa Orkoiengo Udalaren web-orrian argitaratuko da.
Ezarritako epean eskabiderik bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.
8.–Adjudikazioa eta plazaz jabetzea.
8.1. Plaza hutsen adjudikazioa lehiaketan lortutako puntuazio-ordenaren eta interesdunen eskabideen arabera eginen da.
Plaza hutsak aukeratzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskabidean adierazi dituen plazen artean esleitzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.
Birkokatutako lehiakideen kasuan, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Orkoiengo Udaleko langileen akordio kolektiboko II. eranskineko 11. artikulua eta Orkoiengo Udaleko langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa.
Adjudikazioa egin aurretik, egiaztatuko da lehiakideek betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintza guztiak. Orkoiengo Udalean ez badago jasota baldintzaren bat betetzen dela, dagokion dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio interesdunari. Frogatzen ez bada deialdian eskatutako baldintzaren bat betetzen dela, izangaiari ezin izanen zaio plaza adjudikatu.
8.2. Alkatetzak adjudikatuko dizkie lehiakideei egokitu zaizkien plazak, eta lanean hasteko eguna ezarriko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.
9.–Datuen babesa.
2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Orkoiengo Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren entitate arduraduna.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
Honako hau da oinarri juridikoa:
DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko, edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra).
Datuak zein helburutarako bildu diren, hura betetzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, bulegoetara jotzen ahal dute, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, baliatzen ahal dute https://www.orkoien.com/ web-orriko gardentasun ataria.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien edo horiek aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari (alkateari) zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak, bai haien ebazpena, udalaren web-orrian argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.
I. ERANSKINA.–BAREMOA
Lekualdatze-lehiaketetan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barrenean, honako elementu hauek baloratuko dira, honela banatuta:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, Orkoiengo Udalean eta haren organismo autonomoetan: gehienez 40 puntu.
Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
Deialdi-argitalpenaren eguna eta gero egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Hizkuntzen ezagutza, III. eranskinean zehaztutako lanpostuetan: gehienez 6 puntu.
b.1) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Gehienez 2 puntu emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren pareko ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari.
Titulazio edo egiaztagiri hori ez izanez gero, A1, A2, B1 eta C1 mailen baliokidea den titulazioa edo ziurtagiria izatea baloratuko da, honela:
A1: 0,4 puntu / A2: 0,8 puntu / B1: 1,2 puntu / B2: 1,6 puntu / eta C1: 2 puntu.
c) 46 puntu horietatik gora, euskararen ezagutza baloratuko da III. eranskinean zehaztutako plazetan (gehienez 2,76 puntu).
c.1) Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan euskara eskakizunik ez duten plazetan: gehienez 2,76 puntu (III. eranskineko lanpostuetan).
Gehienez, 2,76 puntu emanen zaio Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskarazko C1 mailaren pareko ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari,.
Titulazio edo egiaztagiri hori ez izanez gero, A1, A2, B1 eta C1 mailen baliokidea den titulazioa edo ziurtagiria izatea baloratuko da, honela:
A1: 0,55 puntu / A2: 1,10 puntu / B1: 1,65 puntu / B2: 2,20 puntu / eta C1: 2,76 puntu.
II. ERANSKINA.–DEIALDIKO LANPOSTUAK ETA PLAZAK
1.–Funtzionarioak.
LANPOSTUAREN ZENBAKIA | IZENA | PLAZA | ARAUBIDE JURIDIKOA | MAILA | LANALDIA | SARBIDEA | OSAGARRIAK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
8 | Administrari-ofiziala | 1 | F | C | Osoa | OL | Maila: 12 Lanpostukoa: 38,39 | - |
3 | Kulturako eta kiroleko teknikaria. | 1 | F | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
2 | Gizarte-langilea | 1 | F | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | C1 |
45 | Gizarte-langilea | 1 | F | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
52 | Administrari-ofiziala | 1 | F | C | Osoa | OL | Lanpostukoa: 38,39 Mailakoa: 12 |
2.–Lan-kontratudunak.
LANPOSTUAREN ZENBAKIA | IZENA | PLAZA | ARAUBIDE JURIDIKOA | MAILA | LANALDIA | SARBIDEA | OSAGARRIAK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
32 | Berdintasun teknikaria | 1 | LKF | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
36 | Musika Hizkuntzako irakaslea | 1 | LKFALP | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 33,57 | |
37 | Gitarrako irakaslea | 1 | LKFALP | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 33,57 | C1 |
39 | Akordeoiko irakaslea | 1 | LKFALP | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 33,57 | C1 |
44 | Txistuko irakaslea | 1 | LKFALP | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 33,57 | C1 |
13 | Administrari laguntzailea | 1 | LKF | D | Osoa | OL | Lanpostukoa: 28,33 Mailakoa: 12 | B2 |
Barne-igoera murriztuaren bidez betetzeko lanpostuak
–Funtzionarioak.
LANPOSTUAREN ZENBAKIA | IZENA | PLAZA KOPURUA | ARAUBIDE JURIDIKOA | MAILA | LANALDIA | SARBIDEA | OSAGARRIAK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
57 | Zerbitzu anitzetako enplegatua | 1 | F | C | Osoa | Barne igoera (Txanda murriztua) | Mailakoa: 12 Lanpostukoa: 28,39 | - |
–Lan-kontratudunak.
LANPOSTUAREN ZENBAKIA | IZENA | PLAZA KOPURUA | ARAUBIDE JURIDIKOA | MAILA | LANALDIA | SARBIDEA | OSAGARRIAK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
54 | Garbiketako langilea | 1 | LKF | D | Osoa | Barne igoera (murriztua) | Mailakoa: 12 Lanpostukoa: 28,33 | - |
55 | Garbiketako langilea | 1 | LKF | D | Osoa | Barne igoera (murriztua) | Mailakoa: 12 Lanpostukoa: 28,33 | - |
56 | Garbiketako langilea | 1 | LKF | D | Osoa | Barne igoera (murriztua) | Mailakoa: 12 Lanpostukoa: 28,33 | - |
III. ERANSKINA.–EUROPAR BATASUNEKO HIZKUNTZAK ETA EUSKARA MEREZIMENDU GISA BALORATZEN DIREN LANPOSTUAK
LANPOSTUAREN ZENBAKIA | IZENA | PLAZA | ARAUBIDE JURIDIKOA | MAILA | LANALDIA | SARBIDEA | OSAGARRIAK | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA |
3 | Kulturako eta kiroleko teknikaria | 1 | F | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
45 | Gizarte-langilea | 1 | F | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
32 | Berdintasuneko teknikaria | 1 | LKF | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 23,57 | - |
36 | Musika Hizkuntzako irakaslea | 1 | LKFALP | B | Osoa | OL | Lanpostukoa: 33,57 | - |
IV. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Iragarkiaren kodea: L2610607
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
