164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

225/2026 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, 2026ko ekitaldian transferentzia arrunten bidez toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsagatik Nafarroako udalei eta kontzejuei dagozkien behin betiko zenbatekoak onesten dituena.

Martxoaren 22ko 7/2022 Foru Legearen bidez ezartzen da transferentzia arrunten bidez toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa nola banatu.

Lege horren 3. artikuluak ezartzen du 2022ko ekitaldirako transferentzia arrunten funtsaren zenbatekoa eta haren banaketa, eta adierazten du hurrengo ekitaldietarako zenbatekoa izanen dela aurreko ekitaldiko aurrekontuan transferentzia arrunten funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean izandako urtetik urterako KPIa adinako zenbatekoa, gehi ehuneko bi, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitatean, 2025eko ekainean, urtetik urterako KPIa %2,4koa izan zen; beraz, 2026ko ekitaldirako transferentzia arrunten funtsaren igoera orokorra %4,4koa da.

Horren arabera, funts bakoitzerako zehaztutako kopuruak hauek dira:

–Finantzaketa Orokorreko Funtsa: 256.015.511,38 euro.

–Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsa: 23.803.030,73 euro.

–Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsa: 31.458.166,00 euro.

–Lurralde Kohesiorako Funtsa: 19.280.454,89 euro.

Horren ondorioz eta 7/2022 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz, Kudeaketa Ekonomiko-finantzariorako Atalak funtsa banatzeko txostena egin du eta bertan zehaztu ditu zer prozedura eta aldagai erabili diren honako hauen kalkulua eta banaketa egiteko: Finantzaketa Orokorreko Funtsa, Finantzaketa Orokorreko Funtsaren banaketa kontzejuen artean, Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsa, Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsa eta Lurralde Kohesiorako Funtsa. Era berean, udalei eta kontzejuei transferentzia arrunten funts gisa dagozkien behin betiko zenbatekoak zehaztu dira, aipatutako arauaren 19. artikuluan ezarritako berme-klausula aplikatuz.

Administrazioen arteko lankidetzaren printzipioari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1.k artikuluan xedatuta dago), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikulua aplikatuz, 10 egun balioduneko epea eman zaie toki entitateei, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, dokumentazioa azter dezaten eta, hala badagokio, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2026ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 19koan, eta 10 egun balioduneko beste epe bat eman zitzaien toki erakundeei dokumentazioa aztertzeko eta, hala bazegokion, alegazioak aurkezteko. Adierazitako epean ez da alegaziorik aurkeztu. Horregatik, eranskin horietan jasotako kalkuluak eta banaketa behin betikotzat jo behar dira.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15ekoa 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026ko ekitaldian transferentzia arrunten bidez toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsagatik Nafarroako udalei eta kontzejuei dagozkien behin betiko zenbatekoak onestea. Zenbatekoa, guztira, 330.557.163,00 eurokoa da, ebazpen honen 6. eranskinean toki entitate bakoitzeko jasotzen den xehetasunaren arabera.

2. Banaketa honen ondoriozko gastua egotziko zaie 2026ko ekitaldiko gastu-aurrekontuko "TAF: Finantzaketa Orokorreko, Zerbitzuetarako eta Lurralde Kohesiorako Funtsak" izeneko 211001-21200-4600-942100 partidari, 300.053.882,35 euroko zenbatekoarekin, eta "TAF: Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsa" izeneko 211001-21200-4600-942105 partidari, 30.503.280,65 euroko zenbatekoarekin.

3. Ebazpen hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko kontabilitate zentrora. Halaber, ebazpen hau toki entitate interesdunei ere jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko da. Informazio osoa esteka honen bidez eskuratzen ahalko da:

https://administracionlocal.navarra.es/areas/SGCE-Repartofondotransferenciascorrientes

4. Ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 10ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2611047