164. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

719E/2026 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita "Los Cascajos" alderdian dagoen "Los Arcos" legar-hobia ustiatzeko proiektuaz eta lehengoratze planaz. Sustatzailea Los Arcosko Udala da. Proiektua sartua dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar du. Proiektuaren helburua da legarra erauztea eta ukitutako espazioa lehengoratzea, Los Arcosko 11. poligonoko 174. lurzatian.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Los Arcosko Udalak 2023ko urriaren 30ean aurkeztu zituen proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunean (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egunez, iragarkia argitaratuz 2024ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 22koan, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzkoa. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazioei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarria), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten batzuk jaso ditu, honako hauenak: Biodibertsitatearen Zerbitzua, Los Arcosko Udala, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioak 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia jasotzen duela eta, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidea amaitu eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu ondoren, espedientearen azterketa teknikoa eginen dela 21/2013 Legearen 40. artikuluari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egite aldera. Era berean, adierazten da Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txosten eguneratu bat erantsi behar dela, proiektuaren lurzati zehatzeko aztarnategi arkeologikoetan izan dezakeen ukipenari buruzkoa.

Los Arcosko Udalaren hirigintza txostenak adierazten du udal plan orokorrean 174. lurzatia babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, bere kultur balioagatik: aztarnategi arkeologikoak. Aurreikusi den erabilera debekatuta dago lurzati horretan, baina adierazten da ezen, salbuespen gisa, erabilera zehatzaren arabera, aztarnategi arkeologikoetan erabilera debekatuak egitea onartzen ahalko dela, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalean aurkeztu ondoren hark onesten badu.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazi zuen 2024ko urriaren 18ko txosten batean espedientearen xede den lurzatia "Neolito garaiko Los Cascajos herrixka (Los Arcos)" izeneko kultur intereseko ondasuna osatzen duen eremu arkeologikorako zehaztutako perimetroaren barruan dagoela. Aztarnategi horrek kultur intereseko ondasunaren deklarazioa du, Nafarroako Gobernuaren 2016ko abuztuaren 24ko Erabakiaren bidez emana (2016ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa). Haren babes-araubidea Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren 169/2015 Ebazpenaren bidez onetsitako irekiera espedientearen barruan dago zehaztua.

Txostenak adierazten du, halaber, proiektuak ukitutako lursailetan indusketa arkeologiko partziala egin zela, Iruña-Logroño autobideko obretarako mailegu bat ezartzeko proiektuagatik. Beraz, beheko plataforman eta gainazala kendua duen goiko plataformaren eremuan ez dago eragozpenik hura legeztatzeko eta lehengoratzeko; izan ere, hondakin arkeologikoak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak deklarazioa egin aurretik induskatu eta atera ziren.

Bukatzeko, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazten du erauzitako lurrak metatzeko erabili den gainazala kendu gabeko eremuan debekatuta daudela erauzketa-jarduerak. Gainazala kendu gabeko eremuaren mugaz gaizki-ulerturik egon ez dadin, muga horren koordenatuak ezartzen dira txostenean. Muga hori lursailean bertan markatu beharko da.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 65E/2025 Ebazpenaren bidez, proiektua baimendu zen, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera (testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Ebazpen horretan berariaz adierazten da proiektuak bete beharko duela Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2024ko urriaren 18ko txostenean xedatutakoa.

2025eko martxoaren 7an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskatu zion Los Arcosko Udalari ustiapen proiektua, lehengoratze plana, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta gainerako dokumentazio teknikoa egokitu zitzala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2024ko urriaren 18ko txostenean eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 28ko 65E/2025 Ebazpenean eskatutakora.

2025eko urriaren 22an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Dokumentazioa Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazioarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da. Ingurumen-inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean inpaktu nabarmenik eragiten ez dela bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen.

Proiektuak garai batean zereala lantzen zen lurzati bat besterik ez du ukitzen. Lurzati horretatik legarra atera da behin baino gehiagotan urteetan zehar, eta honela osatuta dago: lehendik induskatuta dagoen beheko plataforma bat hegoaldean, eta goiko plataforma bat iparraldean, bertan behera utzitako erauzketa-fronte batek bereizten dituela biak, 4-5 metroko altuerako banku bakar batekoak. Lurzatia lugorri dago gaur egun, eta ez da ukipenik eragiten Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako naturagune babestuen sarean ere. Era berean, ez da ukipenik egonen intereseko landaredian, habitatetan eta estepako hegaztientzako garrantziko eremuetan. Ingurumen Ebaluaziorako Atalak bere txostenean adierazten du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatzen du proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik, aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen baitu, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Azaldutakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea "Los Cascajos" alderdian dagoen "Los Arcos" legar-hobia ustiatzeko proiektuaz eta lehengoratze planaz. Sustatzailea Los Arcosko Udala da. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz gauzatuko da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

A) Proiektua Los Arcosko 11. poligonoko 174. lurzatira mugatuko da. Lurzatiaren beheko plataforman eta goiko plataforman gainazala kendu gabeko eremuan soilik lan eginen da, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2024ko urriaren 18ko txostenean ezartzen den bezala. Jarduketa-eremuaren muga txosten horretan ezarritako koordenatuekin bat etorriko da, eta lekuan bertan markatu beharko da muga hori.

B) Pistak irekitzea, materialak metatzea eta legar-hobiari lotutako beste edozein jarduera ezarritako jarduketa-eremura mugatuko da.

C) Legar-erauzketa hasi aurretik, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da.

D) Legar-hobiaren bukaerako ezpondaren malda 2H:1V izanen da; erauzketa fasean eratuko da, perimetroko legarrak ustiatu gabe utzita, geroago morfologia hori lortzeko betelanik egin behar izan gabe. Ezponda perimetralaren gainean, proiektuaren arabera erein eta landatuko da.

E) Betelanaren bidez lehengoratze topografia hobetzen bada, lehengoratze lanetan hondeaketa-lur eta -harri garbiak baizik ez dira erabiliko. Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereizita metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

F) Kanpoko hondeaketa-lurrak legar-hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin ez-arriskutsuen (hondeaketa-material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa-material naturalen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa igorri beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

G) Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

H) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barrenean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

2. Aldeko txostena ematen da proiektuaren lehengoratze planaz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onesteko, bat etorriz Erauzketa-industrien hondakinak kudeatu eta meategiko jarduerek ukitutako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin. Egokitzat jotzen da 27.202 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legar-hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzako Basozainen Zerbitzuari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta Los Arcosko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko uztailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Legarrak garai batean zereala lantzeko lursail batean ustiatu nahi dira. Lurzati horretan hainbat erauzketa egin dira urteetan zehar, eta honela dago osatua: lehendik hondeatuta dagoen beheko plataforma bat du hegoaldean eta goiko plataforma bat iparraldean, biak bertan behera utzitako erauzketa-fronte batek bereizten dituela, 4-5 metroko altuerako banku bakar batean.

Hondeamakina bidez eginen da erauzketa, legarra zuzenean atereaz ustiapen-frontean, eta, horrela, hura atzera eramaten joanen da. Prozesu horren aurretik, azaleko landare-lur geruza bat kenduko da, 0,40 m-koa, 1.308 m³-ko bolumenari dagokiona; lur hori metatu eginen da, legar-hobiaren ondorengo lehengoratzean berrerabiltzeko.

16.707 m³-ko bolumen ustiagarria kalkulatzen da, azaleko landare-lurraren geruzaren bolumena kenduta. Bolumen horretatik, 15.203 m³ legar aprobetxatu daitezkeela kalkulatzen da. Erauzitako gainerako materialak legar azpian dagoen substratuari dagozkio. Substratu hori hainbat erabileratarako balia daiteke obren barruan (lurzoru egokiak, betegarriak, lubetak, etab.). Legar-erauzketaren helburua udal-obretan baliabide propio gisa erabiltzea da. Aurreikusten diren lanak zabor-legarra ateratzera mugatzen dira (erauzketa, zamalanak eta garraioa), eta ez da beharrezkoa izanen bertatik bertara tratatzeko instalaziorik jartzea.

Aurreikusitako ustiapen erritmoak 2.300 m³/urteko izanen dira gehienez; horrenbestez, proiektuko erreserbak agortzeko denbora 7 urte inguru izanen da.

II. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETA ETA LEHENGORATZE PLANA. LABURPENA

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurune fisikoaren, biotikoaren, sozioekonomikoaren eta kulturalaren inbentario bat aurkezten du, barnean hartzen dituena klimatologia, topografia, ura, flora, fauna, paisaia, naturagune babestuak, kultura-ondarea eta azpiegiturak.

Proiektuak garai batean zereala lantzen zen lurzati bat besterik ez du ukitzen. Lurzati horretatik legarra atera da behin baino gehiagotan urteetan zehar, eta honela osatuta dago: lehendik induskatuta dagoen beheko plataforma bat hegoaldean, eta goiko plataforma bat iparraldean, bertan behera utzitako erauzketa-fronte batek bereizten dituela biak, 4-5 metroko altuerako banku bakar batekoak. Lurzatia lugorri dago gaur egun, eta ez da ukipenik eragiten Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako naturagune babestuen sarean ere. Era berean, ez da ukipenik egonen intereseko landaredian, habitatetan eta estepako hegaztientzako garrantziko eremuetan.

Proiektuaren eremua hartuko duen ingurunea aztertu ondoren, ingurumen-inpaktuaren azterketak aztertu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak bertan izanen duen eragina. Laburbilduz, 6 inpaktu identifikatu dira guztira, eta ez-nabarmentzat edo neurrizkotzat baloratu dira. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Ingurumen-inpaktuaren azterketan jaso dira beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana; horiek gauzatu beharko dira ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.

Lehengoratu ondoko bukaerako topografian aurreikusten da ezponda bat, 2H/1V-ko malda duena gehienez, eta beheko plataforma bat, berriz laborantzarako erabiliko dena. Lehengoratu ondoko bukaerako gainazalean, aurrez gainazaletik kendu eta metatu den landare-lurra gehitu eta zabalduko da. Proiektuaren arabera, bukaerako ezpondan zuhaixka-espezie autoktonoak landatuko dira. Bukaerako lehengoratzea urtebetean eginen dela aurreikusi denez, erreserbak agortzen direnetik zenbatzen hasita, guztira 8 urteko epea dago legar-hobia ustiatu eta lehengoratzeko.

Iragarkiaren kodea: F2610665